Egarri egunak portualdean
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
aurkibidea
 

 

—8—

 

Boga-bogak ez zeukan mastarik ez oihalik, yatea hitz goititua bada ere yate batean geundela eman genezake, 80 zaldiko Mercury bat, kabina sukalde txipiarekin, frigoa, biko etzangua, baina batez ere biztanle batzuk zeuzkan une hartan txalet txipi hark, udako igande arratsaldeetan markako dendetan erosi modako betaurrekoekin hipodromora joaten ahal ziren horietarik.

        — Zenbat behar ote du txalupa honek, ba, esate baterako, Bilbora arribatzeko?

        — Astebete, gehiago agian.

        Berehala itzuli zen bere senera, ez zen guztiz menditarra.

        — Nolako itsasoa, jakina! Pitoa naiz gero!

        Zeinen kontent Manu galdera barkagarriak egiten, krema hedatzen nesken bizkarrean, Aleksandraren Super 8arekin paisaia filmatzen ni metrailatzen, palmondoz gerizaturiko igerileku pribatuaren ertzean zegoen Sorginarritik milia batera. Kanaberei erreparatzen nien nik, Aleksandrak «Edurne, Zumaiako lehengusina» aurkeztu zidan haren maniobrei, kostazainen zodiac grisa inguratzen zen aldiro brankako kubertan titiz goiti zeharrean jarraitu ordez bizkarra tenteturik krema ematen hasten zenean.

        — Zaila al da kapitain titulua ateratzea?

        — Txalupa txikiotarako ez, zailena motor kontuak.

        Motorraz interesatu zen orduan Manu, ongi funtzionatzen zuenetz, ez ote zuen zarata handia ateratzen. Istriborreko kanabera makurtu egin zen tanpez, «Agudo! Agudo!» hasi zen mugi nendila, yes sir, atera nuen eraztunetarik tira zakar bat eginik, gero biltzen hasi nintzen eztiro Manuk Hemingway filmatzen zuen bitartean. Txopa aldera heldu zen Edurne oihu txipitan ugatzak zotinka. Braboak txaloak bizkarrekoak lupia azaldu zelarik labana hotz bat bezain zilar, ale ona. Manuk bere burua bozkatu sukaldari, Aleksandra eraman zuen laguntzaile.

        — Kostazainak ohituak daude neskak biluzik ikusten.

        Algara egin zuen bizkarra atzerantz urrunduz.

        — Zu ez?

        Matzakuko muturra han behean, kulunka ahalketuren bat aldian behin. Zentinela gisa estropadako balizak bokalearen sarreran, gure arraunlariek zer eginik ez kalma hartan. Amua beitatu nuen.

        — Utzidazu botatzen!

        Antzeztu nion etxada, kontu egiteko jausi gabe. Ez zuen hitzik atera. Kendu zidan, hartu zuen irakatsi nion jarrera. Urrun egin zuen txonbo berunak, ez zuen estreina.

        — Lehen aldia izateko ez da gaizki egon, ezta?

        Beste kanabera bildu zuen. Beita jana zeukan hark ere. Zizareei buruz jardun zuen, bizimodu petrala.

        — Zentral termikoa dagoen horretan ibiltzen ginen umetan zizaretan, basatzan harrotua eginda. Sos batzuk ematen zizkiguten.

        — Gu almejatan, eskuare txikiarekin hondartzan.

        Hemen ez geneukan hondartzarik. Gure amek ez zuten inoiz jantzi trajebainurik. Bestondoa sendatzeko etzaten ginen arroka berotuetan. Nire ondoko aulki tolesgarrian jesarri zen. Ez zen zodiaca berriz azaldu, hortzak izerditzeko lurrina iritsi zen laster sukaldetik.

        — Aleksandrak esan dit oso interesgarria zarela.

        Kubertako oholen bernizadurari beha geratu nintzen. Lakartua neukan eztarria.

        — Ez dut uste...

        Altu samarrak niretzat, bai, gure neska emantzipatuak, ni sobera exotikoa bezalaxe noski erdiz seduktore erdiz erdeinutzaile womens in the women's revolution zebiltzan beldurgarri haientzat.

        — Interesgarriak, zuek zarete.

        Izter gaineko ileak ferekatu zizkidan bere Rayban Aviator betaurrekoen adarrarekin, aurpegira egin niezaion. Orduan ikusi ahal izan nizkion begiak, mizpira heltzaka bana.

        — Ni ez naiz yateduna, ni titiduna naiz.

        Burua makurtu nuen ostera larruazala ukitu gabe betaurrekoek nire bixarretan egiten zuten joan-etorria dastatuz.

        — Ez nekien.

        Pazientzia apur bat daukanaren apaltasunaz egin zidan.

        — Baina ez nazazula jostailutzat hartu.

        Andrakilak kasete bat zeukan barruan, eslogan bat zen, hitz haiek ez zeukaten haririk bere portaerarekin, ezaguna zitzaidan kontrakar hura.

        —Jostailua neu naiz hemen.

        Aleksandrarekin egiten nuena baimendurik egiten nuen, bestek agintzen zuen neure buruan, «Ez pentsa ni zure atseginerako haragia naizenik» esaten zidan arnasa berdintzen zitzaigunean.

        Betaurrekoak jantzi zituen. Malkoren bat, agian?

        Kapritxotan ohitua zen, nitaz jabetzen ahal zela erakutsi zidan oiloipurdia sortzen zuen fereka jolasti harekin, bazekien berak ere interesgarria izaten komantxe arapajo kiowa txeieneokin. Edurnek, esaldi harekin, klase borroka egin zuen feminismoz apaindurik: touche pas à la femme blanche.

        — Hau bai artea!

        Sukaldeko eskunarrutan zekarren plantxagainekoa ikusgarri Manuk. Platerak, furxetak, hala esan zuen banatzerakoan, furxetak, zapiak, ogia, zamaua godaletak banatu zituen Aleksandrak Niveako plastikozko zorro handi batetik.

        — Hau egin duena bai artista.

        — Zer, ez ditek pikatzen?

        Nola filmatu behar gintuen hasi zitzaion Edurneri esplikatzen. Edurnek ez zekielakoa jo zion, argitasunei baietz eginez buruarekin. Aulkiak bildu nituen. Cinzano bonbila bat ekarri zuen azkenik Aleksandrak. Pintzetarik gabe banatu zituen izotz kozkorrak godaletetan.

        — Igandea denez, bermuta.

        Niri beha esana, aitor dezadan detailea.

        — Bere azeitunarekin.

        Zein ote zen orgasmoaren estrategia politikoa?

        Aleksandra txotxak ziztatzen Mariluren obuluetan.

        Ni zeluloidean betikotzen gaztaro txoro baten oroigarri.

        Labarrek igorri oihartzunen bat ekarri nahi izan nuen biriken betealdian, kontsolagarriren bat nire zelula matxinatuenei.

        — Topa egingo dugu, ala?

        Atzamarrak Aceitunas la Española potoan sartzen zituela zehaztu zuen Manuk Edurneren proposamena.

        — Tripaz gora flotatuko duten guztiengatik, kar, kar!

        Godaletak bete zituen Aleksandrak zamaua zikindu gabe, hartu zituzten, goititu, kriskitindu.

        — Zuk ez al duzu topa egin behar?

        Orduantxe egokiera kamera hura putzura botatzeko, baina ez nuen egin, tapa ireki bobina atera besterik ez.

        — Baina zer ari zara!

        Hari luzeko yo-yo bat bezala firrilkatu nuen.

        — Banoa.

        — Bazoazela? Nora?

        — Campari bila!

        Arropa neukan plastikozko kirol-poltsa hartu nuen lepoan.

        — Bi hilabete zeramazkien kostazainak lotua, txatartzera atoiatzeko zain.

        Manu pipa-kirten haren atzaparra besoaren brastako batekin libratuz kablea etendako igogailuaren etsian egin nuen jauzi amorru meta batetik. Ez dakienaren gisan ekin nion, besoak ardatzetik eten beharrean, lehenago joko zuten azpia ni harrapatu baino. Erdira bezala gelditu behar izan nuen. Edurnek largabistetan nindukan. Astiro ekin nion ostera, besoa jasoz agurtu ondoren. Aleksandra zerga iraultzailean zegokion kuota Manuri ordaintzen kabinako etzanguan, huraxe begitandu desiratu izan nuen urruntze hartan. Meko eginik heldu nintzen Arando Haundiaren bagarrira, urratu batzuk egin nituen lehorreratu ezinik esku-zangoetan. Atera nituen arropa bustiak, eguzkitan etzan nintzen burua irakiten.

        Harrotu da berriz bion etzana zeukan belarra.

        Errauts honen azpian ez dago berorik.

        Esaten dudana izanen naiz.

        Ilunaurrea arte egon nintzaien zelatan, ez ziren mugitu, musika zatiak iristen zitzaizkidan aldizka. Auzo liberatuko biztanle bakarra izan nintzen han, haragi gorrian nengoen oskola galdurik gorrotoz gainezka, izenbako harkaitzarte batean jausia, ipuintasunik ez, bere istorioa zeukan ontzitxoari beha, txalupak olaxtak otordu bat itsasoan betikotzeko Super 8ko kamera bat behar zutenak mespretxatzen, zer nintzen ni zisne haren barruan.

        Tximino laztangarria.

        Botoiz beteriko plaka edozein solairutara sakatzeko.

        Lema ondoan kokatua ezerez bat bezala ardurarik handienaz kokatua zegoen plastikozko tabletatxo hasi hartako piluletarik edozein.

        Platako farolaren argia nabarmentzen hasia zela konturatu nintzelarik uretara jaurti nuen harrika idortu ezineko zigarro paketea, abiatu egin nintzen. Itzuli osoa eman nion portuari bagoi garabi bafore kontainerrei maiteaz galdezka, orduan, neure buruari galdezka, Tximistakurratuko kostatik, Kredoarri Itzalarri Sorginarritik, ideia zuzenak apurtzen nituen arroka eder hartan, Purrustarrin bertan, Urgaizto errekatik, Mitxitxolatik ezin urrunago, puntala debileta gindela lo zeuzkan ontzi sobietikoari beha ohartemanik biharamunean Aleksandrak hartuko zituela tresna haiek, Aleksandrak aginduko zuela bokalerantz hartzeko maniobra, Aleksandrak ez beste Aleksandrak, a nosa muller traballadorak, jatorrizkoak, Vladimir lauso guztiak baino zoragarriagoa genuen hark, laborategiko batan bizi zenak, alderdiko komisarioaren baimenik gabe gure herrian lehorreraturik, menturaz, lentzeria kapitalistari polita zeritzolako bere titi ahitu astundu nekatuentzat fantasiazko bularretakoak erosiko zituenak, osaba Tomen aitziko izeba Aleksandrak.

        Yate txipi bat Campari kopan hondoratua.

        Mondrianen geometria igogailuaren kristalezko aterako.

        Kargaderoko zubiaren hezurdurari beha geratu nintzen gazte hura.

 

 

Ama beste ideia batekin zebilen, hartua nintzen etxean telefonoa jartzeko emanen zidan trajerako berezia zeukan dirua. Dutxan nengoela arreba sumatu nuen bisitan, afaritan geratuko zela. Aita gero. Gorkari deitu nion, kopa on bana hartu behar genuela afalondoan. Arrebak hitz egin zuen gehienbat, mesedea egin zidan.

        — Bazoaz? Bihar etorri e?

        Espaloian bertan jakin nahi izan zuen Gorkak zer neukan ospatzeko. Igarri ziola, ospakizunetan geundela, kopako on bana bina hamarna hartu behar genuela.

        — Ez esan, superatu egin duk harreman intelektuala.

        — Aleksandraz duk, bai.

        — Beteta laga al duk?

        Julianenean sartu ginen, berandu arte ematen zuen. Mahai guztiak hutsik, zokoenekora. Errobiren lehen diska ipini zuen etxeko seme gazteak, musika ekipoa zeukan taberna bakarra zen.

        — Hik irakurriak dauzkak klasikoak, marxistak.

        — Askorik ez, formakuntzako txarletan ematen zizkiguten apunte haiek, ezer gutxi besterik, Mandel, Sweezy, Poulantzas.

        — Ezaguna egiten al zaik «klase gorrotoa»? Nik nonbait irakurria zaukaat.

        Zurekin gertatua berritu nion nola edo hala, gorrotoak hartu ninduela, gorroto hura ez zela pertsonala, pertsona hark ordezkatzen zuenari hartu niola.

        — Bob Dylanek nazka ematen digun moduan, esan nahi duk.

        — Bixarberde gorrotatzen dugun bezala, bai.

        Deskubrimendu gaitza zela, horixe ari ginela ospatzen. Smoking papertxoan bildua zeukan puruaren muturra busti zuen Gorkak whiskyan, ezpainetan ibili zuen.

        —Aleksandrak gizonezkoen balio estetikoak erabiltzen dizkik emakume librea izateko, bere pribilegio burgesak ukatu gabe.

        —Orain konturatu al haiz?

        —Ez, baina gertatzen duk ez duela ikusten, guk ez daukagulako nahikoa class appeal geuregana ekartzeko.

        Kopeta zimurtu zuen Gorkak, interesatu egin zitzaion.

        —Neskazahar horiek gure larrua nahi ditek, besterik ez.

        —Baina arrazoia zeukatek emakume bezala. Aleksandrak ere bai.

        Nola ekarri feminismoa gure ederrera? Nola eman gure zakarra feminismoari? Portu bazterretik nentorrela ohartu nintzen kaietan badagoela edertasun bat, yaterik onenarena baino estetikoagoa, edertasun praktikoa delako. Portua kantu handi bat zen, dinamikoa, etengabeko mugimenduan. Fonderian dozenaka mondrian zeuden bezala.

        —Emakumezkoak ere klasetan banatzen dituk. Bizi izan ez dituzuen gauza askori buruz idazten duzue intelektualok.

        — Barka ezak, Gorka. Nik ez diat idazten.

        — Ez, hi dirua behar dualako joan izan haiz bakailaoaren deskargara. Proletarioak ere horregatik joaten dituk lanera, diruagatik, ez iraultza egin ahal izateko.

        — Israelerako ariko badira ere.

        — Pedido berririk ez dela egongo zabaldu duk. Ekindu duk errealitatean, bai. Artistikoki.

        — Horregatik bota nautela ere zabaldu duk, ez al duk entzun?

        Bidegabeko apuntea zen, ni eperako sartu nintzen fonderian, Gorkak bizi osoa eman zezakeen bertan, zer leporatu behar nion? Ikasia zen dialektikatzen matelezurra tinkatu gabe, inoren lepoa haginetan triskatu gabe. Kea nire sudurrera, ezpainak hodi luzatuz, baforearen edo lokomotoraren lurrinezko tutuaren eskapetik bezala. Horrela zigortu barkatu zidan mendekatu zen.

        — Nik esango nikek inbidia diegula goragokoei.

        — Neure zakatzak, Gorka! Hik ez dituk gorroto?

        — Ni baino hobeto bizi dituk, gorrotoa inbidia duk.

        Zinikoarena jotzen zuen, banekien, denok genekien bere ama haien eskailerak sukaldeak garbitzen ibilia zela, amorrua neurtzen ari zitzaidan. Baina orduan «Beteta laga al duk?» bromazko matxokeria hark muinean eduki zezakeen miseria azaldu zitzaidan, langilea ez zegoen harro langileen balioez, goragokoetara igo nahi zuen, alienatua bizi zen fonderian ere, borrokaren arragoan.

        — Orduan, zortzigarren eguna, nola argitu behar diagu?

        — Astiro, txo, astiro... Ez diat uste asteazkenera ere ailegatuak garenik.

        Gorkak, nire bozkario belunaren partaide egin nahi izan nuen lagun minak, berriro zuen kopakoan busti, berriro zuen tantarik isuri gabe jaso, berriro zuen, konpasa harturik hain geometria ederrak sortzen zituen esku harekin, ezpainetara eraman ezpainetan ibili Fariasaren muturra firrilka.

        — Etzakela hori egin, ostia!

 

 

Alde egin nuen, alde egin nion Gorkari, arrain-irinak fonderiako burdina-saldak pintura kolak eztainu hondarrak berrogeitaka atelierretako isuriek moldaturiko orea zen gauean egin nuen nose in flames murgil my cranium in my hand, gure lehia alferrikakoa zen, Camparia odol, inon marrazten ez genituen emakumeak, zure artikuluak, estiloaren kezka, Izeba Aleksandra, haurrideak aldiz bakotxa bereari, edan, edan ezer ezin adosteko, horixe, gerezi zaurituaren odola kopa betean, bai, biktima guztien ordezko Mariluren hileroko aitzinatua, bakotxa bereari: igeri hadi heure odolean. Gure auzo liberatuetako zurkuluak bisitatu nituen, uste dut besoak igerian bezala nindoala ibaiondotik moilarantz zure arrastoak oro ezabatzen, ikaratu egin nituen konporten kasetaren atzealdean besarkaturik lardaskan ari ziren gaztetxoak. Esadak aurrez aurre, Marcuse, utopiak egingarria izan behar duela! Ilargi laurdena inperioaren drapoaren azpitik, kargaderoaren hezurdura alferreko eder Walco Wilco garabi erraldoi baten lepo eraitsia irudi. Gorkaren matxokerian, beteta lagatzea feminista bati egiten ahal zaion oparirik ederrena ez baldin bazen. Izutu egin ninduen pentsatzen nuenak. Mekano ugertuan goiti ekin nion, tobera moko makurreraino joanen nintzen, hantxe etzanen nintzen zure despedidan, azken topa, etorri eginen zinen, banekiela esanen nuke, jakin gabe nekien etorriko zinela kopa bana azkazal bete biontzat, baina ni ez nintzen jadanik ni.

        — Geldi hor!

        Gorantz zeuzkaten noraturik metrailetak, errail bustiek beste egiten zuten distira trikornio beltzek.

        — Jaitsi zaitez segituan!

        Dardara batean jarri nuen kargaderoaren ferraila osoa.

        — Eskuak goiti! Zer ari zinen?

        Trenbideko fokuen argipera eraman ninduten metrailetaren kanoiarekin akuilaturik.

        — Honek beste pankartaren bat zabaldu nahi zuen.

        Arropak askarazi zizkidaten, prakak zangotan eduki ninduten karneta ikertzen zuten artean: zakurraren hotzikara erraietan.

        — Neure burua bota nahi nuen trenbidera.

        Egia zela pentsatu nuen, ez nintzela gezurretan ari, hitz haiek artean umotu ez zitzaidan aukera bat aitortzen zutela irudituko zitzaidan orduan noski morbozale, edo Bixarberderen mendekuren baten biktima nintzela edo Mariluk oinpean lehertzen zuela piztia, amabirjin.

        Tamalgarrizko itxura eduki behar nuen, errukitu egin zitzaizkidan tiroka sakabanatzen gintuztenak.

        — Hoa hemendik, ergel alaena!

        Zure diktaduratik liberatuko nituen auzoetan barrena.