Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

Gerra txikia

Lander Garro

2014-05-22 Donostia

 

      Orain dela ehun urte Gerra handia ez zen existitzen. Existitzen bazen 1929ko Erich Weinerten poema hartan bezala existituko zen: munduan zehar zihoan xuxurla bat bezala, gerra ministerioen ahots baten gisara, langileek entzuten ez zituzten xuxurlak bezala —Weinert poetaren hitzekin abestia egin zuen CIAren arabera musikako Karl Marx zen Hanns Eisler-ek—, ikatz eta altzairu ekoizleen xuxurlak ziren, gerrarako osagai kimikoen ekoizleen xuxurlak ziren.

 

      Orain dela ehun urte Gerra handia ez zen existitzen. Gaur Gerra txikia aurkeztuko dizuegu. Gerra txikiak ez dituzte ikatz eta altzairu industriek hasten. Egiturazkotasunari aurre egiteko hasten dira. Plazerez ere hiltzen dutenei eraso egiteko hasten dira gerra txikiak. Gerra txikian jonkiak azaltzen dira.

 

      Nobela honek dauzka Lander Garroren gai klasikoak: mutikoen eta neskatoen arteko gerra txikia, txirrindularitzako gerra txikiak, etxez aldatzearen gerra txikia, kaseteak, arropa berria eskuratzeko gerra txikia, gerra txikiaren baitan ghettoan dauden klase ezberdinak, huts egiten duten bonba autoak, azertatzen duten bonba autoak, munduan gertatzen diren gerra perfektuak eta etxeko gerra txikiak, errealeko futbol jokalariak, errefuxiatu atxilotuen izenak, beste klase bateko emakumeez maitemintzean sortzen diren gerra txikiak.

 

      Yuri Lotman semiologo sobietarrak esplikatzen du bi garaile mota daudela. Lehenengo garailea da borroka batean, lehia batean, egoera gatazkatsu batean, arau tradizionalen arabera jokatzen duena. Arauak dakizkien heroiak denek dauzkaten tasunak garatzen ditu baina kuantitatiboki modu hipertrofikoan. Heroi hau bereziki altua da, erraldoiaren indarra dauka. Halako heroi batek pertsonak garaituko ditu daukan gailentasun fisikoarengatik.

      Bigarren garailea munduko folkloreak landu du: ahulak indartsua garaitzen duenekoa. Lotmanek dio haurraren ideala dela hori. Istorio saldoa sortu da ahul inteligentearen eta erraldoi indartsu ergelaren arteko batailari buruz. Inteligenteak garaitzen du asmatzeko gai delako, irudimenaren abiadura dauka, engainatzeko gaitasuna, inmorala da. Ulisesek Ziklopea garaitzen du. Ziklopea erraldoia da, Ulisesek hitzak dauzka.

      Lotmanek dio: «inteligentea da espero ez diren ekintzak egiteko gai dena, etsaiek asmatu ez dituzten ekintzak egiten dituena».

     

      Baina Xabi —Gerra txikiko pertsonaia nagusia— ez da inteligentea. Ez da bereziki inteligentea. Ahula da. Bere anai-arrebak performanteagoak dira eskolan. Bere anai-arrebek bide independenteagoak urratzen dituzte estetikan eta elkarrizketan.

      Xabi da gerra txiki batean gerra txikiak etengabe galtzen dituen pertsona bat. Aurrera egiten duen aldiro porrot batengatik da. Xabik, ume arrunt batek, idiotaren ikuspegitik esplikatzen dizkigu, demagun, heldu neurotiko batek baino gauza gehiago. Bonba auto lehertu bat dagoen lekuan munduak huts egin duen atentatu bat ikusten du. Idiotak desagertu den kotxe bat ikusten du. Ume arrunt bat begirada arrunt batekin arrunta ez dena ikusten. Xabik hormigoi zati bat baino ez du ikusten besteek Bigarren Mundu Gerrako bunkerra ikusten duten lekuan. Besteek gerra zikinak hildako kide bat omentzen duten lekuan Xabik ikusten du jendea irribarrea duen gizon baten argazkiak zapaltzen (101. o.).

      Xabik aita kolpatuko luke «giharrak balitu, jo eta bertan txikituko luke (...). Begian amatatuko lioke zigarroa. Mingaina atera eta ito egingo luke harekin. Hatzak moztuko lizkioke banan-banan». Haur bat, pertsona inpotente bat. Gerra txiki baten semea, inpotenteen seme inpotente bat. Baionako polizia-etxera doaz eta Xabik ikusten du «Aita den harrizko dorre garaiezina ataka» umiliatzaile batean. Xabik, poliziako funtzionarioa ikusita, «dagoeneko ulertu du ile zuriko gizon hori ez dela arazoa, egitura handiago baten garroa besterik ez dela, beretzat abstraktua den zerbait ordezkatzen duena, solas hartan mamu baten gisan agertzen dena, aita ρimiρo eta polizia erraldoi bilakaturik» (132. o.). Boteretsuen aurrean zikiratutako aitak azaltzen dira Gerra txikian. Poliziari haginka egiten ez dioten zakur inozo inutilak (235. o.). Abilagoak eta argiagoak izaten saiatzen diren kontrarioen semea da Xabi. Abilagoak eta argiagoak diren ez du liburuak ebazten. Bai ebazten du txikiak direla. Oso txikiak. Oso ahulak. Nobelako Manuk labur esaten du: «Gu baino indartsuagoa den arerio baten kontra ari gaituk. Eta horrek beti dakar sufrimendu handia» (226. o.). Baina txikiak existitzen dira izaten ahalegintzen direlako, ihesean ari direlako. Ez dute sofa bat izan nahi. Garrok dio sofak funtzio konkretu bat duela: normaltasuna (81. o.). Xabik ezin du erabaki non bizi den, ez norekin, ez nola. Baina Xabiren inguruko helduek ere ezin dute erabaki ez non, ez norekin, ez nola.

 

      Nobela hau da —nobelako ideia batez esplikatuta— elur bola bat ongi egina. Estutua. Ez da jaurtitzean lehertzen (45. o.).

      Nobelako bi aipurekin amaituko dut: «Dena elurtuta zegoen Trintxerpeko moilan ere. Hango ontziak, txatarra, benta eta guardia zibilen Land Roverrak. Haietako bi kanpoan zeuden, fusilak eskuetan eta kapak jantzita, eta haien inguruan portuko gantzak belztutako elur zapaldua, poliziak tokitik apenas mugitu gabe oinez ibili zirela salatzen. Hatsa botaz lausotu zuen leihoa Nagorek, bertan bere izena idazteko» (46. o.).

      Xabik bere buruari galdetzen dio birritan: «Emango al zizkion Euskadik zapata berri batzuk?» (58. o.).

Hedoi Etxarte