Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Ene maitea

 

Maitasunak nakar eta

maitasunak narama;

maitasunak narabila,

hura dut bizigaia.

 

Hamasei urte nitula

—maite ikasleen sasoia—

nire andregaia ezagutu

ta eman nion fedea.

 

Haren irudi goitarrak

ostu zidan begia.

Ordutik eta betiko

liluraturik nauka.

 

Hura ezagunago eta

—ha zen harritzekoa!—

neronen buru hau ere

ezautzenago nuan.

 

Mendian nuen aurkitu

baso Erregina antzera,

sagar-lorez eta huntz-hostoz

apaindua zegola.

 

Ta harentzat bila nituan

jantzi pinpirinenak,

apaingarri jorienak

ta pitxi bikainenak.

 

Ez dakit honela arituz

mugan beti jo dudan;

gizonak maiz huts egiten

hobeki beharrean.

 

Eder-zale izan naiz beti

eta eder-minak joa,

Greziko lurralde argiko

bideetan barna ohitua.

 

Ene maite nahi nuke

paregabe izatea,

baina nolanahi den ere

apaindu ala gabea.

 

Erregin pitxiz jantzia

ala oihal arrunteaz,

maitearen naiz eta

beti izango berea.

 

Oro gainean Jainkoa,

munduan eusko lurra,

ta eusko lurraren Andretzat

ene maitea, Euskera.

 

Haren irudi garbia

beti aurrean dudala,

maitasunak nakar eta

maitasunak narama.

 

        Caracas, 1965eko apirila