Egarri egunak portualdean
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
aurkibidea
 

 

—5—

 

Galleta fabrika zaharraren parekoan jaitsi nintzen, Oiartzun ibai ondotik gain-behera egiten zuen Lartzabal futbol zelai ospetsuraino oinez segitzeko asmoan. Osteguna zen, libratzen nuen ilunabarra gau eskolan. Kopako kanporaketa bat zeukan Beasainen aurka Touring-ek, partida ona. Txalo zaparrada bat entzun nuen, gero megafonoak zikindu egiten zituen hitz batzuk, asanblada. Jendea zegoen udaletxe aurrean. Amaitzen ari zen, hirigintza batzordea sortzeko pausoak eman behar zituztela, auzoetarik hasi. Sakabanatu egin ginen. Orduan Marilu ikusi nuen, bera ere asanbladan egona, lagun batzuekin despeditzen aspaldian urik ematen ez zuen kupritsak hartu iturriaren ondoan, kupido baten besoetan behera egarrituari buruz labainka zetorren nongobako arraina.

        — Kontuz ibili, batzuetan kanpoko jendea azaltzen da asanbladan.

        — Ni ere hala naiz.

        Xabier anima genezakeen, Mariluren herria goratzen saiatzen zen portutarra. Titular zebilen aspaldiko partez, entrenamenduetara itzulia zen inork espero ez genuela. Aitzakiaren bat behar banu bezala neska batekin paseatzeko. Azterketa bat prestatu behar zuela, baina ez zeukala liburuak zabaltzeko gogorik. Maisu Eskolan zebilen, azken kurtsoa zuen. Futbol zelaira abiatu ginen ibai ertzetik, paperolaren eraikin karratuek sortzen zituzten mulko zurien azpian azido sulfidrikoa arnastuz.

        — Lehengoan besapean pistola zeukaten batzuk azaldu ziren dantza eskean.

        — Jendaila hori nahita nabarmentzen da.

        Neska politaka ibili omen ziren, barretxoak eztuldu zituen. Zein memelotzen ote ginen gehiago dantzan, neskak ala mutilak. Nire lagunak behintzat, ez zekiela zenbateraino. Ezin nizkion dantzaren hitz arrak aipatu, ez nizkiola aipatuko. Ez nintzenetz konturatu «Maita nazazu nik maite zaitudan bezala» zioen alpakazko eraztun haietarik bana zeramatela lagunek.

        — Sexuen arteko berdintasuna adierazi nahiko du.

        Txantxetan ari nintzelakoa eginez, ezpainak sudurrera luzatuz.

        — Zuk ez al daukazu nork oparitua?

        Begiak epeldu zituen nire antzerkia neurtzeko.

        — Ez dizkie inork oparitu, erosi egin dituzte.

        Barre egiten zuelarik eskuarekin estaltzen zuen ahoa, hortzak ustel edo oker balitu bezala. Ez ditu hortzak erakutsi nahi, arriskutsua da, Marilu arriskutsua da idatziko nuen paretarik ederrenean hirigintzako batzordea dena hondatzen hasi aitzin. Nahiago zuela dantzan baino mendian, aspertu egiten zela igandeko plazan.

        — Dantzan ezagutu zaitut nik.

        Urdaburu taldekoak ziren, zoragarri itzultzen ziren ilunabar batzuetan Aizkorri Gorbeia Urbasako lokatza guztiz kendu gabe bota tramankulu haietan ontziratuak: Santa Kruz apaizaren kankailuen luizia, otsoak Parisen.

        — Aspertu egiten naiz dantzako lagunekin, konforme?

        Mendia aterpez betea dago, mila bide dauzka ikasteko, mila intimitate. Zergatik mindu behar nintzen?

        — Benetan etorri al zara futbola ikustera?

        — Baliteke edo litekeena da.

        Euritan hasten bazuen txanoak jantziko genituen, ez genuen elkar zelatatu ahal izanen zeharrez. Ez, ez zuen eginen, ankerkeria izanen zen.

        — Ez da lehen aldia etortzen naizela aste barruan. Baina ilunabarrez ostegunetan besterik ez daukat libre.

        — Ni azaldu naiz portualdean larunbat batzuetan, bakarrik. Gorkarekin topatu izan naiz, ez al dizu deus esan?

        Merkantziaren bagoiak nire gorputz guztien gainetik.

        Burua ezkutatzeko oskolik ez duen barraskiloa.

        Eskerrik asko, adiskidea, gorroto didazuna isiltzeagatik.

        — Nik ere libre izaten dut ostegun batzuetan.

        Bigarren zatia ari ziren jokatzen, sarrerarik gabe uzten zuten sartzen. Xabier ez zebilen belarretan, ordezkoetan ere ez nuen ikusi.

        — Ez duk azaldu. Etorri balitz golen bat sartuko geniken.

        Bertan laga genuen etxekoen tristura.

        — Neskaren batekin ibiliko da, ez digu ezer kontatzen.

        Land-Rover batek frenatu zuen zakar hogeiren bat metrotara, bigarrenak berehala. Gristapokoak ziren, kontrol bat ezartzeari eraso zioten trafikoa zatirik ilunenean geldiaraziz. Eskua hartu zidan Mariluk. Besoa bizkarrean ematea pentsatu nuen ni ere gozoago babeste alde, baina Mariluk ukitu egin behar zuen, izerditzen hasia zen, helduleku bat, norbaiten berotasuna bere haragian. Ez ziguten jaramonik egin, autoen maleteroetara zeuden. Isilik jarraitu genuen Gabierrotako iturrira iritsi ginen arte.

        — Sekulako egarria egin zait.

        Edan, edan, edan, eskuak freskatu xukatu Mariluk irri triste batekin behatzen zidala. Eskua hartu nion, neure eskuetan lehortu nuen igurtzika. Ibai ondoan zuztarrez gora atereak zeuden banku zahar iraulietako batean jesarri zen, malkotan. Kokoriko jarri nintzaion. Eskua luzatu nuen masail heze haietara, baina ez zidan utzi. Estutu egin zidan, gatibatu egin zizkidan eskuak eskuetan, magalean: kate honek lotzen nau, kate honek nau hiltzen, kate honen gogorrak nau ederragotzen... Askatu ninduen, plantxatuko balitu bezala pasa zituen eskuak zabal masailetan, altxatu zen, goazen, autoen ilara plazako semaforotik haratago luzatzen hasia zen, atzerantz hausten zuten batzuek ferra eginez kilometro biren buruan beste kontrol batean jausteko. Halabeharrak hartaratu gintuen, baranda bati helduko ziokeen bezala zion nire eskuari, aterpe, egitate humanitario, arriskuan dagoenarenganako sokorri, zer izan nintzen ni besterik, pasarelako soka marinel hordiaren estropezura. Ez neukan eskubiderik, itomena libraturik, ezpainak salbatuaren ezpainetan pausatzeko. Zigarro bat piztu nuen bi eskuak sakelan ez gordetzeagatik, arruntasuna ematearren tarte lotsor hari. Edo ez ninduen, agian, trofeo bat bezala erakutsi nahi herrian, magaleko esku magaleko txakurtxo. Nolako ustea, zer nintzen ni orain, etxeetan gudari bana, kale guztiek beren buruzagi politikoa zeukaten herri haren barruan.

        — Mesedez, inporta al zaizu etxeraino laguntzea?

        Bederatziak aspaldi iraganak ziren, argirik ez zegoen karrika zaharretan. Giltzaturik zeukaten sotoko atea, zabaldu zuen, burua luzatu zuen lehenik barrurantz inor ote zegoen edo, sartzeko agindu zidan argia piztu gabe. Zarratu egin zuen barrutik ostera. Eskaileraren orporaino eraman ninduen, eraman ninduen elkarren ondoan jesartzeraino hirugarren mailan.

        — Barka nazazu, beste modu batean gertatzea nahi nuen.

        Ahapetik, iluntasuna ez iratzartzeko.

        — Zer barkaturik ez dago, Marilu.

        Erraza zen plaza zabalean, plaza agerian, plaza betean elkarri heltzea. Soto xume bat, lau pareta, barkatzeko eskatzen zidan neska hunkigarri hura, ilunpea, hemen ez neukan koderik.

        — Beste modu batean...

        Oinpean lehertzeko piztia bat, orduan besarkatzen baldin banuen. Gertatu bat nahi zuen, gu biok hartzen gintuena. Esandakora iltzatu nituen eskuak, burua.

        — Zer gertatu behar zen ba?

        Gorritasuna gorantz Mariluren aurpegian, horrelaxe ikusi nuen, biluztasun garden, marmoka txipi bat kontrasteko likidoz betetzen sotoko lau bazterrak erakusteko.

        — Horiek agintzea gure bizitzan, ez da posible.

        Neska bat behar duk puntu lokatik irteteko!

        Heldutasun politikora eramanen hau!

        Euskal Herriaren basamortuak ez dituk biko indibidualismorako!

        — Horiek ere izerditan daude, ezin dute.

        Ikara, eskuak barandarako haga batean nire ezkerreko belaunean sarrailaren hotsera. Gizonezko bat karrikako argiteria ahularekin batera. Besaurre osoa pausatu zuen nire izter gainean Mariluk, ezpainetara ekarri zuen ezkerreko eskua. Zangoarekin eutsi zion ateari gizonak aterki bildua karrikarantz astintzen zuen bitartean. Barruratu zuen zangoa, atea giltzatu bitartean aldameneko argiaren kisketari eragin zion. Ozta itzulia zen eskailerari buruz sotoaren erdian zurturik geratu zitzaigunean.

        — A, barkatu, barkatu!

        Mariluk barrea eskuarekin itotzen zuela.

        Burua makurtu zuen aztoraturik mugaitzeko bisitariak, giltza bila hasi zen sakeletan, zamarrarenetan galtzenetan, bizkarra eman zigun burua jasotzeke, aterantz hurbildu zen, argia itzali zuen giltza egokia asmatu baino lehen, Marilu eztulka lehertu zelarik entzun genion zabaltzen zarratzen giltzatzen. Euritara jalgi zen lagunak nor bere etxera sakabanatuak zituelarik, tabernarik urruneneraino joanen zela esan zidan Mariluk.

        — Aita zen.

        Ez zekien ezer, egon egiten zen, luzaz, izterrez edo eskuez higidura txipiak egiten zituela tarteka, ez zuen agintzen ez zuzentzen, eman egiten zuen hartzeko, ez zen nire gorputzaz nire buruaz jabetu nahi: Teherango gazteen kulunka eztia. Orduan jakin nuen Mariluk ez zidala inoiz galdetuko zertan pentsatzen nuen maitaketa egin ondoren.

 

 

Errenteriako karrika nagusia gainezka gindoazela, jeep batek eraso zigun perpendikularrean, debekaturiko norantzan, abailan, barrutik tiroka, tiroka makadamera jauzi eginik txapelokerrak. Izulaborrian sakabanatu ginen garrasika, lagun asko lurrean herrestan kukutu zen auto tartean, ez dakit nora egin zuten Txurdok Gorkak Garbiñek Xabierrek Antxonek Rikardok Maitanek Josebek.

        — Hemen! Hemen!

        Baina aitzina jarraitu nuen kasu eman gabe paretari atxikia, sotoan sartutakoan porraka hebaintzen gintuzten, taktika hartan zebiltzan azken boladan, entzuna geneukan anbulantzia bat erabiltzen zutela zaurituak bahitzeko. Aurpegi ezagunek egin zidaten dei noizbait, sartu nintzen.

        — Igo, igo, ez geratu hor behean!

        Ateak ireki zizkiguten etxepeko batzuek, ez geratzeko eskaileretan, igo egiten zirela azkeneraino. Sei edo zazpi lagun zeuzkaten sukaldean hirugarren eskuinekoek. Arnasa berdindu nuelarik buru bilo-hori kizkur bat ikusi nuen, iruditu zitzaidan.

        — Eskerrik asko!

        — Ez da ezer, ez da ezer...!

        Bai, Marilu zen, eskerrak eman nituenean itzuli zuen burua zegoen aulkitik, zurbil, eskuak magalean.

        — Marilu... Ez zaude ondo.

        Ezezkoa egin zuen buruarekin.

        — Zauritu egin zaituzte!

        Apal, barkamena eskatuz bezala, etxekoandreak jaso zion parka berdea sukaldean geundenok lotsakizunik ez zeukan huraxe ikus genezan, emakume biluzia, zerk agintzen zuen Mariluren bizitzan.

        — Ez, ez... hilekoa etorri zait, ikaratu egin naiz tiroekin.

        Ilundu zabal bat ageri zuten galtza grisek sabelpean gu guztiontzat, han geunden mutil guztion begirako, ziritxo batean ziztaturiko obulua, obulua kopa hankadunaren hondoan, zabaltzen zuen gorritasuna edan, edan, edan.

        — Astebete barru tokatzen zitzaidan.

        Zapalketak hilen dituenen odolustea, emakumea denon ordezko biktima aitzinatua, odolaren zikindu hura ikusirik jakin genuen sukalde hartan ginenok zaurituak hildakoak edukiko genituela egun hartakoan edo hurrengokoetan: Marilu buruz behera izter zabal zintzilikaturik harategiko kakoan.