Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Harkaitz Cano eta
mamuzko protobikote batzuk

 

Aipatzen ari garen idazle horietako bakoitzak ziminoari lotzeko gizakiaren era berezi bat nabaritu du: Txillardegik ziminoarekin nahastea, zimino bilakatzea; Arantxa Iturbek ziminoagandik bereiztea; Txema Garcia-Vianak ziminoa erabiltzea.

        Harkaitz Canoren Elephant Terrible ipuina ziminoarenganako amodioak mugituko du, pasioak. [96]

        King Kong-en zimino arrari egin zitzaion ezinezko emakumea maitatzea; ordainez, Canorenean ezinak giza amodioa itoko du, zirku bateko bezatzaile Linoren amodio zaila. Euskalduna bezala, ziminofiloa ere erreprimiturik baitago. Gehien sufritzen duena ziminofilo euskalduna izango da noski.

        Canoren ipuinean Gorky, zirkuko langile bat, tiroz hilik agertu da. Linoren errebolberra erabili dute. Gainera, Gorky azkenaldian Linoren emaztearekin zebilen.

        Linok aurrena aitortuko du tiroa istripuz atera zela, pistola garbitzen ari zenean; baina gero Bruno txinpantze arrari leporatuko dio hilketa. Errebolberreko hatz markek arrazoia eman diote, txinpantzearenak dira...

        Baina ez Brunorenak!

        Elsarenak baizik.

        Bere gezurren bidez, Linok Elsa babestu bide du. Linok ez baitu Bruno maite, makinaz idazten duen munduko zimino bakarra izan arren, baizik Elsa, zirkuko izarra, labana-jaurtitzaile pertxenta.

        Linori galdeketak egiten dizkion komisarioak ez du lortu Lino zigortzea, nahiz uste duen Linok Elsari errebolberra erabiltzen irakatsi eta Gorkyri tiro eginarazi ziola. Terminologia klasikoaz esateko, kontzienteak inkontzientea baliatu zuela.

        Aske utzi zutela irakurri zuen egunkari berean, komisarioak beste albiste bat ere irakurri zuen: eskizofreniko bi ezkondu dira. Bataren lagun imajinarioa Paulova dantzaria zen eta bestearena banpiro bat. Azkenik eskizoek Paulova eta banpiroa ezkonaraztea lortu zuten, eta beraiek ezkontzeko libre geratu.

        Slavoj Zizek-en ustetan, eskizofreniarik gabeko bikote hetero askoren oinarrian protomamu hau genuke: emakumeak konplikaziorik gabeko zimino ar indartsu agortezin bat du amets (Max, mon amour), ez ahul neurotiko ezindua baizik piztia potente bat (Puffen arrakasta eta Nathanen porrota emakumeekin Human nature-n); eta gizonak berriz esaneko cyborg bat, panpina perfektuki programatua, robot otzana, ez diona ezustean eta era apetatsuan errietarik egingo, Do androids dream of electric sheep? eta Blade Runner-ekoen antzekoa. [97]

        Zimino arra emakumezko androide batekin txortan: horra larrua jotzen ari den edozein bikote arrunten itzal espektral eta euskarri fantasmatikoa. Ziminoa eta cyborga: desleialtasunaren inongo beharrik ez lukeen bikote postmoderno biribila.

        Dena den, emakumeak zimino arra badu amets, eta gizonak berriz ziberremakumea, galde liteke halaber zer arraio ote duen amets ziberremakumeak, edo, Philip K. Dick-en liburu ospetsuaren izenburua errepikatzeko, Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?

        Eleberri horretan Luba Luft androide emakumezkoa ageri da. Laser tiro batez hil dezaten baino lehen museo batean dago, Edward Munchen Nerabezaroa margolanari begira. Neska bat erakusten du ohe ertzean eserita, biluzik, eskuak magalean gurutzaturik, harrituta eta izututa.

        Orduan Luba Luftek esango du humanoen baitan badela zerbait misteriotsua eta hunkigarria, horri begiratzen diola beti, humano izan nahi lukeela, gorroto dituela androideak. Emakumezko humanoen nahiak eta gogoetak imajinatzen dituela behin eta berriro, haiek imitatzeko, haiek bezalakoxea izan nahi baitu. [98]

        Cyborg eme garrantzitsu batek behintzat emakumezko humanoa du amets. Andre humanoa funtsezkoa da haren oinarri fantasmatikoan.

        Ordea, cyborg emea nekez helduko da jakitera, orrialde hauek irakurri ezean behinik behin, andre humanoa amets duela eta erakargarri zaiola, besteak beste andre humanoak bere aldetik zimino arra amets duelako, etengabeko amets honek egituratzen baitu bere nortasuna eta misteriotsu eta hunkigarri bilakatzen, Zizeken burutapenak egia badio bederen.

        Zentzu honetan, Txillardegik berriro ere asmatuko zukeen honako hau idatzi izan balu: «Gizartea zoo mota bat da. Edozein bikote pittin bat aztertu eta berehala nabarituko duzu piztia kaiolatua eta tximuaren mamua».

        Andrea, gizona, zimino arra eta androide emea genituen. Laukoteko kide guztien mamuez zerbait esatekotan, eta amaitzeko, itaun liteke ziminoak zer ote duen amets. Txillardegik hurrengo libururen baten bidez lagunduko digu beharbada galdera horren erantzuna bilatzen.

 

        [96] Neguko zirkua, Susa, Zarautz, 2005.

 

        [97] Slavoj Zizek, The Fragil Absolute, Verso, London, 2000, 65-66 orr.

 

        [98] Do androids dream of electric sheep?, Orion Books, London, 1999, 114-5 orr.