Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Gizonki, abereki

 

Montserrat Roig-ek Els catalans als camps nazis liburuan Neus Gener-en oroitzapen bat dakar. Neus Gener Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura bota zutenean Gebhardt doktorea zebilen bertan, Berlingo Unibertsitatekoa. Doktoreak emakume frantziar bati txinpantze-hazia intseminatu zion eta emakumeak bere buruaz beste egin zuen. [14]

        Roigek ere aipatzen du Erich Mühsam berlindar poeta anarkista judua, naziek Berlinen 1933an Reichstag-a erre zuten gauean atxilotu eta 1934an, Oranienburg-eko kontzentrazio esparruan, SS komando bavariar batek akabatua.

        Zorroagan Juan Aranzadik kontatzen zigun Erich Mühsam hori naziek harrapatu eta hamalau hilabetez torturatu ostean ia itsu zegoelarik, zornea eta odola zeriola belarri batetik, hainbat hatz hautsita, egun batean kartzelero naziei bururatu zitzaiela, barre apur bat egitearren, Mühsamen ziegan txinpantze bat sartzea, beste atxilotu baten etxean atzeman berria. Uste baitzuten ziminoak eraso egingo ziola poetari.

        Baina alderantziz gertatu: txinpantzea Mühsamen lepotik eskegi eta errukizko imintzio eta hots hunkigarrien artean zauriak miazkatu zizkion. [15]

 

        [14] Montserrat Roig, Les catalans dans les camps nazis, Triangle Bleu, Génériques, Paris, 2005, 188 or. (Jatorrizkoa katalanez, Els catalans als camps nazis, Bartzelona, Edicions 62, 1977.)

 

        [15] Ziminoaren enpatiaz zimino ez den oinazetuarengana, Frans de Waal, Our inner ape, Granta Books, London, 2005, 1-7 orr.