Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
 

 

BAKARRIZKETA

 

Zirrara sortzen dit ikusezina den guztiak.

 

Kilker bat jarri nahi nuke

inoren ahotsean

esanahi bakoitzaren soinua dastatzeko.

Megafono bat sartu nahi nuke

politikari profesionalen eztarrian

handik oihu egiteko:

ez zara nire jainkoa!

loreekin batera usteltzen diren

manifestuetan sinesten dut!

 

Zirrara sortzen dit ikusezina den guztiak:

une honetan bertan lo dauden haurren amesgaiztoek,

une honetan larrutan ari direnen begirada galduek,

une honetan torturatuak direnen bakardadeak,

une honetan erbestean daudenen itxaropenak,

une honetan banketxean ezkondu direnen pozak,

une honetan idazten ari direnen zalantzak,

une honetan mendiak suntsitzen dituztenen lasaitasunak,

une honetan hiltzear denari denbora oparitzen dionaren galerak,

une honetan umorea aldarrikatzen dutenen urduritasunak,

une honetan kalean eskutik helduta doazenen samurtasunak.

 

Hau ez da graffiti bat.

Ezagutzen ez dudan paisaia bat sartzen ari zait ahotsean.

Ahotsa hustu ahal izateko idazten dut.

Baina hau ez da graffiti bat.

 

Zomorro bat naizela pentsatuko du norbaitek.

Eta horixe bera naiz:

bizarrean hazkura sortu gura duen zomorroa.

Depresioak baino ezin nau akabatu.

Psikologoak, psikiatrak, teledendako homeopatak

eta kultura funtzionarioak arduratu ohi dira

bitxoen zoriontasuna akabatzeaz.

Baina zeinen zomorro bitxiak diren zomorroak ez direnak!

 

Hau ez da graffiti bat.

Hau graffiti baten ametsa da.