Beltzaren koloreak
Beltzaren koloreak
2016, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-80-5
azala: Unai Iturriaga
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Beltzaren koloreak
2016, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-80-5
aurkibidea
 

 

Beltzetik berdera,
beltzetik beltzera

 

 

DONNA LEON

HERIOTZA LA FENICEN (1992)

 

      Poliki-poliki, generoaren mugak hain laxatu dira ze Brunetti inspektorea bezalakoak ere beltzak omen dira.

      Brunetti Veneziako Poliziako inspektorea da; aristokrata baten alabarekin dago ezkonduta, eta bi alaba ditu. Gauez, etxera itzultzen denean, afaldu eta gero, Monopolyan aritzen da emaztea eta alabekin.

 

    Brunetti eta Paola inguratu zirenean, sukaldeko mahaiaren erdian zegoen Monopolyaren taula eta Chiara zen bankaria, berak nahi zuen bezala; diru-multzo txikiak banatzen ari zen ordurako. [35]

 

      Hammettek burua altxatuko balu!

      Hala ere, Donna Leonek kritika soziala egiten du, hori bai, pasarte honetan bezala. Anbulantzia daramaten bi gizon zain daude gorpu bat antzokitik erretiratzeko:

 

    — Eraman genezake orain? —galdetu zuen, interes berezirik ageri ez zuela ahotsean.

    — Ez —esan zuen Brunettik—. Itxoin ezazue jende guztia antzokitik alde egin arte.

    Leihotik gertuena zegoen anbulantzia-laguntzailea, zigarreta kanpora botata, ohatilaren beste muturrera inguratu zen.

    — Luze joko du, ezta? —galdetu zuen, saiatu ere gabe bere haserrea ezkutatzen. Gizon mozkotea zen, eta Napoliko doinua igartzen zitzaion.

 

      Lotsagabea, erretzailea eta Napolikoa, gainera. Halakorik!

 

    — Ez dakit zenbat denbora izango den, baina zaudete hor antzokia osorik husten den arte.

    Napolitarrak, bere jaka zuriaren mahuka jasota, imintzio nabarmenak eginez begiratu zion erlojuari.

    — Gure lan-txanda gauerdian bukatzen da, eta askoz ere gehiago itxoiten baldin badugu, gauerdi pasea izango da ospitalera iristen garenerako.

    Aurreneko gizona sartu zen orduan solasaldian.

    — Gure sindikatuko arauen arabera, ez badigute hogeita lau ordu lehenago abisatu, ezin dugu lanik egin gure txanda bukatu ondoren. Ez dakit zer egin behar dugun era honetako kasu batean —zapataren puntarekin seinalatu zuen ohatila, kalean topatutako gauza balitz bezala.

 

      Hau da, kritika soziala egiten da, bai, baina kontrako norabidean gauzatzen da; lana antolatzeko ordutegi bati eta arau batzuei eutsi nahi dien sindikalista lotsagabearen aurka.

      Sindikalismo mota bat oso kritikagarria da, baina ez horregatik.

 

    Brunettik, une batez, argudioak ematen hasteko tentazioa izan zuen. Segituan pasatu zitzaion tentazioa.

    — Zuek biok hemen geratuko zarete, eta nik esan arte ez duzue gela honetako atea zabalduko —erantzunik izan ez zenez gero, galdetu zuen—: entenditu duzue? Biok?

 

      Hori, hori. Ikastea daukate. Tontotuta gaude, ala, sindikalistekin argudioak ematen hasteko?

 

 

DONNA LEON

HERIOTZA LA FENICEN - 2

 

      Brunettik goizetan egunkariak irakurtzeko ohitura dauka.

 

    L’Unitá azkenerako gorde zuen. Espero izatekoa zenez, kazetariari burura zetorkion aurreneko gauza esaten zuen: kasu honetan, mendekua eskatzen zuen, zeina, hau ere espero izatekoa zenez, justiziarekin nahastu baitzen.

 

      L’Unitá, Gramscik fundatutako ezkerreko egunkari historikoaz ari da, noski.

 

 

DONNA LEON

HERIOTZA LA FENICEN - 3

 

      Hona tren-greba bati buruzko balioespen osoa:

 

    — Tren-greba datorren astean, mozkortu eta bere trena beste baten kontra eraman zuen gidari bat kaleratu dutelako protestan. Gidari harekin lan egiten zuten gizonek hilabeteak omen zeramatzaten kexuka, baina inork ez zien kasurik egiten. Hortaz, hiru lagun hil dira. Eta orain, mehatxuka ari da gizona kaleratu dutela-eta, lehen kexatzen zen jende bera, bestea kalera bota dutelako greba egingo dutela-eta.

 

      Izan ere, Leonek ez omen du ezagutzen elkartasuna hitzaren esanahia.

 

 

DONNA LEON, IDAZLE KONPROMETITUA

 

      Donna Leon estatubatuarra da, New Jerseykoa, 1942an jaioa; baina aspaldi Venezian bizi da.

      Alabaina, bere liburuak ez dira italieraz argitaratzen. Makina bat aldiz galdetu diote kontu aski harrigarri horri buruz. Erantzuna ohi da nahiago duela anonimatoa: “Italian ikusezina naiz, ez naute ezagutzen, ez naute kalean geldiarazten. Horrela bizi nahi dut, aske”.[36] Inork ez omen daki idazlea denik ere. Alabaina, ikusi dugun bezala, bere liburuetan ez dira falta Italiari eta italiarrei egindako kritikak. Zer pentsatuko zenuke, irakurle, biziko bazina demagun, Getarian, zertan aritzen den ez dakizun auzoko ingeles bat edukiko bazenu, eta bat-batean enteratuko bazina milaka liburu saltzen dituela munduan, gaztelaniaz eta euskaraz ez ezik, gainontzeko hizkuntza guztietan, non, batez ere, Getariako jendea, ohiturak eta bizimodua kritikatzen baititu?

      Baina gero, onena da hori ez dela arazoa, gainera, Donna Leon “idazle konprometitua” dela aldarrikatzeko (ikus, esaterako, El País, 2010eko otsailaren 28koa).

      Konprometitua, ados; zerekin edo norekin, baina?

 

 

FRED VARGAS

TOKI BADAEZPADAKO BAT (2010)

 

      Danglard delako bat ari da azaltzen, Londongo Highgate hilerrian Karl Marx delako bat dagoela lurperatuta:

 

    — Karl Marx —zehaztu zuen Danglardek—. Liburu garrantzizko bat idatzi zuen. Gizarte klaseen arteko borrokari, ekonomiari eta gauza haiei buruz. Eta horren ondorioz komunismoa sortu zen.

 

      Bai horixe, ongi lurperatuta dago Karl Marx.

 

 

DOLORES REDONDO

ZAINDARI IKUSEZINA (2013)

 

      Dolores Redondoren Zaindari ikusezina 2013ko urtarrilaren 15ean argitaratu zen, gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz, aldi berean.

      Italieraz 2013ko otsailerako kalean zen, Feltrinelliren eskutik; Frantzian Editions Stock argitaletxeak argitaratu zuen 2013ko martxoan; Erresuma Batuan 2013ko apirilean kalean zen, Harper Collins argitaletxearen ekimenez. Alemanian Bastei Lübbe argitaletxea pixka bat berandutu zen, 2013ko ekainera arte ez baitzuen alemanezko edizioa prest.

      Portugalen Divina Comedia izan zen liburua kaleratu zuen argitaletxea; Herbehereetan De BezigeBij/Cargo; Brasilen, Record Editora; Norvegian, Cappelen Damm; Turkian Marti Publishing Group; Txekian Panteon; Polonian CzarbaOwca; Eslovenian Ikar...

      Esaterako, guregandik kulturalki aski urruti dagoen Turkian, 2014ko abenduan kalean zegoen liburua.

      Ahalegin editorial eta ekonomiko inportantea (itzulpenak, edizioak, negoziazioak, publizitatea...) sekula ordura arte ezer argitaratu ez zuen egile berri baten alde.

      Zer esanik ez, zinemarako eskubideak salduta zeuden liburua gaztelaniaz aurkeztu baino lehen.

      2012ko Frankfurteko Ferian itxiko zen afera inportante bat, inondik ere; inportanteenetakoa, igual.

      Irteera editorial oso potentea, alegia.

 

 

DOLORES REDONDOK

BAZTAN PROMOZIONATUKO DU FITURREN

 

      Prentsako albiste batek[37] jakinarazi digunez, Nafarroako Gobernuak argi dauka, eta Dolores Redondoren nobelen tiraina aprobetxatuko du Baztan Fiturren (Fitur: Feria Internacional de Turismo) promozionatzeko.

      Horretarako, Dolores Redondok Fiturren irekiera ekitaldiko hitzaldia emango du, eta azalduko du nola Pirinioetako paraje hau bihurtu den bere nobelen agertoki. Gainera, bideo bat estreinatuko da, zeinean Dolores Redondok erakusten baititu bere trilogian agertzen diren Baztango txokoak.

      Fiturreko irekiera ekitaldia baino sei bat egun lehenago, Dolores Redondo egon zen, Yolanda Barcinarekin batera, Foruzaingoaren komisaria berriaren irekiera ekitaldian, Elizondon.

 

 

BAZTAN, LURRALDE LITERARIOA

 

      Irteera potente horren ondorioak laster hasi ziren ikusten. Prentsako beste albiste batek[38] Baztan lurralde literario bihurtua zela gaztigatu zigun, ekainaren 1ean hasten baitzen nobelaren toki esanguratsuenen bisita-programa bat garatzen, Interneten jende askok interesa agertu baitzuen, eta horrek bi elizondoar irteera turistikoak antolatzera animatu zituelako: “liburua argitaratu eta berehala hasi zen jendea etortzen, eta toki hau edo bestea non zegoen galdetzen, Aste Santuan, batez ere”.

      Berri berberak jakinarazten du, halaber, Peter Nadermann produktorea Elizondora joatekotan dela filmaketa prestatzen hasteko.

 

 

ARGI BERDEA AROZTEGIA PROIEKTUARI

 

      Aurreko albistea agertu baino egun bi lehenago, beste batek jakinarazi zigun Nafarroako Gobernuak, hauteskundeak baino egun gutxi batzuk lehenago, onartu zuela Aroztegiako PSIS delakoa (hainbat udali eragiten dion plan sektoriala).[39]

      Proiektuak gorabeherak eduki ditu epaitegietan; hasieran epaitegiek baimena ukatu zuten, baina gero eman.

      Proiektuak 45 hektarea hartzen ditu, Lekarotz eta Elizondon, Baztanen; eta hiru arlo ditu: kirol-arloa, hotela eta egoitzak. Hau da, golf zelai bat, 135 gelako 4 izarretako hotela, spa, maila handiko jatetxe eta biltzarrak egiteko azpiegiturarekin, eta 252 etxebizitza, gehienak familia bakarrekoak edo adosatuak.

      Proiektuak 70 bat lanpostu sortuko omen ditu.

      Lekaroztar gehienek proiektuaren aurkako iritzia adierazi dute, esanez etxe horiek guztiak betez gero, Lekarotzek halako lau biztanle leukakeen herri berri bat sortuko zela.

      Hasteko, 252 bezero behar dituzte, etxeak saltzeko.

      Kasualitate harrigarri batez, Página dos Espainiako telebista programak Dolores Redondori elkarrizketa bat egin, eta non, eta Aroztegia jauregian egin zion.

      Hauxe da hau, nobela berdea.

 

 

NOBELA BERDETIK NOBELA BERDEAGORA

 

      Lorenzo Silva (Madril, 1966) idazle espainiarra da, ezagutua, batez ere, bere nobela poliziakoengatik, Bevilacqua eta Chamorro guardia zibilak protagonista dituzten nobelengatik ezagutua, batez ere.

      2012an Planeta saria irabazi zuen sail horretako 7. nobelarengatik.

      Hau ere iritsi behar zen, bistan da; guardia zibilak, ezta beste edozein indar errepresibo ere, ez ziren depuratu Franco hil eta “demokraziarako trantsizioa” gauzatu zenean; alabaina, fama txarra eduki dute duela gutxi arte.

      Badirudi nobelak, ikastetxeetarako bisitek eta erakusketek zuritu behar dutela euren irudia, depurazio demokratikorik ezean. Horrelakoa da gu ere bizi garen demokrazia.

      Zer izango da hurrengoa? Bevilacquak eta Chamorrok Mikel Zabaltzaren historia kontatzea?

 

 

JEAN-CLAUDE IZZO (1945-2000)

 

      Orain arte deskribatutakoa nobela beltzaren bilakaera ideologiko moduko bat dela iruditzen zait. Ez da pentsatu behar, baina, generoaren jatorrizko tradizio ideologikoari leial denik ez dela geratzen.

      Horietako bat Jean-Claude Izzo izan zen. Marseillakoa jaiotzez, poeta eta idazlea zen. PCFko militantea izan zen, baina partidua utzi zuen ideologia ezkertiarrari muzin egin gabe.

      Trilogia aski ezagun bat idatzi zuen, nobela beltzari dagokionez: Total Khéops (1995), Chourmo (1996) eta Solea (1998). Hiru nobelen protagonista Fabio Montale da. Total Khéops-en Polizian gehiegi sinesten ez duen polizia da Montale. Lehen emanaldi horretan bertan, liburuaren bukaeran, Polizia erakundea uzten du, koherentzia hutsez; Montale bezalako bat ezin da izan polizia-gorputz ustel eta eskuin muturrak infiltratutako bateko kide. Hortik aurrera, Montale munduaren aurkako borrokan jartzen da; hirugarren liburuaren akaberan, logikoa denez, irabazi behar duenak irabazten du: munduak, alegia. Hor finitzen da Izzoren serie beltza.

      Bereziki aipagarria iruditzen zait bigarrena, Chourmo, ez beharbada onena delako, kontu jakingarri asko daukalako baizik; alegia, Marseillako auzo baztertuetan gertatzen den fenomeno baten albistea ematen du: etorkin arabiarren seme-alabak (semeak, batez ere), islamista bihurtzen eta armatzen ari dira. Bitartean, egoera tenkatu nahi duen eskuin muturreko poliziek ezikusiarena egiten dute, eta mafiak armak saltzen dizkie. Islamistak arriskutsu bihurtzen ari dira, polizia ustelek mafiaren eskupekoak kobratzen dituzte, mafia bere adarrak Kosta Urdin osora zabaltzen ari da.

      Profetikoa izan gabe, liburuak gauza asko ulertzeko giltza ematen du; gogoratzen Charlie Hebdo? Eta Bataclan eta enparauak? Liburua 1996koa da.

 

 

CARLOTTO KASUA

 

      1976an, hemeretzi urte zituela, eta Lotta Continua taldeko militantea zela, neska ikasle gazte baten gorpu odoldua aurkitzen du Massimo Carlottok; hil arte sastakatu dute. Orduan Karabineroengana doa, lekuko izateko; baina une horretan hiltzailea izateaz akusatzen dute. Lehen prozesuan absolbitu egiten dute, frogarik ez dagoelako. Epaia errekurritu egiten da, eta orduan 18 urteko presondegi-zigorra jartzen diote. 1982an Frantziara joatea erabakitzen du, eta gero Mexikora; ordea, ihes egin eta hiru urte geroago Mexikoko Poliziak harrapatu eta Italiara estraditatzen du. 1989an kasua berraztertzen hasi ziren, eta 1991n 16 urteko zigorra ezarri zioten. Ordea, iritzi publikoak haren aldeko jarrera hartzen du, eta 1993an Oscar Luigi Scalfarok, Italiako Errepublikako presidenteak, barkatu egiten du.

                  (Wikipediatik hartua)

 

 

MASSIMO CARLOTTO IDAZLE

 

      Hamazazpi urte iraun zuen amesgaizto hau ezagutu zuen militantea, Massimo Carlotto, Paduan jaio zen, 1956an.

      Idazle bihurtu zen, nobela beltzen idazlea.

      Bere nobela beltzen protagonista Marco Buratti da, Kaimana ezizenez, tipo gomendagarria:

 

    Guztiz fidagarria eta arretatsua, edatearen bizio itsusia eduki arren. Ikerketak egiteko metodo ez oso ortodoxoak erabiltzen ditu, are ilegalak ere, baina sekula ez die horren berri ematen bezeroei. Ia beti antezedenteak dituen morroi batekin lan egiten du, Beniamino Rossinirekin, lapurra eta kontrabandista, Milango hanpa zaharreko ale nabarmena, arriskutsua eta indarkeriazalea.

 

      Horrela definitzen dute Buratti Mangiabarcheko misterioa (1997) nobelan. Carlottok ez dauka ezer euskaraz argitaratua.

      Burattik oso ongi daki zergatik kontratatzen duten, nobela berean ikusten denez:

 

    Eta zu, laurogeita hemeretziko kintako gizon ondradu hori, ikerketa hau egiteko ez zara joan carabinierien teniente jubilatu batengana, hogeita hamar urteko zerbitzu-orri bikaina duena kidegoan, ez. Niri deitu didazu: legearen bidetik ez doan ikertzaile bat... Egia deskubritzen duen ikertzaile horietakoa delako, horra zergatik. Beraz, ez ukitu potroak niri, eta serio hitz egin dezagun...

 

 

CARLOTTO

MANGIABARCHEKO MISTERIOA (1997)

 

    Egun batez soldadu amerikarren multzo bat iritsi zen, NATOko maniobra batzuk zirela-eta. Horiekin heroina iritsi zen. (...) Amerikarrek thailandiarra pasatzen zuten, ehuneko laurogeian purua.

 

      Massimo Carlotto gaztelaniaz 2006an argitaratu zuten, El misterio de Mangiabarche izenburuarekin, Barataria argitaletxearen eskutik.

 

 

CARLOTTO

MANGIABARCHEKO MISTERIOA - 2

 

    — Zer egiten du, zehatz, banda horrek? —galdetu zuen nire sozioak.

    — Jende sutsua bere tokian jarri, zirt edo zart. Zerbitzu sekretuek, eskubideak zaintzen dituen gobernuren batek esku lotuta daudenean, Avbel Ganceri deitzen diote, batzuek “koronela” esaten diotena, gradu hori zeukalako Frantziako zerbitzuetan. Kitto, konponduta. Une honetan, esaterako, saiatzen ari dira FNLCko buruzagitza desegonkortzen, Korsikan, zenbait buruzagi zirkulaziotik kanpo utziz eta, aldi berean, barne-zatiketa sustatuz, probokatzaileen bidez.

    — Eta heroina, zer dela-eta? —galdetu nuen.

    — Gancek dio gazteak politikatik aldentzeko balio duela.

 

 

CARLOTTO

AGUR MAITEA, AGUR (2001)

 

      Buratti, dena den, ez da bere pertsonaia bakarra. Agur maitea, agur (2001)[40] izenekoan, protagonista gogoangarria da, borroka armatuan ibili eta gero atzerrian ere ibili den militante ohi bat: Giorgio Pellegrini.

 

    Banekien ez nuela zertan beldurrik izan borrokalari erretiratuengatik, baina zuhurtzia sekula ez zegoen sobran. Nire pasaportea faltsua zen eta Italian kondena bat neukan. Txibatazo bat, eta La Santen giltzapetuko ninduten, euskaldunekin eta islamistekin.

 

      Pellegrinik mundua ezagutzen du; euskaldunek non amaitzen duten badaki, baita Polizia nolakoa den ere:

 

    Berriz jo ninduen ukondoaz, belarrian. Interrogatorio teknikak. Haren karrera luze eta ohoretsuan, ikasle eta ezker muturreko langile franko suntsituko zituen. Barrenak hustu behar zituela ulertu nuen, eta hobe litzatekeela isilik egotea.

 

      Iragan militantea ahaztu eta dirua egitea buruan besterik ez daukan ziniko bat da Pellegrini. Egiazko militanteen zuzentasuna bere alde erabiltzen du inolako arazorik gabe.

 

    Gero beste bide bat hartu zuen, eta klandestinitatean sartu zen. Damutu batek traizionatu zuen, ordea, baina berak ez zuen ahoa ireki; edo bai, baina bakarrik esateko, Bergamoko dialekto hutsean, bera preso politiko bat zela.

 

      Dirua egitearren eta errespetagarri bihurtzearren, hiltzeko eta kide ohiak saltzeko arazorik ez dauka, komeni bazaio:

 

    Begiratu egin nien. Ederki nekien zer pentsatzen ari ziren. Beste batzuk atera joango ziren eta kontzientziaren harrak ez zien ausiki egingo baldin eta norbaitek kartzelan amaitzen bazuen. Burkideak, ez. Koherentzia, erantzukizun zentzua eta elkartasun militantea. Konturatu nintzen asaldatuta zeudela; Gianniren aurpegian antzeko asaldua ikusi nuen Parisko zerbezategian. Onartu egingo zuten. Ezin ziren joan hilobira traizio baten lotsarekin. Neska-mutil jatorrak, zoriontsu hilko ziren.

 

      Pellegrini, a ze pajarua.

 

 

 

[35] Heriotza la Fenicen, Erein argitaletxea, Donostia, 2010, itzultzailea Koro Navarro.

[36] El País, 2006ko azaroaren 30ean.

[37] El Diario Vasco, 2014-01-19.

[38] Diario de Noticias de Navarra, 2015-05-22.

[39] Diario de Noticias de Navarra, 2015-05-20.

[40] Gaztelaniaz Hasta nunca mi amor izenburuaz argitaratua, Planeta arg., Emecé bilduma, Bartzelona, 2008. Euskarazko moldaketak nireak dira.