Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
1987, antzerkia
112 orrialde
84-398-5686-5
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
2002, narrazioak
1992, ipuinak
 

 

3. EKITALDIA

 

 

I. agerraldia

 

(Walinbaniako gazteluan, trasteria guztiarekin iritsi berriak TXARLOT, MERLINUS, TXORDON eta ANDRE KATTALIN; azken bi hauek eskutik helduz, xeraka eta zirrika arituko dira etengabe).

 

MERLINUS: Heldu gara beraz!

TXARLOT: Bai, halaxe da.

TXORDON: Begira, Kattalin, hauxe da gure gaztelua.

ANDRE KATTALIN: Oh, zein polita!

 

(Pardel eta abarrak lurrean uzten dituzte).

 

TXARLOT: Etxean egotea bezalakorik ez dago. Beno, zuek ezin dezakezue horrelakorik esan orain, baina etxean bezain ongi egon zaitezten ahaleginduko gara.

ANDRE KATTALIN: Ni etxean baino, zeruan nagoelakoan nago.

TXORDON: Oh, Kattalin!

MERLINUS: (TXARLOTi, maltzurki) Eta... non dira.. neskak?

TXARLOT: Lasai egon zaitez. Ez izan horrenbesteko presarik, dena iritsiko baita.

 

 

II. agerraldia

 

(TXERRAN sartzen da, oso ironiatsu arituko da).

 

MERLINUS: (TXARLOTi) Hau al da neskak ekarriko dizkidana?

TXERRAN: Arratsaldeon, jaun andreok!

TXARLOT: Baita zuri ere, Txerran. Hauxe duzu Merlinus, Ingalaterrako mago handia.

TXERRAN: Ongi etorria Walinbaniara. (elkarri agurrezko keinua egiten diote)

TXORDON: Eta hau Andre Kattalin duzu.

TXERRAN: (burua makurtuz eta ANDRE KATTALINek gona muturrak helduz, elkarri agur egiten diote) Madame, atsegin handia dut zu agurtzean. Gure herria gustokoa izango duzuela espero dut.

ANDRE KATTALIN: Eskerrik asko; oh zein gazte sotila!

TXERRAN: Ongi egin al duzue bidaia? Bat ere prolemarik?

MERLINUS: Ez, ez, primeran dena.

TXERRAN: Pozten naiz. Eta, zer dela eta dauzkagu bixitari ohoragarriok gure artean? Turismoa egiten beharbada?

TXARLOT: Txerran, gogoratuko duzu, Txordon eta biok bidaian abiatu baino lehen, Errege Jaun Agurgarriarekin dragoiek sortzen zituzten arazoei buruz mintzatu ginela, eta neronen proposamenaz gai honetan aditu eta jakitun zen norbaiten zerbitzuak kontratatzea erabaki zuela Errege Jaunak, ondoren eta beronen aginduz aditu eta jakitun horren bila abiatu ginelarik, lehen esan dizudan bezala. Eta hemen dakargu Merlinus, maixuetan maixu, gure herri honi dion amodioak eta estimuak bultzaturik, dragoien izurritea gure buru eta bizkarren gainetik kentzera datorrena.

TXERRAN: (orain zakar eta garratzago) A bai? Nik uste nuen herriaren diruak sakelean hartuta munduan zehar ibili eta parranda batzu egitea zela zuen asmoa, baina itxura denez hori ez zaizue nahikoa izan eta tximu pare bat ekarri diguzue, herriaren solasgai edo herriarekin jolastera datozenak.

TXORDON: Txerran! Arrotzek gure herrian beti izan duten abegi eta begirunea...

TXERRAN: Arrotz hauek ez bide dute txartzat hartuko nik esana, ez baitute hemen egotea beste zeregin hoberik. Esadazu Merlinus jauna, zuen herri horretan ez duzue bat ere prolemarik, dena ongi doakizue?

MERLINUS: Tira, bada zeredozer, baina nahiko ongi orohar.

TXERRAN: Eta gaisorik, ez al da bat ere gaisorik?

MERLINUS: Bai jauna, mundu osoan bezala, han ere badira gaisotasunak. Ezin izan gu salbuespena; baina zergatik galdetzen didazu hori?

TXERRAN: Zera: zure ospeko belargile batek bere herria uzten badu, bertan gaisorik ez dela geratzen pentsa liteke, edo bestela kontu horretatik bizi den petrikilo eta berritsu ugari dagoela.

 

(MERLINUS sutan jartzen da)

 

TXARLOT: Txerran, Erregeren gonbidatu batekin behar den gizalegea...

TXERRAN: Gizalege handia duzue zuek, eta lotsa gutxi, zuk batez ere. Zertarako ekarri dizkiguzue ezertarako behar ez ditugun mago berriketazale eta atso ipurtandi hori? jakin ezazue, argi eta garbi esaten dizuet, nik ez dudala ezer jakin nahi zuek asmatu eta muntatu duzuen komeria farregarri honekin. Farregari baino, negargarria esan behar, burukomin franko ez ezik bere txanponak ere kostatuko zaizkiolako herri xeheari zuen inbetu petral honek. Adio jaunak, eta berriro ikusten ez bazaituztet hobe denontzat.

 

(Buelta eman eta badoa; momentu horretan MERLINUSek majia keinu bat egiten du eta sapaitik zintzilik zegoen tramankulu bat erortzen da, baina ez du TXERRAN azpian harrapatzen).

 

 

III. agerraldia

 

MERLINUS: (sutan, eskuak dardarka eta bizarretatik tiraka) Baina... baina... nola liteke? umemoko... sasikume halakoa...

TXARLOT: Lasai zaitez, arren. Hori da hain zuzen, aipatu nizun dragoizalea. Arriskutsu eta sutsua da baina bakarrik dago Gortean, ez du eraginik. Ez haintzat hartu horren esanak.

ANDRE KATTALIN: (aharrantzaka hasiz) Aaaaah! Atso ipurtandia deitu dit eta zuk ez nauzu defendatu, aaaah!

TXORDON: Kattalin, Kattalin, ez haserretu arren, ez negarrik egin. Kakaume horri ez zaio kasurik egin behar. Ipurterre hutsa besterik ez da baina lasai egon, nik erakutsiko diot eta harroputz horri dama bati bestelako errespetua zor zaiola.

MERLINUS: Hau ez da behintzat bere horretan geratuko. Halajainkoa!

TXARLOT: Ez da geratuko ez, baina hemen agintzen duen bakarra Gure Errege guztiz Ahaltsua dugu, eta hori gure alde, zuen alde dago. Beraz Txordon eta biok joango gara lehendabizi harengana bidaiaren berri ematera, eta ondoren zuek aurkeztuko zarete haren aurrean lehenbailehen, zuen buruak nahi duenerako eskeintzera.

MERLINUS: Konforme, (ahapeka) baina ez ahaztu neskena. Gu bitartean prestatu eta jantzi egingo gara, itxurosoago agertzearren.

TXARLOT: Gero arte beraz.

TXORDON: Gero arte kuttuna.

ANDRE KATTALIN: Laister arte (musuak bidaliz aidean elkarri).

 

(TXORDON eta TXARLOT ateratzen dira; MERLINUS eta ANDRE KATTALIN geratuko dira, bazterrean, berauek argitzen dituen foko bakarraren pean).

 

 

IV. agerraldia

 

MERLINUS: Susmo txarra dinat nik gaxte txatxu horrekin.

ANDRE KATTALIN: Delako Txerran edo txerri txar alaena! Jainkoak itsu dezala bere ikusmena eta pozoindu haren mihi gaiztoa!

MERLINUS: Ez gaitun haatik esku hutsik aterako hemendik. Halafede!

ANDRE KATTALIN: Ez horratio! Eta gazte txilibitu zapo zital horri nere eskuez aterako dizkiot begiak deskuidatuz gero.

MERLINUS: Bai, baina gero ere izango dugu horretarako astia. Orain Errege buruhandi horren aurrera joan beharko dugu eta atsegin agertzen saiatu. Ahal den probetxu gehiena atera behar baitugu alde egin aurretik.

ANDRE KATTALIN: Bai, bai, batzutan pentsatzen ere badakizu agure kilker horrek!

MERLINUS: Nik egin ezean nork egingo luke bada, atso narrats, arkakuso zakua!

 

(Badoaz farrezka; argi hori itzaltzen da eta gela osoa argitzen duena pizten. ERREGE dago bere tronu handian, ezkutariez inguraturik; TXORDON eta TXARLOT heldu berriak; TXERRAN lehendik eserita).

 

 

V. agerraldia

 

ERREGE: (beti bezala tulipana eskuan) Ongi etorriak, Txordon eta Txarlot; zer berri dugu?

TXORDON: Oh Errege guztiz maite eta estimatua! Berorren presentzia gabe horrenbeste egun egon eta gero ezin erranezko plazerra ematen dit berorren aurrean berriro egoteak eta berorren maiestate hori berriro zerbitzatu ahal izateak.

ERREGE: Bai, bai ene kontseilari kuttuna, baina gainerantzean?

TXARLOT: Nik ere ene lagun Txordonen sentimendu berberak ditudala bihotzean adierazi nahi nuke lehendabizi. Eta dagokigun gaira pasatuz, gure eginbeharra bete dugula esan behar. Mila sufrimendu eta ezbehar ekarri zigun zoritxarreko bidaiaren ondoren iritsi ginen azkenik Merlinus jaunaren etxera, non beharrezko atsedena hartu baikenuen, eta mago jaun horrekin zenbait eztabaida eta gorabehera izan ondoren erdietsi genuen azkenik bai harentzat eta bai guretzat komenigarri, onargarri eta onuragarri zen akordio bat.

ERREGE: Bai? Hori zoriona! Segi, segi

TXARLOT: Bai Jauna, baina aurretik galdetu nahi nuke ea zer moduz konpondu zareten faltatu izan garen hilabeteotan dragoien afera zahar eta aspergarri honekin.

ERREGE: Oh, oh, oh! Hori atsekabea! Malkoak datozkit begietara gogaratze hutsarekin. Areagotu egin dira dragoi madarikatu horien erasoak, gero eta gehiagotan jeisten dira haranetara eta hondatzen dituzte baratze, soro eta zelaiak baina batez ere eta amorru bereziz ene lorategiak. Laister eta martxa honetan segitzen badugu gaztelu ondoko baratze koskorra besterik ez zait geratuko. Hau bihotzaren pena! Baina etorri da Merlinus delako hori ezta? Eskerrak, ea behingoz konpontzen duen bidegabekeria hau.

TXERRAN: Barka nazala Maiestate horrek, baina Txarlot eta Txordon kontseilari jaunek puntutxo bat argitzea nahi nuke, ahal izango balitz. Esan duzunez Txarlot, zenbait eztabaidaren ostean iritsi zineten antza, denoi komeni zitzaigun edo zeuoi behinipehin komeni zitzaizuen akordio batera. Horrek dirua esan nahi duela antzemateko ez da argiegia izan behar. Esan al zenezake mesedez eta faborez, zenbat kostatuko zaion Walinbaniako herriari, zuen bidaiaren gastuak alde batera utzita, agure txoro hori hona ekartzeak; edo bestela esanda, zenbat diru lapurtuko digun petrikilo bizarzuri horrek?

TXARLOT: Beno, hasiera batean hamar mila urrezko dukat eskatu zizkigun.

TXERRAN: Hamar mila...

ERREGE: Urrezko...

TXERRAN: Dukat?

TXARLOT: Bai, baina guk ezetz esan genuen, eta berak tema horri eusten bazion ere guk geureari ere bai, eta ez genuen amore eman. Dirutan egin beharrean beste ordainketa mota batzu eskeini genizkion.

TXORDON: Hala nola artisau lanetan ordaintzea, arto, garagar eta babarrunetan egitea, edota behi eta arditan; eta gureak inon diren onenetakoak izanik ere, harrigarria den arren, ez zuen nahi izan, uko egin zion.

TXERRAN: Eta zer egin zenuten orduan? Ze asmakizun miragarri egin zuten jaunok?

TXARLOT: Ezer miragarririk ez. Gizakiaren natura eta izaera ezagutu besterik ez, egia esan. Nik antzeman nion jaun honi, berak bere lanaren sari eta ordaina txanponetan eskuratu nahi zuela, hori delako beste zenbait... (irriņo maltzurra) gauza lortzeko bidea.

ERREGE: Beste zenbait... (irriņo maltzurra) gauza?

TXARLOT: Bai Jauna. Badakit ez dela oso... gizalegezkoa gure artean halako... gauzei buruz hitz egitea, baina halaxe suertatu zen.

ERREGE: Eta zer, zer agindu zenion zuk?

TXARLOT: Agindu egia esan, hiru mila eta bostehun dukatez gain ezertxo ere ez, baina nolaerebait eman nion aditzera Gorte honetan eskuzabalak izango ginela, edo besterik ez bada ere begimotelak, berak izan zitzakeen abentura eta menturetan ez ikusiarena egiteko.

TXERRAN: (sutan) Falta zitzaiguna! Walinbaniaren diruak xahutzea ez zaizue aski izan, herritar guztiak iraintzea ez zaizue nahikoa izan, orain gure andre, ama, arreba eta alabak oro puta bihurtu dituzue! Agure likits, zerri eta nazkagarri horrentzako putak!

TXORDON: Ez da hola, zuk...

TXERRAN: Zer ez dela hola? Nola da bada? Zuei, mutilzahar zaretenoi ez zaizue bat ere axola nonbait baina aurrerantzean aita bat, senar bat ezin izango da lasai egon, ezin loak hartu, lerdea darion aitona arlote zikin hori Walinbanian dagoen artean. Errege jaun horri eskatu behar diot bidal dezala onez edo indarrez baina lehenbailehen delako Merlinus hori Erresumatik kanpora.

ERREGE: Eta zer gertatuko duk orduan dragoiekin? Berekasa eta nahi duten guztia txikitzen segitu behar al dute?

TXERRAN: Gure arteko konponbideren bat bilatuko dugu, azken batean denok baikara walinbaniar. Baina lehentasunak bereizi behar ditugu eta hemen arazo lehena eta nagusia Erresuma osoa arriskupean jartzen duen mago edo berritsu higuingarri hori...

ERREGE: Herorrek esan duk, lehentasunak bereizi behar dizkiagu. Horixe ari nauk egiten. Hemen arazo larri eta premiazko bakarra dragoiek sortutakoa duk. Nora zihoak Walinbania hori konpondu ezean? Hondamendira! Eta nere tulipanak pikutara (haizea hartzen du). Eta oraingoz gure prolema hori konpon dezakeela dirudien bakarra delako Merlinus hori duk. Beraz, ez diat bidaliko; ezta hurrik eman ere! Prolematxoren bat sortzen baldin bada neskatxaren batekin edo besterekin, to! konponduko diagu nola edo hala. Hori azken batean eguneroko ogia diagu. Ardura daitezela etxean eta ikas dezatela neskek txintxo ibiltzen!

TXERRAN: Jauna, hau gehiegikeria da. Agintariak satiro horren konplize! Ezin liteke halakorik onar.

ERREGE: Ze konplize eta ze konplize ondoko! Hemen onartzen den ala ez erabakitzen duen bakarra nerau nauk, horretarako bainaiz errege, eta gehiegikeria iruditzen bazaik badakik non duan atea. Baina, zertan ari gara denbora galtzen? Ekar dezatela Merlinus hori ene aurrera, ea behingoz ezagutzen dudan; etor eraz ezazue!

TXARLOT: Bai Jauna, berehalaxe izango du Jaun Subirano horrek bere aurrean. (ezkutari bati belarrira zerbait esaten dio, hau ateratzen da eta MERLINUS eta ANDRE KATTALINekin agertzen. Hauek, dotore nahian, arlote eta bitxi dabiltza jantzita).

 

 

VI. agerraldia

 

ERREGE: Sartu, sartu beldurrik gabe, utzi erreberentzia horiek eta jar zaitezte ene ondoan, arren! Zu zaitut beraz Merlinus mago handi eta ospetsua? Asko eta ongi hitz egin didate Txarlot eta Txordonek zuri buruz. Bidaia ona izan duzue? Harrera ona egin dizue orain artean gure herriak?

MERLINUS: Esker mila Errege jaun horri egiten digun ohore handiagatik. Ni ere asko entzuna nintzen Walinbaniako herriaren eta batez ere bere Erregeren eskuzabaltasunari buruz, eta ikusten ari naiz egia zela guzti hura. Bidaiaren ezinbesteko deserosotasunak aise jasan ditugu ezelentzia hori zerbitzatzera gentozela jakinik, eta orain arteko harrera abegikorra eta atsegina izan da oso, berorren menpeko izatea ere merezi ez duen basapiztiren batena izan ezik. (TXERRANi gorrotoz begiratuz, honek begirada eusten diolarik)

ERREGE: Nor izan da ba ene gonbidatuak modu txar horretan hartu dituen doilorra? Esadazu, berehala zigor dezadan.

MERLINUS: (oraindik begiratuz) Mila esker berriz ere berorren arduragatik baina halako gizatxarrek ahaztuak izatea besterik ez dute merezi ene uste apalez. Dena dela, haren izena ere ez dut ezagutzen. Zilegi bekit bidebatez Jauna, ene zerbitzari eta aspaldi honetan bideko lagun dudan Andre Kattalin aurkeztea. Beronek, berorren grazia eta mesedeak nolabait eskertzearren, dama baten manerak dituen arren gazteluko sukaldeetan lan egiteko baimena eskatu nahi dio Jaun horri; era horretan, ahal duen neurrian laguntzen duelarik, berak ere gustoko zereginetan ihardutea badauka.

 

(ANDRE KATTALINek ereberentzia egiten du, eta TXORDONi agurrezko keinua)

 

ERREGE: Bere jentiltasuna ikusirik egokiago egongo litzateke Gorteko damen artean, baina bere nahia gazteluko sukaldeetan aritzea baldin bada egin dezala gogoko duena, ziur bainaiz jentila ez ezik sukaldari ona ere badela.

ANDRE KATTALIN: Eskerrik asko, Errege jauna. Saiatuko naiz Ingalaterrako jaki goxo eta plater finenak berorri ezagutu eta dastarazten.

ERREGE: Hala bedi, andrea. Eta, esadazu Merlinus estimatua: nola burutu behar duzu dragoien aurkako burruka? Zer behar duzu horretarako? Zuk eskatu eta ene eskuan dagoena berehala izango duzu.

MERLINUS: (oso harro, misterio kutsuaz) Konplikatu samarra da bapatean esplikatzea. Horretarako dragoi horien espezie zehatza ezagutu beharra dago, baita subespeziea eta are familia ere. Ondoren, haien mugimenduak, beren arteko harremanak eta ohizkoa duten habitat delakoa aztertu behar dira. Guzti horiek ezagutzeko ikerketa sakona egin behar, lurraldea metroz metro ezagutu eta abar. Ondoren datorrena ezin dut zehatz mehatz eta hitzez hitz argitu, zientzia zahar eta sekretu baten jakintzaren altxorra baita. Gutxi gora behera esan diezazueket zenbait ukendu, sendabelar eta pozoin nahastuz, behar den tresneria kualifikatuarekin eta laguntzeko psalmodi eta konxuro majiko batzuez, hil ala biziko burruka datorrela, eta dragoiak edo ni geratuko gara bizirik.

DENAK: Ooooh!

ERREGE: Benetan harrigarria baina esan: oraingoz ez al duzu ezeren beharrik?

MERLINUS: Horren interes eta jakinmin handiaz galdegiten didanez Maiestate horrek, mesedetxo bat eskatuko nioke, gehiegi eskatzea ez bada.

ERREGE: Esan, esan!

MERLINUS: Herritarrak hobeki ezagutzeko, hauekin harremanetan sartzea beharrezkoa dudanez, komenigarria litzateke festatxo bat egitea, ez nere etorrera ospatzeko, inondik ere, baizik eta halako sentsibilizazio kanpaina bati ekiteko, guztiok elkar hartuta dragoien kontrako burrukan abia gaitezen, denon ardura eta erantzukizuna dela ohar eta konbentzi daitezen. Musika pittin bat eta jan edan apurtxoa besterik ez genuke behar horretarako.

ERREGE: Horixe baietz! Bai ideia ona eduki duzula! Presta ditzatela jaiak. Ekar ditzatela musikariak! Mahai eta aulkiak denontzat. Ekarri ardoa!

 

(Argiak pixkanaka itzalduz doaz eta jai giroko musika gero eta ozenago; ilunpean musika alaia, farreak, irrintziak, jendearen garraisi eta kantuak, topa egiten duten kopak eta festetakoen antzeko soinuak entzungo dira aldi luze samar batez. Gero ixilduz doaz soinuok eta argia emeki itzuliz: tronuaren gelan gaude berriro; dena dago sakabanatuta, zoruan zakar, hondar eta zikinkeria franko; ERREGE bere eserlekuan lotan; beste inor ez; TXERRAN sartzen da: berau da agerraldiotan arropak behar bezala eta ajearen ondoriorik gabe ageri den bakarra)

 

 

VII. agerraldia

 

TXERRAN: Jauna, Jauna, esna bedi. (eztul egiten du ozenki; ondoren oinetakoekin zorua jotzen du, zut jartzean bezala, hotsa egitearren) Jauna, Maiestate, itzar bedi!

ERREGE: (erdi itzarririk; biharamonaren arrastoak nabari zaizkio) Eh... eh?

TXERRAN: Jauna, berorrekin hitz egin beharra daukat.

ERREGE: Zer ordu da?

TXERRAN: Berandu jauna, baina ez beranduegi gauzak bere onera ekartzeko, baldin eta berehala hasten bagara.

ERREGE: (piskanaka esnatuz) Berehala hasi... Gauzak bere onera ekarri... Zertaz ari haiz Txerran?

TXERRAN: Jauna, zazpi egun eta zazpi gau dira orgia izugarri hau hasi zela. Gazteluko despentsak honez gero hutsik daude, zer esanik ez sotoak. Soldadu bat bera ere ez dago bere lekuan. Denak lotan, egundoko atxurra buruan, edo oraindik ere kantari sobratu den botilaren bati azken zurrutadak emanez. Herriarekiko harremanak estutu eta sendotzeko asmotan egin omen zen festatxo hau Sodoma eta Gomorran ikusi eta ezagutu gabeko bakanala, oturuntza eta gaupasa andana bihurtu da. Zuen bihotzeko Merlinus horrek ez dakit majia trukorik egingo duen baina jan eta edan bai gogotik. Eta ez hori bakarrik; okerrago dena: hamaika neskatxa eraman izan ditu bazterren batera eta... bueno, berorrek badaki. Dagoeneko etorri zaizkit dozena bat guraso eta senar, suak hartuta mendeku eta justizia eske. Nik esan nuen aldez aurretik baina inork ez zidan kasurik egin nahi izan. Hortxe dituzue ondorioak. Zer dio berorrek guzti honetaz?

ERREGE: Ai! Hau burukomina!

TXERRAN: Hau ez da denbora galtzeko tenorea. Utzi alde batera mozkorraren ondorio diren min horiek eta utzikeria eta likiskeria guzti hauen arrazoi eta iturburura jo dezagun. Merlinus hori da errudun bakarra. Eta hori bakarrik ez, bere neskame delako hori, deabruaren magaletik jaiotako Andre Kattalin sorgin gaiztoa ere bai, hori egin bait da sukaldearen jaun eta jabe. Horrek euki ditu etengabeko lanean sukaldariak oro, eta horrexek irekitzen zituen sotoko ate eta upelak inork baimenik eman gabe, bakanalak aurrera egin zezan. Berandu baino lehen jauna, bidal ditzagun lotsagabe, etxekalte, xahutzaile eta hondatzaile horiek Walinbaniatik urrun; bestela ez dakit dragoirik geratuko den baina gaztelu, Gorte eta Erresumarik behinipehin ez da geratuko.

ERREGE: Aski duk, aski duk. Entzun diat nahikoa. Merlinus etor eraziko diagu berak eman diezazkigun beharrezko argibideak. Joan dadila norbait haren bila. Ah! eta etor daitezela Txordon eta Txarlot kontseilariak ere. Ni bitartean garbitzera nihoak, ea zertxobait bizkortzen naizen. Ai nere burukomina!

 

(Badoaz bi aldetatik eta argia itzaltzen da. Berriz ere piztean ERREGE bere tronuan dago, itxura hobexeagoaz. TXERRAN ere bai, lehen bezala. Ezkutariak parranda ondoko itxura zarpailaz, TXORDON eta TXARLOT ere bai, pixka bat.

MERLINUS sartzen da, mozkor mozkor eginda, neska bat duela alde banatan, eta ANDRE KATTALIN ere bai, ixilago, TXORDONen itzalpera doalarik arinki).

 

 

VIII. agerraldia

 

MERLINUS: (ufaka, mozkorturik eta lotsagabeki) iufaaa, iup! Jainkoak egunon! Zer moduz? Iepaaa Errege, aspaldiko! Zer, ondo egin al dugu lo? Nik behintzat primeran, eta konpainia ederrean gainera. Ezagutzen al dituzue bi neska polit hauek? Ilegorri hau Kontxesi da eta beltxarana berriz Klara. Hau komeria! Ha, ha, beltxarana izan eta Klara! Ez du graziarik?

TXERRAN: Bat ere ez.

MERLINUS: Ezetz? Muturbeltza izan zu! Piperra baino serioago egongo ez bazina! Bueno ba, hemen nauzue. Zer, ongi ari zarete pasatzen? Zer moduz Kattalin zaharrarekin, Txordon?

TXORDON: (herabe) Ondo.

MERLINUS: Ha, ha, ha, ondo baino hobeto esan behar. Mutilzahartu, enamoratu eta txoratu, hori gizonaren patua, ho, ho, ho. Ai, hau farrea! Ez nuen aspaldi egin honenbeste farre. Berorren herria gero eta gehiago gustatzen zait, Errege jauna.

TXERRAN: Nola ez bada? Jan edana dohain eta gainera besteren andrea zureganatzeko pronto, Ingalaterran baino hobeto!

MERLINUS: Aizu, mukizu hori, mihia ahoan gordetzen ez baduzu hortzekin harrapatuko duzu, zakur amorratuek egiten duten bezala.

TXERRAN: Zure harropuzkeriek ez didate bildurrik ematen. Atera ezazu ezpata, horren ausarta bazara (berea atereaz) eta oraintxe ikusiko dugu.

ERREGE: Ixo! Eta geldirik denak! Hau ez da burrukalekua. Hitz egiteko bildu gara hona. Astebete eskas da estrainekoz bildu ginenetik. Han erabaki genuen dragoien kontrako ekintzei nolabaiteko hasiera emateko herriarekiko harreman sendotzea erakarriko lukeen festa bat ospatzea. Uste baino handiago eta luzeagoa suertatu da azkenik festa hau, baina esan iezaguzu Merlinus, ze ondorio atera dituzu aste luze honetan? Ba al duzu plangintza finkaturik aurrerantzeko ekintzei begira?

MERLINUS: (ixilune labur baten ondoren, urduri samar hasieran baina gero eta lotsagabeago) Bueno, esan daiteke, ondorio zehatzik ateratzeko goizegi bada ere, positiboa izan dela festa hau orohar. Zenbait eritzi kontrastatu ahal izan dut, herrian zehar dabiltzan uste eta esamesak entzuteko aukera ere izan dut eta esan nezake plangintza posible baten lerro nagusiak marraztuz doazela nere buruan.

TXARLOT: Barka iezadazu baina hori ez da asko esatea.

TXERRAN: Nik esan nizuen: tipo hau adarra jotzera eta gure lepotik bapo bizitzera etorri da.

ERREGE: Mesedez, Merlinus. Ikusten duzu jendeak presa daukala, eta ez da gutxiagorako, dragoien erasoek aurrera segitzen baitute. Esan ezazu: azken batean, zertan gauzatzen da guzti hori?

MERLINUS: Zertan gauzatu! Zertan gauzatu! Nere lekuan ikusi nahi zintuzteket, ea zer egiten zenuten! Zuen herri honetan ez dago ezer egiterik; jendea egoskorra da, temosoa, itxia, begien aurrean sudurra besterik ez dute ikusten, eta hori ere ozta-ozta. Zer nahi duzue egitea egoera honetan? Inork ez du lagundu nahi, inork ez ditu dragoiak ikusi, inork ez daki ezer. Eta nekazariak dira okerrenak: horiek ez dute ezertxo ere jakin nahi; borondate onenarekin joan eta kasurik ere ez. Jai daukagu dragoien kontrako ezer egin nahi izanez gero. Eta nik bakarrik ezin dezaket dena egin, laguntza behar dut!

TXORDON: Eta zer nahi duzu guk egitea?

MERLINUS: Irtenbide bakarra harmada nere eskuetan jartzea da.

TXERRAN: Harmada arrotz baten eskuetan. Baita zera ere!

ERREGE: Egia esan Merlinus, nahiko zaila da zuk eskatzen duzun hori.

TXERRAN: Zaila? Zer zaila? Ezina!! Besterik ez zitzaigun falta!

MERLINUS: Bada, harmadarik ez badut nik ezin dezaket ezer egin.

TXERRAN: Hobeto! Kanpotarren beharrik ez dugu gure artekoak konpontzeko.

TXARLOT: Baina ezin al dugu lasai hitz egin, gizon prestuak legez? Merlinus Walinbaniara etorri da gure Errege Jaun Agurgarriak gonbidatuta arazo larri eta gorri bat konpontzeko, hain zuzen ere gu ez ginelako horretarako gauza. Eta gure defentsari dagokion gai garrantzitsu honetan bera bada trebeena eta jantziena, zergatik ez diogu utziko gure harmada gidatzen eta agintzen, Erregeren konfidantzazko gizona izanik?

TXERRAN: Errege jauna, hau ezin da onartu, ezin daiteke holakorik izan. Ager beza berorren haserrea.

ERREGE: Ai, nik ez dakit zer egin!

TXERRAN: Jauna, lasaikeria eta epelkeria horrek erresumaren hondamendia ekar lezake, bidal beza antzarrak ferratzera sasijakintsu andrezale lizun hau eta harekin batean atso bibotandi, marisukalde, matxarda hori.

TXORDON: Txerran, ez dizut onartuko berriz halako irainik! Zure jokaera gaizto eta lotsagabea ikusirik zuk zeuk botatzen dituzu lurrera zure arrazonamenduak oro. Jaun Agurgarri hori, jar beza gure harmada Merlinus jaunaren eskuetan, ea libratzen garen behingoz dragoien eta beren defendatzaileen kateetatik.

ERREGE: Ez dakit, ez dakit, zergatik ez zatozte denak bat? Zoratu egingo nauzue!

TXARLOT: Jauna, denak bat ez datozenean arrazoia dutenen aldera jo behar da. Eman biezaio harmada.

TXERRAN: Ez! Lehen ere entzun duzue Merlinusen ahotik beretik: herriak ez du ezer dragoien kontra. Zergatik jarriko gara gu herriaren kontra? Hitz egin dezagun dragoiekin eta konponbide batera iritsi. Bazkatzeko larreak jartzen badizkiegu ez dituzte soroak ezta lorategiak zapalduko.

TXARLOT: Hamaika aldiz entzun dugu lelo hori bera eta lehen bezala gaude.

TXERRAN: Egin ez delako!

TXARLOT: Egin delako! Harmada Merlinusentzat!

ERREGE: Nik ez dakit ezer. Baina hala nahi baduzue, haren eskuetan jarriko dugu harmada.

TXERRAN: Ez, ez, eta mila bider ez!

TXORDON: Nolatan ausartzen zara Errege Jaunaren esanak diskutitzera?

TXARLOT: Erabakita dago beraz. Berak aginduko eta gidatuko du harmada dragoien kontra.

TXERRAN: Herria ari zarete traizionatzen.

ERREGE: Ai, zoratu egingo nauzue, zoratzear nago. Hau burukomina!

MERLINUS: (alai berriro) Iufili iufala! Hau ospatu beharra dago, ezta neskak? Harmada osoarekin joango gara mozkortzera; goazemazue, eup!

TXERRAN: Ni banoa baina entzun ezazue: hau ez da bere horretan geratuko.

ERREGE: Utz nazazue bakean behingoz, arren, eta egin ezazue nahi duzuena.

MERLINUS: Gora gu eta gutarrak! Alehop! Biba Prantxiska eta biba Rusia!

TXARLOT: Jo ezazu gogor, orain baita garaia.

MERLINUS: Gogor joko dugu ba! Gora txirulak, mutikoak jo danborrak, bagoaz eta.

 

(Badoa TXERRAN ezkerretik, MERLINUS eskuinetik eta honen atzetik TXARLOT, TXORDON eta ANDRE KATTALIN eskuin alde horretatik musika militarra entzuten da).

 

 

IX. agerraldia

 

(Erdi ilunpetan ERREGE eta ezkutariak besterik ez. Ezkerreko aldetik basapiztien orroeak entzungo ditugu eta eskuinetik gerra musika, tiro hotsak eta abar; alde batetik zein bestetik jendearen garraisiak eta oihuak, eta triskantza, birrintze eta txikizioaren zarata; guzti hori gero eta ozenago, gero eta erritmo biziagoaz agerraldi guztiotan bukaerara iritsi arte).

 

ERREGE: Ai ene! Zer ari ote da gertatzen? Ai ene bihotza, jauzika eta taupadaka dabilkit, Jesus, Maria eta Jose! Zer da zarata guzti hori? Aizak mutil, joan hadi eta begira ezak zer gertatzen den. Itzul hadi lehenbailehen (atera da zaldi gainean bezala EZKUTARI I; dantzari zuberotarren gisa ere egin dezake zaldunarena; hemendik aurrera sartu-irteera guztietan Rossiniren Gilen Tell-eko Obertura ezaguna entzungo da, ahal izanen gero, gero eta biziago eta ozenago).

 

 

X. agerraldia

 

ERREGE: Oi, ene Bihotza, hau larrialdia! Agur Maria graziaz betea, jauna da zurekin, non ote da mutil hori? bedeinkatua zu andre guztien artean, non demontre sartu ote da? Ai ezin dudala hemen egon! (altxa eta batetik bestera bueltaka hasten da, ezkutari batek atzetik kapa helduz) Baina, baina, ai ene Jaungoikoa, Ai Aritzetako Ama Birjina maitea!

 

 

XI. agerraldia

 

EZKUTARI I: (Zaldi gainean sartuz; Obertura) Jauna, berri txarrak dakarzkiot.

ERREGE: Ai ene, txarrak, beti txarrak; esan, esan bada aguro!

EZKUTARI I: Dragoiak zoratuta omen dabiltza; basoak utzi eta batetik bestera omen doaz, aztoratuta bezala.

ERREGE: Ai! non ote dira nere tulipanak? Jesus, Jesus, Jesus! Eta harmada, zertan ari ote da gure harmada? Ene! Hi mutiko, jeiki hadi, azkar azkar! (EZKUTARI IIri) Hoa lehenbailehen harmadaren berri jakitera ea zer ari diren egiten, eta hi ere bai, ea zer gertatzen den nere lorategietan. Arin, arin, arin! (badoaz biak, eskuinetik bata, ezkerretik bestea, beti kontrako aldetik sartu irtengo dira; Obertura).

 

 

XII. agerraldia

 

ERREGE: Zergatik utzi ote dut nere harmada arrotz horren eskuetan? (gero eta azkarrago batetik bestera) Ez nuen horrelakorik egin behar baina berandu dut, berandu! Edo garaiz nabil? Ai ez dakit, zoratu egingo naiz, zoratu egingo naute honez gero zoratuta ez banago. San Mixel ezpatadunen patroia, non zara? Baina nola utzi diot nere harmada agure txoro bizar handi horri? Ene!

 

 

XIII. agerraldia

 

EZKUTARI II: (Zaldi gainean sartuz; Obertura) Jauna, berri txarrak dakarzkiot.

ERREGE: Txarrak, denak txarrak! Ez dago berri onik neretzat. Baina hitz egin ezak, zertan hago hor?

EZKUTARI II: Harmada osoa mozkortuta omen dago, eta mendietan zehar omen dabiltza baso guztiak erre eta kiskaltzen.

ERREGE: Basoak kiskaltzen, ai ene! Horrelakorik entzun beharra ere! Eta nere harmada izan behar. Ai Done Sebastian geziz josia, hau gurutzea! Non dira nere kontseilariak? Non dira? Hi, joan hadi berriro eta bila ezak Txordon kontseilaria, eta hona etor erazi, nik behar dudala. Bizkor, bizkor!

 

(Badoa II.a eta hau ateratzearekin batera I.a sartuko da; Obertura)

 

 

XIV. agerraldia

 

EZKUTARI I: Berri txarrak, jauna.

ERREGE: Gehiago? (erdi txoratuta dagoenaren farrea egiten hasiaz) Hi, hi! hau suertea dudana! Ezin hobea! Ea bada, entzun ditzagun berri txar horiek, esan!

EZKUTARI I: Entzun dudanez dragoiak soroak eta tulipan lorategiak zapaltzen ari dira nonahi eta inoiz baino gogorkiago eta bortitzago.

ERREGE: Ai nere tulipan bihotzekoak, Ai don Sigmund konprenitu gabekoen laguntzaile eta sostengu! Baina nori axola zaizkio gaur tulipanak? Bakarrik utzi naute, bakarrik. Non dira nere laguntzaileak? Hoa berriz ere eta ekar iezadak Txerran gaztea dagoen tokian dagoela, esaiok barkatu dudala eta arrazoia zuela, baina etor dadila ahalik laisterren; hau zoritxarra! Ai burukomin hau! (badoa I.a eta hau ateratzearekin batera II. a sartzen zaigu; Obertura).

 

 

XV. agerraldia

 

EZKUTARI II: Jauna...

ERREGE: Berri txarrak dakarzkidak.

EZKUTARI II: Nola asmatu du Jaun horrek?

ERREGE: Zorroztasun psikologikoa besterik ez. Kontaizkidazu azkar berri horiek, irrikitan nago eta. Zer, hil egin al dute Txordon?

EZKUTARI II: Ez Jauna, are okerrago. Andre Kattalin atso zaharrarekin batera ihes egin du, nora ez badakigu ere. Dirudienez ezkondu egin dira.

ERREGE: Ezkondu! Ezkondu mutilzahar hori (berriz ere farre txoroa) He, he, he. Vive l'amour! Hor konpon Errege eta dragoiak, gora bihotzak eta Sursum corda! He, he, he! Hoa berriro ea oraingoan Txarlot kontseilaria aurkitzen duan. Beharbada hori ere ezkondu egingo huen, he, he, he. Aurkitzen baduk esan lehenbailehen etortzeko, he, he, he!

 

(Badoa II.a eta hau joatean I.a sartzen da; Obertura).

 

 

XVI. agerraldia

 

ERREGE: Aurkitu al duk Txerran?

EZKUTARI I: Ez, jauna.

ERREGE: Ezkondu egin duk orduan?

EZKUTARI I: Ez jauna; jakin ahal izan dudanez Txerran dragoiekin batera dabil, hauen buruzagi zehazki, sekulako triskantzak burutzen.

ERREGE: (berriro farre txoroa) Hu, hu, hu! Txerran dragoien buruzagi. Errege gaixoa bakarrik utzi eta dragoiekin batera tulipanak zapaltzera. (Negar zotinka orain) Uaaaa! Ez dago eskubiderik. Zergatik egiten didate guzti hori neri? Uaaa! Ai Ama Doloretakoa... Ai!

EZKUTARI I: Jauna...

ERREGE: Hoa, hoa hi ere dragoiekin, edo jakin ezak behintzat nondik nora dabiltzan. (badoa I.a eta II.a sartzen da; Obertura).

 

 

XVII. agerraldia

 

ERREGE: Non zebilek Txarlot? Ezkondu egin duk edo ijito gurdi batekin egin dik ihes?

EZKUTARI II: Ez bata eta ez bestea, Jauna.

ERREGE: Non duk bada?

EZKUTARI II: Bere dimisioa aurkeztu du eta egindako huts eta okerrak damu dituelarik San Krispin biderratuen patroiaren saindutegira joan da errumes, penitentzia egitera eta Sainduari barkamena eskatzera.

ERREGE: (farre txoroa eta negarra nahastuz) Errumes, ho, ho! Barkamen eske, uaaa! Txoratu egingo naiz, txoratuta nago jadanik. Hoa behinipehin Merlinus txoro horren bila ea biok elkar hartuta kontsolatzen garen.

 

(Badoa II. a eta badator I.a; Obertura).

 

 

XVIII. agerraldia

 

EZKUTARI I: Jauna, dragoiak jauregirantz datoz eta ez dago zaintzeko soldadurik. Ihes egin beharko du berorrek, bizia salbatu nahi badu.

ERREGE: Uaaa! Ez dago deretxorik! Amaaaa! Hau da mixeria!

 

 

XIX. agerraldia

 

EZKUTARI II: (sartuz; Obertura laburrago, ez baita I.a irten) Jauna, ez dut Merlinus hori aurkitzen, eta harmada osoa txoratuta dabil, asaldatuta, inoren kontrolik gabe ari dira etxeak eta baserriak txikitzen eta birrintzen.

ERREGE: Hau gehiegi da. Akabo! Ez dut ezer jakin nahi; nahiago dut morroi, gaztelu honetako errege baino (koroa hartu eta bota egiten du) Goazemazue hemendik. (badoaz, eta bitartean soinu eta zarata gogorrago, entzunezin bihurtzen da, eta paretak dardarka hasten dira, gauzak eroriz, txikituz)

 

OIHALA