Idazleen gorputzak
Idazleen gorputzak
2019, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-25-9
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Karmele Jaio Eiguren[7]

 

      Melena gaztainkara, aurpegi osoarekin egiten du irribarre. Begiek diz-diz egiten diote hitz egiten duenean, lotsatia da, eskuetan igartzen zaio. Hitzak tentuz aukeratzen ditu eta esaldiak egin ahala desegiten ditu, esaten ari denari jarritako pisua jarraian kendu egin nahi balio bezala, sarritan etenpuntu horien gainean ipiniz esan gabekoa.

      Guraso lekeitiarrak, bi neba, langile familia bat. Aitari Gasteizen eskaini zioten lana, eta bertan jaio zen eta bizi da Karmele Jaio. Langile auzune batean hazi zen, beti ezberdin izatearen susmopean, eta etxe ondoan eskola publiko bat zegoen arren, ikastolara bidali zuten euskaraz ikas zezan. Aitak maiz gogoratzen zion, ahalegin handia egin behar izan zutela haiek euskaraz izan zezaten, ekonomikoki batez ere. Seme-alaben antzera, gurasoek ere sentitzen zuten haien habitatetik kanpo zeudela. Garai hartan Gasteizen apenas entzuten zen euskara, eta haiek “euskaldunak” ziren. Ikastolan ere, jaio-eigurendarrak “besteak” ziren, gehiengo euskaldun berriaren artean arraro. Gasteizen lekeitiarrak eta Lekeition gasteiztarrak, beti izan du apur bat ez-lekuan egotearen sentsazioa.

      90eko hamarkadan egokitu zitzaion Karmele Jaiori gazte izatea, eta kaleari lotua bizi izan zuen garai hura. Urte intentsuak ditu akorduan: rocka eta punka, drogak eta polizia, protestak eta atxiloketak... Zaila zen handik aparte ibiltzea, zirrikitu guztietatik lerratzen zen politika. Poliki-poliki, gero eta indar handiagoz, maskulinotzat jotzen duen mundu hartan protagonistak gizonezkoak zirela konturatzen hasi zen, eta ordu batetik aurrera, ezeroso sentitzen. Abestien letrak ere karranka egiten hasi zitzaizkion, eta horrela, kontzeptualizazio feminista teorikorik gabe, bere haragitan bizi izan zuen han ere “bestea” zela. Gertatzen ari zitzaiona izendatzea, bolada hartan irakurri zituen Kate Millett eta Simone de Beauvoirri esker egin zuen. Arazoaren dimentsio mundial eta transbertsalaz jabetu zen, Berdintasun arloan kazetari lanean hasi zenean. Emakundeko komunikazio arduraduna da 2006tik.

 

* * *

 

      Hamazazpi urterekin idazten hasi zen arren, bere lehenengo liburua, Hamabost zauri ipuin liburua, hamar urte geroago kaleratu zuen, 2004an. Tarte horretan idatzitakoa ez du inoiz argitaratu, “entrenamendutzat” dauka. Bere lanak argitaletxe batera bidaltzera bultzatu zuena Edorta Jimenez izan zen, Jaio aurkeztu zen ipuin lehiaketa bateko epaimahaikide artean.

      Bi seme-alaba ditu, bere bikotekide den Triku Villabella musikariarekin.

      Haur denboran eta hamabi urtera arte gimnasia deportiboa egin zuen, eta bi orduko entrenamendu saioak izaten zituen egunero. Gogorra zela oroitzen du, baina era berean hainbat gauza ikasteko balio izan ziola argi dauka:

 

      Txikitatik bizi izan dut gorputzaren diziplina oso gogor bat. Baina ikasi nuen ustez egin ezin dituzun gauza batzuk, saiatuz gero, egitea lortzen duzula. Gogoratzen dut negar egiten genuela entrenamenduetan, ez ginelako atzeraka salto egiten ausartzen, adibidez. Gorputzaren plastikotasuna... Garai hartan ikasi nuen ez daukagula gorputz bat, gorputz bat egin egiten dela.

 

      Ondoren beste kirol batzuk ere egin zituen, baina gimnasia egin ondotik denak iruditu zitzaizkion errazak. Beti izan du konfiantza bere gorputzarekin, beti sentitu izan du edozertarako kapaz, eta entrenamendu haietan ikasitakoarekin lotzen du sentimendu hau. Aldiz, oso lotsatitzat dauka bere burua:

 

      Txikitako argazki guztietan agertzen naiz horrela [burua makurtu du], eta nire emozio horiek uste dut nire gorputzaren keinuetan daudela oraindik... Nire joera naturala oraindik hau da... [burua makurtu du eta sorbaldak gorantz bildu]. Ni barrura, gorputzarekin beti barrura.

 

      Bere gorputzak jasandako aldaketei buruz galdetutakoan, bi aipatzen ditu nagusiki.

      Lehena, haur gorputza atzean uzten hasi zenekoa:

 

      Oso mutila izan naiz txikitan. Gainera bi neba ditut, eta ez zidaten arroparik erosten; beste guztiak gonekin zihoazen, eta ni nebengandik heredatutako prakekin. Oso mutila izan naiz, eta gainera kirolaria..., eta gero bat-batean emakumea zara eta titiak hazten zaizkizu. Ez dut oso ongi oroitzen, baina agian interpretazioa egiten... arrotz sentitu nintzen eta urrunago nebengandik, eta beste mutilengandik; beste talde batean zaude, ez zaude hain nahastuta lehen bezala. Ni futbolean ibiltzen nintzen mutilekin, beste neska batzuekin ere bai; eta kolpetik ez... Eta muga bat da.

 

      Beste aldaketa handia amatasunari loturikoa da, ez bakarrik haurdunaldi garaiari lotua, baizik eta ondotik etorritako bizimodu aldaketari ere bai:

 

      Uste dut nire gorputza ahaztu egin dudala urte horietan, ausentzia bat dago. Ez neukan hainbeste leku buruan, nahiko kontzentratuta nago haurren gorputzetan... haurren gauzetan; nire gorputzak berdin zuela, ez nuen gehiegi pentsatzen.

 

      Bere ustez, poesia edo prosa idatzi, modu diferentean inplikatuta dago gorputza. Ipuinak eta nobelak ez bezala, poesia eskuz idazten du, eta ondoren ordenagailura pasatu:

 

      Nik uste gorputza presenteago dagoela poesian, edo gorputzetik idazten dudala gehiago. Nobela batean, adibidez, idazten ari zaren bitartean hainbeste aspektu izan behar dituzu kontuan... Hau da, ni idazten ari naiz kapitulu hau, baina ari naiz pentsatzen kapitulu honek lotura daukala ez dakit zerekin, edota ez dakit zein kapitulutan oihartzun egiten duela, edo... nobelaren mekanismoaren elementuak ikusten ari naiz. Mentalagoa da. Arrazionalagoa.

      Ez dakit poesian gorputza gehiago agertzen den, baina metaforikoki bai pentsatzen dela gorputzarekin gehiago, bai, hala uste dut. Eta igual irteten dira gauza batzuk ez direnak irteten nobelan. Zentzu horretan askeago... askeago?... biluziago zaude.

      Ipuina erdibidean legoke: mekanismoa presente izan behar duzu, baina ez duzu kontuan izan behar hainbeste elementu.

 

      Orain hilak ditugu (2015) poema liburua ez zion amari erakutsi. Uste du, agian, biluziegi ageri delako izan daitekeela, itxura ahulagoa eman dezakeelako, eta ez duelako ama kezka dadin nahi. Amaren eskuak irakurri eta gero, gustatu zitzaiola esanez deitu zion, baina tristeegia zela, eta bolada txarren bat pasatzen ari ote zen galdetu zion.

      Idazten, bere alde ezkutuena agertzen dela uste du, idatziko ez balu sekula ezagutuko ez lukeen aldea, segur aski. Hori dela eta agian, zenbait irakurlek, aurrez aurreko enkontru baten ostean, harridura agertu izan diote irriz ikusi izan dutenean, hezur haragizko idazlearen eta idazle horrek idatzitakoa irakurrita irudikatzen zuten idazlearen arteko kontrastea handiegia zelakoan, lehena argitsua eta bigarrena iluna.

      Harremanei buruz eta hauen ezinei buruz idazten duela dio, egunerokotasunari eta bizi duen garaiari lotuta. Bere eremua “esan gabeko hitzena da, esan gabe geratutako hitzena”:

 

      Ezingo nuke idatzi, nik uste, beste garai batean kokatutako nobela bat. Ez dakit, “XIX. mendean familia bat...”. Lehenengo, ez zait ateratzen (eta ez dut nahi ere!), ez dut idazten hain urruneko iragan edo beste garai batzuei buruz. Nik bizi izan ez ditudan inguruei buruz eta oso fantastikoak diren munduei buruz ere ez.

 

      Idazten ari denean sentimendu kontrajarriak izan ohi ditu: batetik ongi sentitzen da egin behar duena egiten ari den segurantzia duelako eta ez delako “saltzen ari bere denbora erakunde bati”; bestetik gaizki, bere mugekin egiten duelako talka behin eta berriz.

      Era berean, idaztera esertze hutsak ere kontrako sentimenduak pizten dizkio: idazten ari denarekin pozik egon edo ez, idazten ari da, eta hori bada zerbait, asegarria zaio; bestetik, sentipen mingotsago bat, larridurarena: “Bi ordu ditut”. Eta hala ere beti dabil idazteko denbora bila, borroka horretan, oso ongi jakin gabe zergatik: “Zenbat ordu! Zenbat ordu kentzen dizkiozun bizitzari! Baina behar bat da, ze bestela ez genuke egingo”.

      Idazteko lehentasunik ez duela dio, ezin duela, edozein tarte zaio ongi etorria, edozein leku, nahiz eta laburra izan edo haurren ahotsak entzun. Aitortzen du, gero eta gehiago kostatzen zaiola kontzentrazioa lortzea, ez bakarrik idazten ari denean, baizik eta bestela ere.

      Idazten duena jendaurrean agertzeko orduan, ordea, ez du arazorik; “idazle rola” hartu ohi du. Eta idazle hori nolakoa den galdetuta, honela deskribatzen du:

 

      Nire antzekoa baina nire nortasunaren gauza batzuk agertu gabe, edo itxuraz agertu gabe. Segurtasun gehiago erakusten du. Ez dut esango serioagoa, baina igual bai. Nik badaukat joera barre egiteko, eta agian pixkatxo bat gehiago neurtzen duzu, pixka bat interesanteagoaren plantak egiten dituzu... Esajeratzen ari naiz, baina beste rol bat hartzen dugu.

 

      Bere gorputzak ere, rol horretan, beste jarrera bat hartzen duela dio, beste modu batera kokatzen dela espazioan eta munduan:

 

      Irekiagoa, agian. Nire joera oso barrurakoa da, eta hor esaten dut: orain ez zara zu, orain beste norbait zara, irekiagoa eta itxuraz behintzat seguruagoa. Pixka bat defentsibara beharbada bai, baina beldurragatik “ea galdetzen didaten erantzuten ez dakidan zerbait, edo erantzunarekin pozik geratuko ez naizen zerbait”. Eta hori igual denborarekin areagotuz joan da, zeren alde batetik esperientzia gehiago duzu, badakizu nola hitz egin oso ziur zaudela itxura emanda eta abar; baina, aldi berean, ni lehen jendaurrean askoz beldur gutxiagorekin agertzen nintzen, hala iruditzen zait. Orain kontzienteagoa naiz. Nire intseguritatea da, denok duguna, uste dut. Baina igual urte batzuk ere joan dira hitzaldirik-eta eman ez dudala, eta nabaritzen dut. Ohitzen zarenean berriz plazan egotera, tira; baina nire joera da, publikoaren aurrean agertu gabe luzaz egonez gero, horra noa, hori da nire joera naturala.

 

      Edonola, jendaurreko idazle rolak ongi sentiarazten du:

 

      Emozionalki, agian, autoestimu gehiago dudala sentitzen dut, azken batean leku batetik hitz egiten ari zara zerbait egin duzulako, lan bat-edo, eta aurrean dituzunek, normalean, interesa dute esaten duzun horretan: edo irakurleak dira edo irakurri dute zure liburua... Beraz badago zerbait jartzen zaituena beste autoestimu maila batean, beste edozein egoeratan bazeunde baino altuxeago.

 

      Irudiari dagokionez, gero eta kontzienteagoa da ematen duen, eman dezakeen eta eman nahi duen irudiaz, baina zenbat eta kontzienteago izan orduan eta zalantza gehiago ditu:

 

      Lehen ez nuen hainbeste pentsatzen. Orain agian gehiago pentsatzen dut zer jarri aurkezpen batera joan beharrez gero. Ez duzu jarri nahi ezer oso deigarria dena, edo ez nituzke jarriko halako belarritako... ez dakit. Aldi berean badago oreka bat; nik nahi dudana da beraiek idazlea ikustea, orduan ez zara femeninoegi joango ere, ez duzu minigona bat ipiniko, baizik eta joango zara, pixka bat, idazle bat bezala gehiago, pixka bat serioago baina serio-serioa ere izan gabe. Ez dakit esaten. Hitza ez da neutroa, baina hortik gertu dagoen zerbait da, alegia: norbait baldin badaukat aurrean esaten ari naizena entzuten, ez nuke nahi pertsona horrek “alkandora hori ez dakit zer” pentsatzerik nahi. Nahi nuke pertsona horrek idazlea ikustea. Eta orduan normalean beltzez joaten naiz, normalean nahiko... estalita.

 

      Janzkera, jarrera eta itxurari dagokionez, bilakaera bat ikusten du lehenengo liburutik gaur egunera:

 

      Hasieran esaten duzu: “Guapa egon nahi dut”. Eta orain esaten duzu: “Helburua ez da guapa egotea —hori ere bai, noski, argazkietan ondo atera nahi dut, guapa atera nahi dut!— baina ez da lehentasuna. Nahiago dut argazkian idazle itxura edukitzea, guapa egotea baino.

 

      Argazkilariek maiz eskatu izan diote irribarre egiteko. Eta eskaera horren aurrean sortzen zaion tentsioaren berri ematen du:

 

      Ez dut irribarre egin nahi! Nahi dut irribarre egin, baina ez “zeinen ongi ari garen pasatzen!” adieraziz bezala. Pixka bat serioago agertu nahi dut. Adin bat ere badaukat! Besteek ere serioago har zaitzaten, ez dut haserre agertu nahi, inondik ere, baina ez dut barre algaraka ere agertu nahi.

 

      Argazkilari batekin gertatutakoa kontatzen du:

 

      Bilbon geunden, beste idazle bat eta biok, argazkilariekin. Bestea nik ez nuen ikusten, baina irribarrez ari zen. Eta ni, dirudienez, interesgarri plantak egiten, pixka bat normal. Eta argazkilariak: “Oye, que te han dado un premio, ¿eh? ¡Alégrate un poco!”. Seko utzi ninduen. Tira, ez dakit zer esan nion, eta egin nuen irribarre pixka bat, baina argi daukat emakumea izanda gehiagotan eskatzen dizutela irribarre egiteko. Gizon bati ez diote eskatzen irribarre egiteko, sari bat eman arren. Guri eskatzen digute irribarre egiteko eta burua pixka bat makurtzeko.

 

      Idazkuntza prozesuari dagokionez, liburua amaitu arte ez dio inori erakusten, nahiz eta urteak eman ditzakeen lan bat idazten. Bukatutzat ematen duenean, editoreari bidali ohi dio, Xabier Mendigureni. Berak irakurri arte, zain egon beharreko garaia gogorra zaio, beldurra ematen dio idatzi duenak balio ez duela entzuteko aukerak. Aintzat hartu ohi ditu editorearen iruzkinak, “konfiantza handia daukat bere eskuetan”.

      Ez da inoiz talde literario bateko partaidea izan, eta irakurle taldeetara joan zalea izan ez arren, mordoxka batean egondakoa da:

 

      Irakurle gehienak beti izaten dira emakumeak, leku guztietan. Eta kasualitatea, pare batean gertatu zait, igual gizon bakarra edo bi egon, eta aurpegiratzea zergatik tratatzen ditudan hain gaizki gizonak, edo zergatik ez diren agertzen, edo zergatik ez dakit zer... Defentsiban bezala, “zure pertsonaia femeninoak...”. Betikoa. Guri galdetzen dizkiguten horiek, beti. Horiek beti-beti.

 

      Bere burua euskal literaturaren historian kokatzeko eskatuta, genealogia aipatzen du:

 

      Nik kokatzen dut nire burua 70eko hamarkadan jaiotakoen artean; hor agertu ginen batzuk, pixka bat mantendu garenak denboran, ikasketak euskaraz egin genituen lehenak, emakumeen presentzia pixka bat areagotzen hasi zen garai horretan... Kate baten barruan ikusten badut nire burua, izango litzateke, emakume idazleei dagokienez, aurretik batzuek ateak ireki zituztelako gizon askoren artean, gero beste batzuek pixka bat gehiago, nik uste, eta horrek eman du aukera orain emakume gehiago egoteko. Bide horretan kokatzen dut nire burua. Igual jaio izan banintz beranduago, ez nintzatekeen hain ezaguna izango, emakume gehiago daudelako. Gu ere hor ginen..., ez dut esango bidea irekitzen, baina bueno, pixka bat... inbutua zabaltzen.

 

      Idazten hasi zenetik kritika asko eta denetarikoak egin dizkiotela dio, eta kritika konkretu batzuk orokortu ezin diren arren, behin baino gehiagotan izan du sentsazioa kritika batzuetan kritikariak une oro izan duela presente emakumea zela (inoiz zuzenean aipatuz ere bai), eta horrek eragin duela bera eta bere lana leku eta modu zehatz batetik begiratzea. Halaber, gizona edo emakumea izan, literaturan dohain ezberdinak baloratzen direla uste du. Gizonezkoen kasuan, adibidez, samurtasuna baloretzat har daitekeen bezala, emakumezkoen kasuan sentiberatasuna infrabalorea dela uste du, eta emakumezko idazle bati eskatzen zaiola “gai potoloak jorratzen ausartzea”:

 

      Bestetik, inoiz sentitu dut zenbait gai jorratzeak baduela eragina balorazio literarioan. Hau da, badaudela prestigio handiagoko gaiak eta prestigio gutxiagokoak, historikoki gizonen eta emakumeen eremuak zeintzuk izan diren, horren arabera.

 

      Edonola ere, uste du aldatzen ari den zerbait dela: “Uste dut garrantzia gehiago ematen hasi zaiela itxura batean hutsalak edo txikiak edo transzendentziarik gabeak diruditen gaiei”, eta horien atzean egon daitezkeen gai sakonak ikusarazteko saiakera egiten ari dela poliki-poliki.

      Idazte kontuetan, amatasunak idazteko kontzentrazio galera, denbora eskasia eta zarata ekarri dizkio. Lan egiteko gela baduela dio, baina eskean ari den jendez beteta dagoela beti.

      Bere lanaren sozializazioari dagokionez, ez zaio gustatzen amatasunaz galdetzen diotenean edo berari haurren inguruko aipamenen batek eskapu egiten dionean: femeninoa den guztia gutxietsia dagoela dakienez, ekidin egiten du ama rolean jartzea, “merienda usaina” har ez diezaioten, idazle gisa hitz egiten egotetik haurraren ogitartekoa aterako den ama izatera pasatzearen arriskuaz jakitun:

 

      “Zergatik esan duzu hori? Zu idazlea zara, ez ama!”. Aldatu egiten da hartzen duzun rola; idazle bezala modu batean zaude, eta ama bezala beste modu batean, eta ahotsa ere aldatu egiten da. Uste dut ahotsa aldatu egiten zaidala, ez umeei hitz egiten diedanean bakarrik, umeak presente daudenean ere bai! Eta adibidez, gogoratzen dut, ez dakit zein libururekin zen, oso txikia zen Julen..., tira, Durangoko Azokara joan sinatzera eta Triku etorri zen nirekin karrotxoarekin. Eta umea egotea bertan, nahiz eta nire besoetan ez egon... Bazkaltzera joan ginen, baina umearekin, eta “titia eman behar diot”... Gehiago kostatzen zitzaidan idazlearen rolean jartzea. Bat-batean infiltratua zegoen ama hori, eta orduan ez nengoen bestela egon zaitezkeen..., ez dakit, ez nengoen hain estupenda.

 

      Zaila zaio, batzuetan, rolak aparte bereiztea, maiz egin izan dioten galdera baita “nola moldatzen zara dena egiteko?”. Ezeroso sentiarazten duen galdera da, nahiz eta logika baten barruan kokatzen duen galdera izan: “Normala da guri galdetzea, zeren badakite haiek ez daukatela guk bezainbesteko arazorik”.

      Bere literatur lanetako amen pertsonaiei dagokienez, bi mota bereizten ditu. Batetik, aurreko belaunaldiko amen pertsonaiak ditu: babesleak, topikoak eta estereotipatuak. Bestetik, garaikideak zaizkion amen pertsonaiak:

 

      Eta idazten dudanean neure adineko amei buruz, agertzen da, borroka hori daukaguna, zeren bai, bizitzan egin dugun gauza inportanteenetariko bat da, hori argi dago; baina aldi berean ez dugu nahi hori izatea, ez dakit..., gure bizitzaren beste guztia ezabatzea, ez dugu nahi. Orduan... borroka hori... nik uste dut agertzen dela.

 

      Ama izan denetik, amen pertsonaien eraikuntzan aldaketak egin dituela iruditzen zaio:

 

      Bai, lehen ez nekien zer zen. Amaren eskuak idatzi nuenean ez nintzen ama. Ateratzen ziren gauza batzuk: errua, protagonistaren errua ez zegoelako nahikoa denbora umearekin. Igual zetorrenari aurre hartzen ari nintzaion, pentsatzen “ume bat izaten badut nik, ez dut umearekin egoteko astirik izango!”. Igual hori pentsatzen ari nintzen, ez dakit, idazten ari nintzen bitartean. Eta erru hori atera zitzaidan lehenago! Hori ateratzen da asko hor, “ai, ezin du umearekin asko egon”. Baina gero atera da gehiago haserre hori; bueno, haserrea, ez dakit haserrea den; ezinegon hori: nik behar dut espazio bat, ez daukat, ez dut aurkitzen!

 

      Aipatu dituen gorputzari loturiko aldaketez gain, duela zortzi urte Sjögrenen sindromea diagnostikatu zioten Karmele Jaiori. Gaixotasun autoimmunea da: defentsek eraso egiten diete organoei, batez ere begiei eta ahoari, hauek lehortuz. Uste du ezin idaztearekin harremana izan dezakeela:

 

      Nik sinisten dut buruan gertatzen dena somatizatu egiten dugula eta gorputzean agertzen dela, eta bueno, egia parte bat igual izango du, ze ni azken urteotan oso lanpetuta ibili bainaiz, pentsatzeko denborarik gabe. Oso nahasiak zentzu horretan. Eta nire gorputzarekin beti kontrara. “Ez zara egiten ari egin behar zenukeena”... “Gustatzen zaizuna, ez zara gustatzen zaizuna egiten ari”... “Egiten ari zara...”. Bizi beharra dago eta soldata bat izan behar duzu eta... betiko tranpa.

 

 

[7] Bibliografia laburra:

            Hamabost zauri (2004)

            Amaren eskuak (2006)

            Zu bezain ahul (2007)

            Musika airean (2010)

            Ez naiz ni (2012)

            Orain hilak ditugu (2015)