Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-23-1
Amaia Lasa
1948, Getaria
 
 

Egun ilunetan nabil.

Gizona joan zait.

Bere etxeko izkina guztiak miatu ditut,

eta

bera aurkitu dut

eder eta goxo,

indartsu,

maitagarri.

 

Neurea egin nahi izan nuen,

batzuetan itsasoak lurra

suntsitu nahi izaten duen bezala.

Gizona

joan egin zait.

 

Bakardadea da

gu bion

jaun eta jabea,

bere besoak luzatzen dituenean,

ez da ni besarkatzeko,

urrun bere burua

ez dago nigana hurbilduko duen

amodiorik.

 

Nire sabela hutsik dago,

ditiak idorturik,

burua husturik,

izate antzugarri batean

nengoen.

 

Kolore nabarreko

ator batez jantzia

herriko karrika batean

zegoen gizona,

beso naharoak zabaldurik

prest, nireganatzeko

irribarre isileko ezpainak.

 

Diti idortuek,

sabel hustuak,

buru antzutuak

ez zuten izan

ezer eskaintzeko.

 

w1977