11.
(abuela isildu, txaldatxur zaharrak makila modukoak alboan utzi gero, banan-banan erritmoa jarraitzeari utzi eta kanpamentua egokitzeari berrekiten diote besteek.)
alpontso (zeru aldera seinalatuz, urruntasunera, kezkaz): Zer da hori? Misil bat?
txaldatxur: Cayuela? Cayuelak eraso berriro? (Borrokarako prest) Azkar! Goazen granadak jostera, azkar!
abuela: Egon, maitea, egon… nekatuta zaude, oso nekatuta, ez duzu gogoratzen?
txaldatxur (oldarkor): Nekatu eta nekatuondo… zer inporta du horrek? Cayuela bizirik dago, zer uste duzue zuek? Berak irabazi zuen gerra, bizirik dago!
abuela: Egon, egon… Egon, maitea, ez duzu gerra inoiz bukatu behar, ala?
txaldatxur: Zer bukatu eta zer bukatuondo…! Gerra ez da bukatu! Inoiz bukatzen al dira gerrak? Gerra ez da bukatu!
ailem: Injustiziak, inoiz bukatzen al dira? (Erantzunik ez) Inork ez daki horri erantzuten?
(abuelak txaldatxur lasaitu du azkenean. Zeruari begira denak.)
santi: Misila? Oso motel ari da… Misila balitz jota egongo ginatekeen honezkero.
ailem: Misilak jo gabe ere, seko jota ez al gaude honezkero?
santi: Jota bai, jota-jota ez. Ez? Ala jota-jota gaude?
alazne: Ez, satelite bat da, nik uste. Ala ez da satelite bat?
alpontso: Satelite militarra?
santi: Militarra, militarra… Ba al dago akaso militarra ere ez den zerbait?
abuela: Eta izarra izango balitz?
alazne: Izatekotan, jaio berria izango da, txiki-txikitxoa, unibertsoan ibiltzen ez dakiena oraindik, eta estropezuka dabil horregatik, lurrera erortzeko puntuan beti, ez duzue uste?
santi: Aizue, ez da edonon erortzen den horietako bat izango?
alpontso: Ez zaigu gainean eroriko, ezta?
alazne: Lepoa ez egin badaezpada…
abuela: Beldurrik ez izan, maiteak. Errege Magoak gidatu zituen izarra izan daiteke, zergatik ez? Ez litzaiguke gaizki etorriko bidea erakusteko.
santi (kexuz): Abuela…!
abuela: Zer, bada, maitea? Utreran, ume nintzela, horretan sinesten nuen, gure amak horrela kontatzen zigun, Egiptotik edo zetozela… Gainera, zergatik ez? Hain misteriotsua da munduan gertatzen den guztia…
santi: Misteriotsua? Ez al da izango ezezaguna gertatzen zaigula?
(Inork erantzun ez. Norberaren zereginetara bueltatzen dira.)