Munduaren neurria
Nire buruaz mintzatzen naiz, naizelako
munduaren neurria.
Barka bezaidate.
Nork bere begiekin ikusten ditu gauzak.
Eta nork diost niri Laudioko kanpandorreak
eztakusala? Nork?
Nire buruaz mintzatu behar dut, hura delako (ni naizelako)
hobekien ezagutzen dudana.
Nire bularra labirintu bat da, dedalo bat,
eta bertako kale kantoi guztiak ezagutzen ditut:
Bertatik ibiliko naiz nola komodatik ohera,
arimaren begiak itsutzen dizkidaten egunean ere.
Dena dela, ni naiz mintzatzen naizena,
eta mundua diot,
nire zihorraz neurtu behar dut mundua,
beste neurririk ezin baitarabilket.
Nire bularraren gainean zer dagoen,
hori bakarrik jakin nahi dut.
Mintzatzen naiz nire buruaz.
Zarautzen gizon bat dago, gerra aurrean
egunero komekatzen zuena.
Orain urtero bakarrik,
protestatu behar baita, ze demonio!
Hogei urteko alaba bat daduka,
pianoa, pintura eta alemana estudiatzen duena;
datorren urtean ezkonduko da, norekin eta
zubi injinero batekin!
Gizon horri etzaio gustatuko
nire buruaz mintza nadila, baina
hura ezta konturatzen ni naizela
mundu honetako gizonik jakintsuena.
Eztago jakitun, urrikaria.
w 1963