Mendekuak
Mendekuak
1987, ipuinak
116 orrialde
84-86766-00-1
azala: Joxean Muñoz
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
 

 

Hiru gurutze

 

Atzo lagunekin egona nintzen txopera batzuk hartzen eta... Ez asko, normala, ostiralero egiten dugu... Hamarrak inguru horretan tortila bat jan eta etxera abiatu ginen Txatorenean kafea hartuta... Nik autoa ikaztegi zaharraren zabaldegian neukan, eta bertaratzeko zinema berritik pasa behar da orain nahi eta nahiez, obretan ari dira goiko zurrunean... Larunbata eta iganderako pelikulen fotogramak paratuak zeuden kristaleran... Pornoak jartzen dituzte asteburuetan eta egia esan beha gelditu nintzen...

        Ez zebilen inor, eguraldi hotza zen... Lehenbizi traste gogor bat nabaritu nuen gerrialdean, baina ez nuen jiratzerik izan berehala lasai egoteko eta agindutakoa zintzo egiteko esan zidaten... Ez dakit pistola zen, baliteke... Eskuineko giltzurrunean hain zuzen... Lurrera behatzeko eta kontuz burua altxa... Besoetarik heldu eta ikaztegiko aparkalekura eraman ninduten... Ez dakit zenbat, hiru bai gutxienez... Ez zuten besterik esan, ez zuten bere burua identifikatu... Ni lurrera beha eta hogei bat metro eginen genituen autoraino, gutxiago beharbada... Atea zabaltzen zuten artean alboan zai eduki ninduten, eta ikusi ahal izan nuen zuria zela, Renault 9 eta matrikula 68-P... Bai, seguru nago... Lurrean etzateko auspez... Autoaren matrikula ikusi ote nuen galdetu zidaten, eta nik Y bat ikusi nuela... Alua, ikusi egin duk gainera esan zuten, eta plaka aldatzen lagundu beharko niela, baina behatu gabe, eta algara egin zuten... Ez, tarte horretan guztian aboz berdinak hitz egin zuela uste dut... Ez dakit zergatik, baina nik esanen nuke ez zela euskalduna...

        Bai, baliteke disimulatzeko egitea... Gero berriz batek yatá bien eta milonga esaten zuen aldiro, eta boludo, eta nik hortik ateratzen dut arjentinoa zela... Ba irakurle amorratua naizelako, eta Cortazar... Egia da, baliteke hain zuzen disimulatzeko izatea, arjentinoa zela pentsa nezan... Ez, seguru ez naizela literatura arjentinarra irakurten duen bakarra, baina uste dut zera, heldu nindutenak ez zirela sobera irakurtzaleak...

        Autoan etzan nintzen, atzekaldean, zolan, eta orduan zangoak gainean ipini zizkidaten... Lau... Bi pertsona alegia, eta gerrian traste gogorraren presioa... Orduan plastikozko zorro bat sartu zidaten burutik... Hasieran arnaska hasi nintzen eta plastikoa itsatsi egiten zitzaidan eta dena izerditan ito beharrean, baina gero astiro hasi nintzen arnas hartzen... Ez nuen ezer ikusten... Bidean ez zuten hitzik egin beren artean... Niri bai, bi aldiz esan zidaten lasai egoteko, galdera ziztrin batzuk egin behar zizkidatela... Aboza berdina zen, zinema aurrean hitz egin zidanarena... Ez, ez dakit... Uste dut itzuli asko eman genituela, eta bide onetik gehiena... Gero gurdibidea edo... Maldan gora ia hasieratik eta gero mendikoa beherantz... Hogei bat minutu onetik eta bost edo mendian behera...

        Argiak ere itzalteko esan zion betiko abozak eta irten egin ginen... Eskuak lotzeko esan zuen lehengoak, eta aboz berri batek ezetz, errekan erorten banintzen igeri egiteko aukera emanen zidatela besteari bezala... Algaraka denak... Bai, entzuten zen erreka hotsa nonbaitetik... Ordurarte kolperik eta ez... Baina irten orduko hasi ziren kabroia, putakumea eta halakoak esaten, ordu extrak eragiten nizkiela eta eskarmentu bat eman behar zidatela... Ea potrorik nuen zorroa kentzeko, ea kentzeko... Eta betiko mehatxuak...

        Betikoak diot iaz detenitu nindutenean esaten zizkidatenen antzekoak entzun behar izan nituelako, esateko modu bat da, ea konpañerarik neukan, hitz hori erabili zuten, eta banan bana bortxatuko zuketela neure aurrean eta ea maritxu bat nintzen, eta berdin bortxatuko nindutela ni... Lasterka hasteko mendian behera, punteria egin nahi zutela... Era guztietako trufak... Ez dakit zenbat aboz izanen ziren, sei edo horrela, komentatu zutenagatik zai genituenak ere bazinen... Lehen esan dudan bezala, haietako bat, nik uste behintzat, arjentinoa zen, edo agian bertan egona...

        Kurpilarena egin zidaten, elkarri pasatzen ninduten kolpeka eta ostikoka, hasteko hizketan agudo, izenak emateko bizirik atera nahi baldin banuen... Horietako batean lurrera bota ninduten eta nik eskuak luzatu nituen eta otearen gainean erori nintzen... Oraindik ez ditut ziri guztiak kendu ahal izan, handituak dauzkat biak...

        Nik uste dut jipoitu besterik ez zidatela egin nahi, egiten zituzten galderak kunplitzeko ematen zuten... Zuloa non zegoen... Jestorako berrien izenak emateko... lnpuestoa nortzuk ordaintzen zuten herrian... Nik karraxi egiten nuen, eta farre egiten zuten... Nahi baldin banuen euskara batuan itaunduko nindutela, eskatzeko abokatu bat ere... Algara egiten zuten... Ostikoka, lurrean nintzen eta... Hiru saihets ditut hautsiak... Nik uste dut haietakoren bat edana zegoela... Gauza arraroa da, oso ongi zekiten zer egunetan egona nintzen Herrera de la Manchan bisitan... Ea zenbat damutugai zeuden galdetu zidaten... Asesinoei bisitak egiteko gogoa kendu behar zidatela... Nik ez dakit nola jakin zezaketen noiz egona nintzen... Ez, azkeneko bi bidaiak ez ditut herrian antolatutako autobusean egin... Ez dut neure burua persegitua edo barrendatua somatu egunotan... Lurrean hobeki nengoen, arnasa lasaiago hartzen ahal nuen... Hurrengo batean sakonduko genuela, eta euriaren aitzakiarekin suertea izan nuela eta altxatzeko... Orduan zorabiatu eta konortea galdu nuen... Errekan iratzarri nintzen, aurpegia uretan, zorrorik gabe... Algara egin zuten altxatzen hasi nintzenean... Orduan ileetarik helduta burua gora jasotzera behartuz autorantz abiatu ginen maldan gora, bidera eraman baitzuten nonbait...

        Autoak atzeko maleteroa irekia zuen eta bertan sartzeko esan zidaten... Kukildu egin nintzen barruan... Orduan atentatu bat egitera ninderamatela esan zidan arjentinoak, eta kapota itxi zuen... Beste ordu erdi eskas bat eginen genuen itzulika... Autoa bi aldiz gelditu zen, stopak edo semaforoak... Gero atea zabaldu zuten berriro, eta jauzi egiteko esan zidan arjentinoak... Ni behatzen ere ez nintzen ausartzen, badaezpada ere... Ez nuen inor ikusterik izan... Ezta zapatarik ere... Atera nintzelarik autoak martxa hartu zuen eta egia esan ni ez nintzen jiratu... Zinemaren aurrekaldean nengoen, bidearen erdian... Hirurak ziren...

        Nik uste dut susmagarria dela nire bisiten berri hain zehatz jakitea... Ni seguru nago hala direla... Bai, seguru nago 68-P zuela matrikularen azkena eta Renault 9 normal bat zela, zuria... Gero esatea ahantzi egin zaidan puntu bat... Autoaren barruan nengoela, bueltakoan, maleteroan alegia, hiru gurutze egin nituen... Pintura kenduz... Giltzarekin... Ez noski, baina hatzarekin nabaritzen nuen arrastoa... Maleteroaren goiko aldean, atearen kontzen ondoan, bai, banuen horrenbesterainoko sentsibilitatea... Hiru gurutze bai... Barruan sartuta bakarrik ikus litezke nik uste... Maleteroan, Renault 9 bat, 68-P zuria, hiru gurutze txipi...