AUTO ZURIKETA
Ohitura omen zen liburu berri bat ateratzean barkamena edo eskatzea, irakurle gaisoak lehendik ere nahikoa lan baduelako, edota literaturaren historiak aski osatu, mardul eta beteak direlako honez gero. Baina egilearen haundiustea, narzisismoa edo dena delakoa indartsuagoa izan ohi da eta ezin inork gibelerazi liburua inprimarazi eta kaleratzeko asmo eta gurari inozotik.
Zer esan orduan liburua egilearen gogobetezkoa ez denean? Egilea bera asetzen ez duen liburuak nolatan izan lezake besteren gogoa kilikatzeko xederik? Liburu honen egoera gutxi gora behera hori izanik, neure burua zuritu beharra sumatzen dut, eta horixe egin nahi nuke.
Esan dezadan behingoz: teatro molde hau ez da oso nere gustokoa. Nere adimenaren kamutsak eta jakituriaren kaxkarrak ezartzen dizkidaten ezinbesteko mugak alde batera utzita ere, nik nahiago nukeen beste moduko zera bat. Aurretik egin eta kaleratu nituen antzerki lanak —eta propaganda egiteko inolako asmorik ez dut—, hobexeagoak edo txarragoak izan, nik egin nahi nukeen teatroaren islada ziren. Hau ordea ez. Nolabait esatearren, atzerapausu bat izan da.
Zerk eragindakoa? Alde batetik nere buruari ezarritako diziplina zegoen: ia gidoirik gabeko obrak egin aurretik bere planteamendu, korapilo eta askatzea luketen obra klasikoak idazten ikasteko ariketa akademikoa edo. Nik ez dakit gidoi tradizional bat egiten ikasi dudan, bestek esan beharko luke, baina ez dut uste horrelako entrenamenduak aberasgarriegi suertatzen direnik. Neri ez behintzat.
Beste alde batetik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi San Fermin biharamonean Donostiako egunkari batean (zein ote?) argitara emandako elkarrizketa, Mikel Antza deritzan bati egina hain zuzen. Gertatu zirenak jazota, zenbaitek pentsa zezakeen oinordekoei lagatako testamentu kulturala zela hura, baina geroak erakutsi digu lehen kapituluaren burutze espektakularra baino ez zela izan.
Zena zela, euskal teatroaz kezkatutako edonork ezinbestekoa luke elkarrizketa haren irakurketa eta haren mamiaren hausnarketa (hausnar egiteak ez du noski men egitea esan nahi). Neurri batean han esandakoen eraginpean idatzia da honako hau: horri zor zaio besteak beste, gauzatzeko erraz suertatzen den lana izatea, eta eguneroko aktualitatearekiko atxikimendua edo. Ez dakit azken hau nabarmentzen ote den hemen: abiapuntutzat hartutako gertakariak aski itxuraldatuak izateaz gain denboraren zurrunbiloan pasatuxeak ditugu honez gero. Honetan ere huts eginaren susmoa geratzen zait beraz.
Nahi genukeen teatrora iristeko ahal dugun teatro moldetik abiatu beharra nahitaezko premisa da hodeietatik salto egindako edonorentzat. Hori egin nahi izan nuen nik ere. Ez pentsa, halere, halako aitaponteko entzutetsua hartzearekin bere bizkar utzi nahi ditudanik obra honek dituzkeen edo, hobe, dituen hutsak eta akatsak. Ezta gutxiagorik ere.
Hau irakurri duenak, seguru asko akonplejatuta edo nagoela pentsatu bide du, horrenbesteko apalkeriaren ondoren. Etzazuela halako kezkarik izan! Lotsa piska bat besterik ez da, ez biktima sentimendurik. Eta azken batean, ni baino biktimago zarete zuek, liburua erosi eta irakurri ere irakurriko duzuenok.
Hala eta guztiz ere, ezer baliagarririk aurkituko diozuelakoan, on egin!
X.M.E.
Lan honek iparraldeko EATBk antolatutako 1985eko «Telesforo de Monzon» antzerki saria irabazi zuen, Pantxoa Etxegoin eta Daniel Landartek idatzitako Gazteluko mutxurdinak obrarekin ex aequo.