Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

61

 

Tren geltokirako bidean, ez zekien zergatik pasatu zen Txominen etxe aurretik, baina Senpereko gizon bizardunaren ikuskizunak piztutako sua zen seguru, bere begi propioekin amatatu behar zuena, iruzurgilea eta oroitzapeneko Txomin, biak ezberdintzeko.

        Iratzeak baztertuz etxeari buelta eman zion, auto zahar baten zati herdoilduen artean, eta atzeko atakatik sartu zen. Gotzonen eta Maiderren maitasunerako aterpe izandako biltegi aurretik igaroz, leihotik so egiteko keinua egin zuen, poliki, deskubritua izateko beldurrez.

        Hortxe dago Ainara, Cola-cao basokada betea, galletak parean, dorre perfektua osatzen edalontziaren aldamenean, eta marrazki bizidunak telebistan. Garçon erara moztutako neskaren burua dakusa atzetik, goiko aldean puntan hazten zaizkion ileak, alkandora marraduna, eta orain bururantz hurreratzen den eskua, atzamarrez hazka egiten diona belarriari, berriz mahai gainean pausatzeko. Burua ezkerrera biratu du, sukaldeko atetik sartzen ari den amari begiratzeko, eta amaren ezpainak zerbait esanez, «amaitu ezazu lehenbailehen», nahiz eta, den orduagatik, seguruen ez duten inora joan behar izango.

        Amak kartazal bat darama eskuan, sukaldeko armairuan zutik jarri duena metalezko poto baten kontra, eta, eskua han daukala baliatuz, lore zimel bat daukan kristalezko ontzia hartu du. Hatz mamiekin ukitu du lorea, eta beste aldera abiatu da, zakarrontzia ireki eta lore idorra hara botatzeko.

        Ez daki zergatik, gizon bizardunaren zain dago Xabi. Eta oin puntetan egoteagatik hankak nekatzen ari zaizkion arren, eternitatea iraungo luke han zain, Ainararekin batera marrazki bizidunei begira, tarteka galleta bat Cola-cao esnetan busti eta ahora eramaten.

        Topoan sartu zenean familia baten ondoan eseri zen. Frantsesak ziren, erraz antzematen zitzaien. Amak ezpainak pintatuta zeramatzan; aitak ilea alde batera orraztuta, galtzerdiak zango-sagarrak estaltzeraino igota; eta bi umeak, otzan eta isil eserita, arretatsu. Poltsa zango artean utzi zuen Xabik, eta bere Porschea atera zuen handik. Leihoak amaiera aldera zeukan kurba baliatu zuen arranpa bezala. Goialdetik askatzean leihoaren markoan irristatzen zen.

        Trena martxan jarri eta gutxira, aldamenean zihoan aitak txalo egin zuen:

        — Voilà, nous sommes arrivées à l'Espagne!

        Denak leihoetatik begira hasi ziren, Frantziaren aldean Espainia zinez ezberdina ote zen egiaztatzearren. Xabik zeharka so egin zion gizonari (berna biluztu horixkak, belaunetaraino igotako galtzerdiez estaliak), eta Euskal Herrian zeudela oihu egiteko gogoa irentsi zuen.

        Kirol poltsa zabaldu zuen Nazioarteko Zubian, alkandoraren botoiak eta galtzetako brageta lerrokatu gabe zeuzkan polizia batek araka zezan. Bietatik zein ote zen oker zegoena? Alkandora, seguruen. Presaka jantzi izanagatik, beharbada. Baina akats hark uniformerik gabeko bere gizatasunera itzultzen zuen, eta harekiko beldurra eramangarri bilakatzen zuen.

        — ¿A dónde vas?

        — A casa.

        — ¿De dónde vienes?

        — De la escuela.

        — ¿Y tus padres?

        — En casa.

        — ¿Y tú vas solo en el topo?

        — Sí.

        — Pues no deberías. Se lo dices a tus padres de mi parte.

        Poliziak poltsa arakatzen jarraitu zuen, harik eta Enekok oparitutako burdinazko auto zatiarekin topo egin zuen arte.

        — ¿Y esto? —galdetu zion.

        Enekoren etxe aldameneko surf dendako neska irribarretsuaren akordua etorri zitzaion Xabiri, kristalez estalitako haren irribarrea. Eta Beltzaren argazki zuri-beltzezkoa, ohol bustien eta sasien artean ibaian behera zetorrena. Eta Txominen soslai klarionaz margotua, salto batean etxeratzeko ahaleginean, azken hatsean izu.

        Poliziaren soari erreparatu zion. Gai izango al zen burdina zati hura berak eta bere lagunek eztandarazitako autoaren zati kiskalia zela ohartzeko? Ez zeukan azti itxura gizonak, baina Xabik ezin zuen segur egon, eta ez zuen gezurretan harrapatzerik nahi. Hantxe geratuko zen soari so eginez, noizbait gizona nekatuko zen esperantzaz, ezin hitzik ahoskatu. Harrituta zegoen, zein itxura ezdeusa zeukan burdina zati txikiak, eta, aldi berean, zein itxura beldurgarria zuen biloz betetako esku gizen hartan.

        — Ten cuidado —atera zuen poliziak bere gogoetatik—: te puedes hacer daño.

        Trenera itzulitakoan, poliziaren esaldia buruan bueltaka darama oraindik Xabik. Orduan ikusi du bera baino pittin bat aurrerago eserita doan bikote gaztea, elkar besarkaturik. Publikoki maitatzen dute elkar, baina ez maitasuna erakusteko xedez. Ezaxola doaz, amodioaren maskorrean ezkutatuta. Aldameneko eserlekuan doan gizonak tarteka begiz jotzen ditu, agian Xabik berak sentitzen duen inbidiarekin. Nahikoa pinpirinak dira bi gazteak eta euskaraz ari dira, neskak inoiz geltoki batean ahaztuta utzitako motxila bati buruz. Eskua ahoan jarrita ematen dizkio azalpenak mutilari, irriz: orduko tragedia txikia, gaurko txantxa bilakatua, elkar apur bat maitekiroago besarkatzeko aitzakia.

        Trenaren ibili lotia sentitu nahi luke Xabik, etxerako bidea lozorroan ematearren, ahalik eta azkarren ailegatzeko. Ailegatzeko, azkenean.