Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-02-9
Xabier Iratzeder
1920, Donibane Lohizune
2008, Beloke
 
 

Ixilik jautsi zinen

                                                (Gerlan hil anaiaren

                                                gorputza herriratu.)

 

Ixilik jautsi zinen etxetik bidera,

Larrungo mendiari nigarrez begira...

Adi-ka zagokizun amaren daldara,

Bainan, itzuli gabe ixilik joan zira.

 

Adi-ka zaitzu ama leihorat atera,

Ikusi nahiz handik azkengo agurra:

Bihotza urtzen duen azkengo so hura...

Bainan, itzuli gabe gerlarat joan zira.

 

Zoin maite zinuen zuk euskaldun xokoa,

Larrunpeko zelaiak eta itsasoa!

Heier emanen zinen gogotik osoa...

Bainan urrun hartarat hain kartsu norat hoa?

 

Urrungo muga hetan hasia da gerla:

Bihotz-errausle hori orroaz dabila.

Bazoazi hari traban emanen zarela

Ixuriz, behar bada, bertzentzat odola.

 

Ixilik jautsi zinen etxetik bidera...

Adi-ka zaitzu ama leiorat atera:

Ikusi nahiz handik azkengo agurra,

Bihotza urtzen duen azkengo so hura...

 

Geroztik jin zaizko maiz amari nigarrak

Bakarrik, zuri pentsu, xukatuz baxerak:

Baitaki zure karrak, zure kar soberak

Eginen dituela gaitzago lanjerak.

 

Etsaia lanopetik heldu zen goiz hartan,

Eta zu bazinoazin denen aintzinean;

Bet-betan tiro batek jorik bularretan

Erori zira oihuz, odola burrustan...

 

Armada burrunbaka ihesi joan-eta,

Lurperat du norbeitek gorputz hori bota...

Sukaldean zaudela ama eta aita

Zure itzultzeari irriz pentsaketa.

 

Ixilik jautsi zinen etxetik bidera,

Larrungo mendiari nigarrez begira...

 

Ixilik joana eta ixilago jina,

Lau gaztek sorbaldean zira eramana:

Kutxa bat hezur-errauts... hortan zira dena...

Oi, ama, gaixo ama! haren bihotzmina!

 

Kapetan, lerro-lerro, guziak jin dira,

Larrunpe maite hortan zure ehorztera:

Oi, hezur eta lurren azken musu hura!

Oi, elgar berritz unkiz duketen daldara!

 

Daldara kartsu horrek inarros ditzala

Lurpeak, mendi gainak, uhainen zabala

Eta, hedoiak gorri odolez bezala,

Euskal aize bortitzak mundurat diola:

 

«Nasaiki emana dut gazteen odola:

Ene zain nor dut orai? hil errauts ixila...

Ez ditzala errauts hoik nehork zangopila:

Euskal lurren arima euskaldun dagola!»

 

w1948