Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

MUNDU PARALELOAK

 

 

1

Parez pare Bonantzako elizaren ateari begira jarri orduko zure silueta eta irribarre berezia agertu zaizkit gogoan. Begiak ixteaz batera gure forma biak bakar batean marraztu ditut —irudi sakratua—.

Bat-batean, sarkor: hiltegiko usain ekidinezina. Tenore haietan bezalaxe bizkarrean bainuen, bi metro eskasera, atea erdi zabalik eta animaliak betiko modura goitik behera ebakita, zintzilik, barruak hustuta —giza jainkotegi kirasdun usteldua bailitzan—, erraiak eta odola isurtzen kanaleko uretara.

Eta garai hartan ohi nuenez, ur gorrietara zuzendu dut soa —milaka bihotzen ispilu urtua—, eta zart!, ikuste ubelduak abiarazi du ene gibelaren marrua: «Inork ez du nire amestea burdin kako batetik sekula zintzilikatuko!».

 

2

Zurrunatik gora eta behera, Jaizkibelgo magal ezkutuenean satorren antzera, bizpahiru mukitsu mundu paraleloen bila. Eta gero, xaian edo kai gainean, amona eta gainontzeko saregileen esku nekaezinen alboan, beti zirika, beti ez ordea jolasean, bizitzari instantero ezkata lehorrak apartatzen —itsasoaren arrastoak nonahi —, orduan garatu zitzaizkigun, biriken ordez, zakatz hauek.

Gu ez baikara guztiz lehorrekoak, ezin bestelako moduan izan. Berun puskak eta amu herdoilduak, aborinak eta labanak, zurda korapilatuak... betiere zerbait patrikeran... arbasoen tresneria, bizimodu jakin baten altxorrak, gure sekretu isil estimatuenak.

 

3

Ez da nire desioa atzera bueltatzea, zentzumenen ernea sekula ez galtzea baino, maiz etor dadila oroimenaren besarkada beroa niregana eta laga nazala gaurkoan gisara sentimenduz plei eginda, belaunak eta zilborrak geratzen zitzaizkigun eran San Migeletako ur bizietan, eta aurki bitez sarritan pizturik harriduraren argia eta distira gure haur-begietan, ferry ingeles erraldoi txuri hark —Panther izena datorkit beti gogora, hala bazen edo ez bazen— kanal osoa betetzen zuen alditan bezalaxe, gu gasolioz zikindutako uretatik txistu bizian ateraraziz, Pasai San Pedroko etxeak bere munstro-bizkar atzean desagertzen zirelarik, San Juango gureak jostailuzkoak ziruditen bitartean ur gaineko mirari tzarraren aldean, sekula baino estuagoak, erabat hauskorrak, zeharo txikiak, eta beti bezala paperezkoak mendiko harkaitzen mendeetako mehatxuaren azpian.

Plazako gure bizitoki heze, xume, antzinakoak, kanaleko sarreran leherrarazten zituzten barrenuekin dar-dar bizian jartzen ziren, nire gorputzaren modura gauaren eskutik zuregana hurbiltzerakoan.

 

4

Orain Denbora ez dela urteetan zelatan eta atzaparka aritu zaidan piztia itogarria, ezti mintzo zaizkit olatuak eta absentziak, eta honela izatearen lengoaiaz elikatzen ari da ene arima, bare-bare.

Itsasertzeko itzala besterik ezagutu ez duen hareharri umelaren usain gazia jariatzen dut sarritan, Pisbeko horma gastatuen usain berbera, Ternuako bidaiek zein hauek guretzat lagatako elezaharrek bakailao arrasto itsaskorraren usain eternala; horrelakoetan barneak arroketarako bidexka hartzera bultzatzen nau, Puntaserantz, atzean utzita plazako paretan pilota kolpe galduen oihartzuna, eta kexa zaharrak eta asmo berriak tabernetako mingain eta hortz-haginetan.

Labana zorrozten dut arrokaren kontra, urteetako arraspatzearen soinua, zenbat eta higatuago orduan eta hobe ebakitzen —durduzatu egiten duen zorrotza—, ohiko moduan, hatz puntak emaitzarekin kontent geratu dela esaten didanean, ganibeta bueltan patrikeran sartu eta, berriz ere, Denborari oinak eta eskuak moztuz, begiak itxi eta kopetaren barnealdean gure silueta biak —existitzen al dira soin eta adar mutaezinak?, nora ote dira gorputz hautsezinak?— bakar batean marrazteko.

 

* * *

 

Aitonaren sare hezearen gainean gaude. Denboraren edabe pozoitsuak inolako eraginik ez gugan. Haurraren eta aurrerago gaztetxoaren zentzumenek jaso eta jositako arnasa eta korapiloa nigan dira oraindik, gaur ezin biziago. Oin biluzien dantza mingarri-gozoa, isila, sekretua, arroken azal ziztatzailean. Itsaso urruneko uhina, eta berdin zure adats eta garondoko usaina, bidezidor honetan, betirako.