Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

Sar hitza

Ehaze

 

      Poz handiz aurkezten diogu irakurleari Jon Gerediaga idazlearen Dama antzezlana. Ganbila bilduman antzeztu gabeko testu originalek ere badute lekurik, eta esku artean dugun lan hau bada horren adibide on bat.

      Jon Gerediaga aspaldiko ezaguna du antzerki ikusleak eta, are, literatur irakurleak. 90eko hamarkadan hasita euskal teatro berri baten aitzindari izandako Antzerkiola Imaginarioa konpainiako kide izan zen, idazle gisa. Gerediagaren eskutik heldu zitzaizkigun, talde laneko idazketaren babesean txertatua bazen ere, 8 Olivetti poetiko, Yuri Sam. Otoitza, Mundopolski edo Au revoir, triunfadoreak! bezalako testu ezagunak, guztiak Artezblaik argitaratuak. Haien ostean idatzi izan du besterik, Antzerkiolaren ibilbidearen nolabaiteko epilogoa izan zen Babiloniako loreak, kasu, edo gerora Huts Teatroaren eskutik oholtzaratutako Etxekoak, argitaragabeak biak.

      Azken urteetan poesiari loturik ezagutu dugu, gehienbat, bere bidea. Poeta gisa plazaratu dituen lanek kritika oso onak eduki izan dituzte, eta bere lekua egin dute generoaren euskarazko koordenatuetan, lehen aleetako forma aniztasuna gero eta gehiago naturarekiko harreman sakon batekin lotuz, Igor Estankonak aipatu izan duen bezala, “hitz gutxi batzuekin osotasuna deskribatzeko gaitasun berezko” batekin. Aipatzekoa da ibilbide poetiko horren lehenengo harria, Fitola balba, karpuki tui, nolabaiteko bisagra izan zela bi ibilbideen artean: liburu hura habitatzen duen ahotsa oso teatrala da, eromenaren eta egiari loturiko edertasun gordinaren artean dabil zabuka, erreferentzia teatralez josita dator, eta Antzerkiola Imaginarioaren poetikaren parte izan ziren aireez. Are gehiago, Antzerkiolak berak liburuan oinarritutako irakurketa dramatizatua ekoiztu zuen, eta baita mugitu ere, plaza ugaritan. Kurioski, orduko bisagrari tolestura berria eskaintzen dio, gaurko egunetik, esku artean dugun Dama honek. Egileak poesiaren zentzuaz, edertasunaz, idazketaz beraz egiten du gogoeta antzezlan honetan. Poesiari loturiko kezkarik sakonenak teatroak ezinbestekoak dituen ezaugarriekin uztartuta eskaintzen dizkigu Gerediagak, dramaturgiagintza sakontasunez ezagutzen duenaren arteaz: umorea, absurdoa, parodia, bufoitasuna, edertasuna eta egiarik ilunenaren bilaketa amaigabea. Hari guztiek bat egingo dute Dama antzezlanean, Edith Södergran poeta istorioaren motor bilakatuta, haren poemen itzulpenak corpus nagusian txertatuta, antzezlan hau estilistikoki poesia eta antzerki-poetikaren arteko lurralde bizi batera eramanez.

      Gustura hartuko genuke Dama oholtzara eramango den berria baina, bien artean, poesia eta teatrorik bizienaren arteko lan honek paperezko oholtza honetan zabalduko ditu pertsonaien ahotsak.