Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

4. ATALA: HERIOTZA ETA BIRJAIOTZA

 

 

11. ekintza: Koroatzea

 

(“Saria” hitzaren oihartzuna errepikatzen da.

Tabernaren erdi-erdian, mahai baten gainean, aulki bat paratzen dute, publikoari begira.

Erdian paratu duten aulkiak aulki elektrikoaren antza dauka, elektrodo eta guzti.

Eta Terapia Elektro-Konbultsiborako lekua da, elektrodo eta guzti.

Eta poetari literatura saria emateko tronua ere bada, erramuzko koroa eta guzti.

Megafonia entzuten da tabernan, bernar, jon eta ana aulkia eta tronua prestatzen ari diren bitartean.

Koroatze eta sakrifizio-errituala.)

 

ahotsak offean: The poet laureate of the year, urteko poetarik handienari, sari nagusia eta garaikurra! Ereinotz koroa eta txalo bero bat! Koroatu dezagun herriko poetarik handiena!

 

(dama sartzen da, zurrun. Aulki edo tronuan esertzen da. Beste pertsonaiek lokarriak jartzen dizkiote eskumuturretan eta orkatiletan.)

 

ahotsak offean: The greatest artist of the year, ladies and gentlemen! Ondo irabazitako sari proportzionala, sari eredugarria! The great great artist, ladies and gentlemen! Sari prebentiboa! Eredugarria! Ondo irabazitako saria! Txalo bero bat eta garaikurra!

 

(Txaloak.

Ereinotzez eta koloretako kablez egindako koroa bat jartzen diote damari buruan. Elektrodozko koroa dotore bat da.

Isilunea.

Saridunaren diskurtsoa.)

 

dama: Jende,

        zerutik euria erortzen den bezala

        jaitsi naiz ni lurrera.

 

        Neure begi bedeinkatuek izarrak ikusi dituzte,

        neure eskuineko eskuaz tximista harrapatu nuen,

        boterea, boterea dabil nire ezpainetan.

 

        Patuak agindu zidan egunsentia begiratzeko.

        Gure inguruko zelaiek jaso dezatela agurra,

        egun berri bat ari da sortzen.

 

(Txalo zaparrada.

ana hurbildu eta hankak garbitzen dizkio.)

 

dama (anari): Eta zu nor zara? Benetan, nor?

 

ahotsak offean: Artista handia! Txaloak eta garaikurra! The poet laureate, ladies and gentlemen! Ondo irabazitako sari proportzionala eta garaikurra! Txalo bero bat eta Terapia Elektro-Konbultsiboa! Merezitako saria, sari proportzionala eta garaikurra!! Gure artista handia! Txalo bero bat, saria eta garaikurra! Sari proportzionala, eredugarria! Sari prebentiboa! Sari paliatiboa! Sari nagusia!

 

(Iluna. Isilunea.

Estroboaren argi keinukari zuria. Danbada elektrikoa.

Iluna. Isilunea. Kanpai-hotsak entzuten dira.)

 

damaren ahotsa offean:

        Entzun nola jotzen duten kanpaiek.

        Sakrifizioaren ordua da.

        Jotzen ari dira kanpaiak.

        Zer geratzen zaizu oraindik sakrifikatzeko?

        Urteak daramatzazu aldarearen gainean.

        Aldarean egotea ez da berez martirioa.

        Nor sakrifikatu behar duzu?

        Maitatzen duzu oraindik, maitatzen duzu oraindik,

        ez esan besterik.

 

(Kanpai-hotsak entzuten dira, urrun.)

 

 

12. ekintza: Esnatuz (I)

 

(Taberna ospitale psikiatriko bateko isolamendu gela bihurtu da. Bertan datza dama, ohe zuri batean, horma zurien artean, lo.

ana sartzen da, baina ez da ana, moja bat da, erizaina. Bandeja batean damarentzako gosari xumea eta medikazioa daramatza.)

 

moja: Egun on, alaba. Medikazioaren ordua da. Eta gosaria. Lehenengo dutxa, edo lehenengo gosaria, zuk aukeratu.

 

(damak begiak zabaltzen ditu. mojak apur bat konpontzen du gela, leihoren bat zabaldu, ohea edo burkoak prestatu, eta abar.)

 

moja: Lasai al zaude? Pentsamendu ilunak? Pentsamendu lizunak? Ondo egin al duzu lo? Ametsak? Ametsik egin al duzu?

 

dama: Bai, amets egin dut.

 

moja: Esan, lasai. Etxean gaude.

 

dama: Bi gau jarraian daramatzat amets egiten

        zoriontsu naizela, eta labana bat daramadala eskuan,

        labana odoleztatua,

        eta nire bihotza txoria bezain arina da.

        Ametsek ez dute ezer esan nahi, baina neure buruari galdetzen diot

        ea berriz ikusi behar dudan gauza bera.

 

moja: Ezin duzu hori amestu, ene alaba, ezin duzu hori berriro amestu. Ezin da.

 

(mojak gurutzea marrazten dio damari bekokian.

Iluna.)

 

 

13. ekintza: Esnatuz (II)

 

(Argia berriz. psikiatra 1 sartzen da jon. moja ere psikiatra bihurtzen da: luzia.)

 

psikiatra 1: Ba al dakizu non zauden?

 

luzia: Edith, entzun. Ba al dakizu nortzuk garen gu? Zer egun da gaur?

 

psikiatra 1: Zer hilabete, zer urte?

 

dama: Gatibu, gatibu. Nire kateak askatu nahi ditut.

 

psikiatra 1: Eta ba al dakizu zergatik zauden hemen?

 

dama: Bihotza errepidera bota dut, putreek bana dezatela euren artean,

        ilargi beteak emango dit beste bat.

 

psikiatra 1: Hartu al duzu gaurko medikazioa? Gogoratzen duzu zer egin zenuen?

 

dama: Ez nuen maitasuna aurkitu. Ez nuen inor ezagutu.

 

luzia: Edith, suabe. Ez dakit ulertzen dudan. Azalduko didazu argiago, mesedez?

 

dama: Nork entzuten dit oraindik lurrean?

 

psikiatra 1: Guk geuk. Gu horretarako gaude hemen. Zuri laguntzeko. Zure pentsamenduak entzuteko.

 

dama: Ahizpa bat aurkitu nuen…

        Zu al zara?...

 

luzia: Ni Luzia naiz, zure psikiatra, eta gizon hau ere medikua da, psikiatra.

 

dama: Halaxe jolasten al dute jainkoek gurekin?

 

 

14. ekintza: Esnatuz (III)

 

(Argia.

dama belauniko dago ohe ertzean. Haren aldamenean moja dago, eserita, arrosario bat eskuan.)

 

dama: Jainkoa atseden hartzeko, eta unibertsorantz luzatzeko ohe bat da…

 

moja: Ondo.

 

dama: Jainkoa burua etzateko burkoa da,

        Jainkoa oinentzako sostengua da;

 

moja: Oso ondo.

 

dama: Jainkoa indar-iturria da, eta iluntasun birjinala…

        Jainkoa eternitatearen ur geldia da;

        Jainkoa ezerezaren hazi emankorra da, eta

        kiskalitako munduen errauts eskukada;

 

moja: Ederra da hori.

 

dama: Jainkoa ezerezaren eta osotasunaren arteko kulunka hutsa da;

        Jainkoa arima aske guztientzako kartzela da;

        Jainkoa esku amorratuentzako harpa da;

        Jainkoa da desirak lurrera jaitsaraz ditzakeena!

 

(mojak gurutzearen ikurra egiten du eta badoa.

Iluna.)

 

 

15. ekintza: Esnatuz (IV)

 

(Argia.

psikiatra 1 jon eta psikiatra 2 bernar sartzen dira.

luzia ere gelan dago.)

 

psikiatra 2: Zelan zaude, artista?

 

dama: Arranoa naiz.

 

psikiatra 2: Ez al zinen ba poeta?

 

dama: Arranoa naiz.

        Aitortzen dut.

        Ez naiz poeta,

        ez naiz inoiz beste ezer izan.

        Gorroto dut beste guztia.

 

psikiatra 2: Hau berria da. Orduan ez zara poeta. Arranoa zara.

 

dama: Niretzat soilik existitzen da arranoaren hegaldiaren inguruan jira egitea.

 

luzia: Ea, Edith, suabe. Zer gertatzen da arranoaren hegaldian?

 

dama: Beti gauza bera, eternala.

        Tximista batek eztanda egiten du zeruan oldar infinitu batekin,

        eta maitasun enigmatiko batekin, mundu berri bat sortzen denean bezala.

 

psikiatra 1: Hori oso ondo dago.

 

luzia: Mundu berri bat sortzen denean bezala, hori oso polita da, Edith. Baina ba al dakizu orain eta hemen non gauden?

 

dama: Mundu berri bat sortzen denean bezala.

 

psikiatra 1: Bai, bai, mundu berri bat. Oso ondo dago, baina momentuz beste aste bat geratuko zara hemen, gurekin, mundu honetantxe. Ados?

 

luzia: Hemen etxean zaude, Edith. Bale? Suabe-suabe.

 

psikiatra 2: Arranoaren habia da hau.

 

(Badoaz hiru psikiatrak. dama eserita geratzen da.

Iluna.)

 

 

16. ekintza: Esnatuz (V)

 

(ana sartzen da. Anis botila bat dakar ezkutaturik damarentzat.)

 

dama: Ana, ahizpa neurea!

 

ana: Anisa. Txarrena pasatu da. Hartu trago bat, ez dizu kalterik egingo.

 

dama: Ahizpa eder hori, ez zaitez mendietara igo: ni engainatu ninduten,

        ez zeukaten ezer ere nire desirari emateko.

 

ana: Lasai. Atsedena behar duzu.

 

dama: Itsasoak mila jostailu apurtu, eta gero hondarrera bueltatu ditu,

        alferrik ari naiz nire edertasunari distira emango dion bitxiaren bila.

 

ana: Oso guapa zaude. Orraztea baino ez zaizu falta.

 

dama: Zatoz, eser zaitez nirekin, hitz egingo dizut nire penaz,

        sekretuak kontatuko dizkiogu elkarri.

 

ana: Laster aterako zara hemendik, eta luze egongo gara elkarrekin.

 

dama: Zuk zure edertasuna eta zure begiratzeko modua erakutsiko dizkidazu

        eta nik nire isiltasuna eta nire entzuteko ohitura eskainiko dizkizut.

 

ana: Ados. Orain atseden hartu. Egizu lo.

 

dama: Ahizpa, ahizpa…

 

(Iluna.)

 

 

17. ekintza: Esnatuz (VI)

 

(Argia.

jon eta bernar damaren aldamenean daude. Baina ez dira jon eta bernar, literatur sariko Bokala 1 eta bokala 2 baizik.)

 

dama: Orfeo naiz. Nahi dudan moduan kanta dezaket. Dena barkatzen zait.

 

bokala 1: Pathos tragiko eta sentsibilitate handiko lana da. Ez dago zalantzarik.

 

bokala 2: Ez dauka errimarik, baina tira.

 

bokala 1: Iruditeria ere aberatsa da, eta bertsokera betea.

 

bokala 2: Hurrengoan beste bueltatxo bat eman tituluari. Arrosaren aldareaen fin.

 

dama: Tigreak, panterak eta pumak nire pausoak jarraitzen dituzte

        basoan dudan harkaitzeraino…

 

bokala 1: Poesia gutxiengo batek irakurtzen du, badakizu, inportantea da, baina ez da gauza bakarra munduan, bale? Zaindu.

 

bokala 2: Eta sendatu arte badaukazu denbora errimaren gaiari buelta bat emateko. Saria, mamia, garia, hazia, eztia… Erraza da, ikusten? Maria, Luzia, tranbia… Oso erraza da, ikusiko duzu.

 

bokala 1: Ospatua izango da poeta honen jaiotza.

 

dama: Orfeo naiz. Nahi dudan moduan kanta dezaket, dena barkatzen zait…

 

bokala 2: Orain lurrera igotzea falta zaizu, Orfea. Kar, kar, txantxetan nabil.

 

bokala 1: Zaindu, Safo.

 

dama: Edith.

 

bokala 1: Horixe, Edith. Poeta handia.

 

(Iluna.)

 

 

18. ekintza: Esnatuz (eta VII)

 

(dama ohean eserita dago. ana, bernar eta jon sartzen dira ospitalera bisitan. Lore sorta bat dakar bernarrek. Eta anak bonboiak.)

 

jon: Maistra! Zer gertatu da?

 

dama: Ahizpa nirea! Egun on, mutilak. Ezer ere ez, susto txiki bat.

 

ana: Susto handia hartu dugu guk.

 

jon: Loreak ekarri dizkizu Bernarrek. E, Bernar?

 

bernar (deseroso): Kuku bat egitera etorri gara, besterik ez, berehala goaz, ez dugu molestatu nahi.

 

(Gainetik kentzen du lore-sorta, damari ematen dio.)

 

dama: Eskertzen da, Bernar. Zelan zuek?

 

jon: Betiko martxan. Lana, taberna, lo. Lana, taberna, lo. Askoz gehiago ez dugu behar. Ezta, Bernar?

 

bernar: Ez da gutxi. Lana eta atsedena, gizalegea da.

 

jon: Eta zer esan behar zenion Damari, Bernar?

 

bernar: Hurrengoa nire kontura. Guk altxatuko dugu herria zure partez.

 

jon: Oso ondo, Sisifo. Bernar ere zure falta nabaritzen hasi da. E, Bernar? Gezurra dirudi.

 

bernar: Atsedena hartzea ere ona da. Lana eta atsedena. Zuk atseden hartu behar duzu orain, ea burua sendatzen den. Guk jarraituko dugu lanean.

 

dama: Eskerrik asko, Bernar.

 

ana: Lanaz aparte egongo dira beste gauza batzuk ere. Ezta, Bernar?

 

jon: “Sisifo zoriontsu dela imajinatu behar dugu”.

 

bernar: Ez hasi zu filosofatzen, e? Justu hori da damak behar ez duena.

 

dama: Lasai, ni hobeto nago. Gatibu, baina ondo.

 

ana: Laster aterako zara.

 

jon: Zure zain egongo gara, zaindu.

 

bernar: Ohiko lekuan, betiko martxan.

 

dama: Eskerrik asko bisitagatik.

 

ana: Zaindu, Edith.

 

bernar: Eta liburu eta letra gutxiago, e, poeta? Igual Anak tabernan lanean jarriko zaitu.

 

dama: Ados.

 

ana: Lokatz apur bat bakarrik.

 

dama: Ados. Lokatza.

 

jon: Eta poesia apur batek ere ez du kalterik egingo.

 

bernar: Hori ere, apur bat bakarrik.

 

ana: Zuk orain atseden hartu, gero hasiko zara berriz. Poetak ezin du poesia besterik egin. E, maistra?

 

dama: Jainkoaren grazia besterik ez dut behar

        liluraturik noa bizitzan barrena.

 

ana: Bai, gehiegi. Orain lasai. Itxi begiak. Egizu lo apur bat.

 

(Iluna.)