Polizia sozialdemokrataren aroa
CAMILLERI
URAREN FORMA
SINESGARRITASUNAREN AUZIA - 2
Sinesgarritasuna dela-eta, gatozen orain nobela beltzaren esparrura.
Har dezagun, esaterako, Andrea Camilleriren Uraren forma (Igela, 2012; baina jatorrizkoa 1994koa da). Nobela hau da Montalbano komisarioa protagonista duen sailaren lehena. Intrigaren pizgarria hauxe da: Silvio Luparello ingeniaria hilik aurkitu dute autoaren barruan, toki apartatu batean, prakak eta galtzontziloak jaitsita. Bihotzak huts egin omen dio. Luparello ez da edonor. Aitzitik, Camillerik azaltzen duenez, Luparello eraikuntzaren alorrean historikoki negozio izugarriak egindako familia baten azken gizon fuertea da, politikari demokrata-kristauak bigarren plano diskreto batetik menderatzen dituena eta bere konfiantzazko abokatuaren bidez mafiarekin harremanak dituena.
Presa dago kasua ixteko. Kasuaz arduratzen den epaileak Montalbanori deitzen dio, hau esateko:
Begira, komisario jauna, ez dut inolako arazorik aitortzeko presio handiak jaso ditugula kasua ahalik eta lasterren ixteko, bai nik, bai fiskalburuak, bai Gobernuaren ordezkariak eta bai polizia-zuzendari probintzialak.
Honaino, arazorik ez: handiki bat itsuski hil da eta kasua azalpenik eman gabe ixteko presionatzen dituzte autoritate lokalak. Konforme.
Montalbanok, aldiz, bi egun gehiago eskatu dizkio epaileari. Epaileak jakin nahi du zertarako behar dituen bi egun gehiago.
Camillerik hauxe idazten du orduan:
Ez zion kontatu bere eskariak ez zuela inolako oinarririk, edo, hobeto esateko, oinarri bakarra irudipen bat zuela —ez galdetu zergatik edo nolatan—, hain zuzen ere bera baino azkarragoko norbait zebilkiola ziria sartu nahian.
Azkenean Montalbanok aitzakia eskas bat asmatzen du, eta epaileak onartu.
Eta guk sinetsi.
Ordea, inork sinesten ahal du herrixka bateko hirugarren mailako polizia baten oinarririk eta funtsik gabeko susmoak oztopa dezakeela indar faktikoen borondatea bete dadin, bi egunez baino ez bada?
Hain aurreratua al dago demokrazia Italian? Sciasciak behintzat ez zuen uste, urte gutxi batzuk lehenago.
Alabaina, gaur egun argitaratzen diren nobela beltzen %90ek honelako hasierak eduki ohi dituzte. Esango nuke premisa ideologiko honetan oinarritzen direla: sistema ustel batean bizi gara, baina sistemaren barruan badira ustelak ez diren heroiak, kasu batzuetan egia jakitea eta justizia egitea ahalbidetzen dutenak. Alegia, polizia ona, polizia sozialdemokrataren garaian sartu gara.
Izango da sinesten duena benetan, igual. Nire kasuan, nik “sinesten” dut komeni zaidalako: bestela nobelarik gabe geratuko nintzatekeelako. Alegia, onartu egiten dut, idazleak proposatzen didan premisa (edo pakto, edo ituna), gezurra dela jakinik ere.
Onartzen diot “errealitatearen etena”, noski. Beste arrazoi batzuk ere baditut horretarako; Camilleri Siziliako idazlea ezagutzen dut, tradizio luze eta aberats baten eta eskola estilistiko anitz eta indartsu baten oinordeko —Pirandello, Di Lampedusa, Vittorini, Sciascia, Bufalino...—. Egile horiek, gutxi-asko, ezagutzen ditut, are, susmoa dut badagoela siziliar era bat literaturan; errespetu bat, beraz. Eta gainera, ongi pasatuko dudala ia segurua da.
Baina sinestetik “sinestera”, bada aldea.
Kritikari batzuek, ordea, sinesgarritasun ezaren zigorra inarrosten dute oraindik, Camilleriren Uraren forma nobelarena bezalako premisetatik urruntzen diren proposamen literarioak epaitu behar dituztenean. Euren eskema ideologikoetan sartzen ez dena sinesteko gauza ez, eta “sinesteko” gogo gutxi, nonbait. Hau da, konturatuta edo konturatu gabe, kritika ideologikoa egiten ari dira, gehienetan, sinesgarritasunaren mamua paseatzera ateratzen dutenean.
CAMILLERI ETA VAZQUEZ MONTALBAN
Camillerik eta Vazquez Montalbanek elkar ezagutu zuten 1998an edo 1999an. Vazquez Montalbanek Camilleriren Un mes con Montalbano (Emecé, 1999) gaztelaniazko edizioaren hitzaurrea idatzi zuen.
Afera Camilleri Espainiako Estatuan jaulkitzea izango zen, noski. Emecéren eskutik irten zen (Planeta taldea). Guztiarekin, merkataritza-operazioak operazio, esanguratsua da bartzelonarraren hitzaurrea.
Ez geunden publizitateak prefabrikatutako fenomeno baten aurrean; aitzitik, fenomenoak baieztatzen zuen publiko zabalak maite dezakeela artisautza-literatura, gustu literarioa moldatzen duen eragile berri bati esker: irakurleen abangoardiari esker, alegia; gaur kritikaren abangoardia baino askoz eraginkorragoa dena, hau esatea hainbat kritikori mingarria bazaio ere; eta kritiko horiek tematzen badira ere publikoa merkatuarekin identifikatzen, epaile ona ezin delako izan frogatu nahian.
Zeinak baieztatzen baitu, zeharka, publizitateak fenomenoak prefabrikatzen dituela (baina hainbeste bagenekien). Carvalhoren sortzaileak folio oso bat erabili zuen, hitzaurre hartan, Camilleriren artisau-izaera goratzeko: argitaletxe handiekin ezin lehia zitekeen Sellerio argitaletxe txikian argitaratzen zuen —lau lagunek, Sciascia tartean, 69an sortutako argitaletxea, Palermon—, liburuak ahoz ahokoari esker errepikatzen ziren bost mila aleko botaldietan saltzen zituen...
Emilio Manzano kazetariak biak, Camilleri eta Vazquez Montalban, elkartu zituen 1999ko otsailean, Vazquezen hitzaurrea zeraman Camilleriren liburuaren aurkezpena kari. Montalbanek hauxe zioen:[24]
Gure pertsonaien artean, Carvalhoren eta Montalbanoren artean, ezberdintasun asko daude, antzekotasunak ere bai. Beharbada ezberdintasunik esanguratsuena da zurea polizia publiko bat dela, Estatuaren polizia bat, eta Carvalho, aldiz, ikertzaile pribatu bat da. Hala ere, zurea polizia oso berezia da, ez dut uste egiazko polizia italiar askoren antza edukiko duenik.
Hor dago berriro ikuspuntuaren kezka. Camillerik erantzun zuen aitortuz Montalbanok ez zuela iraungo ezta hiru egun ere, Italiako Poliziarena bezalako egitura baten barruan. “Elementu arrotz bat da, literarioki polizian txertatu dudana”.
Txertaketa literario honen ideia errepikatzen da, nolabait, aipatu hitzaurrean:
Erreferentzia kultuek (Montalbanorenek) Pounden poemetan hieroglifiko egiptoarrek duten funtzio bera daukate, beste unibertso baterantz irekitako leihoak dira, sinestezinak egiazko komisario batentzat, baina sinesgarriak polizia literario batentzat, hitzez egindako sorkaria den ber. Camillerik Montalbanoren bizitza bikoitz eta kultuarekin jolas egiten du, irakurlearen konplizitatea bilatuz.
Baina irakurlearen “konplizitatea” bilatzen denean sinesgarritasuna lortzeko, seinale zerbaitek egiten duela huts. Zer? Nire ustez, ez Camillerik eta ez Vazquez Montalbanek, ez Montalbanok eta ez Carvalhok, beste gauza askoz larriago batek baizik: errealismoaren pretentsioa da huts egiten duena, nobela beltz bat klabe errealistan irakurtzen ahal delako ustea. Alegia, nobela beltza errealista izan zitekeen, eta zen 1929an, baina 1999an jada ezin da izan, artefaktu historikoa denez; eta berriz itzuliko ginateke lehen ere aipatu ditugun Manchetteren hitzetara, Borgesen Pierre Menard, autor del Quijote aipatzen dutenetara.
Irakurleen konplizitatearen bila hasita, ez da makala Vazquez Montalbanek aukeratu zuen bidea; zer eta, Kennedyren bizkartzaina eta CIAko agentea izan den detektibe katalan bat, komunista ohia gainera, bulegoa Rambletan daukana. Esango baligu bezala, tira, hau onartzen badidazue, joko-zelai hau eta arau hauek onartzen badizkidazue, hortik aurrera denari men egitea, besterik ez daukazue. Konplizitatea ez, eta erabateko entrega da eskatzen duena. Eta bere irakurleak izan garenok onartu, gorabeherak gorabehera eta okerrak oker, asko eman digulako.
Eta, lehenengo gaira itzuliz, konplizitatea eskatzen didatenean ere, ez da berdina Camillerik eskatzen didana edo Vazquez Montalbanek eskatzen didana. Ludikoagoa eta ironikoagoa da katalanak eskatzen duena, motzagoa eta politikoki zuzenagoa siziliarrak eskatzen duena.
Azken finean, Manuel Vazquez Montalbanek interes handiz eta onenak emanda —nire ustez— egin zuen hitzaurre horretan, amaieran, esaten zuen bezala:
Ipar kultural bateko irakurlea izan da, ipar geografiko batekoa bainoago, aukerak eman dituena genero poliziakoa gehiago izan ez zedin azpigeneroa eta adjektibo soila, eta ezagutza narratiboaren estrategia bilaka zedin.
Eta Camilleri ere baiezkoan dago, baina hala ere, lehen aipatu dudan bien arteko topaketa horretan, arrakasta dela eta ez dela, saltzea dela eta ez dela, hitz hauek eskapatzen zaizkio: “Batzuetan uste dut ergelentzako moda bat baino ez naizela”.
CAMILLERI
URAREN FORMA
KONTZIENTZIA TXARREKO KOMISARIOA
Montalbanoren lehena denez, garrantzizkoa da nola margotzen digun Camillerik bere komisarioa. Orain Retelibera ikusten ari da, “ezkerreko oposizioaren ahotsa”, non Nicolo Zito ari baita.
Montalbanok azkar batean telefonoa hartu, Reteliberako zenbakia markatu, eta ea Zito jartzeko moduan al zen galdetu zuen: kazetariaren eta bien artean bazen halako sinpatia bat, adiskidetasun bat kasik.[25]
Izan ere, Montalbano proletario bat da, polizia den arren. Handiki baten etxeko pinakoteka dastatzen badakiena, hala ere:
Arindua hartu zuen Montalbanok: alargunak dena baldin bazekien, ez zeukan ibili beharrik gezur bihurriak asmatzen senarraren heriotzaren alde lotsagarriak ezkutatzeko. Margolanez gozatzen jarraitu zuen. Etxean, Vigatan, marrazkiak eta grabatuak baizik ez zeuzkan, Carmassi, Attardi, Guidam Cordio eta Angelo Canevarirenak; bere soldata urritik kostata aurreztuz eskuratuak zituen, eta ezin handik gora joan. Ez zuen sekula modurik izango maila hartako koadrorik erosteko.
Irakurle ezkertiarraren begietara sinpatiko bihurtzeko ahalegin nabarmenak, beste hau bezala:
Bulegora iritsi orduko, Faziok jakinarazi zion gatz-fabrikako langileek tren-geltokia hartua zutela; denak mugikortasun-zerrendan sartuak zituzten —eufemismo errukiorra denak kalera bota zituztela esateko—. Langileen emazteak, trenbidean etzanda, trenen zirkulazioa galarazten ari ziren. Karabineroak bertan ziren. Zer egin behar zuten, beraiek ere hara joan?
— Zertarako?
— Ez dakit ba, laguntzeko.
— Zeini?
— Nola zeini, ixpetore jauna? Karabineroei, ordena-indarrei. Besterik frogatu ezean, gu ere zer gara, ba?
— Hainbeste gogo baduk baten bati laguntzeko, lagundu geltokia okupatu dutenei.
— Ixpetore jauna, beti pentsatu dut: zu komunista zara.
Komunista bat Italiako Polizian 1994an? Egia esan, ez dakit. Italiako historiari begiratuta, baliteke. Gaurko Italiako egoerari begiratuta, ordea... Baina azken finean, nork bere herriaren historiaz duen pertzepzioaren araberakoa da, beharbada. Demagun: komunista bat Ertzaintzan, Foruzaingoan, Guardia Zibilean, 1994an, Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan?
CAMILLERI
TXANGOA TINDARIRA
Polizia sozialdemokraten aro honetan, Montalbano komisarioa niri irensgarrien egiten zaidanetakoa da. Gutxienez badauka kontzientzia txar pixka bat, badaki nondik datorren eta zeri egin dion uko, eta ez du ezkutatzen.
Txangoa Tindarira izenekoan (2000an argitaratua, ez dago euskal itzulpenik, beraz hemengoak nireak dira), nobelaren hasieran Montalbanok 68ko kide ohi Carlo Militello ikusten du telebistan:
Carlo Militello, Carlo Martel ezizenez ezagutua, bai nagusi-aireak zeuzkalako, baita etsaien aurka mailukadak bezalako hitzak erabiltzen zituelako, baita mailukadak baino okerragoak ziren ostiak ere. Intrantsigenteena, zurrunena, haren aldean Ho Chi Minhek, manifestazioetan ahotan hainbestetan hartzen zutenak, sozialdemokrata erreformista txatxu bat emango zuen.
Baina jakina, behialako 68ko kide iraultzailea orain garaile bat da, Siziliako bigarren bankuko lehendakari, ez gutxiago.
Eta orain, egin eta agindu ez zituen delituengatik duela hamar urte baino gehiagotik kartzela eta epaiketak jasaten zituen baten salbuespenarekin, eta misteriotsuki erail zuten beste batenarekin, gainerako guztiak ondo bai ondo kokatuta zeuden, ezkerretik eskuinera jauzi eginez, berriro ezkerrera salto egiteko, eta berriro eskuinera, batzuek egunkariak eta telebista kateak zuzentzen zituzten, edo Estatuko arrain handiak ziren, diputatu edo senatari bihurtuta.
Egia esan denok ezagutu ditugu Camillerik salatzen dituen txaketakada horiek, eta badakigu zer mingarriak diren; zer esanik ez Martel honen kasuan, izugarria behar zuena, loa galarazteraino:
Berriro ohera joatea eta Interbancoko lehendakariari buruz pentsatzen segitzea? Artean Martel burkidea zenean hamar mila lirako billetez betetako kartera baten gainean publikoki kaka egin zuenari buruz?
Denoi mikaztu zaigu barrena, gehiago edo gutxiago, baiki; baina hortik polizia izatera... Montalbanok bere buruari:
Ez da izango zu ere hainbeste kritikatzen dituzun horiek bezain eskasa zarela? Ez zara, bada, hamazortzi urte zenituenean hain sutsu borrokatzen zenuen Estatuaren zerbitzaria? Ez da izango inbidiak tripak jaten dizkizula, zuri lau txakur txiki ordaintzen dizkizutelako, gainerakoek ehunka milioi irabazten dituzten bitartean?
CAMILLERI
GAUAREN USAINA - 1
Koadroa osatzeko, oposizioko ahotsa den Nicolo Zitoren laguna den bezala, hierarkikoki gainean daukanarekiko harremanak ez dira errazak:
A zer matraka! Montalbanoren eta Bonetti-Alderighi komisario nagusiaren arteko harremanak ezin esan zitekeen elkarrekiko estimu eta sinpatiazkoak zirenik, hain justu ere.[26]
CAMILLERI
GAUAREN USAINA - 2
Haur batek Montalbanori: “Handia egiten naizenean, polizia izan nahi dut, zu bezala”.
Baietz ba. Hemen, aspaldiko jota ironiko baten hitzak ere hala esaten zuen: “que cuando vienen del campo se meten guardiaaaaaaas”...
MANKELL
LEHOI EME ZURIA
Andrea Camilleriren Montalbanoren eskema errepikatzen da Henning Mankellen Wallanderrekin. Polizia da Wallander, baina polizia atipikoa, gauzak bere modura egitearen zale, justizia eta egiazalea, eta bere nagusiekin harreman zaila duena.
Horrela, nolabait, jatorriko detektibea versus polizia eskema berregokitzen da, polizia ona versus polizia gaiztoa transposizioa eginez.
Wallanderrek Stig Gustafson susmagarria atxilotu du Lehoi eme zuria nobelan (1993).
Hamabiak hamar gutxiagotan Wallander Stig Gustafsonen aurrean eserita zegoen Ystadeko polizia-etxeko galdeketa-aretoetako batean, Per Akeson fiskalari atxiloketaren berri eman eta gero. Hasteko, Wallanderrek galdetu zion atxilotuari ea kafe bat nahi ote zuen.[27]
Kafe bat? Garantia prozesal guztiak beteta? Sinesten dugu, Suedian, hau da, sozialdemokraziaren, demokrazia aurreratuaren eta libertateen paradisu sinestarazi digutenean gertatzen delako; sinetsiko al genuke, demagun, Intxaurrondon?
Beharbada hori baino ez dago jokoan —hori baino ez, eta hori guztia—, nork bere herrian dauden segurtasun indarrei eta haien historiari buruz zer uste duen.
MANKELL
LEHOI EME ZURIA - 2
Mankellek oso ongi zekien Europako gainerako herrialde guztietan Suediaz zer uste dugun, eta topikoarekin jokatzen du behin eta berriz. Konovalenko errusiar bat da, KGBkoa izandakoa, hiltzaile ankerra; putakume erabatekoa, egia esan. Pentsamendu hau berea da:
Beste alde batetik, Suediako Poliziak ez zion inolako konfiantzarik ematen. Konovalenkok berak uste zuen hau gertatzen zela, azken finean, Suedia bezalako gizarte ireki eta demokratikoek nazka ematen ziotelako.
Alabaina Mankellen asmoa desmitifikatzailea da bere herriko poliziari buruz:
Wallander ere, segurutik Suediako polizia gehienak bezala, ez zegoen heriotza zigorraren aurka, ez erabat.
Segurutik Konovalenko gehiago fio zatekeen Suediako Poliziaz azken hau jakin izan balu.
Eta Javier Gomez Torres? Javier Gomez Torres fio izango al da Suediako Poliziaz? Etxeko sukaldean gosaltzen ari zela, Stockholmen, dozena erdi poliziak atea ostikoka bota zuen eta etxean sartu ziren, narkotikoen bila, epailearen inolako agindurik gabe.[28] Egunkariaren arabera, Poliziak zeuzkan susmoak bi ziren: langile apala zela, bata, eta espainiarra zela, bestea. Azkenean Madrilgo kazetak balorazio hau egin zuen: praktika mafiosoak eta xenofobia gero eta handiagoak dira Suediako segurtasun indarretako gorila batzuen artean.
PETROS MARKARIS IDAZLEA
EZKERTIARRA DA?
Bai, noski. Hori dio, behintzat, El País egunkariak 2015eko otsailaren 1ean egin dion elkarrizketa kari.
Elkarrizketatu dutenean idazlea Cartagena de Indiasen dago, nobela beltzaren jaialdi batean, non, kazetariak dioenez, idazlea izar bat baita. Petros Markaris ezkertiarra omen da, ez ordea Syrizaren aldekoa. “Ez nago liluratua gobernu berriarekin, ez naiz inoiz Syrizaren aldekoa izan. Lehena, nahaspilarengatik: alderdi nahasi bat da, lider bakoitzak historia bat kontatzen dizu eta gainerako besteek esaten dutena kontraesaten du. Talde eta joera asko dago alderdiaren baitan. Bigarrena, ultraeskuindarrekin ituna egin dutelako. Ezkerrekoa bazara ezin duzu ituna egin ultraeskuinarekin. Honela, erakutsi dute haientzat lehentasuna dela troikaren aurka aritzea, horrek batzen ditu, baina Grezian dena ez da ekonomia”.
Markaris ezkerrekoa omen da, baina komisario kontserbadore bat sortu du: Jaritos. Kontserbadorea, baina “entrañablea”, kazetariak dioenez. Litekeena da idazle ezkertiar batek protagonista kontserbadore bat sortzea? Bai, noski. Ordea, Jaritosek Syrizatik ea zer espero ote duen galdetuta, erantzuna hau da: “Ezer ez. Jaritos kontserbadorea da, eta ez da sekula ezerekin pozik, beti dago kexaka guztiarekin. Gogora dezagun Albaniarekin muga egiten duen eskualde batetik datorrela, gerrak eta pobreziak gogor astindu duten eskualde batetik, eta handik ihes egiteko eduki zuen modu bakarra Polizia akademian sartzea izan zela. Baina Jaritosek kontserbadore izaten segitzen du. Bai berak, bai bere emazteak eta bai bere alabak sakrifizio asko egin dituzte bizirik irauteko. Greziar guztiek bezala. Horregatik ez dute ezer espero”.
Kuriosoa da. Markaris egiazkoa ezkertiarra da baina hark ere ez du Syrizatik ezer espero. Horrek ez du ezer frogatzen, ordea, ezkertiarra izateko modu gehiago baitago Grezian.
Gero besterik da zer egin duen Syrizak. Ni ez naiz ausartzen iritzi bat ematen. Zer pentsatuko du Jaritosek? Eta Markarisek?
JARITOS, POLIZIA MAITAGARRI HORI
Galde geniezaioke geure buruari zerk eraman duen ustez ezkertiarra den idazle bat komisario kontserbadore bat jartzera bere nobelen protagonista.
Aipatu elkarrizketa egin zuen kazetariaren arabera, Markarisek lortu du “Vazquez Montalbanen Carvalhorekin eta Camilleriren Montalbanorekin partekatzen duen magia mediterraneotarra: ikertzaile hurbil, gizatiar sortu izana, bere egunerokoan aski umore eta neurosi daukana osaba ponteko bat bezalakoa izateko, Los Angelesko beheko auzoko taberna bateko barran whiskia edan eta edan ari den morroi bakartiarengandik oso urruti”.
Egin ohi da alderaketarik Camillerik, Markarisek eta are Izzo marseillarrak sortutako pertsonaien artean, mediterraneotarrak diren aldetik. Ordea, Vazquez Montalbanek ez zuen polizia bat aukeratu; eta Jean-Claude Izzoren trilogiako Fabio Montale pertsonaia polizia da hasieran, baina trilogiaren lehen partea bukatzerako irten egiten da Poliziatik, polizia izanda justizia eta egia bilatzea ezinezkoa dela iritzita.
Alderatzen diren lau pertsonaia hauen arteko kointzidentziak geografikoak dira, eta anekdotikoak. Baina errealitatearen gaineko begirada oso ezberdinak proposatzen dituzte.
POLIZIA ALA DENTISTA
Markarisek, elkarrizketa batean[29], hauxe aitortu zuen: “denbora luzez izan nintzenez ezkerreko aktibista, ez nien batere sinpatiarik poliziei, Grezian polizia hitza faxistaren sinonimoa baitzen”.
Ez dut ideiarik ere zerk aldarazi zuen Markaris, baina elkarrizketa horretan bertan hauxe dio: “bat-batean, lehen aldiz, konturatu nintzen polizia gaixo horiek burges txikiak direla, amets berberak dituztela, euren seme-alabak mediku edo abokatu izan daitezen nahi dute”.
Lehen aipatutako El País-eko elkarrizketako kazetariak uste du Markarisek bingo egin zuela pertsonaia sortu zuenean: “Dentista edo polizia? Bi aukerak egokiak ziren bilatzen nuen protagonista setati hori izateko, baina dentistak ez zuen sinpatiarik piztuko”, omen dio Markarisek, barrezka. Buelta batzuk eman omen zizkion eta polizia aukeratu zuen. Ez polizia gogor, bakarti eta irreala; xaloa, aita familiakoa eta hurbila baizik. Eta errebeldea eta justiziazalea, eta bere gaineko hierarkikoekin gaizki moldatzen dena, nola ez:
Ezkertiarrek eta ikasleek aurpegiratu didatenak, hau da, gauza bat direla poliziak eta beste gauza bat pertsonak, badu egiatik. Uniformeak, hierarkiak, pistolak (urteetan ukitu ez dudan arren), jokamolde bat ezartzen dizute. Hala ere niri bost, ez naizelako arrain handia, ezta, Stazakos bezala, Poliziaren barruan gora egin duenetako ere.[30]
Dentista edo polizia?
Egia da dentistak atzera eginarazten duela pixka bat. Poliziak?
Diagonal aldizkariak Atenas berriro sutan[31] artikuluan Nikos Romanos gazte bati buruz hitz egiten digu. Gazte anarkista bat ei da, artikuluaren garaian behintzat kartzelan eta gose greban zegoena. Romanosen historia gogorra da. Poliziak hil zuen Grigoropoulos kidea tiroz; Romanosen besoetan hil omen zen. Romanos hainbatetan atera omen da hango prentsan, “bigarrena Poliziak argitaratu zituenean haren argazkiak Photoshopekin manipulaturik, tortura zantzuak ezkutatzeko”, Diagonalek jakinarazten digunez. Amnesty Internationalek salatu zituen torturok. Gogoratzen, esaterako, Unai Romano?
Tira, denok dakigu askoz okerragoak direla dentistak eragiten dituen torturak, ezta?
— Eta nola lortuko duzu, Stazakos? —galdetzen dio Jaritosek Stazakos poliziakideari—. Ez duzu pistarik zaharrarekin lotzeko. Nola presionatuko duzu? Torturatu egingo duzu? Metodo horiek ur joana dira. Bubulinas presondegiko azken torturatzailea geriatriko batean bizi da orain, Nikean, erizainak zirikatuz.[32]
Datu objektibo bat da, ez balorazio bat: Markaris garbitzen saiatzen da, egiten ari denaz kontziente, edo ez, Amnesty Internationalek salatzen dituen torturak.
ATENAS SUTAN
Diagonaleko artikulutik, berriro:
Borroka eguna izan zen Atenasen [2014ko abenduaz ari da], eta eguna amaitzean 220 atxilotu zeuden. Armamentu eta hiri-gerrillaren beste erakustaldi bat, bi aldeak batailarako prest daudela erakusten duena. Bitartean Greziako gobernuari, botere finantzieroaren aurrean makurturik, ez omen zaio burutik pasatu ere egiten gizarte-gastua handitzea herria normalizatzeko, eta okurritzen zaion bakarra, edo uzten dieten bakarra, granada negarrarazleen edo autobus blindatuen aurrekontua handitzea da. Batzuek egoerak Militarren Juntaren diktadurarekin dituen antzekotasunez hitz egiten dute, beste batzuek neofaxismoa aipatzen dute. Seguru-segurua dena da Greziako gobernuaren azken barrikada Polizia dela, eta prest, listo egon nahi duela, 2008ko bezalako beste matxinada bat gertatzen ote den edo.
Jaritos ez da errugabea, ez. Hobe egileak dentista bat aukeratu izan balu.
POBRE ZORIONTSUAK
Markaris ezkertiarra da? Beharbada, arazoa da jada ez dakigula oso ongi ezkertiarra hitzak zer esan nahi duen.
“Grezia, gaur, ametsik gabe esnatu da”, dio honezkero hainbestetan aipatu dugun El Paíseko elkarrizketan.
Galdera: Eta zer gertatu da?
Erantzuna: Greziarrek beti jakin dute pobre bizitzen, pobrezian bizirik irauteko kultura daukate, eta hori bukatu zen. Ez zegoen baliorik.
Galdera: Zein ziren balio horiek?
Erantzuna: Zintzoak izatea eta gutxirekin zoriontsu izatea, horixe zen. Jende arruntaren herri kantak kantatu, ouzo bat edan, eta aski zen munduko zoriontsuenak izateko. Bagenekien pobreak eta zoriontsuak izaten. Baina dena gaizki egin genuen. (...) Bigarren pisuaren ametsa iritsi zen. Denek nahi zuten bi pisudun etxea. Zorpetu ziren eta, krisia iritsi zenean, janarian eta arropan murrizketak egin behar izan ziren hipoteka ordaintzeko. Eta balioak galduta. Bost urte galdu ditugu jendea ez zegoelako prestatua.
Galdera: Eta balioak itzuli dira?
Erantzuna: Gazteak konturatu dira borrokan egin behar dela, beren aukerak asmatzen hasi dira, enpresak eratzen hasi dira, oso onak dira interneten, elkarri laguntzen diote, elkarri laguntzea da balio berria. Eta zerbait daukate komunean: ez dute politikan sinesten. Ez dute ezer entzun nahi ere politikaz.
Balioen kapapean kamuflatua, erro-errotik erreakzionarioa iruditzen zait niri diskurtso hau.
ESPAINIAKO TRANTSIZIOA ETA
GREZIAKO TRANTSIZIOA
Churchillek esaten omen zuen demokrazia baten ezaugarria zela ezen demokrazian, goizeko seietan atean jotzen dutenean, esnezalea ohi dela. Poliziak atea jotzeko lana hartuko balu bezala. Kurt Wallanderrek kafe bat eskaintzen die atxilotuei, fiskalarekikoak eta tramite prozesal guztiak bete eta gero. Esaten ari ginen sinesgarritasunaren auzia ez ote den izango nork bere Estatuko Poliziari eta haren historiari buruz daukan pertzepzioaren araberakoa.
Alegia, nik sinpatia edukitzen ahal diot Wallanderri, estatu demokratiko eta garantista bateko polizia dela sinetsita edo sinetsi nahiz; nekezago irentsiko dut Jaritos, hainbat arrazoirengatik. Horietako bat, Espainiako trantsizio eredugarriaren ipuina ez dudalako sinesten, eta badakidalako Grezia, alde horretatik, Espainia bezain eredugarria dela. Eredugarritik deus ere ez, alegia. Bi trantsizioak aztertzen zituen artikulu batean[33], Kostis Kornetisek hainbat ezaugarri komun edo antzekoak aipatzen ditu: ezkerreko partiduen aurkako diskriminazioa eta militanteen jazarpena; Poliziaren eta manifestarien arteko talka bortxazkoak, hildakoekin; gorputz errepresiboen depuraziorik eza, eta beste.[34]
PETROS MARKARIS IDAZLEA
EZKERTIARRA DA? - 2
Nik ez dakit, egia esan. Seriotan ari naiz, noski.
Oso arriskutsua iruditzen zait inor epaitzea elkarrizketa batengatik.
Hasteko, ez dut ezagutzen bere bizitza, bere biografia, saiatu naizen arren. Ezagutzen dudan apurra 2007tik edo 2008tik egin dizkioten elkarrizketetatik filtratzen dena da. Denek ez bada askok diote “ezkerreko aktibista” izan zela. Ezin jakin zer esan nahi duen horrek, zehatz, mendebaldeko ohiko medioen hizkeran. Ezker muturreko talderen bateko militantea izan zela, ausaz? Talde armaturen bateko kide izan zela? Gizarte aktibista izan zela, kausaren batekin konprometitua? Ideiarik ez. Zerbaitengatik esango dutela pentsatu nahi dut. Edonola delarik ere, 2007tik edo 2008tik, nik irakurri dizkiodan elkarrizketetan (eta dezente izan dira; baina denak ez, noski!), alderdi guztiak kritikatzen ditu. Syrizatik ez du ezer espero, ikusi dugun bezala; PASOK amaituta dagoelakoa ohikoa da bere ahoan; Alderdi Komunista, utikan; Demokrazia Berria ezin du ontzat eman, kontserbadoreak direlako; To Potami (Ibaia, itzulita), txarra eta oportunista iruditzen zaio; Egunsenti Doratuko neonaziak txerren txarrenak dira...
Alegia, elkarrizketa guztietan galdetzen diote eta berak ez du inoren alde hitz egiten, sekula ez. Denak kritikatzen ditu.
Konpromiso jakin bat edukitzea —ez partidu batekin, ezinbestean, baina bai kausa batekin bederen— ez al da ezkerrekoa izatearen edo aktibismoaren marka bereizleetako bat? Zein da Markarisena? Nik ez dakit, apaltasunez aitortuko dut.
Egia esan, gauza bakar baten alde sumatu dut, sutsu, gainera: euroaren barruan geratzearen alde eta grexit izenekoaren aurka.
Baina hau guztia, finean, Markarisen irudi publikoari dagokio. Greziako inongo alderdiko militantea ez den “ezkerreko aktibista” bada —hau da, politika, gehienez ere, modu tangentzialean bizi duena—, zentzua du kazetari guztiek hari politikaz galdetzeak, Delfosko orakuluan baleude bezala? Zergatik galdetzen diote orduan?
Komentario luze honen jatorrian dagoen elkarrizketan, kazetariak Markaris Cartagena de Indiasko festibalean dagoela kontatu digu, eta festibalean izar bat bezala hartu dutela. Hortaz, litekeena da Markaris etika pertsonal ezkertiarra daukan pertsona bat izatea, bere proiekzio publikoak hartaratua politikaren lohietan sartu behar izaten dena?
Ez dakit. Ez dakit eta hor konpon.
Aldiz, garrantzia duena da galdera horiek guztiek beste arazo bat ekartzen dutela azalera: bere liburuetan gizartea kritikatzen duen idazle hori nor den; alegia, zer tokitatik egiten dituen egiten dituen liburuak eta kritikak.
Nor da idazlea? Sistemaren aurka borrokatu, kartzela ezagutu eta pobre hil zen morroi bat, Hammett bezala? Auzokoei idazlea dela ezkutatzen dien bat, Donna Leon bezala? PSUCeko gourmet bat, Vazquez Montalban bezala? Italiako Partidu Erradikaleko diputatua izan zen bat, Sciascia bezala? Arazo estetikoek kezkatutako 68ko trosko-anarkista bat, Manchette bezala? Ergelentzako moda bihurtu ote den bere buruari galdetzen dion PCIko militante ohi bat, Camilleri bezala? Talde armatu bateko militante ohi bat, Carlotto bezala?
Kontua ez da norbera zer den, are gutxiago zer izan behar duen, irakurleak idazlea nor den jakiteko eskubidea daukala baizik.
ETA ZER ESAN PADURAZ...
...zoragarri idazten duela ez bada. Baina nola baloratu protagonista estatu sozialista bateko polizia daukan nobela? Estatu kapitalista bateko poliziari egin ohi diogun kritika eskainiko diogu hari ere? Poliziak polizia dira mundu osoan, hori ezin uka, baina, posible al da poliziarik gabeko mundu bat?
Eta, Conde gabe, haren sortzailea, Leonardo Padura bera alegia, epaituko dugu? Orduan ere, zergatik? Kuban bizi nahi duela tematu delako? Asturias Printzea saria jaso duelako? Matxista delako?
Padurak zoragarri idazten du.
[24] La Vanguardia Magazine, 1999ko apirilaren 18an.
[25] Uraren forma, Igela argitaletxea, Iruñea, 2012, itzultzailea Fernando Rey.
[26] Gauaren usaina, Erein argitaletxea, Donostia, 2011, itzultzailea Josu Zabaleta.
[27] Ez dago euskal itzulpenik; beraz, itzulpena/moldaketa nirea da.
[28] Público, 2015-01-31.
[29] Achim Engelbergi emandako elkarrizketa, Foreigners not wanted, SEER South East Europe Review for Labour and Social Affairs Nº1, 2004.
[30] Petros Markaris, El accionista mayoritario, Tusquets, 2008. Moldaketa, nirea.
[31] Pablo Miranzo, Diagonal, “Arde Atenas, otra vez”, 2014ko abenduaren 12an.
[32] Petros Markaris, El accionista mayoritario, Tusquets, 2008. Moldaketa, nirea.
[33] Las Transiciones democráticas griega y española en retrospectiva. Kostis Kornetis, in Reevaluaciones. Historias locales y miradas globales. Actas del VII Congreso de Historia Local de Aragón, 2011.
[34] Hau matizatu beharko litzateke: “Grezia da, garai hartan, diktadura pairatu duen herrialde bakarra, non kolpearen buruek bizi osorako kartzelako kondena jaso baitute (...) baina buruez aparte, bigarren mailako ofizialek eta torturatzaile sonatuenek kondena harrigarriki txikiak izan zituzten”, ibid.