Idazleen gorputzak
Idazleen gorputzak
2019, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-25-9
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Puntu eta aparte

 

      Literatur sistema handiagoa den eta patriarkatu kapitalista dei diezaiokegun sistema baten baitan ulertu behar da, eta sistema erraldoi horrek bere menpean hartzen dituen gorputzak modulatzen dituen modu berean modulatzen ditu literatur sistemak idazleen gorputzak ere.

      Egilea produktu historiko eta testuala denez, bost idazle hauek garai, giro eta eskualde ezberdinetakoak izan arren, beraiekin hitz egin eta gero ikusi dut badaudela errepikatzen diren alderdiak, sistemak modu zehatz batean eragiten baitie guztiei emakumezko eta idazle izate hutsagatik. Honela, generoari datxekion ardatza azaleratu nahi izan dut, zeina historikoki eta testualki irakurri behar den, hau ere. Ugariak dira lastak eta idazteko ordaindu beharreko peajeak. Sotilak bezain sakonak emakumezko idazle batek hartu beharreko posturak bera egile gisa irakurria eta bere literatura literatura gisa irakurria izateko, bazterrean eta bazterreko ez gelditzeko. Ez da harritzekoa beraz, baldintzapeko askatasun egoera honetan, patroiak, dinamikak, asmoak, usteak, gatazkak, intuizioak, beldurrak, zalantzak, minak, ametsak, hautemateak, posturak, konplizitateak, gaiak, estrategiak eta arazoak errepikatzea.

      Zortzi multzotan sailkatu ditut haien idazle gorputzetatik behin eta berriz hautemandakoak. Idaztea eszenara sartzea bada, atzemandako patroi eta dinamika horiek eragin zuzena izango dute idazleen gorputzetan eta hauen postura literarioetan, kanpora begirakoan (beren gorputzaren bidez ematen duten irudian), zein barnera begirakoan (testuaren bidez ematen duten beren buruaren irudian). Posturaren prismaren bidez existi daiteke bakarrik pertsona bat idazle moduan, eta hala, idazle orok, bere egile irudiaren inguruan duen pertzepzioak baldintzatuta sortuko du berea, kontzientzia maila handiagoarekin edo txikiagoarekin.

 

 

APALTASUNERAKO DEIA

 

      Horixe da munduak itzuli diena idazle gisa eszenaratu direnean.

      Arantxa Urretabizkaia idazlearen eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko arrakala ikus daiteke oraindik Urretabizkaiak “tarteka liburu bat idazten duen pertsona” gisa deskribatzen duenean bere burua. Zein idazle ez da tarteka liburu bat idazten duen pertsona? Tarteka liburu bat idazten duenaren eta idazlearen arteko aldea ez al dago egiletasunaren baitan?

      68ko belaunalditik kanpo kokatu izanak, egiletasuna kendu baina bitxikeria estatusa eman dio, bere lana isolatuz, ohikoa dena, bestalde, gizonezkoak nagusi diren esparruetan: emakume bakar baten lana onartzen da, ondasun urria baita. Laura Mintegiren kasuan, inguruak “bizio pribatutzat” jo du idaztearen aldeko hautua, eta sari bat jasotzeko jendaurrean idazle gisa agertu zeneko “harrokeriaren” ondoko zigorrak arrastoa utzi zion; hura gutxi ez eta etxean ere jaso zuen zentzagarria: bera etxekoandre bat zen, alkandora lisatzailea; azkar ikasi zuen, bai etxekoen aurrean eta bai besteen aurrean arrakasta zekarkioten gaitasunak disimulatzen eta apala izaten. Miren Agur Meabek eskertzen du etxekoengandik apaltasuna balio bezala jaso izana, baina ez du ahazten balio horren ifrentzua zein den: “zure buruarekiko konfiantza lapurtu ahal dizu”. Karmele Jaiok, bere burua euskal literaturaren historian kokatzeko eskatutakoan “kate baten barruan” kokatu du, emakumezko idazleentzat ateak irekitzen ari zireneko horretan, ez egile indibidual eta bakan moduan. Uxue Alberdiri telebistan egin zioten lehenengo elkarrizketan, hain zuzen ere, horixe leporatu zioten: idazlea izateko gogo nabarmenegia; eta bere burua euskal literaturaren historian txertatzeko eskatuta, erantzun du jende batek pentsa dezakeela ez dagokion tokia betetzen duela. Azken honek, gutxika-gutxika, idazle gisa gero eta autoritate handiagoa sentitzen duen arren, kontziente da jendearen aurrean onartua izateko inteligentzia eta talentua erakusteko bulkada izan ohi duela, ukazio batetik abiatuko balitz bezala. Karmele Jaiok aipatzen duen argazkilarien aurrean burua makurtu behar horretan laburbil liteke agian apalkeria fortzatu hau.

 

 

FESTARA GONBIDATUAK

 

      Eszenara sartzea baldin bada idaztea, ia denak sartu dira gizonezkoren batek lagunduta: Arantxa Urretabizkaiak Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasola aipatu ditu argitaratzera bultzatu zutenen artean, eta azken honen aholkua bilatu du urte askoan zehar; Laura Mintegik gizonezkoen onarpen beharraren aferarekin katramilatu izana aitortu du, izan etxean izan jendaurrean aritu denean; Miren Agur Meabek Jon Kortazar eta Adolfo Arejita aipatzen ditu bere lehenengo plazaratzearen sustatzaile, eta idazle titulua eman zion bigarren plazaratzea Gorka Arreserekin lortzen du; Karmele Jaioren lehen irakurlea Xabier Mendiguren da, eta argitaratzera bultzatu zuena Edorta Jimenez; Uxue Alberdiren kasuan, Harkaitz Canoren gutuna mugarria izan zen bere buruarengan sinesteko orduan, eta aita, Andres Alberdi, da bere testuen zuzentzailea eta lehen irakurleetako bat.

      Aita pontekotza hori gabe idazle batzuen lanak bidean geldituko ziren agian, eta beste batzuk ez ziren inoiz idazle izango, ez behintzat egile edo autore. Alta, aita pontekotzak ere sor ditzake loturak, zorrak, menpekotasunak, hierarkia faltsuak.

      Aipagarria da, akaso, bostetako bakar bat ere ez dela literatur talde bateko partaidea izan, eta ezta ere, taldera iritsi gabe, inongo zalditeriatakoa.

 

 

MISIOA

 

“Baimentzen dizkiguten goseak / baizik ez zaizkigu geratzen / gure farola sakratuen argitan / jarraitzea promestu dugun dena delako maparen arabera / plazerak traizio egingo digu / egin beharrekoa egin ezean / nahiz eta / ez dugun egin nahi / ikusi harri etsaia bidea egiten, erretiroan / plazer edo pozik gabe / beste aldera begiratzen dugu / gure ametsak egia bihurtzen direlarik / gure esku odoltsuek historia zeharkatzen dutelarik / idatziz / etorri gara / egin dugu / egitera etorri ginena”, dio Audre Lorderen poemak [Sakrifizioa], Danele Sarriugarteren itzulpen[14] ederrean.

      Gonbidatua izatearen sentipena gainetik kendu ezinda agian, baina bostek erakutsi dituzte orotariko traben, zailtasunen, bazterketen, laidoen, isiltze ahaleginen eta jazarpenen aurrean tema, tinkotasuna, zuhurtzia, ardura, duintasuna eta pasioa, haur-gazte denboretatik hasi eta gaurdaino. Uxue Alberdik misioa deitzen dion horri, Karmele Jaiok “egin behar duena egitearen segurtasuna” esaten dio eta kasik hitz berberak erabiltzen ditu Miren Agur Meabek idazten ari denean sentitzen duena adierazteko: “Egiten ari naiz egin behar dudana”. Alberdiri haur garaitik datorkio hitzarekiko lilura, eta emozioak ez ezik, argudioak taxutzeko tresna izan du; Jaiok, hamazazpi urterekin idazten hasi zen arren, handik hamar urtera argitaratu zuen bere aurreneko liburua; Laura Mintegi 10-12 urterekin hasi zen poesia idazten, eta 15ekin barneratu zuen idatziz jarraitu behar zuela aurrera; Arantxa Urretabizkaiak idazten zuenik ez zekien inork, eta sariketa bat irabazi eta bere izena publiko egin ondoren ere, gertukoenek lanak izan zituzten pertsona hura idazlea zela sinesteko; Miren Agur Meabek betidanik izan du bere burua idazletzat, baina jakin badaki hori ez dela nahikoa: “besteek aitortu behar dute”, aitortza hori berrogei urterekin etorri zitzaion, mordoxka bat liburu argitaratu eta gero.

      Misioaren sentimendu zoroaren seriotasunik gabe nekez iritsiko ziren iritsi diren tokietara. Horrek adierazten du, bi aldiz zoro eta bi aldiz serio izan behar izan dutela idazten jarraitu ahal izateko edo, zehatzago esanda, idazle izateko. Oztopo eta zailtasun erantsi hauen aurrean amore eman dutenak zenbat izan diren ezin jakin.

 

 

FEMINISMOAREN ARGIA

 

      Itzaletan zergatik zeuden ulertzeko. Arantxa Urretabizkaiak nerabezaroan irakurri zuen Simone de Beauvoirren autobiografia, eta ordura arte auto propioa eta honek zekarren independentzia bere zerumugatik kanpo egon arren, harrezkero ulertu eta barneratu zuen berak ere eskubide guztiak merezi zituela. Miren Agur Meaberi argitaletxeko lanean parekidetasunaren zehar-lerroa kontuan eduki behar izateak, batetik, eta Skolastikaren eskutik ezagututako literatur kritika feministak, bestetik, mundu zaharra zalantzan jartzea, emakumezko idazleen lanak berrinterpretatzea, sistema patriarkalaren aldamioak bistaratzea eta ahizpatasuna ekarri zizkion, besteak beste. Karmele Jaio, protagonistak gizonezkoak ziren munduan Bestea sentitu zen lehenik, eta bere haragitan bizitako ezinegonari teorialari feministek jarri zioten hitza, Simone de Beauvoirrek eta Kate Millettek. Uxue Alberdiri, aldiz, kontrara gertatu zitzaion: txikitatik feminismoa presente egon den etxe batean hezitakoa, plazara irten arte ez zuen gorputz osoarekin ulertu feminismoa zer zen eta zein biolentziatatik babesteko balio zuen; denborarekin, balio izan dio plazan gertatzen zitzaizkionen inguruan teorizatzeko, baina baita ere bereak zoro baten pentsakizunak ez zirela ulertu, konplizeak aurkitu eta bakarrik ez borrokatzeko. Laura Mintegik harreman kontraesanezkoa du feminismoarekin: urte luzez ez du bere burua feministatzat izan, berak ezagututako mugimendu feminista biktimista iruditzen baitzitzaion, eta Mintegik ez du sekula muga edo ezinezkorik onartu emakume jaio izanagatik.

      Bostek bilatu dituzte moduak emakumea eta idazlea izateak ekarritako arazoak bideratzeko, konplizitate eta jarraikortasun maila ezberdinekin. Meabek, Mintegik eta Urretabizkaiak Euskal Emakume Idazleen Lantaldearen bileretan parte hartu zuten; Jaio Emakundeko komunikazio arduraduna da; eta Alberdik bertsolaritzaren eraldaketa feministaren alde lanean dihardu.

 

 

GORPUTZAREKIN BORROKAN

 

      Postura literarioaren markak gorputzetan haragitzen dira; eta hala, egoteko, performatzeko eta egoera historikoak birsortzeko tokia dira gorputzak. Ez da harritzekoa, beraz, jakitea denek izan dutela harreman gatazkatsua esleitutako generoarekin, baina batez ere Urretabizkaiak eta Mintegik: hauentzat neska jaiotzea tragedia izan zen; garaiak ere izango zuen eragina gorputza hautemateko moduan. Urretabizkaiari gorputz berriarekin adiskidetzea kosta egin zitzaion bitartean, Mintegik bere burua maskulino gisa deskribatzen du. Biek ala biek nolabaiteko mesfidantza adierazten dute gorputzari buruz mintzatzeko eskatu nienean. Muturrekoagoa da Mintegiren kasua, honek gorputza ukatu egiten baitu.

      Jaiorentzat eta Alberdirentzat ere ekarri zuen buruhausterik nerabezaroan: lehena arrotz sentitzen zen aldatzen ari zen eta emakume etiketarekin izendatuko zuten gorputz hartan, bigarrenak ezinegona zuen bere gorputza ez zelako nahikoa azkar aldatzen ari.

      Meabek etekin literarioa eta sinbolikoa atera dion identitate marka jakin baten jabe da eta gorputza ezagutza tresna gisa erabili izan du aspaldidanik, baita identitatearen bilaketari lotuta ere. Gorputzari loturik bizi izan dituen aldaketa garrantzitsuenak (begiaren galera, haurdunaldiak eta menopausiak) erresistentziarik gabe onartu ditu, izan ere gorputza kode alternatibo bat aldarrikatzeko erreminta da berarentzat.

      Urretabizkaiak eta Mintegik argi bereizten dituzte burua eta gorputza, adimena eta edertasuna. Biek aipatu dute ez dutela gorputza presente sentitzen idazten ari direnean, nahiz eta Urretabizkaiaren kasuan, adibidez, aitortzen duen beldurra eta biluztasuna sentitu izana, bere gorputz erreala inplikatuta egon den garaiari buruzko testigantza-kronika (Bidean ikasia) idatzi ondoren.

      Jaiok eta Alberdik gertuagoko harremana dute gorputzarekin idazten ari diren momentuan, gorputzaren inguruan gehiago pentsatutakoak direla dirudi, eta konfiantza handiagoa erakusten dute harekiko, batez ere Alberdik, zeinaren diskurtsoa eratzeko langai eta lan-tresna inportantea den. Meabek erabateko inplikazioa aipatzen du idazte uneari lotuta; ez ditu adimena eta gorputza bereizten, ez arrazoia eta emozioa, ezta logika eta intuizioa ere, dimentsio guztiek bat egiten dute Meaberen azalpean.      Edonola ere, bostak bat datoz alderdi batean: idazteak eta sortzeak bizirik sentiarazten ditu, boteretsu eta batzuetan jainko. Urretabizkaiaren kasuan idazteak bizirautearen eta bizitzearen arteko aldea markatzen du, Mintegi idatzi ezean hilik sentitzen da, Jaiok ezin idaztearekin lotzen du pairatzen duen gaitz autoimmunea, Alberdik gorputzean erreakzio bat sortzen dionari buruz idazten du maiz.

 

 

BORROKAREN AURREAN NEUTRAL

 

      Urretabizkaia, Mintegi, Jaio eta Alberdi bat datoz: ezin dute jendaurrean femenino edo femeninoegi agertu. Batzuentzat ez da lan handia, beste batzuentzat kontzienteki hartutako posturaren parte da: gona motzarekin edo belarritako nabarmenegiekin agertuz gero ez dute entzungo esaten ari direna, ez dute sinetsiko irakurriko dutena. Meabe aldiz leial zaio bere estiloari, txukun joatea gustuko du, berdin dio nora eta zein roletan, eta ez du generoari loturiko moldaketarik detektatu bere jardunean, ez idazle bezala ari denean ez bestela ere, eta liburutik liburura jendaurrean ematen duen itxuran egon daitezkeen aldeak begiari loturikoak dira.

      Arantxa Urretabizkaiak dio itxurari aparteko arretarik eskaintzen ez diola, sumindu egiten da inork bere adinaren inguruan ustez lausengatzen duenean, berak indarra idazletzan jarri du, eta hortik etor dakizkioke lorerik ederrenak. Ilea urdinduta eramatearen erabakiaren atzean gogoeta ideologiko oso bat dago, eta, ondorioz, aldarri ideologiko bat ere bada ilea natural eramatea. Edonola ere, seņora itxura izateak izutu egiten du, guztiz azaldu gabe zein karga duen estereotipo horrek. Laura Mintegi gizonezkoen arropa-dendetan jantzi izan da maiz, eta argi dauka itxuran eta janzkeran neutraltasuna duela helburu. Kasu honetan, andrearen estereotipoari egin nahi dio itzuri: zaurgarritasuna, hauskortasuna, segurtasun gabezia ordezka ditzakeen horri. Ez luke nahi itxurak intelektua edo mezua estaltzerik, eta konturatzen da diskrezioaren lanketa erabili duela autobabeserako. Karmele Jaio pertsona eta Karmele Jaio idazlearen artean dagoen aldea da, idazle maskara jarri ondoren seguruagoa, irekiagoa eta autoestimu handiagoarekin sentitzen dela. Edonola ere, berak ere neutraltasunaren bila egiten du: nahiago du idazle agertu guapa agertu baino. Uxue Alberdik, bere bulkadaren kontra akaso, eta feminitate marka agerikoegiekin jendaurrean agertzeak ekarri izan dizkion arazoek zentzatuta, gero eta gehiago bilatzen du soiltasuna eta neurritasuna.

      Polit agertu nahiak ez ditzala sinesgarritasuna eta talentua estali.

      Denek aipatu dute argazki saioetan sentitu izan ohi duten tentsioa: idazleek beraiek kontrolatu nahi dute emango duten irudia, eta ez alderantziz. Urretabizkaiak, adin batetik aurrera, elkarrizketak baino gogo biziagoa du ateratzen dizkioten argazkiak kontrolatzekoa; Mintegi alienaturik eta ezdeus sentitzen da argazkilarien aurrean; Meabe jendaurrekoan gustura sentitu ohi den arren, argazkilarien aurrean jartzea gutxien gustatzen zaion partea dela aitortzen du; Jaiok eta Alberdik behin baino gehiagotan aipatu dute irri egiteko argazkilarien eskaera: argi daukate gizonezko idazle bati eskatuko ez lioketen zerbait dela.

      Bost idazletik lauk gorputzetik feminitate markak ezabatzerainoko presioa aipatu dute. Eutsi al dakioke presio horri presio hori corpusetara, literaturara lerratu gabe? Poemez, ipuinez, nobelez, iritziz.... osaturiko corpus literario hauek ukigabeko eremua izan daitezkeela sinetsi nahi al dugu? Kasualitatea ala kausalitatea da neutraltasun nahi edo behar horri itzuri egin dion idazle bakarrak, Meabek, gorputza identitate eta ezagutza tresna, literatur gai, autoerretratuen eta liburu osoen harrobi bilakatu izana? Ezkutatu edo lehen-planora ekarri?

 

 

MERIENDA USAINA

 

      Espero bezala, amatasunak inpaktu handia eragin die, bai gorputzean, bai corpusean, bai bizimoduan, bai idazletzan eta baita egile posturan ere; areago, beren bizitzetan mugarria izan den esperientzia izan da. Bosten gorputzetan gertatu diren aldaketei buruz galdetuta, denek aipatu dute ama izan zireneko garaia eta denek aipatu dute amatasunak idazketari eskaini behar zaion denboran eragin izana, larritasun maila ezberdinekin.

      Mintegiren kasuan, haurdun zegoela sentitu zen lehenengoz gustura bere gorputzean eta bere gorputzarekin; Meabek izandako bost haurdunaldiek gorputzean utzitako markak izan ditu mintzagai, baina baita amatasunak ekarritako inspirazioa eta betetasuna ere; Jaiok, ordea, gorputzaren ausentzia aipatu du, amatasunak besteen gorputzez arduratzea ekarri baitzion, berea ahaztuz, baita kontzentrazio galera ere, zeina oraindik ez duen errekuperatu; Alberdik, bere buruaren autopertzepzioan ekarritako aldaketa aipatzen du: neskatila izateari utzi zion.

      Amatasunaren ondorengo logistika arazoak izan dituzte mintzagai: gehienek aipatu dituzte norberaren gelaren faltak edota norberaren gela okupatuta egoteak idazteko ekarri dizkien zailtasunak. Alde honetatik, Urretabizkaiaren kasua litzateke gogorrena: urte askotan ezin idaztea ekarri zion, eta hala ere inoiz ez du logistika arazo hauei buruz inongo gizonezko idazlerekin hitz egin. Mintegik, hiru jardun txirikordatu behar izateak ekarritako estresa du aipagai: profesionala, idazletza eta amatasuna, nahiz eta bere kasuan presioak idazten laguntzen dion. Meabek, semea artean txikia zela, senide nagusiagoez arduratu behar eta nekea, kontzentrazio galera eta idazteko denbora falta ekarri zion aroa aipatu du. Jaiok presioa izan du hizpide: idazten ari denean egin behar duena egiten ari deneko bake sentsazioa eta egin behar duen hori egiteko daukan denbora apurrak sortzen dion larriduraren arteko talkatik etorritakoa. Alberdik, idazteko antolaketa berria eta etengabeko negoziazioa aipatu ditu, eta esperientzia indartsua den aldetik, testuan eta idazteko maneran izandako eragina azpimarratu ditu. Gainera, ia denek esan dute, beharrak edozein tokitan eta edozein momentutan idaztera eraman dituela, idazteko behar denaren inguruko idealizazioa burutik kenduz.

      Mintegik uste du, amatasunak estatus eta sinesgarritasun galera ekarri ziola plaza publikoan ari zenean; Alberdik, idazle diren amen inguruan egon ohi den mamuak izutu beharrean indarra eman ziola aitortu du, eta beragandik ezer espero ez denaren askatasunarekin idazteko beta; Jaiok dio, jendaurrean idazle bezala ari denean, haurrak gertu egonez gero gorputza eta ahotsa aldatzen zaizkiola eta infiltratuta daraman ama horrek idazle posturak ematen dion boteretxoa lausotzen diola. Meaberentzat, semearen haurdunaldia, garai emankorra izan zen literaturari zegokionean ere, aldiz, kontu handiz neurtu zuen garai hartan idatzitako poemen argitalpenaren egokitasuna, hainbeste, ezen eta idatzitako guztietatik bi baino ez zituen jaso idazle gisako aitormena ekarriko zion Azalaren kodea liburuan, garai hartan amatasuna aldarrikatzea ildo zaharrekiko segida irudikatzea zekarrelako, eta ondorioz, sinesgarritasun galera, segurki.

      Orokorrean ez dute gustuko idazle gisa ari direnean amatasunaz galdetzea, idazle aitei aitatasunaz galdetzen ez zaien moduan, kolpetik esparru intimo horretara salto egiteak autoritate galera dakarrelako, idazle bakan izatetik ama generiko izatera igaroz. Edonola ere, egin izan dieten galdera da, zuzen ez denean zeharka, “nola egiten duzu denera iristeko?” edo “nola moldatzen zara idazteko?”, inplizituki auzitan jarriz, batetik, ama onak diren, eta bestetik, idazle onak diren, eta ondorioz iradokiz biak bateraezinak direla.

 

 

“BOTANIKA DA!”

 

      Askok beraiei buruz duten aurreiritzia oso presente duten bost idazle hauen iritziz, lehen mailako gaiak daude eta bigarren mailakoak, prestigiodunak eta banalak: lehenengoak historikoki gizonen eremuetara lotuta egon diren gaiak dira, bigarrenak emakumezkoenetara. Halaber, Meabek, Jaiok eta Alberdik uste dute gizonek idatzitako literaturan samurtasuna dohain gisa hartzen den maila berean hartzen dela emakumezkoek idatzitako literaturan akats gisa. Hala, emakumezkoen literaturan emakumearen estereotipoaren kontra eraikitako dohainak famatuko lirateke: gogortasuna, gordintasuna, ausardia, iluntasuna, zorroztasuna, seriotasuna. Meabek gaineratzen du emakumezkoek idatzitako literaturari eskatzen zaiola emakumezko pertsonaiak erdigunean jartzea eta ni pertsonaletik ni kolektiborako zubiak eskaintzea. Halaber, ohartarazten du emakumezkoek idatzitako literaturan, gizonezkoek idatzitakoan ez bezala, joera handia dagoela arrasto autobiografikoak bilatzeko.

      Agian horregatik jartzen dira erne, kazetariek haien bizitza pribatuaz eta domestikoaz galdetzen dietenean edo kritikariek haien biografiaren alderdi pribatuak edo domestikoenak ekartzen dituztenean kritikara; agian horregatik galdetzen zaie haien bizitza pribatuaz eta domestikoaz edota ekartzen biografiaren alderdi pribatuak edo domestikoak kritiketara: estereotipotik ihesi egiten dute batzuek, estereotipoaren bila beste batzuek. Izan ere, gehienek aipatu dituzte kritika batzuk, zeinetan emakumezko izateak eragina izan duen haiek idatzitako liburuari begiratzeko maneran.

      Urretabizkaiak, Mintegik, Jaiok eta Alberdik presente daukate honek haien postura literarioari eta, azken buruan, testuari eragiten diola, testu baten funtzionamendua aztertzerakoan, testua historikoki eta sozialki kokatutako esanahi baten eraikuntzan parte hartzen duten elementu bat gehiago baita. Agian horregatik du nahiago Arantxa Urretabizkaiak kanpora begiratu, bere bizitza ez interesgarria lehengai gisa erabili baino; agian horregatik ematen dio pudorea nia erabiltzeak edo oroitzapen pertsonalez hitz egiteak; agian horregatik haserretzen da kazetariak lorategiekiko bere pasioari iseka egiten dionean; agian horregatik jartzen du Laura Mintegik hainbesteko kontua idazten ari den bitartean gorputzean gertatu zaiona nabaritu ez dadin, gertatutakoa katarroa edo haurdunaldia izan; agian horregatik zaintzen du hainbeste ematen duen itxura; agian horregatik iritsi da gorputza ukatzeraino; agian horregatik kokatzen du Karmele Jaiok bere burua emakumezko idazleen artean, bere burua euskal literaturaren historiaren barruan kokatzeko eskatutakoan; agian horregatik ardura zaio gero eta gehiago hurrengo prentsaurrekora nola jantzita joan; agian horregatik saiatu da orekatzen Uxue Alberdi nobela samurrek berari buruz eman lezaketen irudi gozoa ipuin-bilduma lehor eta ilunago batekin edota karga sozio-politiko handiagoko nobelarekin; agian horregatik idazten du Meabek gorputzetik, gorputzarekin eta gorputzaz, ezabatu ezin den marka aldarri bilakatzeraino.

 

Hendaian,
Euskaltzaindiak plazandre[15] sarrera
hiztegian jaso duen urtean.

 

 

[14] Audre Lorde, Munduko Poesia Kaierak, Susa, 2016.

[15] Ketchup, kebab, in vitro, mamografia, muesli, pederastia, porno, reggae, twist, tzotzil eta zigala-rekin batera, besteak beste.