GIBEL PREDIKUA
Edozein liburu, ildo literario eta proposamen estetiko testuinguru historiko batean eta espazio jakin batean sortzen da. Nobela beltza ere bai, noski. Sortu zenetik, ordea, hamarkada asko pasatu dira, testuinguru historikoa zeharo aldatzen joan da hamarkada horietan, eta hori ez ezik, geografikoki ere mundu osora, edo ia, zabaldu da, horrek esan nahi duen guztiarekin: usteak eta fedeak aldatu dira, teknologiak eta nik dakit zenbat gauza gehiagok baldintzatu dute gu guztion munduan egoteko moduak, paisaia berriak agertu dira, hizkuntza eta kultura guztietara zabaldu eta egokitu da.
Urte horietan guztietan, toki horietan guztietan, idazleak etengabe saiatu izan dira generoaren erreferente nagusiak egoera eta kultura berrietara moldatzen, produktu oso ezberdinak eta askotarikoak sortuz, baina beti ere generoaren ezaugarri nagusiak gordetzen saiatuz; edo, behintzat, generoaren elementuetatik abiatuta, beste zerbait sortzen saiatuz, generoa erabat abandonatu gabe.
Nobela beltzaren ideologia, jatorriz, nabarmen ezkerrekoa zen; alabaina, urteetan zehar izan da merkatuaren logikak gidatutako errekuperazio-saio bat. Zanpatuen hasperena, bihotzik gabeko munduaren bihotza izateko bokazioaz jaio zena bozgorailu guztietatik etengabe mintzo direnen beste enuntziazio-leku bat bihurtu da, ez gutxitan, modu zakarragoan edo sotilagoan, mezu hegemonikoak ezin baitu kolonizatu gabeko eremurik utzi. Izan ere, zer ez du kapitalismoak digeritzen? Julio Cortazarrek Managuako parkeetan bere poesiak, ipuinak eta testuak jendetza handiaren aurrean irakurtzen zituen garaiak ez izanagatik, badira jatorrizko tradizio ideologikoari ere eutsi nahi dioten idazleak, beren zailtasun eta kontraesan guztiekin.
Alegia, bizitzak, beti bezala, aurrera egiten du.
Nobela beltza idazten duten idazleek, usu, beren lanaren kalitatea errebindikatzea beharrezkoa ikusten dute. Itxura batean entretenimendua beste helbururik ez duen genero jakin, zehatz eta ezagun bati atxikitzeak dauzkan abantailak, ekonomikoak batez ere, nahi dituzte, baina goi mailako literaturaren labelari uko egin gabe.
Asmoa ulergarria da, baina aski irrigarria; nobela beltz bat goi mailako literatura izan daiteke, edo ez; generokoa izateak ez dio, literaturaren mailaren aldetik, ezer kentzen, ezta ezer gaineratzen ere.
Izzo batek, demagun, poesia probentzalaren oihartzunak txertatzen ditu generoan; Camillerik hemezortzigarren mendeko Siziliako pintura ekar lezake trama batera; Vazquez Montalbanek 70eko hamarkadako ezkerraren eztabaida historikoen gainean txiste bat egin dezake nobelaren erdian. Letra gizonak dira edo ziren, ondare literarioaren gainean operatzen dute, kontzientzia osoz, idazleak dira, genero idazleak baino lehenago, nobela beltza ez ezik poesia, saiakera, antzerkia idatzi dutenak. Aldiz, batzuen erreferentzia mundua Ikeak, Mats Wilanderrek eta gutxi gehiagok osatzen dute. Inporta du horrek? Ez eta bai. Egia da erudizio erakustaldi hutsal batek ez duela, bere horretan, testu bat goi mailako egiten. Baina kultura-ondare zabal eta ongi asimilatu batetik idazten duena idazlea da, eta ez txurro-saltzailea, genero herrikoi bat espresabide aukeratu izana gorabehera. Ez da gutxiestekoa, eta ez naiz inola ere txantxetan ari, txurro-saltzaile baten nobela onak egiteko gaitasuna, baina ongi legoke diferentzia ikusteko gauza izatea. Nobela beltza kalitatezko literatura da? Beharbada esan beharko litzateke batzuentzat nobela beltza klixe batzuen errepikapena dela, eta beste batzuentzat, esplorazio narratibo bat.
Amaitu da. Alde batera, hau liburu oso antiguoa dela iruditzen zait. Beste alde batera, ordea, etorkizunez beterik ote den susmoa daukat. Historia zirkularra da, zirkulua ixten ari gara, eta beharbada oraintxe bertan ari dira jaiotzen, jaio ez badira dagoeneko, etorkizuneko Hammettak, hau da, zanpatuen hasperena, bihotzik gabeko munduaren bihotza izatearekin amesten duten gizon eta emakumeak, nahiz eta ikusteko egon idazleak izango diren, edo beste zerbait.