Basilika
Basilika
1984, nobela
104 orrialde
84-398-2646-X
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
 

 

VII

 

        Kapitulu hau ederrena izango dugu, Euskal Herri guzia «bere» basilikaren inguruan bizitzen ikusiko baitugu. Xarmangarria beraz, Itxaro Borda idazle talendutsuaren eskutik.

        Irulegiko karriketan, bazen mogimendu. Mila saltegi eta ostatu, jendeen pozgarri. Fededunek diru asko ekartzen zuten, mirakuluak diruaren bidez erdiesten zirela ikasia bait zuten azkenean. Halatan, eros zitezkeen txokolatezko Ama Birjinak, plastikozkoak, erretzeko belarrezkoak, gauez argia egiten zutenak, mota orotakoak noski, ez hain merke alta! Donibane Garazin mirets zitekeen pelerinoek lurrera botatu moltsa hustuen meta bikain bat. Moltsak ere zerukoari eman opari baliosak ziren. Ez dezagun ahantz, uda minean, horma perfumatuzko Elorriren potretak saltzen zirela, Boncolac hormetxeak asmatu zituenak, bere egoera ekonomikoa in extremis zuzentzeko, eta langileak ez kanporatzeko...

        Ostatuetan aldiz, edari frango iresten ahal zen. Baina preziatuena ur mirakulutsu patxaranaz moztua zen. Bazuen kristoren kolore gorri alegera bat. Jendeek asko maite zuten edari hori; bereziki mainuetara joan aintzin edaten zutelarik iduritzen zitzaien mirakulua jadanik erdikal konplitua zela. Eta horretan arrazoi zuten, segur. Iñaki Karrakoil medikuak erremedio on bat ezartzea manatua bait zioten herriko ostaler amorratuei. Rioxako arno arin hura ere ematen zuten, whiskya eta bierra epelak. Denak...

        Pasa etxeak ongi ari ziren, denbora berean. Beti beteak, beti lanean: horko neskatxek ez zuten pausa eginik astean zehar. Ez zen ordea hirietan bezalako lan garbia: etxe horietan eri guziak iragaiten ziren, paralizatuak, tuberkulosoak, errabiatuak, eritasun ahalgegarrien sendatzera etorriak, sifilisdunak adibidez, sexual maniako frango, sado eta maso, itsuak eta elkorrak. Enfin, Finlandiatik jin neska horien lana ez zen batere erraza. Beharrik, gizonek eskaini diruaz gain, Kontseilu Orokorrak prima bat ematen zien. Sos horren gainean neskek ez zuten zerga pagatzerik. Beharrik (bis).

        Garai hartan Euskal Herria zen Frantziako eta munduko herrialde aberatsena. Nolaz diruak diru dakarren fenomeno horrek ez zukeen azkenik izanen.

        Kultura mailan bazen zer egin. Euskal kultural mundu osoak Irulegi zuen bere norantzaren erakusgaia. Idazleak ari ziren Elorri zenaz liburu politak eta mamitsuak ateratzen. Adibidez, iparralde honetako bi akademikok, Elorrik gaztetan izkribatu testoak, aztertu zituzten. Charritonen eta Haritchelarren obrak liburudenda on gehienetan aurki zitezkeen. Bi hauek euskara ederra eta garbi erabiltzen zuten, eta hori, herriko jendeei asko gustatzen zitzaien. Hiru argitarapen egin ziren lau urte barne.

        Jakintsuak ez ziren atzetik gelditu: Gexan Bidart soziologo mustatxdunak Baionako LU.T.ean kolokio bat antolatu zuen, «Euskal Herriko ohiturak eta Irulegiko gertakaria» gaiarekin. Parisetik eta Madriletik jin ziren jakintsu diplomatuak, Irulegiz mintzatzera, berak sekulan han izan gabe, hango hizkuntza (gurea, beraz) ikastearen beharrik senditu ezean. Horiek ziren egiazko Jakintsuak, zinez... Gexanek, esku ezkerraz, bere mustatx liraina ferekatzen zuen, jakintsu horietarik batek bere izena goresten zuelarik. Ageri zen guziak zeruko grazietan aise bizitzen zirela: jakintsu eta beren buruetaz arras satisfus!

        Beren aldetik, Manex Pagolak asmatu poema hunkigarri batzuk, Peio eta Pantxoa kantariek diska batetan kaleratu zituzten. Urrezko diska bat erdietsi zuten lehen aldikoz, lau milioi L.P. saldu zituzten Maikel Jackson funki kantari beltz zurpailduak baino gehiago beraz. Diskoteka guzietan aire hau entzun zitekeen:

        «agur Irulegiko

        amatxo maitea

        otoiz eta piko

        bi aldiz ximiko

        ama idiliko

        agur bat betiko»

        Ez dugu erraten ahal zuzen, zenbat kuple (gizon eta emazte), formatu ziren gauetako dantza tokietan kantu honen bitartez. Beti bezala, «bi aldiz ximiko» aditzean musu samurren ordua zen, eta «agur bat betiko» hark pitilin-alu partida goxoaren hasera frogatzen zuen. Kuple gehienek abisu horiek hurbiletik segitzen zituzten. Ikaragarria!

        Paueko eta Bordeleko unibertsitate burgesetan Chaire d'études théologiques batzuk moldatu zituzten, Akitaniako eta Frantziako zuzendariek. Estudianteak lasterka heldu ziren, ikasketa berezi horien egitera. Neska diplomatuek segidan atzematen zuten lan bat, pollitak baldin baziren, Irulegiko putaetxeetan, eta itsusiak komentuaren betetzeko begiratzen zituzten. Mutikoak aldiz apezgoan sartzen ziren, edo medikuntzan Iñaki Karrakoilen laguntzeko. Bazen segurki denen beharra...

        Azalpen luze hau bukatzeko kondatuko dizuet zer bilakatu zen «Maiatz» aldizkaria. Talde horretako idazle ospetsuenak Ama Birjinaren eta Elorri zenaren apologista errabiatuenak bihurtu ziren; hala nola Manex Lanatuak «Elorri artetik» poema bilduma zintzo bat atera zuen, Mayi Pelotek hard science moldea Irulegiri aplikatu, Mari Ameztoiek Ama Birjinaren alderdi sensuala agertu zuen, etab. Ikusten duzuen bezala euskal kultura arras bizia zen ordu haietan, eta hori Ama Birjina balizkako baten agerpenagatik. Apezpikutegiak hartua zuen bere gain «Maiatz» aldizkari beltzaren egoera ekonomikoa: azala xuria egin zion, eta barnekoa azalaren araberakoa...

 

 

        Hona «Gure Irratia»ko Jakik bildu zuen dokumentu paregabearen zati luze bat. Jaki egon zen Txinatik etorri pelerinante batekin solasean:

        — Erraiten ahal diguzu nondik heldu ziren?

        — Bai. Txinako Pekin hiri nagusitik nator, hemengo neska batek Ama Birjina ikusi zuelako berria zabaldu bait zen hiriko dazibaoetan. Gure gobernuak hona etortzeko txartelak pagatzen dizkigu...

        — Baina zu manera berezi batez jin zinen?

        — Bai, oinez etorri naiz Pekinetik Irulegiraino. Bi urte eta erdiz egon naiz bidean, goizean goiz jeikiz, eguerditan lekuko neskak txoratuz, eta gauetan izarrei beha lokartuz.

        — Bidaia ederra beraz...

        — Gobi mortutik iragan nintzen, lehenik Nepal lurralde goretan zehar Indietara heltzeko. Gero Pakistaniatik Iranera pasatu nintzen, eta Jerusalemen gelditu hiru astez. Segidan joan nintzen Mekora islamdarren jainkoa otoizteko. Horrek hiru hilabete hartu zizkidan. Turkiatik Europan sartu nintzen, eta jendea gero eta gaiztoago, zekenago zela konturatu nintzen...

        — Problema asko ukan zenituen Erromara heltzearekin...

        — Bai, Batikanoko guarda suisek kartzelara eraman ninduten, eta han bost hilabete egon nintzen; aterabiderik ez nuelakoz ikusten erabaki nuen kartzelatik ihes egitea, eta bueno saiatzen denak beti zerbait erdiesten du...

        — Nola iduritzen zaizu Irulegiko egoera?

        — Irulegik gure Shangai delakoari eite baduela aitortu behar dut lehenik. Ba, niri oso gustatzen zait. Ez naiz hemen egonen baina, bai, badu jadanik urte bat Euskal Herrian bizi naizela, ba, eta oso oso pozik. Ez dakit noiz joango naizen Txinara, ez zait batere berantesten.

        — Txinan girixtino frango badago?

        — Ba badira zenbait, ez asko. Baina Irulegira etortzeko ez duzu girixtino izatearen beharrik. Fedea eduki eta kito! Ustekeria txar bat da hori, guk Txinan ez dugu horrelako berezkuntzarik egiten. Leku sainduak saindu dira guzientzat.

        — Finitzeko erraiten ahal diguzu nota deitzen zaren?

        — Bai, segurki, Mar Kopo Ttolo... Eta zu?

        — Jaki...

        — Heldu zarea itzulino baten egitera?

        — Ez, ez, ez... milesker!

        Mar Kopo Ttolo utzi zuen Jakik, sobera urrun joan nahi zuelakoan. Euskal Herriko neskatxa maiteak aski herabe dira, arrotzen eskaintzen aintzinean. Eta, funtsean, esperientziaz diot, arrazoi dute.

       

       

        Garai berean, bere afera ongi zihoala ikusirik, Jon Kapagorri Erromara abiatu zen goiz hegotsu batetan. Kepa Oihenartek aita saindua telefonoz abertitua zuen aspalditik, eta Iñaki Karrakoilek bere mediku abisua igorria zuen Batikanora, via Baionako apezpikutegia.

        Miarritzen airekoa hartu zuen, première classe delakoan. Zoriontsu zegoen, txanpaina edan eta kabiar beltza jan zezakeelakoan. Bidaia osoan, «Maiatz» aldizkaria irakurri zuen. Izugarri interesgarria aurkitu zuen, baina lehenagoko zenbakiak gogoratzearekin, bere basilikaren ideiak euskal idazleen lumak arras moteldu zituela, eta hauek haizeak nora ufa, berak hara itzulka ari zirela gaurkoan. Gainera, Donapaleuko liburu saltzaile burges batek euskara hutsezko aldizkariak gaizki saltzen zirela, ohart arazirik, «Maiatz» elebiduna baino gehiago bilakatua zen: erdia baizik ez zen euskaraz, eta euskarazko testoek itzulpen bat zeukaten ondoan.

        Erromako aireportuan Italiako lehendakariak eta Aita Sainduak errezibitu zuten gure diputatu zen Jon Kapagorri. Aita Saindu polakoak musu bat eman zion ezpainetan, mendebaleko ohituren arabera. Jon Kapagorri, hunkitua, negarrez hipaka hasi zen. Karol Botila izeneko gizon sainduak erran zion ez zela zerik, eta bere lagun handia Kepa Oihenarte zuela... Jonen malkoak lehortu ziren. Espres, alegia ari zen, Aita Sainduaren bihotzaren engainatzeko. Eta ontsa erreusitu zuen...

        San Piarres enparantzan Jon Kapagorrik hitzaldi bero bat egin zuen:

        «Karol Botila adiskidea,

        »Engoitik badakizu zer gertatu den, Irulegin, duela bost urte. Elorri hamalau urteko neska freskoak Ama Birjina ikusi zuen, edo hobeki erran emazte saindu hori Elorriri agertu zitzaion. Zer berri ederra Euskal Herriarentzat, eta partikularzki euskaldunentzat. Jakin dugu saindutze prozesoa bidean dela, eta laster bukatzekotan. Gure desirarik handiena litzateke datorren hilabetean Irulegira etorriko zarenean, saindutze osoa dekreta dezazun. Zure bihotz sufritua ezagutu eta, ekintza horrek ez digu dudarik egiten. Ongi etorri Aita Saindua!».

        Hitz horiekin finitu zuen bere mintzaldia. Aita Sainduak hitzeman zion datorren hilabetearen lanean joango zela berri horren ofizializatzera Irulegira. Jon

        Kapagorrik bere parioa irabazia zuen.

        Artistak, idazleak, abeslariak, soziologoak eta rock kantariak lanean hasi ziren, testoak, poemak, filmeak, zintak egiten, Aita Sainduaren etortzearen ohoretan. «Hertzainak» taldeak adibidez kantatzen zuen «Ongi etorri Aita Saindua» arrunt punki eta bortitz bat. Hauek, ageri zen, ez ziren sobera ados Karol Botilaren jitearen berriarekin. Hormetan, bide ertzetan, hitz hauek irakur zitezkeen: «Aita Saindua=yankee: Etxera». Baina jende gehienek erabaki zuten Karol Botila, Giterran jauna bezala, errezibituko zutela... Orduan, kasu