Aurkibidea
Aurkibidea
Seigarren agerraldia
AMENTS
KINO: Errazu, Juana... Arma bat erosiko dut...
JUANA: Perla saldu eta esku gain ederra izanen dugu...
KINO: Aspaldiko amentsa, arma bat ukaieta, egun egia bilaka daiteke!
JUANA: Barku gaixo horri ere antolamenduak zor dizkiogu...
KINO: Eginen ditugu! Ez da oraikoa! Orain, orain, Koyotito, gure haurra eskolatzen ahalko dugu!
JUANA: Guri eskas egin daukun jakitatea bilduko du!
KINO: Hiri handietan ibiliko da...
JUANA: Liburuetan idatziak xeheki ikertzen ahalko ditu...
KINO: Ostatu handietan apairuak hartuko ditu! Etxeko arto opiletik landa, ez da gaizki izanen!
JUANA: Jende handiak solastatuko ditu!
KINO: Eskolatua eta munduan barna izana denak, arrakasta handia du... Gure gordetasunaren ordaintzeko, ez da hain gaizki!...
JUANA: Funtsean, Kino! Gu ere bizi gira gure gora beherekin!
KINO: Beldurra eta ixiltasuna ditugu egun guzien opariak. Gure semeak ez du horrelakorik jasanen! Perla sal erospenetan ariko da! Eskolatua, leku askotan izana, oraino gaztea izanen da!
JUANA: Kino...
KINO: Errespeturekin mintzatuko zaizkio jende guziak. Auzoak, berek atxeman perla bakarren saltzerat etorriko dira... Hirian ukanen duen bulegoa izanen da inguru hauetako sal-eroslen helburua! Gure semeak eskuetan atxikiko ditu herritarren zorteak: bakarra izanen da: handiena!
JUANA: Kino! Aski!
KINO: Diru tratuak eskuetan izanez geroz, gure semea nahi bezala jabetuko da hiriko ontasunez!
JUANA: Otoi, gizona! Geldi!
KINO: Dirua trumilka eskuratuz geroz, saltegiak banazka ahurrean bilduko ditu!
JUANA: Bainan!
KINO: Perla merkatua gure familiaren afera izanen da!
JUANA: Ixo! Hortan bego!
KINO: Sal erosteak eskuratuz geroz, gaina dugu bertzek umilki onartuko dituzte gure gutizia guziak!
JUANA: Kino! Hortan aski! Norentzat daukazu gure burua? Guk norbeit zangopila? Sekulan! Sekulan!...