4.
(Halako batean, abuela eta txaldatxur zaharra daramatzan gurdiak bideko zuloren batean estropezu egin, gurpiletako bat ardatzetik atera, eta irauli egiten da. Lurrera erortzen dira abuela eta txaldatxur zaharra. Segizioa gelditzen da. Istripuak txaldatxur zaharra lozorrotik bat-batean atera eta, uneko nahasmenak eramanda, bataila baten erdian esnatzen da.)
txaldatxur (lurretik altxatuz, garrasika, aginduka): Ez duzue gerra usaintzen? Goazen, lagunak! Lubakietara! Lubakietara! Gerran gaude! Lubakietara!
alazne: Gerra? Lubakietara?
txaldatxur: Gerra kiratsa dario aireari! Gerra latza! Lubakietara, azkar! Goazen! Lubakiak ireki behar dira!! Granadak josi!
(“Gerra” hitza entzun eta nahasmendua sortzen da, beldurra, garrasiak, elkarri bultzaka korrika, segizioa desegin eta gurdiekin lubaki moduko bat eraikitzen dute.)
ahots nahasiak: Gerra! Ai, ama! Azkar, lubakietara! Utzi dena eta korri, maiteak! Nondik datoz? Ez galdetu eta korri! Gerra da, ez da galdetu behar!
(Gurdien babesean, erasoaren zain geratzen dira isilik. Isiltasun urduria, luzea.)
ailem (isiltasuna apurtzeko beldur): Ez droneak ez misilak, ez da ezer entzuten…
santi: Bidean egongo dira, akaso. Orbitan dauden estazio militarretatik botatzen omen dituzte…
alazne: Edo itsasoaren sakonetan dauden itsaspekoetatik…
(Isilune larria, luzea, balizko eztandaren zain.)
alpontso: Gerran gauden ba al dakigu? Gudu-zelairik ere ez dago…
santi: Mundua dugu gudu-zelaia, ez duzu ikusten? Ilargia ere akaso, nik hori ez dakit.
ailem: Gerra ezagutu dut nik Smaran jaio nintzenetik. Tirorik gabe batzuetan, baina gerra beti, injustizia beti.
santi: Bai, tirorik gabe batzuetan, baina gerra da beti…
alpontso: Arma, tiro, pum… Zentzugabekeria da gerra, absurdoa, beti.
santi: Absurdoa? Orduan, absurdoan bizi izan da mundua beti? Mundua mundu denetik egon dira gerrak, inoiz ez da egon arrazoiren bat?
alpontso: Zentzugabekeria da, absurdoa…
santi: Zentzuzko erantzuna al da hori? Ala erantzun alferra?
alpontso: Absurdoa…
santi: Ala alferraren erantzuna?
ailem: Mundua betidanik absurdoan bizi izan bada, bizirik jarraitzeko dugun grina hau ere ez al da absurdoa izango? Zertan ari gara orain hemen, lubakian, bestela?
alazne: Ez-mundu honetan, zer da absurdo izatea?
alpontso: Zentzugabekeria da gerra, absurdoa…
santi: Absurdoa ez al da absurdoa dela esatea?
(Besteak hizketan ari diren bitartean, txaldatxur zaharra gelditu gabe aritu da lanean. Gurdietan arakatu eta ezkutatuta zeuden iturgintzako hainbat hodi eta ukondo atera ditu; poltsa bat atera du gero, eta hodiak betetzeari ekin dio poltsa barruko edukiarekin.)
txaldatxur (hodiak betetzeari utzi gabe): Utzi kalaka, dio! Ixo! Eta lanera! Belkoaingo muinoa hartua dute erreketeek! Handik datoz erasoan!
alazne: Errekezeinek erasotu?
txaldatxur: Erreketeak, dio! Cayuela teniente koronelaren konpainia…
abuela: Erreketeak, falangistak, faxistak! Inork ez dizu horietaz hitz egin?
alazne: Itsaspeko nuklearrak dauzkate?
txaldatxur (haserre): Kanoiak eta fusilak gutxi iruditu? (Aginduka) Txorizoak egin behar ditugu, azkar! Donostiarako bidea moztu behar zaie!
alazne: Txorizoak?
txaldatxur: Txorizoak, txurroak, ukondoak… (Berak egindako bat erakutsiz) Granadak!!! Azkar, hartu hodi eta ukondo horiek, dinamitaz bete eta metxa jarri! Txaldatxurko posizioa defendatu behar dugu!
santi (sinesgaitz): Granada… hori? Eta horrekin egin behar diogu aurre errekete eta faxistei?
alpontso: Zentzugabekeria da. Absurdoa.
txaldatxur: Belkoaindik sartua da Cayuela, zerekin aurre egin bestela? Diskurtso eta arrazoiekin? Bilera eskatu eta arrazoiak mahai gainean jarrita? Serioa iruditzen zaizu? Eskura daukazunarekin egin beharra dago, beti izan da horrela…
abuela: Bizi izandakotik kontatzen dizue, maiteak. Brunet y Cia oihal lantegiko langilea zela, tailerrean horrelako granadak egin eta Txaldatxurko muinoaren defentsan egon zen, hortik datorkio goitizena, ez al zenekiten?
txaldatxur: Herriko jendea ginen, oihalak josten iaioak, dinamitaz betetako hodi eta ukondoei metxa jostea beste meriturik ez genuen izan…
alazne: Orduan, horrelakoekin egin beharko diegu aurre sateliteek botatako misilei?
santi: Horixe, gaztetxo, horixe! Kale borroka katalogozko arma supersonikoen kontra!
alpontso: Zentzurik ba al du honek? Absurdoa da, zentzugabekeria. Ala zentzugabekeria ez al da?
ailem: Akaso horixe baino ez naiz izan ni beti-beti? Absurdo bat, jaio nintzenetik?
txaldatxur: Utzi kalaka, dio! Eta ekin lanari! Dinamita hodietan sartu eta metxak josi!
alazne: Metxak josi?
txaldatxur: Metxak josi!
(txaldatxur zaharraren ekinari jarraituz, hodiak eta ukondoak hartu, dinamita sartu barruan, metxa josi eta granadak egiteari ekiten diote.)
txaldatxur (lanean adoretsu, garrasika): Aurrera beti! Ez jaungoikorik, ez jaun behekorik!! (Kantuan hasi eta, apurka-apurka, jarraitu egiten diote besteek)
“Beti granadak josten,
josten, josten,
josten, josten, josten.
Beti granadak josten,
josten, josten,
josten, josten, josten.
Nor gara gu?
Zer gara gu?...”
(Bat-bateko argitasun kolpe dardarti handi batek espazioaren zirrikitu guztiak bereganatu eta, ziplo, erabateko ilunak hartzen du eszenatokia. Segundo gutxi batzuetara, leherketaren burrunba izugarri batek txikitzen du isiltasuna. Isiltasun luzea gero.)
alazne (arnasa berreskuratuta, txiskero bat piztu eta notario baten hoztasunez): Hara, Txaldatxur, begira… Cayuelari bezala, oraingo misil honi ere eutsi diozu…
txaldatxur (arnas estuan): Eutsi diogu…