Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

1. ATALA: ARIMA BAT AURKITU ZENUEN

 

 

1. ekintza: Hitzaurrea, Dama

 

(Soilik eszenatokiaren erdialdea dago argiztatuta. dama han dago, aulki batean eserita. Publikoari begira hitz egiten du, begiak itxita, ametsetan balego bezala. Ilunpean taberna baten elementuak antzematen dira: mahaiak, aulkiak, barra bat. Barran, damari begira, emakume bat: ana.)

 

dama:

        Bakarrik nago laku ertzeko haitzen artean,

        izei zaharrekin adiskidetzan bizi naiz,

        eta gurbeondo gazte guztiekin elkar ulertze sekretuan.

        Bakar-bakarrik etzanda nago, eta esperoan,

        ez dut inor pasatzen ikusi.

        Lore handi batzuk niri begira daude haien zurtoin garaietatik,

        aihenbelar mikatzak besoetatik gora ari zaizkit igotzen,

        izen bakar bat daukat guztiarentzat, eta Maitasuna da.

 

(Bukatzerakoan, damak begiak zabaltzen ditu. Publikoari begira geratzen da. anaren txaloak entzuten dira, bi, hiru txalo.)

 

ana: Artista! Poeta!

 

(Iluna.)

 

 

2. ekintza: Ahizpa

 

(damak jarraitzen du aulki berean eserita. Eszenatoki guztia argiztatzerakoan taberna osoa ikusten da: barra bat, bi mahai, aulki batzuk, botilak, edontziak… eta abar.

Barraren bestaldean ana dabil lanean, tabernako zerbitzaria.)

 

ana: Ezin dut imajinatu. Esku handi horiek, bularra, oinak. Beldurra ere ematen dute. Gauza handikote eta iletsu hori nire gainean. Uf! Ez dakit nazka apur bat ere ez ote didan ematen… (damak keinu bat egiten dio anari. anak anis kopa bat zerbitzatzen dio damari) …baina gauza da gero ezin dudala burutik kendu. Tabernan sartzen da eta begiak haren ipurdira eskapatzen zaizkit. Eta ahots hori, ahots hori barruetaraino sartzen zait, ezin dut barrutik atera. Basurdea dirudi, kurrinka. (Barreak)

 

dama: Orain arte inoiz ez du begirada suhar batek engainatu.

 

ana: Bai, begirada, egia da, ai! Begiak, begiratzeko modu hori. Lotsagabea, zikina, nazka ematen du, basapiztia dirudi. Gose da, gose. Berehala ikusten zaio. Zikin hori. Nazkante hori. Kikildu egiten naiz. Urtu. Basurde hori. Baina aldi berean… ez dakit. Badu zerbait, ezta? Ba al du zerbait, ala ez du ezer ere? Zuk zer uste duzu?

 

dama: Har ezazu gizonaren bihotza zure eskarmenturik gabeko atzamarren artean.

 

ana: Bai, ezta? Hori egin beharko dut, ezta? Baina ez da hain erraza jakitea on egingo didan, edo kalte. (Lizun, barrezka) Gaizki. Oso, oso gaizki.

 

dama: Gaizki ez.

        Basoaren alaba distiratsuak bere ezkontza ospatu zuenean

        ez zen lurrean zorigaitzik izan.

 

ana: Bueno, bueno, ezkontza dio besteak… ez gaitezen hain dramatiko jarri. Izan daiteke anis trago bat ematea bezalaxe, besterik ez. Ezpainak gozatu apur bat, eta alde egin. Basapiztia gosetuta utzi, ulertzen?

 

dama (jostari, mozkortzen hasia):

        Basoaren alaba irrikaz libre dago,

        ilehoria da eta amets guztiak baretzen ditu,

        zurbila da eta desira guztiak pizten ditu.

 

ana: Horixe nahi nuke izan, basoaren alaba, desira guztiak pizten dituena… eta jan dezatela neure eskutik basapiztiek.

 

dama (ameslari, begiak itxita, mozkorrik):

        Basoaren alaba distiratsuak bere ezkontza ospatu zuenean,

        zein pozik zeuden muinoetako izeiak,

        zein harro zeuden gailur zorrotzetako pinuak!...

 

ana: Bai, hori ere polita da. (Lizun, barrezka) Pinuak tente. Pinuak beti tente, harro eta tinko!

 

(Barre egiten dute biek. damak edatekoa hitzik gabe eskatzen jarraitzen du, anak edontzia betetzen dio.)

 

dama: …Zein kontent zeuden magal eguzkitsuko ipuruak,

        eta lore txiki guztiek korola zuriak zituzten…

        Eta handik ingurutik egin zuten hegan tximeleta zuriek etengabe!

 

ana: Bueno, bueno. Lasai, poeta. Tximeletak zuk dituzu buruan. Gauzak lurrean normalagoak dira, gure neurrikoak. Lokatza dute, ulertzen? Zikinagoak dira. Zoritxarrez… eta zorionez. (Barre egiten du, lizun, jostari) Lokatza, lokatza!

 

(damak beste anis bat eskatzen dio. anak bete egiten dio edontzia.)

 

        Beste bat ez dizut emango, hortzak eroriko zaizkizu azkenean. Eta oso guapa zaude zeure hortz guztiekin. Zuk ere baduzu gorputz bat. Zaindu beharrekoa. Eta buru bat, lurrari ondo lotu beharrekoa. Dena ez da poesia izango, eta arimaren zama, eta loreen lurrina, eta tximeleta zuriak. Ulertzen? Gorputza ere bai. Gorputza eta lokatza. Zuk ez duzu lokatzik ala?

 

dama: Behinola ezerengan sinisten ez zuen gizon bat izan nuen maite.

 

ana: Eta non dago orain? Ez dizu ja lokatzik ematen?

 

dama: Egun hotz batez etorri zen, begiak hutsik zituelarik,

        egun latz batez joan zen, bekokian ahanztura zeramalarik.

        Nire semea bizi ez bada, orduan gizon harena da.

 

ana: Nik ere ezagutu ditut halakoak. Nik ere ikasi dut. Ez dezatela nigandik gehiago espero. Behin edo birritan egin, probatu, ondo pasa, eta kito. Ez naiz maiteminduko, benetan… Azken aldia da. (Barre) Ez dakit. Nik ere hartuko dut trago bat. (Edontzia altxatzen du, topa egiteko) Topa, maistra!

 

dama: Topa, neure ahizpa ederra!

 

ana: Nola esan duzu lehen? Pinua harro, pinua tente, tente! (Biek egiten dute barre) Guztiz ados, maistra! Lokatza!

 

 

3. ekintza: Bi gizon

 

(Bi gizon sartzen dira tabernan. Bata indartsua, bizarduna, zakarra, begirada sexuala du, irrikatsua —bernar—. Begirada lizun eta suharrez begiratzen die neskei, anari bereziki. Bestea isilagoa, otzanagoa itxuraz —jon—. Ozen hitz egiten du bernarrek. Neskek euren hizketaldia eteten dute. ana barran sartzen da. damak mahaian eserita segitzen du, bakarrik. Gizonen hizketaldia nagusitzen da.)

 

bernar: Arratsalde on, neskak! Eme usaina dago hemen! Emearen azala, Juanon! Emearen azala! Ana, guapa! Zer daukazu niretzat?

 

ana: Zuk eskatu, eta ikusiko dugu daukadan edo ez.

 

bernar: Garagardo beltz bat, beste bat normala… eta musu bat.

 

ana: Lehenengoari bai, bigarrenari ere bai, eta hirugarrenari ez. (Irribarre erdiz) Ez duzu merezi, zikin horrek.

 

bernar: Zikinagoa ere izan naiteke nahi baduzu…

 

ana: Basurde! (Bi garagardoak zerbitzatzen ditu, irribarre erdiz)

 

bernar (gaia aldatuz, joni begira): Begira, Juanon, bi aukera ditugu: kablea behar bezala eraman, eta orduan horma zulatu beharko dugu, edo bestela lurretik eraman kablea eta gero kableak alfonbraz estali.

 

jon: Ez, horma hori ezin dugu zulatu.

 

bernar: Kableak alfonbraz estali orduan.

 

jon: Hori ere ezin dugu egin. Lardaskeria da. Eta ilegala gainera.

 

bernar: Ilegala nik Anari egingo niokeena da, e, Ana? Hori ez da ilegala, hori praktikoa da. Bestela horma zulatu behar dugu, ez dago beste aukerarik.

 

jon: Horma ezin da zulatu, Bernar. Horma hori zulatzen badugu akabo, gauzak ondo egiteko modu asko daude. Nik ikusiak ditut hiru halako kableak ezer zulatu beharrik gabe.

 

bernar: Bueno, ez gara orain hasiko gure curriculumak ateratzen. Nik ere badakit gauzak oso ondo egiten, eta gauzak nahiko ondo egiten ere badakit. Eta kasu honetan nahiko ondo egitearekin konformatzen naiz. Bikaintasuna ez dugu behar, gero lau xentimo puta kobratzeko.

 

jon: Hori ere egia da. Lau xentimo ez, gutxiago: bakoitzak bi, zuk bi eta nik beste bi. Eta hori, fakturarik gabe. Fakturarekin gutxiago.

 

bernar: Horixe ba. Alfonbratu, eta listo.

 

jon: Alfonbratu, ados.

 

bernar: Eta hurrengoan esan dezatela aurretik zer nahi duten eta zenbat ordaintzeko prest dauden. Garbi joka dezatela. Gu garbi jokatzen ari gara. Entzun, Ana? Guk garbi jokatzen dugu.

 

ana: Zuk garbi? Kostatzen zait imajinatzea.

 

bernar: Imajinatzea librea da, Ana. Zuk nahi baduzu gauza zikinak imajinatu, niri ondo iruditzen zait. Ni ere prest naukazu.

 

ana: Ez zara nekatzen, e, Bernar? (damari) Ikusten, maistra? Esandakoa. Gizon hau gosetuta dago. Ez diote etxean jaten ematen.

 

bernar: Nik ere gauza asko imajinatzen ditut. Garbiak, eta zikinak. Baina zurekin batez ere garbiak, Ana. Intentzio onekoak. E, Juanon? Baietz? Intentzio onekoak, garbiak.

 

jon: Nahiko garbiak, bai, baina horretan ere bikaintasunera heldu gabe.

 

bernar: Horixe, gauza praktiko bat. Eraginkorra, lehiakorra eta nahiko garbia. Garbitasunaren txapeldunak izateko beharrik gabe.

 

jon: Erdiko bide aristoteliko bat, sexu-grinaren eta lizunkeriaren artekoa. Nahiko orekatua, baina alarderik gabe. (Barreak)

 

bernar: Ulertzen, Ana? Erdiko bide bat, aristotelikoa. Beste guztian txapelduna naiz. Erdiko bidetik urrun. Txa-pel-du-na.

 

ana (damari): Entzun duzu? Hemen txapeldun bat daukagu, eta gu konturatu gabe. Zuk zer uste duzu, emango diogu sari nagusia?

 

bernar: Emadazu sari nagusia, Anita, benga. Zin degizut, nirekin oso ondo pasako duzu.

 

ana: Neure ahizpak esaten duena. Zer diozu, poeta, emango diot sari nagusia, eta urrezko kopa bat?

 

dama: Eraman ezazu gizonaren sugarra arrastaka zure begietako gela izoztura!

 

bernar: Entzun duzu? Eraman nazazu arrastaka zure gelara!

 

ana: Ziur gaude? Arrastaka eramango dut basurde hau?

 

dama: Maitasunaz ziur zaude, zeruetako erreinuaz bezainbeste.

 

        eta zuk zure desiraren belo mehea emango diozu, distantzia urdinez tindatzen duena…

 

bernar: Hara bestea. Zer dio orain poetak? (damari, ironiaz) Goizetik edaten hasi gara, e, artista?

 

ana: Utziozu bakean edaten. Zuk ez dakizu poeta bat zer den ere.

 

bernar: Poeta ni naiz. Eta artista. Eta Juanon ere bai. E, Juanon? Gure lana bakarrik artista batek egin dezake guk bezain ondo.

 

jon: Ez dakit gurea artea den, Bernar. Artea beste gauza bat da. Baina gu ez gara makalak.

 

bernar: Gu ez gara makalak, ez alferrak, ez bizkarroiak. Gu gara artista benetakoak, langileak eta artistak. Berrogeita lau urte ditut, eta hogeita zortzi urte kotizatuta. Artistak. Multidiziplinarrak gainera. Gu bai artistak, egunez eta gauez, artistak, e, Anita? Artistak!

 

ana: Zuk dohain asko dituzu, dena egiten duzu ondo.

 

bernar: Eta gauza batzuk beste batzuk baino hobeto gainera.

 

ana: Dantzan ere bai?

 

bernar: Dantzan ere bai. E, Juanon? Dantzan ere bai.

 

jon: Dantzan ere bai. Multidiziplinarra, bikaintasunera heldu gabe horretan ere.

 

bernar: Ixo, kabroia. Juanon geratuko da zure artistarekin hitz egiten, gozo-gozo, e, Juanon? Jon ere artista da, e, Jon? Esaiozu poesia bat damari, ea gustatzen zaion. Zuk atera beste erronda bat, Anita, eta eraman nazazu zure gelara arrastaka.

 

(anak edontzi guztiak betetzen ditu berriz. Musika pizten du; gozoa, astiro dantza egiteko modukoa. Argiak ere lausotzen dira, ana barratik atera eta bernarrekin dantzan hasten da, astiro-astiro, geroz eta lizunago.

dama eta jon zeharka elkarri begira geratzen dira tabernan, bakoitza bere edontzitik edanez. bernar eta ana bigarren planoan geratzen dira dantzan. Musika geroz eta urrunago entzuten da. damak segitzen du edaten, mozkorrik behar du honezkero.)

 

jon: Orduan zu poeta zara. Edith, poeta.

 

dama: Berak esaten duena egia da,

        mundua desegitea ere izan daiteke,

        nire ahizpak ez du inoiz gezurrik esaten.

 

jon: Nik ondo hartzen ditut artea eta artistak. Errespetuz. Munduak poetak ere behar ditu.

 

(dama altxatu eta jonengana hurbiltzen da, irribarretsu, jostari.)

 

dama: Neurea da mundua.

        Edonondik noalarik

        arrosak botatzen dizkiet denei.

 

jon: Zuk karga handia daramazu. Banatu behar duzu pisu hori.

 

(Geroz eta hurbilago, lizun, baina zeharo mozkorrik.)

 

dama: Zer dira niretzat mina, miseria?

        Nik kantatu egiten dut.

        Horrela altxatzen da minaren ereserki handia bular zoriontsu batetik.

 

(damak musu ematen dio joni, eta gero bultza egiten dio bortizki, gainetik kentzeko.

Eseri, beste trago bat hartu, eta isilik geratzen da publikoari begira, zurrun, begirada galdurik.

Musika amaitu da. bernarrek eta anak dantzatzeari utzi diote.)

 

bernar: Anita eta biok etxera goaz, arrastaka. Eta pozik.

 

ana (damari): Basurde batek harrapatu nau.

 

(bernarrek kurrinka egiten du. anak barre egiten du, jostari.)

 

bernar: Zer, Juanon? Zuek ze plan duzue? Gu bagoaz.

 

ana (damari): Ez dakit ez ote naizen damutuko.

 

dama (erabat mozkorrik, ia totelka): Astuna izango da, eta zoragarria, eta gogorra, eta banaezina.

 

(damak mahai gainean etzaten du burua, besoen artean. Zeharo horditurik dago, ia konortea galduta, erdi lo.)

 

bernar: Kasurik ez, Jon. Horrek ez dauka fundamenturik. Artista da. Ganorabakoa. (damari, oihuka) Poeta! Igo ezazu brageta!

 

ana: Koitadua!

 

(bernar eta ana badoaz.

jonek manta bat jartzen dio damari.)

 

ana: Gaixoa.

 

(dama mahaian eserita dago, manta baten azpian lo.

jon bere aldamenean geratzen da.

Iluna.)