Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
1987, antzerkia
112 orrialde
84-398-5686-5
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
2002, narrazioak
1992, ipuinak
 

 

3. EKITALDIA

 

 

I. agerraldia

 

(Ilunpean, musika serioa, hileta martxa eta antzekoetarako erabiltzen denekoa. Betiko ahotsa berriz ere, berriak emanaz).

 

OFF: Kultur ministrariaren eta kulturaren arlo desberdinetan ari diren ordezkarien arteko elkarrizketak etenda geratu ziren atzokoan. Kultur ministraritzaren prentsa bulegotik adierazi digutenez eten hau ez da behinbetirakoa, ministrariak betiko elkarrizketarako prestutasuna agertzen baitu. Beraz, eten honen erantzukizuna, beti ere kultur ministraritzaren prentsa bulegoaren arabera, kulturgizonen ikuspegi kamutsari egotzi behar zaio. Bestalde, zenbait kulturgizonekin harremanetan jarrita, adierazi digute oso jarrera hertsia aurkitu dutela ministrari berriarengan. Zenbaiten ustez, guztiz ezinezkoa da ministrari berriarengandik ezer lortzea, baina beste batzuren eritziz, zabalik dago oraindik esperantzaren leihoa, eta hurrengo batean denentzako konponbide egokiren bat bilatuko dutela espero dute. Guk gure aldetik batzuen eta besteen zabaltasunean dugu jarria gure fede eta konfidantza osoa, eta borondate ona izanik oraingo liskar hauek berehalako batetan gaindituko dituztelakoan, adore eman nahi genieke berriz ere solasta daitezen...

 

 

II. agerraldia

 

(Ahotsa apalduz, berriro musika iluna, denbora luze samarrean; argiren bat pizten da, eta zera ikusten dugu: ilunpetan, atzeko paretaren kontra zenbait itzalen soslaia marrazten da; gizakume buruak dira, elkarren ondoan jarrita, eta marmarka mintzo dira, konspirazio batetan bezala. Besteren artean, bi ahots dira nagusi).

 

A (AHOTSA): Zerbait egin behar dugu.

B (AHOTSA): Bai, zeredozer.

A (AHOTSA): Erabaki bat hartu behar dugu.

B (AHOTSA): Bai, eta drastikoa.

A (AHOTSA): Ezin dugu egoera honetan segitu.

B (AHOTSA): Ezta inondik ere.

A (AHOTSA): Nere ustez, ezer egitekotan, gaitz guzti hauen jatorrira jo behar dugu, iturburura. Guztiek dakigu ondo asko zein den gure egoera tamalgarriaren iturri.

B (AHOTSA): Bai, denok ezagutzen dugu.

A (AHOTSA): Orduan, galdetzen dizuet, zer egin?

B (AHOTSA): (ixilune baten ondoren) Uste dudanez, epelkeriak ez digu orain ezertarako balio. Zirt... edo zart egin behar dugu.

A (AHOTSA): (herabe) Zirt... edo zart?

B (AHOTSA): Zirt... edo zart! Zerorrek esan duzu gaitzaren sorburura jo behar dugula kalteak konponduko baditugu; eta horretarako erdibideak ez du ezer konpontzen.

X (AHOTSA): (emakumezkoa) Ezer ez.

B (AHOTSA): Beraz, bat al zatozte nik esandakoarekin? (ixilunea) Hortik aurrerakoa, erraxa da asmatzen.

A (AHOTSA): Baina zaila egiten.

B (AHOTSA): Halere, bide hori aukeratzep badugu, aurrera egin behar dugu... bukaeraraino.

A (AHOTSA): (ixilune baten ondoren) Bukaeraraino?

B (AHOTSA): Bai; bukaeraraino. Konforme al zaudete?

X (AHOTSA): (tinko) Bai.

A (AHOTSA): (herabeago) Bai.

 

 

III. agerraldia

 

(Musika iluna entzuten da berriz ere, eta berriro iluntzen da erabat eskenategia. Horrela egongo gara aldi batez; gero, musika isildu eta argiak piztean, MINISTRARIAren bulegoan gaude berriro; berrituta azaltzen da bulegoa baina ageri zaizkio oraindik konponketa berriaren arrastoak. MINISTRARIA ere beste itxura batez ageri da: beste betaurreko batzuk eta zenbait benda eta abar han hemenka. IDAZKARIA beti bezala).

 

IDAZKARIA: Ministrari jauna, jaun batzuk dituzu hor, zurekin hitz egiteko zai.

MINISTRARIA: (mesfidati) Nolako itxura dute?

IDAZKARIA: Trajea, korbata, kolonia usaia... ona, oso ona.

MINISTRARIA: Ile luzerik?

IDAZKARIA: Ez.

MINISTRARIA: Bizarrik?

IDAZKARIA: Ez.

MINISTRARIA: Bastoirik, edota jotzeko erabil daitekeen beste edonolako tresnarik?

IDAZKARIA: Ez jauna.

MINISTRARIA: Sartu daitezela bada.

IDAZKARIA: (telefonoan) Allo, allo! Sartu daitezke hor dauden bi jaunak.

 

(Atean kax kax jotzen dute eta IDAZKARIAk zabaldu egiten du. Bi gizon sartzen dira: A (JAUNA) eta B (JAUNA); oso dotore biak, sonbreru eta guzti; oso gizabidetsuki arituko dira biak, gehiegi aukeran. IDAZKARIA bere atetik joaten da)

 

MINISTRARIA: Egunon.

A (JAUNA): Jaungoikoak emon! (besarkada eta eskuemate estuak)

MINISTRARIA: Eseri, eseri mesedez, jaunok.

A (JAUNA): Eskerrik asko jauna.

B (JAUNA): Eta eskerrak baita ere, zure zeregin premiatsu guztien artean gu hartzeko astirik hartu duzulako.

MINISTRARIA: Ez da horrenbesterako.

A (JAUNA): Bai, badakigu guk, halako postuetan lasaialdi ttikiena ere kostata lortzen dela, eta hainbat eta hainbat elkarrizketak atsekabea baino ez dutela ekartzen...

MINISTRARIA: Ai ene, egia galanta bota duzu oraingoan (oraingoan ere burua batetik bestera erabiliko du etengabe).

B (JAUNA): Eta sarritan, jendearen ezinikusia eta ezulertua izaten da horrenbeste sakrifizioren ordaina.

MINISTRARIA: Ez segi, ez segi, negar eragingo didazue eta. (geldiunea) Bueno, zuetaz hitz egin beharko dugu, ezta?

A (JAUNA): Gu ez gara inor, egia esan, baina zurekin eztabaidatzeko proiektu bat dugu.

B (JAUNA): Kulturaren susperketarako proiektu bat.

MINISTRARIA: Eta zertan datza zuen proiektua?

A (JAUNA): Egia esan, oraindik ez da ideia multzo bat baino. Baina aurrera egin baino lehen administraritzaren eritzia ezagutu nahi genuen.

MINISTRARIA: Ondo esanda dago hori. Estimazio hori eskertzekoa da.

B (JAUNA): Zer besterik egin genezake? Herriaren borondatearen agerpena da gure gobernua, herriak aukeratu baitu. Eta nork jakin lezake zuek baino hobeki zer komeni zaion herriari edota zer den herriak benetan desio duena?

MINISTRARIA: Egia borobila da hori gero, baina jendeak normalki ulertzen ez duena.

A (JAUNA): Temoso hutsak direlako, eta egoskorrak ere bai; edo gaiztakeria franko dute bestela.

MINISTRARIA: Eta, tamalez, kulturaren munduan inon baino gutxiago ulertzen da hori.

B (JAUNA): Profetatzat dutelako askok bere burua, eta harrokeriak puztuta bizi direlako. Apaltasunez jokatu beharko lukete, eta zuengan herriaren nahiaren islada eta ispilua ikusi.

MINISTRARIA: Horiek hitz ederrak, horiek! Zuek bezalako artista gehiagorik balego! Baina, esadazue, nolako proiektua duzue?

A (JAUNA): Oraintxe azalduko dizut jauna, atsegin osoz. Gure kulturaren ikuspegiaren arabera herritar guztiengana heldu behar luke kulturak...

MINISTRARIA: Hori denek esaten dute.

B (JAUNA): Bai, baina gero ez dute betetzen, gauza zailegiak egiten dituzte, herri xeheak ulertzen ez dituenak; gure ustez ordea, herritar guztiek ordaintzen dituztenez beren zergak, denek dute kulturarako eskubide berbera.

MINISTRARIA: Horixe duzu arrazoia!

A (JAUNA): Horrek ez du esan nahi baina, populismoan erori behar dugunik. Gauza ezaguna da errazkerietan hasiz gero nolako zabarkeria eta baldarkeriak ematen zaizkion herriari.

B (JAUNA): Eta gaitz erdi horrenbeste gordinkeria eta lizunkeria azalduko ez balitz.

MINISTRARIA: Bai, bai, bai.

A (JAUNA): Guk egin nahi duguna erdibidean dago: denentzako entretenimendua, baina zikinkeriarik gabekoa. Familia osoak, haur eta zahar, ikusteko modukoa.

MINISTRARIA: Horixe da hain zuzen nik beti pentsatu izan dudana.

B (JAUNA): Horrekin lotuta dago bestalde, gure proiektuaren beste alderdietako bat, alegia, guk jendea erakarri nahi dugula.

MINISTRARIA: Horretan behintzat beste guztiek bezalaxe.

A (JAUNA): Baina guk benetan sinisten dugu jendearengan; besteek tontotzat dute jendea, eta beren emanaldietan inortxo ere agertzen ez bada jendearen inozokeriari leporatzen diote, beren buruei leporatu beharrean.

MINISTRARIA: Bai, bai..

B (JAUNA): Guk ordea, garbi dugu merkatuaren arabera funtzionatu behar dugula eta jendeari berak nahi duena eman, bere gustoko gauzak eskeini.

MINISTRARIA: Bai, bai.

A (JAUNA): Batez ere diru publikoaz aritzen bagara. Izan ere, diru publikoa publikoari interesatzen ez zaion zerbaitetan gastatzen badugu, lapurretan ari gara.

MINISTRARIA: Hau poza! nere asmoek aurkitu dute azkenik oihartzunik. Sekulan ez nuen usteko guzti hori besteren ahotik entzungo nuenik.

B (JAUNA): (bapatean zakar) Pozik egon zaitezke bai, hori izango baita gure ahotik entzungo duzun azken gauza.

A (JAUNA): Bai gure ahotik bai beste inorenetik.

MINISTRARIA: (harriturik) Nola? Zer esan nahi duzue?

B (JAUNA): (altxatuz) Amaitu dira zure jauntxokeriak.

A (JAUNA): (altxatuz) Hemendik aurrera ez duzu inoren lepotik barre egingo.

MINISTRARIA: (altxatuz) Baina, zertan ari zarete? Jaunak.J

B (JAUNA): (pistola bat ateratzen du galtzarbetik; A-k beste bat. Bestela ere, pistolen ordez labanak ere erabil daitezke) Iritsi da zure azken ordua!

A (JAUNA): Bukatu dira zuretzat gobernuko ohore gozo-mikatzak.

MINISTRARIA: (atzeraka eginez, erdi ihesi) Ez, ez, erotu egin al zarete? Baina...

B (JAUNA): (aurreraka) Non dira orain postu honetara altxatu zintuzten botuak?

A (JAUNA): (aurreraka) Non da zure merkatu bihotzekoa?

MINISTRARIA: Ez, ez, ez mesedez! (oihuka) Lagundu, lagundu!

B (JAUNA): Larrutik pagatuko duzu.

 

(MINISTRARIA oihuka eta korrika hasten da eskenategian zehar A eta B atzetik darraizkiola eta tresna eta haltzariak berriro hankaz gora utziz; zalapartak erakarrita edo, IDAZKARIA agertzen da, eta MINISTRARIAren laguntza eskariei jaramon egin beharrean zangartekoa egiten dio eta lurrera eror erazten du)

 

MINISTRARIA: (lurretik, pistola bat —edo labana— atera berri duen IDAZKARIAri begira, izua aurpegian) Zuk ere bai, ene maite? (bestela, Caesarrek esandako hitz berberak errepika ditzake, latinez)

IDAZKARIA: (gogor) Ez zenidan esan ezkonduta zeundela (tiro egiten du, baita A-k eta B-k behin baino gehiagotan ere, eta besoak altxatuta saltoka hasten dira azken biok)

A: ASKATASUNA, ASKATASUNA, MINISTRARIA HIL DA!

B: BEHERA TIRANIA, GORA KULTURA!

 

(Musika eta azkeneko
OIHALA)