Mendekuak
Mendekuak
1987, ipuinak
116 orrialde
84-86766-00-1
azala: Joxean Muñoz
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
 

 

Saturren eskuak

 

        Barruan gauez.

 

Lore bitxi bat. Lore bi. Aunitz lore. Ur soinua. Lurruna loreen ostean gora. Txilin hotsa uraren soinuaren gainetik. Berriro. Dutxa isildu. Esku batek loreak desegin. Txilin hotsa. Begiak itxiak ditu, ilea tantaka. Mutil gazte bat. Satur da.

        Arrain errainuak dirudite mutilaren oinatzek pasiloko alfonbran. Toajan bildua zabaltzen du atea.

        Beste bi gazte ditu aitzinean. Bizarduna bata.

 

1. ARROTZA. Kaixo arratsaldeon.

2. ARROTZA. Satur?

SATUR. Ez, Satur ez dago. Anaia naiz.

2. ARROTZA. Berarekin egon nahi genuke.

SATUR. Atera egin da.

1. ARROTZA. Berarekin egon ginen soldaduzkan. Bilbokoak gara.

2. ARROTZA. Elkarrekin afaltzekotan gelditu ginen...

1. ARROTZA. Non ibiliko da?

SATUR. Ez dakit... Zoazte soziedadera, beharbada han ibiliko da...

2. ARROTZA. Non dago?

SATUR. Frontoiaren atzekaldean, elizaren alboan. 1. ARROTZA. Ea ikusten dugun.

2. ARROTZA. Eskerrik asko. Agur.

SATUR. Agur bai.

 

        Telefonoa. Esku busti batek hartu du. Zenbaki bat markatu du Saturren eskuak. Itxoin egiten du. Ilea tantaka. Ez dute erantzuten. Telefonoa zintzilikatu gabe utzi du, dilindan.

        Kajoi bat zabaldu du. Miatu egiten du urduri. Ajenda bat hartu du.

        Komunaren tapa jaso du. Ajenda hautsi dute Saturren eskuek urduri. Puska txipitan. Ura papertxoz estalia dago. Tapa jaitsi du. Urari eragin dio. Lehortu egiten da.

        Igogailuaren soinua. Satur egon-gelara doa lasterrean. Argia itzali. Igogailua gelditu egin da. Igogailuaren ate soinua. Etxeko atearen zirrikitutik nabaritzen ahal da eskaileretako argia biztu dutela.

        Saturrek toaja bainu-gelan bota du, bidetaren gainean. Argia itzali du. Pasiloan behera doa. Gela batean sartu da. Kristalezko ate bat zabaldu dute Saturren eskuek urduri. Balkoira atera da. Ezkutatu egin da.

 

Ilunabarra izarratua ageri da balkoiko ate erdi zabalduaren ondoan. Etxeko ate soinua.

        Esku berri batek osoan zabaldu du balkoiko atea. Gau ederra dago, izarratua. Balkoira atera da bizkarrez. Ezker eskuin behatu du. Barrura dator. Arrotz bizarduna da. Gerrian gordetzen du pistola.

        Telefonoa jaso du 2. arrotzak. Zintzilikatu egin du, beste eskuan pistola bat eusten duela. Bizarduna heldu da egon-gelaraino.

 

1. ARROTZA. Ez dago etxean. Ihes egin du.

 

        Bestea ez da mugitu. Eskuinerantz apuntatzen du pistola.

 

2. ARROTZA. Ez da posible. Ikusi eginen zuten ateratzen.

1. ARROTZA. Balkoitik aldegin du.

2. ARROTZA. Jaitsi hadi behekoei gaztigatzera.

 

        Bizarduna atera egin da etxetik. Besteak txaketa barruan ezkutatu du pistola.

 

2. ARROTZA. Ongi, orain bakarrik giaudek.

 

        Mutil gazte bat dago lehen apuntatzen zuen aldean, aulki batean jezarrita. Saturren antza du. Ikaratua dago. Xabier da.

 

2. ARROTZA. Esan nahi diat hemen hitz egindakoaz inor ez dela enteratuko.

 

        Ikaratua dago, baina ez du erantzun.

 

2. ARROTZA. Beha ezak. Nik bazekiat ez gaituala maite. Ez diat horrenbeste eskatzen. Beha ezak, ni profesional bat nauk. Eta ez diat nahi mukizu batek nire lana hondatzea. Eta hi izorratzeko gogorik ere ez zeukat.

 

        Ikaratua dago, baina ez du erantzun nahi.

 

2. ARROTZA. Oso ongi, anaia defendatu nahi duk... Ulertzen diat. Baina gauza bat jakin behar duk, gauza bat jakitea nahi diat... Nork uste duk eraman gaituela hiregana?

 

        Ikaratua dago, baina ez du erantzunen.

 

2. ARROTZA. Pentsa ezak pixka bat. Heure anaiak sartu hau istilu honetan. Hitaz baliatu duk gu despistatzeko. Eta saltsa lodi xamarrean hago orain...

 

        Saturren anaiak burua jaso du. Arrotz bizarduna sartu da etxean.

 

1. ARROTZA. Zer, gogorretakoa al da?

2. ARROTZA. Hala ematen du.

1. ARROTZA. Tailerrean landu beharko!

2. ARROTZA. Ez nuke nahi, pena ematen zidak. Ez nuke nahi bere anaiagatik apuro batean ikustea...

1. ARROTZA. Aizak hi... zera, nola duk izena?

XABIER. Xabier.

1. ARROTZA. Beha Xabier, hobe diagu adiskide izanda. Ni Txikia.

2. ARROTZA. Niri Argala esaten zidatek.

 

        Xabierrek ez du hartzen 1. arrotzak luzatzen dion

eskua.

 

1. ARROTZA. Je, esan al diok nork esan digun soziedadera joateko?

2. ARROTZA. Beha ezak Xabier, ez ezakela anaia salatu kontzientziak uzten ez badik. Baina ez nazakela izorra. Esaidak izen pare bat bakarrik...

XABIER. Nik ez dakit ezer!

1. ARROTZA. Hik ez dakiala ezer, zertaz?

 

 

        Kanpoan gauez.

 

Sotoko atea. Auto bat bazterreratua aitzinean. Bi gizonezko aurrekaldean. 1. eta 2. arrotzak ageri dira atean, Xabier erdian daramatela besoetarik helduta. Autoan sartu dute. Autoak martxa hartzen du.

        Farola baten atzean polizia bat dago. Belaunikaturik, eta fusila eutsiz. Zuhaitz atzekoa zutik dago, apuntea eginez fusilarekin. Auto atzekoak makurturik daude, eta fusilaren kanoiak erakusten dituzte. Herriko plaza poliziek hartua dago.

        Zibilezko batek ozengailu bat dauka aho aurrean.

 

ZIBILEZKOA. Inguratua zaude! Hobe duzu jaitsi!

 

        Zibilezkoak ozengailua utzi eta zeinu bat egin dio lagun bati, honek hirugarren bati.

        Erreflektoreek etxearen goi aldea argitu dote. Erne daude fusilariak. Teilatuan ez da ezer ageri.

 

OFF ZIBILEZKOA. Jaitsi zaitez!

 

        Teilatu argituan gorputz biluzi bat zutitu da poliki. Satur da. Argiek itsutua dago. Eskuak iztapean ditu.

 

OFF ZIBILEZKOA. Eskuak gora!

 

        Saturrek zabaltzera egiten ditu begiak. Ezpainek zer edo zer murmuriatzen dute.

 

OFF ZIBILEZKOA. Eskuak gora!

 

        Erne daude zuhaitz atzekoak, erne daude auto atzekoak, erne daude farola atzekoak. Fusil guztiek teilatura behatzen dute.

 

OFF ZIBILEZKOA. Eskuak gora!

 

        Geldiro, teilatuko mutil biluziak eskuak jaso ditu buru gainetik, eta haien itzalek oraino egotzia izan ez den aingeruaren hegalek bezala laztandu dute teilatua.