9.
(Gogoa dantzan, hankak ezinean, bat-batean moztutako festaren oihartzuna ez da oraindik itzali pertsonaien baitan. Oholtzan sakabanatuta, bere modura kudeatzen du bakoitzak festaren amaierak sortutako frustrazioa.)
ailem (zeruari begira): Iluntzen ari da. Izarrak esnatzen hasiak dira eta iluntzen ari da…
alpontso: Izarrak? Ez dira sateliteak izango? Sateliteak izan daitezke, izarrez kamuflatuta, baina sateliteak…
santi: Adi ezten gaiztoko gaueko eltxo horiekin! Lo txarra izaten da horien konpainian…
ailem: Izarrak dira gehienak, ezagunak ditut txikitatik, lagunak. Umetan, Smarako basamortuko gau ilunetan, zeruetan barrena bidaiatu eta amets egina izana naiz haien eskutik…
abuela: Ai, maitea, basamortua buruan beti…
ailem: Buruan ez dakit, bihotzean bai. Oinen azpian dut faltan, ordea. Oinen azpian faltan… betirako, ziur aski, sekula ez baitut basamortua berriro zapalduko, badakit. (abuelari) Baina zer esan behar dizut zuri, ederki dakizu zertaz ari naizen, ez hangoa ez hemengoa ere ez zarela. (Zeruari begira berriro) Ilundu eta laster ez da ezer ikusiko, zergatik ez dugu atsedena hartzen?
santi: Egun argiz ere ez badugu bidea ikusten, zer garrantzi du gau ilunean sartzeak? Berdin-berdin galduta bagaude, zergatik ezin dugu berdin-berdin jarraitu?
alpontso: Guretzat berdin dira eguna eta gaua? Gaua eta eguna berdin dira guretzat? Eguzkia eta ilargia berdin dira?
ailem: Berdin? Nola izango dira berdin! (Zalantzaz bat-batean) Hala ere, gaua izan edo eguna izan, egia ez al da bidea ilun ikusten dugula beti?
alpontso: Baina bidea ikusten da? Zuk ikusten duzu bidea? Eguzkia izan edo ilargia izan, iluntasunak ez al digu beti ezkutatzen?
txaldatxur: Nekatuta nago… Galduta egotekotan, aukeran, galduta eta mokadu bat janda ez al da hobe?
abuela: Begira gure zaharra! Honek du bista honek! Zerbait garbi ikusi du behintzat!
(Denek txaldatxur zaharrari begiratu lehenik, elkarri begiratu gero, eta atsedena hartzeko kanpamentua muntatzeari ekiten diote.)