Lehen poesiak
Lehen poesiak
1986, poesia
328 orrialde
398-5149-6
azala: José Barceló
Gabriel Aresti
1933, Bilbo
1975, Bilbo
 
2000, poesia
2000, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, narratiba
1986, antzerkia
1986, poesia
1986, narratiba/antzerkia
1986, saiakera
1986, denetarik
 

ZUZENBIDE DEBEKATUA

1): KARTA-JOKOA

 

BATEKO URREA: Hans Fallada.

Gizonaren aurrean Faniko Fallada

Zerua laudatzeko badauka parada

Begi nabarrez egin nuen gurdikada

Eman zidan neroni gogorrik bultzada

Hau da besarkada

Bere beginada

Oso ederra da

Dirudi enada

Parean dakuskit bi gurutze gamada.

 

BIKO URREA: Pablo Neruda.

Komunisten artean don Pablo Neruda

Fortuna deseatu batera beldu da

Zer den negua eztaki eta zer den uda

Ezta zer den bakea edo zer den guda

Bertan biluztu da

Eta beztitu da

Ezliteke muda

Eztut ezein duda

Bere kantuan Txili nekez ulertu da.

 

HIRUKO URREA: Hart Crane.

Hart Cranek zubitikan botarik burua

Eztaki nun dagoen bere asturua

Bertsoen prezioa da guztiz karua

Musari pagatzeko eztago dirua

Dirudi mirua

Ijito zorua

Eta torerua

Bedlamit erua

Kulatatikan irten baitio tirua.

 

LAUKO URREA: James Joyce.

Hor dago zure Anna Bella Plurabella

Txepaduna maingua txatoa ezkela

Ausartuko naiz orain esaten bai dela

Hain itsusia da ta gainera ergela

Baitirudi bela

Amata kandela

Ez egin gau-bela

Ederra zarela

James Joycek egin zuen aintzina-gibela.

 

BOSTEKO URREA: Oscar Wilde.

Lady dotore harek abaniko motza

Wilde gertatu zitzaigun idazle zorrotza

Emakumearentzat eztago bihotza

Parisen bizirika dabila hilotza

Mutilaren hotza

Hori duk izotza

Ai ze soldadotza

Juezak diotsa:

Irlanda guztiaren zara bekorotza.

 

SEIKO URREA: Pedro Axular.

Eznenkien euskeraz eginen dut negar

Baina ikasiko nuen hizkuntza hau azkar

Liburuetatikan egin nuen zeihar

Lizardi Loramendi Lafon Bouda Tobar

Nengoela dardar

Ez espanturik han

Eta herrian sar

Jator eta zahar

Maisurik hoberena izan zen Axular.

 

ZAZPIKO URREA: Pio Baroja.

Pio Baroja jauna gizon pausosoa

Bere gogoa izan da guztiz porosoa

Kontran ibili zaio Eliza osoa

Eztakigu oraindik nor den tranposoa

Dinudi zozoa

Txori temosoa

Eta amorosoa

Kuzinan gozoa

Txillardegik eztio dela briosoa.

 

TXANGAKO URREA: Leonid Andreief

Leonidas Andreief erruso zarista

Ezin esan liteke dela komunista

Herenegun etorri zitzaigun albista

Loiolan sartu zela behin jesuista

Pasaturik lista

Barnean zimista

Hori fatalista

Ilarra dilista

Emaiozu Sargarod eztakion trista.

 

ZALDIKO URREA: T.S. Eliot.

Thomas Eliot haundia jaiota Amerikan

Etzuen inoiz ere hartu parterikan

Modu dotore batez hango politikan

Gizon honek etzuen ikusi Gernikan

Inoiz bilotzikan

Behin bakarrikan

Apaiz bat hilikan

Kanterburitikan

Zein ederki eztuen ikusi gaitzikan.

 

ERREGEKO URREA: Walt Whitman.

Walt Whitman bizarduna badoa kantari

Patri Arka berri bat dirudi ta hari

Ekarri dizkiote loreak ugari

Ohore eman dezaion udaberriari

Goiko mendiari

Eta hibaiari

Emakumeari

Eta gizonari

Bainan oroz gainetik bere buruari.

 

BATEKO KOPA: Luigi Pirandello.

Pirandellok eztaki nola den brioa

Ezta beraren obrak zer den herioa

Lore galantegia baita lirioa

San Josepek gordetzen digu usarioa

Horri darioa?

Ederra trioa!

Eta amorioa?

Ezta karioa!

Konprenitzen nauzua? Ze misterioa!

 

BIKO KOPA: Holderlin.

Ependoklesen soinak daude nekaturik

Bere gorputz guztia oso kantsaturik

Italianoaren izena harturik

Ganbara ilun batean dago zoraturik

Eztauka damurik

Urrikalmenturik

Dago bentzuturik

Eta penaturik

Holderlinek eztauka ezagumenturik.

 

HIRUKO KOPA: Tomas Meabe.

Frantzesek alemanek euskaldun arabe

Maitatu behar dute Tomas de Meabe

Izan zen zuhurtasun zoroen mirabe

Eta zorakeria zuhurraren jabe

Poliki suabe

Ezertto jan gabe

Ezeren herabe

Pobrearen habe

Esperantza gozoak direkien labe.

 

LAUKO KOPA: Tennessee Williams.

Tennessee eta Kentucky zelaia hegia

Williams baldin badator higuinkorregia

Kristalez egin dute bestia-tegia

Kateme bero bati dagoka alegia

Zabalik begia

Esanen egia

Gure jauregia

Jada ardandegia

Komediaren kosta galestiegia.

 

BOSTEKO KOPA: Paul Verlaine.

Paul Verlainek egin du erreberentzia

Hain giza-legetsua delako Frantzia

Arnoaren indarrak du pazientzia

Poetari ematen dio lizentzia

Gure esistentzia

Da penitentzia

Zure presentzia

Edo ausentzia

Izanen da arrabita bateko antsia.

 

SEIKO KOPA: Gabriel Zelaia ta Blas Otero.

Zelaia ta lagunak bertan datzazi lo

Mihin-puntan eztute hoiek ezein bilo

Baina arimako zolan biloika bazilo

Hautatu behar dute: Hori korapilo!

Zeruan lau zilo

Egin dute pilo

Txatarraz eun kilo

Hor daude erdi-lo

Negarrez entzunikan hiru krokodilo.

 

ZAZPIKO KOPA: Jose Hernandez.

Hernandez Anjentinan oso ezagutzen da

Kantatu duelako gautxoaren enda

Panpa luze zabala Hernandezen prenda

Ande mendi gorea asko maitatzen da

Guztirik lehen da

Herriko lejenda

Negarrez hasten da

Kantuz bukatzen da

Gautxoaren moduan erraz mintzatzen da.

 

ERREGEKO KOPA: Federiko Garcia Lorca

Federiko Garcia Granadan hil zuten

Eztakigu oraindik zer atera duten

Haizearen negarrik eztugu entzuten

Tiro doilor haiekin mututu ginduten

Eztut erantzuten

Zetzaz ziharduten

Parkekin iruten!

Eta katabuten

Freskura galantean ginaden etzuten.

 

ZALDIKO KOPA: Curros Enriquez.

Pelegrinos a Roma joaten dira oinez

Kristau onak badira pozik abionez

Poeta gallegoa Frantziskos Enriquez

Aita San Iñazio adoratuz auspez

Bizi da negarrez

Esperantzarik ez

Eztarabil fedez

Ta bai karitatez

Hispanian garade kondenatzen errez.

 

BATE KO EZPATA: Ramon Valle-Inclan.

Ramon Vallek bizarra kariziatzen du

Falta zaion eskuak suspiriatzen du

Bere sorterritikan laster zen aldendu

Madrileko gortean gero zen ostendu

Bere pentsamendu

Eta sentimendu

Dena egiten du

Baladatik kendu

Ihauteri horrekin zer irabazten du?

 

BIKO EZPATA: Feodor Dostoieuski.

Feodor Dostoieuski Siberian dago

Ni berriz zoritxarrez Flaudion banago

Hura baino askozaz desditxatuago

Erori nintzen hura baino beherago

Zikindu geiago

Bizi guttiago

Enbiro hordago

Lausengo balago

Hamalau arditekin hartu nuen pago.

 

HIRUKO EZPATA: Jean Mirande.

Pariseko gortean dago Jean Mirande

Goiko zeru gorenak goibeltzen dirade

Irten du sentimendu bortitzaren alde

Zer garen zer ezkaren egiten du galde

Poztutzen garade

Oro da debalde

Que hombre más grande!

tiene un afán de...

Bizkai ta Zuberoa junta balirade.

 

LAUKO EZPATA: Leon Felipe.

Leon Caminok zeukan ahoa zikina

Eta blasfematzeko haundia premina

Erlijio-kontuan teofago fina

Politika-kontuan anarkiaz grina

Egiaren mina

Bere okarina

Eta jabalina

Satanek egina!

Bertan hartuko balu petxuko anjina!

 

BOSTEKO EZPATA: G.K. Chesterton.

Etzen jenio baina bai idazlari on

Nik egiten dut burla ta zuek hor-konpon

Trapezio gainean Jilberto Chesterton

Aste batean sortzen ditu zazpi gizon

Barkatuko nion

Txikotez zer dion

Ederra da London

Ni bizi naiz Bilbon

Zoritxarrez dadukat beharra Flaudion.

 

SEIKO EZPATA: Miguel Unamuno.

Alabatuko dugu Miguel Unamuno

Mundu arlote honek hortik diraueno

Errondan hasirikan Barrenkallerano

Gizon prestuagorik eztabil oraino

Ze manetofono

Ta ze telefono

La Tía Tula no

Abel Sanchez bueno

Errez da konfunditzen hi-to eta hi-no.

 

ZAZPIKO EZPATA: Knut Hansum.

Knut Hansum haundiari eztiot barkatu

Nire fede sendoa baitzuen urkatu

Badakit erruz egin dudala bekatu

Ezer ez sinestea zaigu debekatu

Eztut nik ukatu

Ezta komekatu

Hor daude sei katu

Zerua bukatu?

Libertatearekin nintzen estekatu.

 

TXANGAKO EZPATA: Rainer Maria Rilke.

Rainer Maria Rilkek irakurten ditu

Bere bertsoak nola esanen balitu

Jainkoaren gloriak haren espiritu

Zabala ezta mundu honetan finitu

Hortik dut aurkitu

Gizon bat horditu

Dena Larraskitu

Hauzoan detritu

Batean nuen lore polit bat kausitu.

 

ZALDIKO EZPATA: Miguel Hernandez.

Hernandezek zimista dauka bihotzean

Bero haundia dauka abendu hotzean

Bere fortuna zaio botako zotzean

Gordetzen da bizia haren hilotzean

Bere gorputzean

Eta gurutzean

Manera motzean

Garbia funtsean

Haren oroitzapena dator iluntzean.

 

ERREGEKO EZPATA: Gabriela Mistral.

Erdi zen euskotarra Gabriela Mistral

Erderaz eskribitzen etzen hori makal

Gaztelani txarrari hartu dio itzal

Andre artean izan zen hura jeneral

Abogadu fiskal

Apezpiku legal

Eztu higuin ahal

Arima sendoal

Baina bularra berriz flako urri ta argal.

 

BATE KO BASTOA: William Faulkner.

William Faulknerrek dauka kondado aparta

Alabama-aldean lurralde galanta

Dominazio hartan ez ezeren falta

Interpretatzen daki negroaren kanta

Indioen planta

Blankoaren kasta

Dadin adelanta

lnfernutik salta

lrakurtzen eztaki gurasoen karta.

 

BIKO BASTOA: Pedro Salinas.

Salinasek ezautu digu bere zorra

Gure mintzoarekin dakigun izorra

Arrazoi guztietan izan da gogorra

Maitasuna beretzat izan da oporra

Pasio doilorra

Hori ze atorra!

Mailua ta porra

Itsu eta gorra

Arroda gaberikan eztabil motorra.

 

HIRUKO BASTOA: Jean-Paul Sartre.

Joane Paulo Sartre antiojoduna

Bere benturagatik ezta euskalduna

Horregatikan hura ezta fededuna

Esku zikinak ditu ta arima astuna

Hori da fortuna

Guk eztaukaguna

Gogorra beruna

Burnia biguna

Ardura haundia da ematen diguna.

 

LAUKO BASTOA: Jose Asunción Silva.

Josepe Asuntziok tiroa botarik

Beste mundu batean eztu gloriarik

Hemen etzuen euki deus galantziarik

Egia da etzuela ezein galerarik

Kanpora aterarik

Eztauka lotsarik

Eztakusa Marik

Harengan penarik

Zeruan eztelako galtzen poetarik.

 

BOSTEKO BASTOA: Franz Kafka.

Franz Kafkak gazteluan bazuen meritu

Enplego txar batean zelako metitu

Lapenako tunelak mila metro ditu

Zentimetro bederan etsai bat aurkitu

Kableak finitu?

Jaberekin kitu?

Zero tainfinitu

Eztut konprenitu

Maraiaren nikelak miloi bat ardit du.

 

SEIKO BASTOA: Giovani Papini.

Papinik oso bista laburra daduka

Argi bizien kontra egin du burruka

Satorrak ezin duke eguzkirik buka

Naiz eta litzakeen haren brintzak uka

Iluna muska

Eginen du truka

Haurrik ez eduka

Esku baleduka

Zarratuko lituzke eskolak oihuka.

 

ZAZPIKO BASTOA: Bernard Shaw.

Argizagizko gizon super-gaindikoa

Burlatzearen aita apostolikoa

Puritanotasuna akademikoa

Napoleontasunen gizon herrikoa

Hori betikoa

Ez britanikoa

Bai atlantikoa

Ken hai! Hortik hoa!

Zure begira dago gure mutikoa.

 

TXANGAKO BASTOA: Rosalia Castro.

Errosalia Castrok enamoratua

Bere buruarekin egin du tratua

Higuinduko duela eremu ingratua

Madrileko doanatik han ateratua

Padroneratua

Justizi-hartua

Ez bateratua

Ez separatua

Europatasunaren ate zarratua.

 

ZALDIKO BASTOA: Edgar Allan Poe

Inor gertatzen bada munduan poeta

Hori izanen duzu Edgardo Poe ta

Upel lodi batean sarturik kopeta

Erroi zorrotz batekin egin du hizketa

Urratu zapeta

Egin zuen eta

Moztu gañibeta

Ze marioneta!

Musekin ibiltzeko nai zuen apreta.

 

ERREGEKO BASTOA: Ugo Betti.

Hugo Bettik etxea uraren gainean

Nolako ustelkeria jauregi barnean

Bideak okertuko dirade trenean

Ahuntzak ur artean galtzen direnean

Nire izenean

Nahi duzunean!

Eguaztenean?

Neskanegunean?

Konprenituko nauzue egun azkenean!