Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

32

 

Jokin izeneko maizter berri bat iritsi zen etxera udarekin batera. Gizon lasaia eta arduratsua izaki, ohitura berriak ekarri zituen.

        Annie Clauderenean lanean jarraitzen zuen amak, eta han hasi zenez geroztik, etxean kakao esnea eta galletak afaltzen zituzten. Afari azkarra eta erraza. Jokinekin, ordea, ohitura horiek amaitu egingo ziren. Afaltzeko mahaian zamaua zabaldu behar zen. Eta barazkiak afalduko zituzten gehienetan. Patata frijituak astean behin. Eta, ahal zenean, arraina.

        Agintzeko modu sotila zeukan. Denek haren erara egingo zituzten gauzak, ia oharkabean, beharbada poliki hitz egiten zuelako, edo berak ezarritako arauak zentzuzkoak zirelako. Aitari berdin zitzaion, berandu etxeratzen baitzen, beti gosez; eta hark berdin jaten zuen baratxuri zopa edo xerra.

        Jokin ailegatu zenez gero, etxeko begi guztiak Gotzonen samatik aldendu eta Xabirenean pausatu ziren. Jokin berehala ohartu zen, Xabi goizean goiz etxetik irten eta «ezer egin gabe» ematen zuela goiza. Ez zen eskolako lanen kontua bakarrik, etxeko lanena baizik, etxean «denek lagundu behar» zutelako. Ohea egin, gela eta egongela bildu, hautsa kendu... lan asko zegoen etxean. Asteburuetan Gotzonek, Nagorek eta Jokinek jasotzen zuten dena goizero, eta egun hartako jatekoak adosten zituzten. Ia jolasa balitz bezala proposatzen zituen gauza hauek Jokinek, samurtasuna galdu gabe. Agian horregatik bihurtzen zen nabarmenagoa Xabiren axolagabekeria. Hala sortu zen Jokinen eta bi seme-alaba nagusien arteko konplizitatea; eta ez etxeko lanari zegokionez bakarrik, baita bestelako kontuetan ere: bereziki politikan eta irakur gaietan.

        Zeharo baztertuta zegoen Xabi. Amorru pixka bat sentitzen zuen etxera iristen zenean, nahiz eta bere lehentasunak argi eduki; hobe esanda, bere lehentasun bakarra: Oihana. Gainera, borondate kontua izan balitz, baina ez zeukan horrekin zerikusirik. Desesperazioa zen. Gaixotasuna.

        — Gustura al dago jauna bere morroiek prestatu dizkioten jaki goxoekin? —galdetzen zion Jokinek bazkaltzera eseri orduko.

        Eta anai-arrebek barre egiten zuten. Oso barregarria baitzen, benetan barregarria.

        Eta bazkal ondoren:

        — Ez kezkatu, maiestatea, zerbitzariek jasoko dute berorren mahaia.

        Eskandalurako arrazoirik handiena, ordea, dutxa zen. Xabi egunero dutxatzen baitzen bitan: goizez eta gauez.

        — Heure buruarekin haizen garbi zalearen erdia bahintz etxearekin! —ernegatzen zitzaion Jokin.

        Arrazoia zeukan. Baina Xabik garbi egon behar zuen, garbi sentitzeko. Ez zitzaion burutik pasatu ere egiten etxetik dutxa hartu gabe ateratzea, etxetik atera orduko izerditan hasiko zela jakin arren; eta eguna handik hona (Oihanaren etxe aurretik Oihanaren etxe atzera) bueltaka eman eta gero dutxatu gabe ohera sartzea ere ez.

        Horrela sortu ziren Xabiren izengoitiak: Finolis eta Superdiez.

        Sekulako algarak egingo zituzten horren kontura. Eta Xabik ahal bezain ongi eramango zituen, nahiz eta ia gauza guztiak eramaten zituen nahiko gaizki. Fabrikatik zetorkion akatsa zen, malenkoniarako joera sendagaitz hura. Oihanarekin sendatu nahi eta ezin zuena.

        Fededuna zela, huraxe zen Jokinen berezitasunetako bat. Gauero otoitz egiten zuen. Maizter guztiek bezala Xabiren gelan lo egiten zuenez, xuxurlaka entzuten zuen arratsetan. Ez zuen luze jarduten, eta laster hasiko zitzaion hizketan, baina inoiz Finolis edo Superdiez esan gabe, bakarka zeudenean oraindik eta jatorragoa baitzen Jokin.

        — Hik ez al duk otoitzik egiten?

        — Ez.

        — Egin beharko huke.

        — Zergatik?

        — Jainkoarengandik gertuago egoteko.

        — Baina nik ez dakit otoitzik egiten.

        — Nik irakatsiko diat.

        — Hobe ez.

        — Zergatik?

        — Ez dut Jainkoarengandik gertuago egon nahi.

        Esango ziokeen: «Oihanarengandik gertuago egon nahi nuke, Jainkoarengandik baino». Baina ez zion esan. Jakin nahiko zukeen, Jainkoak gustuko arropak izaten ote zituen egunero janzteko, frantsesez ikasi gabe jakin ba ote zekien, edo futbolean beti azken geratzen ote zen.

        Aitari eskerrak, Xabik bazekien Jainkorik eta antzekorik ez zegoela, Jainkoari buruzko kontu guztiak apaizen asmakizunak zirela. Eta Xabik aitak bezala pentsatzen zuen. Bereziki, Jainkorik inoiz ikusi gabea zelako, eta ohitura zeukalako ikusten zituen gauzak sinesteko, kontatzen zizkiotenak baino. Ez zegoen, alde horretatik, Jainkoarekin etsaitasunean: noizbait agertuko balitzaio, sinetsiko zuen. Ideia horrekiko beldur izpi bat bazuen, hala ere, denek lotzen baitzuten Jainkoa agertu aditzarekin, ia mehatxua balitz bezala. Ez zuen inor bere aurrean ager zedin desio, are gutxiago bakarrik egonez gero, adibidez gelaren iluntasunean. Zerbaitek beldurra ematen bazion, zerbait agertu zitekeelako ideia zen. Aurpegi bat, izaki bat, munstroak. Batzuetan gauaren erdian figura bat ikusten zuen eta maindirepean sartu behar izaten zuen, eta han ere izututa egoten zen, harik eta inork ezer egiten ez ziola egiaztatzen zuen arte. Orduan zerbait lasaitzen zen, baina ezin esan beldurrik pasatzen ez zuenik. Gauetan, komunera joateko ere, beti izaten zen agerpenen beldur. Eta korridorean inor agertuko balitz? Kontuz agerpenekin. Jainkoarekiko, beraz, ez zuen sinpatiarik, hura ere munstroen eta sorginen gisara agertu ohi baitzen. Ezin al zuen etorri jende arruntaren moduan? Etorri, eskaileretatik igo, atean kas-kas jo, sartu eta kito? Ez ba, agertu egin behar!

        Jokinen egonaldiak utzitako gauzetan garrantzitsuena, Beatlesen kaseteak izan ziren. Liluraz begiratzen zituen haien argazkiak, eta bereziki ederra iruditzen zitzaion beti launaka ibiltze hura, zinez zerbaiten partaide sentitzen zirela erakusten baitzuten irudiok. Eta izen bikain horiek! Paul McCartney, John Lennon, George Harrison eta Ringo Star. Ezin zen izen aproposagorik eduki kategoriako gizaseme bat izateko eta zoriontsua izateko.

        Bere sentimenduekin ezer egitea zaila egiten zitzaionean, orduan zetorkion hoberen kasete haiek entzutea. Ez zegoen munduan bere sentimenduekin (bere minarekin) kanta horiek baino lotura estuagoa zeukan ezer ere. Gainera, kanta haietatik edertasun bat hartzen zuela pentsatzen zuen, eta une horietan Oihana konkistatuko zuen ziurtasuna itzultzen zitzaion berriz. Gero, ordea, ez zekien edertasun hura Oihanari nola erakutsi behar zion. Hori zen zailena. Langintza errazagoa zirudien xinaurri bati arrainak harrapatzen erakustea.