Ezkutu banatan saltzeko bertsoak
(Zatia)
Nire grazia Aresti da ta ez nintzaden Oliteko
Adanen kontra asmatu ditut hamaika moral etiko
Izan ditezen iraunkor eta gainera monolitiko
Euskal garbian kantatzen ditut mila bertso politiko.
Nire grazia Aresti da ta paratu naute aparte
Niri lotzeko borrero hoiek kate lodia dakarte
Libertatea lortzeko gerran hartu nuelako parte
Baina isilik ez naiz egonen judikatzen nauen arte.
Nire grazia Aresti da ta hau da nire desgrazia
Nolaz igarri jakin gaberik gertatu zaidan pasia
Ez nintzen izan libertatea gaitz-erizteko hazia
Eta birritan egon naiz grina horri ukat-arazia.
Nire grazia Aresti da ta hau da azken abisoa
Ze odisea Aresti bati munduan pasadisoa
Ez dakit nola gustatzen diren ogia ta txorisoa
Gurea baita alimenturik gabeko paradisoa.
Nire grazia Aresti da ta galdu nuen kanorea
Itsurik nabil airean nola Anbotoko seinorea
Ez dut ikusten zuzenbidea eskatzeko tenorea
Legami ferdez altzatu dute ogi onaren orea.
Nire grazia Aresti da ta jaio nintzen jentartean
Primutasuna eduki nuen fameli prestu batean
Dilista-plater batean saldu nuen modu politean
Nigatik barre eginen dute denporen errematean.
Nire grazia Aresti da ta kendu didate gloria
Nitzaz hedatu dute munduan gezurrezko historia
Laidatu naute nola bainintzen aingeru bat eroria
Aldare berri hoietan dago ahardien hiloria.
Nire grazia Aresti da ta grazia honi darraika
Nire izenak haren graziak diradelako hamaika
Antilletatik entzuten da nork jotzen duen balalaika
Federazio batez biltzeko Kuba Haití ta Jamaika.
Nire grazia Aresti da ta izan naiz obediente
Adan motzaren aurrean beti portatu nintzen prudente
Egun batean aldatu nintzen uste gabe terrepente
Modu gaitzean kantatzen ditut mila bertso diferente.
Nire grazia Aresti da ta grazia oso gorengo
Nire parera dator bakarrik Josepetegi Belengo
Hura bezala aldar batean mirakuluan banengo
Euskalerriko libertatea lortuko nuke aurtengo.
Nire grazia Aresti da ta hau da nire enplegoa
Adan motzaren graziaz eta tristurazko bulegoa
Oso merkea izan da beti beraren entelegoa
Ez du ikusten bion artean daudela mila legoa.
Nire grazia Aresti da ta ba diotsat Pasternaki
Larru horiak lortu duela ehun mila miloi saki
Lekuko dago zauri bizian soraioan Nagasaki
Blanco xurien arraza horrek okerbideak ba daki.
Nire grazia Aresti da ta hauxe duzue pronua
Neurtzen duena aldia eta denpora eta kronua
Astiro eta politki dakust eternoaren tronua
Bertso batean iraul dezaket beti guztien dornua.
Nire grazia Aresti da ta neronek indar sendoak
Egun bi beso hauetatikan izan dirade kendoak
Lege berrian jarri dituzte fortunazko emendoak
Meza batekin ebakitzeko urteko dibidendoak.
Nire grazia Aresti da ta grazia siku ta lior
Eta grazia honek gloria ekarriko dit derrior
Hiru errege mago datortza eskuan mailu ta zior
Nire etsaiak dirade Kaspar Baldasar eta Beltxior.
Nire grazia Aresti da ta nabil erbia bezala
Ez dut korrikan orain eginen ez hola eta ez hala
Adan zikinak pozoiarekin mundua busti dezala
Nire ezpainak ba daki zer den haren zapore gezala.
Nire grazia Aresti da ta nun dira nire eskinak
Herri honetan niri ukatu zizkidaten gatz-ozpinak
Edonundikan ikusten ditut oso jente zipriztinak.
Haien buruak jo baitzituzten Txarlesek eta Kristinak.
Nire grazia Aresti da ta Simon Magoren alkimi
Isiltzen naute kantu ozena ez dezakedan inprimi
Odol gorrizko izerdi lodiz bekaturik erredimi
Aire hotzean beraien kontra ezpatarikan eskrimi.
w 1964