Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Gatazka armatua da gure gatazka bakarra?
Indarkeria matxista: gerrararen ezinbesteko arma
Harreman afektibo sexualak kartzelan
“Euskal gatazka” eta “euskal bakea” feminismotik. Irantzu Mendia Azkue
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Gatazka armatua da gure gatazka bakarra?
Indarkeria matxista: gerrararen ezinbesteko arma
Harreman afektibo sexualak kartzelan
“Euskal gatazka” eta “euskal bakea” feminismotik. Irantzu Mendia Azkue
Jardun armatuaren amaieratik
bost urteko ibilbidea
Niretzat ezinbestekoa da umore beltza, kartzelako umorea... Sasian sekulako beldurra genuenean, baten batek sekulako ergelkeria botatzen zuen, eta denok kristoren barreak egiten genituen. Umeak bezala. Egoerari buelta emateko balio du.
Baduzu beste teknikarik bizirik irauteko?
Bai. Gaizki konpontzen naizen jendearekin ez dut denborarik galtzen.
(Arantza Arruti, Berria, 2015)
Bost urte igaro dira ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik eta ordutik jokaleku politikoa aldatu egin da. Gatazka armatuaren konponbideari ekin behar diote euskal gizarteak zein instituzioek: baina ekiten ari dira/gara? Bakeaz, normalizazioaz, indarkeriaz eta abarrez hitz egiteko beharra dago eta gizarte mugimenduen agendetan gai hau nola sartu den edo ez den sartu ikusteko beharra dugu. Mugimendu feministatik zein norbanako edo elkarte zehatzetatik ahaleginak egiten ari dira.
Mugimendu Feministak azken urteetan egindako ibilbidean, hainbat jo-puntu eta bateragune aipatu ditzakegu, indar ezberdinen arteko aliantzak edo gai konkretuen gaineko analisiak ekarri dituztenak. Horietako batzuk aipatzearren, Euskal Herrian Gallardonen Abortuaren erreformaren kontra sortutako mugimendu askotariko eta indartsua aipatzen hasi nahi genuke. Aspaldian ikusi ez genituen moduko mobilizazio eta sormenak, eta Estatu espainiarrean sortutako mugimenduak lege proposamena bertan behera geratzea lortu zuten. Horretaz gain, 2014ko abenduaren 13an Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministak egin ziren Ondarroan. Bertan, 600 emakume bildu ginen Euskal Herrian bizitzen ari garen egoera berri honetan euskal feminismoaren estrategia zein izango den eztabaidatzeko. Euskal feministak askotarikoak garela ikusi genuen. Ez gara inolaz ere Sabino Aranak margotu zituen emakume horiek; beltzak gara, baserritarrak edo hirikoak, migratzaileak, periferikoak, lesbianak, presoak, transak eta abar. Gero Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa etorri zen. Urtebeteko lan prozesuaren ostean, 2015eko irailaren 8tik urriaren 4ra bitartean igaro zen Euskal Herritik. Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte lelopean, karabana aste bakarrean pasatu zen Euskal Herriko 25 txokotatik, eta herri zein hiri bakoitzak bere egitaraua prestatu zuen karabanari harrera egiteko. Tokian tokiko autonomiaren indarra eta tokian tokiko beharren aniztasuna erakutsi zizkigun martxak, eta, bide batez, indarkeriaren inguruko hainbat eztabaida egin genituen.
Tokikoa izatetik nazionala izatera igaro da mugimendu feminista, eta azken adibidetzat 2016ko apirilaren 9an Gasteizen egin genuen manifestazio nazionala ekarri nahi dugu gogora. 11 eraso 12 erantzun, Feministok Prest! lelopean, 12.000 lagun bildu ginen Gasteizko kaleetan, indarkeria matxistak nazka-nazka eginda gauzkala aldarrikatze eta erantzun feministaren beharra azpimarratzeko asmoz. Mugimendu feministak aspaldian antolatu duen manifestazio jendetsuena izan da.
Gatazka politiko armatuaren irakurketa feministari dagokionez, 2015eko uztailean, Udako Euskal Unibertsitatean ikastaro bat antolatu genuen (Arantza Santestebanek eta hirurok) eztabaidari kolektiboki heltzeko, “Euskal Herriko gatazkaren irakurketa, etorkizuneko bake feministaren bidean” izenekoa. Bi egunetan zehar, 30 lagunekin batera, berrikuspen kritiko feminista egin genien bakea eta gatazka kontzeptuei. Eztabaidarako nahia dagoela eta gai horri buruz hitz egiteko espazio seguruak sortzeko beharra dugula egiaztatu genuen hortxe. 2016ko udan “Kartzela eta euskal gatazka birpentsatzen. Subjektu feministaren norabidean” ikastaroa burutu zen ildo beretatik (Oihana Barriosek eta Oier Azkarragak antolatua). Eztabaidak aurrera jarraitu zuen Bilgune Feministak eta Emaginek “Eskola Feminista” deitu zieten jardunaldietan, 2015ean. Feminista ugari bildu ginen eztabaidatzeko gogoz. Eztabaidatzeaz gain, minak sendatzeko ere balio izan zigun gune horrek. Azkenik irailean Emagune plataforma aurkeztu zen. Emakumeen topagunea gatazkaz eta bake prozesuez genero ikuspegitik hitz egiteko.
Topaketak, ikastaroak, mundu martxa, manifestazio nazionala eta hainbat ekintza eta prozesu egin dira nonahi azken bost urte hauetan (protokoloak, gaueko manifestazioak...). Euskal Herrian feminismoak dituen gaurkotasunaren eta indarraren erakusle izan dira jarduera horiek, eta, horien arabera ukaezina da, beraz, euskal feminismoak autoritate eta analisirako gaitasuna lortu dituela, eragile garrantzitsuenetarikoa bihurtu dela.
Hau aintzat hartuta, gatazken eta bake prozesuen inguruko analisian ikuspegi horren beharra azpimarratzen dugu. Analisirako metodologia eta subjektu izan behar dute feminismoek. Aitortu behar dugu oraindik badagoela zer egina alor honetan. Bestalde, gatazkaren konponbiderako antolatu izan diren foro ezberdinetan genero ikuspegia gehigarri bat bezala ikusi izan da kasurik onenetan. Badago zer egina baina badago hori aurrera eramateko moduko gaitasun eta indarra duenik ere. Ekin bideari!