Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

5. ATALA: ARIMAREN PISUA ETA NEURRIA

 

 

19. ekintza: Prentsaurrekoa

 

(Taberna prentsaurreko-areto bihurtu da. dama eserita dago, publikoari begira.

bernar, jon, eta ana kultura-kazetariak dira, eserita daude, publikoari bizkarra emanez.)

 

kazetaria 1: Esango zenuke orduan, zure ahotsa aurkitu duzula? Zure lekua munduan poesia dela? Zer ematen dizu arteak?

 

kazetaria 3: Bertsokera librea darabilzu. Poeta askea zara zu ere? Lokarririk gabeko sortzailea? Zeintzuk izan dira zure eraginak? Zure maisuak?

 

kazetaria 1: Zure maistrak?

 

kazetaria 3: Poesia idazten duzu. Poeta zara, ala beste zer edo zer? Nola definitzen duzu zure burua: idazle, poeta, emakume, artista, sortzaile?

 

kazetaria 2: Tituluak: Arrosaren aldarea, Iraileko lira. Zergatik lira? Zergatik arrosa? Ez da apur bat melenga? Liraren gaia ez da oso garaikidea. Ez al da apur bat anakronikoa poesia bera? Apur bat zaharra? Zurruna? Topikoa? Transzendentalegia? Eta errima eta erritmoa ere zalantzagarriak, nire ustez. Bestela ondo.

 

dama: Nire poemak poesia direnik ezin du inork ukatu, bertsotan idatzita daudenik, hori ez dut nik esango. Saiatu naiz zenbait poema egoskorri erritmoa ematen, eta ohartu naiz soilik erabateko askatasunetik daukadala hitzaren eta irudiaren ahalmena, hau da, erritmoaren kaltean. Nire poemak eskuzko zirriborro trakets gisara hartu behar dira. Edukiari dagokionez, neure senari uzten diot eraikitzen, adimenak jarrera arretatsuan ikusten duen horretatik abiatuz.

 

kazetaria 2: Ados. Baina, errima ez da agertzen inondik ere. Lira, balira, aintzira, bira, aingira, tirabira… Bazeuden beste aukera batzuk ere. Pozik zaude? Harro? Harroegi agian?

 

dama: Neure dimentsioak deskubritzeak ekarri dit neure buruarengan daukadan segurtasun hau. Ez zait komeni naizena baino gutxiago bihurtzea.

 

(Iluna.)

 

 

20. ekintza: Eguneroko bizitza

 

(dama barran dabil lanean, basoak garbitzen eta bere lekuan jartzen.

ana erratza pasatzen ari da.

bernar eta jon sartzen dira tabernan.)

 

bernar: Nik ezetz esango nioke, ez pikatzeko ezer ere, hor igual horma osoa altxatu behar da, eta ez du merezi. Masa apur bat bota, zarpiatu, gainetik margotu, eta listo. Nahikoa.

 

jon: Nahikoa igual bai, baina lardaskeria da. Hori barrutik ere ikusi behar da. Bestela berriro aterako dira orbanak.

 

bernar: Ana, guapa, atera bi garagardo. Total, lau xentimo emango dizkigute, Juanon. Masa bota, raseatu eta margotu. Hor konpon!

 

jon: Igual ezta lau xentimo ere, konpondu gabe margotzen badugu berriro izorratuko delako.

 

bernar: Berriro ateratzen badira orbanak, deituko digute berriro. Eta berriro ordain dezatela.

        Masa bota, raseatu eta gainetik margotu. Punto.

 

dama: Normala ala iluna?

 

bernar: Zuk aterako didazu ala?

 

dama: Normala ala iluna.

 

bernar: Iluna orduan.

 

jon: Nik normala.

 

bernar (anari): Ez dizu penarik ematen artista hor ikusteak? Ez al da hori zure lekua, ala? Eskakeatzen hasi zara zu ere?

 

ana: Esan diot, baina poeta egoskorra da.

 

dama: Ez dut lotsaturik bizi nahi.

 

jon (damari): Denon artean ordaindu beharko genizuke soldata duin bat zuk lasai idazteko.

 

bernar: Bai, falta zitzaidana. Lau xentimo irabazi, eta bi poesian inbertitu.

 

jon: Dama hau artista da. Dama honek ez du zertan aguantatu basurde mozkorrik. Ezta, Ana?

 

ana: Basurdeak aguantatzea ez da erraza, ez. Dena lokaztuta uzten dute.

 

(anak botila kentzen dio damari. Berak zerbitzatzen du beste erronda bat.)

 

jon: Eseri, Edith. Atsedena lanaren parte da.

 

(dama tabernako bere ohiko lekuan esertzera doa.)

 

bernar: Hori egia da. Juanon ere nitaz potrotaraino dago. E, Juanon? Gu ere sentiberak gara, ez pentsa. Dena ez da lana eta txortan. Gu ere sentiberak gara.

 

ana: Kaktusak ere sentiberak dira.

 

dama: Edertasunik gabe ez dago inor segundo bat ere bizi daitekeenik.

 

bernar: Guztiz ados, ikusten? Edertasuna behar du basurde batek ere, ez lokatza soilik. (Trago luze bat hartzen du) Orduan erabakita dago Juanon: masa bota, raseatu, margotu eta kobratu. Hor konpon! Zuriz margotuko dugu, polito geratuko da. Edertasuna, Jon, edertasuna!

 

jon: Zu bai artista.

 

bernar: Bai jauna, artista de la pista!

 

(Iluna.)

 

 

21. ekintza: Epilogoa, Dama

 

(damaren aurpegia argiztatzen da, hasiera-hasieran bezala. Orain berriro ere erdiko aulkian eserita dago, koroatzean bezalaxe.)

 

dama: Erraza da uda mendietan:

        zelaia loretan da,

        etxalde zaharra irribarretsu dago

        eta errekaren marmar iluna aurkitutako zorionaz mintzo da.

 

(Iluna.

Danbada elektrikoa entzuten da berriz.

Estroboaren argi zuria, keinuka.

Isilunea. bernarren ahotsa entzuten da, ozenki.)

 

bernar: Poeta, igo ezazu brageta!

 

(Estroboaren azken keinu geldoak. Kanpai-hots alai-alaiak. Iluna.)

 

 

Amaiera