Idazleen gorputzak
Idazleen gorputzak
2019, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-25-9
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Arantxa Urretabizkaia Bejarano[2]

 

      Melena zuri ondulatua darama. Bi belarritakoak ez dira berdinak, nahiz eta tentuz aukeratuta diruditen aurpegiaren alde banatan ongi emateko. Barre errazekoa eta serioa aldi berean, begi txiki ilunek jakin-mina eta bizitasuna gordetzen dute. Ohi duen bezala, kolore ilunekin jantzita doa, eta ohi duen bezala, baita ere, kolore kolpe batekin puskatzen du neutraltasuna, kasu honetan, Martens estiloko bota loredunekin. Donostian sortu zen 1947. urtean, baina bizitza kasik oso bat darama Hondarribian bizitzen. Gaztetxotatik egin du lan. Behin baino gehiagotan aipatuko du. Beti. “Hamasei urterekin hasi eta gaur egun arte”.

Laster mende erdia egingo duen arren idazten eta argitaratzen, Arantxa Urretabizkaiaren esanetan, “etxeko artista gizona da”, Xabier Elorriaga, eta ez bera. Hogeita hamazazpi urte daramatzate elkarrekin eta seme bat dute: “Nire burua gehiago daukat artisautzat, nik ez daukat tenperamentu artistikorik berak bezala”. Hiru senideko Donostiako langile familia abertzale batetik dator eta ikasketak ere lanean ari zen bitartean egin zituen: Erizaintza, Historia eta Kazetaritza. Bere amak ere etxetik kanpora lan egiten zuen, hemezortzi urte bete zituenetik jubilatu arte, Donostian, bulegorako materiala saltzen zuten Nerecan dendan. Bulegorakoez gain, liburu batzuk ere saltzen zituen, Enid Blytonenak, adibidez. Tarteka etxera eramaten zituen eta alabak kontu handiz irakurri behar izaten zituen, liburua gehiegi zabaldu gabe, irakurri ondoren atzera saldu ahal izateko. Horrela irakurtzen zituelako agian, oraindik ere, literatura “ezkutuko lan” gisa dauka, “badu klandestinotik zerbait”. Etxean ere bazituzten liburu gutxi batzuk, aitarenak. Saseta batailoiko komisarioa, Gerra Zibilean atxilotu eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Amak jeltzaleen mitinetan ikusi zuen lehenengo aldiz telonero aritzen zen mutil guapo hura, baina ezagutu, kartzelara idatzi zionean ezagutu zuen, eta handik irten bezain pronto ezkondu ziren.

 

* * *

 

      Arantxa Urretabizkaia eta Amaia Lasa euskarazko literatura garaikidea argitaratu zuten aurreneko emakumezkoak dira. 1979. urtean argitaratu zuen lehenak estreinako bere sorkuntza lan propioa, Zergatik panpox? Aitzindaritzaz eta plazaratze garaiaz duen oroitzapenaz galdetzerakoan garrantzia kentzen dio. Lagunartean inork ez zekien idatzi egiten zuenik, etxean ere ez. Kutxak antolatutako sariketa batera poema sorta bat aurkeztu eta irabazitakoan jakin zen:

 

      Gauez irratiak eman zuen notizia eta ahizpak deitu zidan: “Zu al zara?”. Eta “bai, ni naiz”. Biharamunean deitu nion Iboni, Ibon Sarasolari, eta esan nion: “Hor al duzu periodikoa? Hartu!”. Eta esan zidan: “Hara, ze kasualitatea! Zure izen-abizen berak!”.

 

      Saria irabaziagatik ere ez zuen poemategia argitaratzeko asmorik, baina Ibon Sarasolak eta Ramon Saizarbitoriak —Lur argitaletxean berarekin batera lanean ari ziren eta euskal kulturgintzaren baitan zeresan handia izan duten pertsonak— “behartu” egin zuten: “Nik ez nuen argitaratu nahi”. Baina argitaratu zuen, eta Euskal literatura 72 izeneko antologian ikusi zuen lehenengo aldiz argia bere literatur lan batek. Emakumezko bakarra zen, jakina. Etxean ez zuten arazorik izan horrekin. Beldur gehiago ematen zien euskaraz idazteak emakume izanda idazteak baino:

 

      Familia abertzale batean jaioa naiz, aita hila zen ordurako, baina amari iruditzen zitzaion saltsatan sartzeko modu bat zela. Eta gure aita Gerra Zibilean ibilia zen, heriotza zigorra jaso zuen, eta amak esaten zidan: “Kontuz, begira aitari zer gertatu zitzaion”.

 

      Feminismoarekiko harremana oso gaztetatik datorkio. Saskibaloian aritzen zen, Real Sociedaden. Behin Bordelera joan ziren partidu bat jokatzera, eta gero, Bordelekoak Donostiara. Joan-etorri haietan bera baino sei bat urte nagusiagoa zen neska bat ezagutu zuen, eta haren eskutik iritsi zen Frantziako literaturara, klasikoetara eta ez hain klasikoetara. Arantxa liluratuta gelditu zen neska harekin: batetik, ikasten ari zen, ikasten bakarrik, lanik egin gabe, gauza pentsaezina berarentzat; bestetik, autoa zeukan:

 

      “Zuk ere izango duzu autoren bat, halako batean”, esaten zidan. “Nik ez dut sekula autorik izango!”. Hori nire zerumugatik kanpo zegoen, eta gero izan nuen, klaro. Eta egin genituen bidaia batzuk elkarrekin, bat Madril eta Gaztela aldera, Parisera ere elkarrekin joan ginen..., eta hortik heldu zitzaidan niri Simone de Beauvoir. Baina nik entzunda neukan, eta eskatu nion Simone de Beauvoirren zerbait bidaltzeko; eta ez zidan bidali Bigarren sexua, bidali zidan Simone de Beauvoirren autobiografia, eta horrek eragin handia izan zuen nigan. Adibidez, hori irakurtzen ari nintzelako utzi nion mezetara joateari. Bere esplikazioengatik. Ni joaten nintzen ematen zidalako ez dakit zer, iruditzen zitzaidan joango ez banintz tximista batek joko ninduela.

 

      Gorputza eta itxurari aparteko arretarik eskaintzen ez diola dio, nahiz eta orain, astean hirutan gimnasia egiten duen. Edonola ere, kosta egin zitzaion bere emakume gorputzarekin adiskidetzea: bularrekin eta aldakekin, batez ere. Gertatu izan zitzaion etxetik lanerako bidean, erakusleiho batean bere isla ikusi eta etxera itzultzeko autobusa hartzea, ez zuelako kalean barrena ibili nahi. Pentsatzen zuen neska izatea zela berari egokitu zitzaion tragedietako bat, familia pobre batean jaio, ezin ikasketak egin eta aita gaixorik izatearen errenkada berean: “Ez zitzaidan nire gorputza gustatzen. Hori 18 urterekin edo. Gero berehala gainditu nuen. Baina betidanik jakin izan dut nire boterea burmuina zela, ez gorputza”. Gorputza-garuna eta edertasuna-adimena dikotomia hori etxetik datorkio agian. Bere burua deskribatzeko eskatzerakoan honela egiten baitu:

 

      Ba nerabezaroan potoloa ez nintzen, baina tira. Eta ez nintzen altua. Ahizpa ni baino txikiagoa da, horrelako pusketa bat [eskuaz adierazten du zatia], hori gero etorri zen. Baina ez nengoen oso eroso nire gorputzarekin, egia esan. Eta gainera hor aitak lagundu zidan, ze gogoan daukat, oso argi, kalean gindoazela eta anaia ere errubioa eta ile kizkurra, eta klaro, ni nintzen morena bakarra familia hartan, eta behin baino gehiagotan gertatu izan zen jendeak esaten zuela: “¡Uy, qué guapa!” —nire ahizpari begira—; “¡Uy, qué guapo!” —nire anaiari begira—. Eta gero isildu egiten ziren, eta gure aitak esaten zuen: “¡Es muy lista! ¡Muy lista!”. Eta agian eragina izan du horrek ere idazteko hautua egiterakoan... Nik uste baietz, ahizparekin bromak egiten ditugu horrekin, ze azkenean bera ezkondu zen gazterik, eduki zuen seme bat, konplitu dugu... Ni izan naiz la lista. Etxean azkenean bete dugu jarri ziguten rol hori. Auto-profezia.

 

      Besteen begiradek lagundu zioten bere gorputzean eroso sentitzen. Hogeitaka urterekin. Jabetu zen besteen begiradek bere ustearen kontrako iritzia zutela, eta haien bitartez hasi zen bere burua onartzen, eder eta lasai sentitzen bere gorputzean. Geroztik ez du lotsarik izan. Ezta lehenengo aldiz gizonezko batekin oheratu zenean ere. Ezta orain ere. Baina dikotomia hori, nolabait ere, bizirik dago beragan.

      Esther Ferrer-ekin harreman handia izan zuen bolada batean, eta berarekin edertasunaren eta artearen inguruan izandako elkarrizketek asko markatu zuten:

 

      Gogoan daukat, Parisen. Sasoi hartan toki kutre batean bizi zen, eta ni hara joaten nintzenean bere etxean egoten nintzen. Gogoan daukat non, nola, noiz galdetu nion: “Oye, Esther, ¿qué pasa cuando cumples 40?”. Nik 7 edo 8 urte gutxiago izango nituen... Eta jo, 40 zen muga bat. Eta berak esan zidan: “Depende; a mí no me pasa nada porque nunca he apostado ahí, nunca he querido ser la más guapa de mi calle —ni, claro, tampoco podía—, mi apuesta es otra”. Eta gelditu zitzaidan oso grabatuta. Eta oraindik ere, norbaitek esaten badit zure ez dakit zer irakurri dut eta gustatu zait, edo ze ondo egin duzun hau edo bestea, hori ailegatzen zait barrurago, norbaitek esaten didanean baino: “Aizu, ez dirudi 70 urte dituzunik!”. Edo: “Ze ondo zauden duzun adinerako!”.

 

      Urretabizkaiak, ilea tindatzeari uztea “aurrerapauso ideologiko” ikaragarritzat dauka, koherentzia ariketatzat, ez bakarrik edertasunari dagokionez, baizik eta adina eta amatasuna ulertzeko moduei lotuta ere bai:

 

      Nik ez nuen ilea tindatzen haurdun gelditu nintzen arte. 43 urte nituen eta ilea urdintzen hasita neukan, baina ez nuen tindatzen. Hor hasi nintzen ilea tindatzen, inguruak bultzatu ninduen, ama gazteagoa emate aldera-edo. Baina berehala esan nion pelukerari: “Tíñeme todo menos un mechón aquí”. Oso praktikoa zen, ilea hain zuria daukazunean, tindatu eta marra segituan egiten da. Baina adats hori juxtu marraren erdian zegoen. Eta horrek uzten zidan denbora gehiago egoten tinte gabe... Uztea izan zen niretzat ideologikoki tokatzen zitzaidan gauza bat, lasaitu ninduena asko. Tranpatan nenbilela sentitzen nuen, tranpa horren aurrean amore ematea zen, niri asko axola zitzaidan kontu batean, eta halako batean esan nuen: bukatu da. Gero, egia esan, ba etxean ere, haurra txikia zen bitartean, ile zuria... Arma Plazan bizi den lagun bat badaukat, bera ere ama berandu izan zena, eta hark beti tindatzen zuen ilea, eta esaten zidan: “Jo, batzuetan haurraren bila joan eta esaten diote, ‘bai ongi, gaur amona etorri zaizu bila!’, eta hondoratu egiten naiz”; eta nik esaten nion: “Puto kasurik ez egin!”. Ez da erraza, baina halako batean esan nuen: bukatu da. Duela lau, bost, sei urte.

 

      Amatasunak ez zion itxuran bakarrik eragin ordea. Erabat kontziente hartutako erabakia izan zen, ama izatea zer zen jakinda, “ezjakintasuna ez zelako zilegi guretzat”; eta hala ere urteak eman zituen deus idatzi gabe, norberaren gelaren faltan:

 

      Eta gogoratzen naiz Mikel txikia zenean jaikitzen nintzela, ez Ana Urkiza bezala goizeko lauretan, zazpietan-edo. Eta esaten nuen: hamarrak arte, norbait hilzorian ez badago edo etxea sutan ez badago, ni ez nago. Behar dut eduki seguritate hori. Erredakzio batean ikasi dut isolatzen, inor ez zaidalako etorriko. Hori da behar dudan gauza bakarra. Eta normalean, azken liburuetan eta honezkero ohitura bilakatu dena: Madrilera joaten naiz han etxea daukagulako, joango nintzateke gustura balneario batera, baina hori ordaindu egin behar da eta Madrilgo etxea ez da ordaindu behar; eta gelditzen naiz bakarrik ziurtatuta bakarrik egongo naizela —ze gizona han baldin badago ez naiz joaten, orduan ez dit-eta balio—. Eta gelditzen naiz etxe hartan bakarrik 6, 7, 8, 10 egun, ahal dudan bezainbeste.

 

      Ama berantiarra izateak ekarri zion kritikarik, ez bakarrik herrian, baita literatur munduan ere. Ez du gogoratzen inongo gizonezko idazlerekin ez seme-alabez ez zaintzaz ez idazteko beharrezkoa den logistikaz hitz egin izana; bilobez bai, gaur egun bilobez hitz egiten dute aspalditik kide dituen gizonezko idazleek.

      Haien gaineko ardurarik ez dutelako agian, espekulatzen du:

 

      Orain bilobak aipatzen dituzte gehiago, seme-alabak aipatzen zituztena baino, hori bitxia da. Horrek utzi dit ikusten askok samurtasun hori, ternura hori, gizon askok bilobekin deskubritu dutela, ez seme-alabekin.

 

      Egin-en lan egiten zuen garaian, bi mahai harantzago zegoen Anjel Lertxundik, lan egindako jai egunak pilatu eta hamar eguneko oporraldia hartu zuen:

 

      Joan zen etxera eta itzuli zenean, ba, galdetu nion: “Zer moduz?”. Eta esan zidan: “Ondo, ondo! Goizean jaiki eta gauera arte idazten, ez dakit zer...”. Gelditu nintzen... Orduan zituen bi haur txiki, eta hor... ez nion ezer esan, e? Baina pentsatu nuen: zeinek eraman ditu eskolara?, zeinek eraman ditu anbulatoriora?, zeinek...? Tsssss, aita lanean ari da! Baina ez dut inbidiaz esaten, e? Nik ez dut hori nahi, nik ez dut hori nahi!

 

      Euskal Emakume Idazleen Lantaldeak[3] egin zuen lehenengo bileran hitz egin zuen aurreneko aldiz beste idazle batzuekin zaintzaz. Arizkunen izan zen, 1999. urtean:

 

      Bai, elkartu ginen eta lehenengo ordua edo ordu eta erdia haurrez hitz egitea izan zen. Batek esaten zuen: hau da lehenengo gaua semearengandik urrun pasatzen dudana. Orduan besteak esaten zuen: “A, ba niri....”. Eta besteak: “Eta orduan zeinekin dago? Aitona-amonekin”. “Ba gureak...”. Gogoan daukat eszenatokia; haietako bat mozkortu eta guzti egin zen, lehenengo gaua haurrarengandik aparte... [barre]. Pentsatu nuen: bueno, emakume izateak baino gehiago, daramagun bizimoduak baldintzatzen du gure bizitza. Ez emakumeak garelako, da haurren ardura daukagulako. Eta gizonek haurrak dituzte, baina ez dute haien ardura. Eta pentsatu nuen: hau ez da genero kontu bat, edo genero kontua atzean dago.

 

      Ez du sentitzen sorkuntza prozesu betean dagoenean gorputza bereziki inplikatuta dagoenik. Ez dio gehiegi erreparatzen, eta diskurtso aldetik ere mesfidati agertzen da harreman honen inguruan. Kanpora begira nahiago duela dio, mundua pertsona eta gertakizun interesgarriz josita dagoela eta barrura begiratzea denbora galtzea litzatekeela. Zuri-beltzeko argazkiak liburua da oroitzapen pertsonalez osaturiko bakarra, eta pudore handiarekin idatzi zuen, ni-aren eta gu-aren artean, ez baitzuen nitasunaren kontzientzia handirik haur garaian. Edonola ere, oso kontuz ibili zen zer kontatu eta zer ez, eta Laboaren inguruan Marisol Bastidak idatzitako biografia oso gustura irakurri zuen arren, berak ez du horrelakorik egin nahi, besteei buruzkoak ez ditu kontatu, ezta kontatuko ere, dio sinetsita.

      Bidean ikasia liburua argitaratzean zerbait aldatu zela dio. Gogoeta liburu honek Hondarribiko Alardearen azken 20 urteak ditu abiapuntu; bertan berdintasunean parte hartu ahal izateko hainbat lagunek, tartean berak, aurrera eramandako borrokak eta bueltan etorritako erasoak kontatzen ditu. Orokorrean gorputza idazketa prozesutik kanpora sentitzen duen arren, kasu honetan biluztasuna eta beldurra aipatzen ditu:

 

      Nik sentitu dut zera hori, biluztearen zera hori azken liburuarekin, Alardearen liburuarekin, batez ere gazteleraz atera denean. Euskaraz ari zaren bitartean tribuak babestu egiten zaitu, eta tribuaren barruan gelditzen da egiten duzuna. Beldurra eman dit zer ondorio izan dezakeen nik hor kontatutako zerbaitek.

 

      Liburuak zirkulazioan jarritakoan izan du arazo gehiago. Behin, prentsaurreko baten erdian, Katalunian, editorea belauna ukitzen hasi zitzaion. Beste behin, 35 urte zituela edo, editore bat “oso desagradable” jarri zitzaion. Editore honek liburua argitaratu eta pare bat urtera, Arantxa kontu eske joan zitzaion, ez baitzuen egile eskubideengatik legokiokeena jaso; eta editoreak erantzun, maiteminduta zegoela berarekin eta horrek problema handiak ekarri zizkiola bere emaztearekin... “Bi kasu horiek bakarrik gertatu zaizkit. Orain... zahartzeak bentaja hori du; orain libreagoa naiz, orain inor ez zait sartuko alde horretatik. Libreagoa sentitzen zara”.

      Aitortzen du argazkilariekin baduela borrokatxoa. Ez du inoiz elkarrizketak kontrolatzeko joera izan, baina egin dizkioten argazkiak kontrolatzeko tentazioa bai, handia: “Batzuetan ikusten naiz izugarri gaizki. Zahartu ondoren gertatzen zait, lehen ez zitzaidan gertatzen”. Edonola ere, okerrena adinaren inguruko lausenguak jasotzea da. Xabier Kintanarekin gertatutakoa jartzen du adibiderako:

 

      Ez dudana nahi da naizena baino itxura gazteagoa lortu, hori gorroto dut. Kintanarekin topo egin nuen lehengo batean. Eta hasi da: “Badira pertsona batzuk deabruarekin tratua egina dutenak”. Eta esan nion: “Kintana, zuk uste duzu? Ofenditu egiten nauzu. Ez esan niri hori. Ez”. Zaharra naiz eta ez dit lotsarik ematen, ez dut disimulatu nahi.

 

      Dio, adinean aurrera joan ahala geroz eta zailagoa dela señora itxura ez izatea, ez bakarrik prentsaurrekoetan, baizik eta hortik kanpora ere bai; adinez esleitu ohi den itxurarekin apurtu nahi izaten duela, bai belarritakoen bitartez, bai osagarrien bitartez, eta abar. Berak ez duela iraun nahi, bizi egin nahi duela, eta bizirik dagoela sentitzeko, proiektu baten beharra daukala, sortu egin behar duela.

 

      Benetako zahartzaroa da... zahartzaroan suposatzen da pasatu behar duzula denbora atzera begira, “gogoratzen gazte garaian zer egin zenuen?”, horri bueltak ematen. Eta Zuri-beltzeko argazkiak liburua idazterakoan gogoa neukan amari buruz gauza batzuk kontatzeko, eta bueno, bale, liburu hori atera zen. Baina erreparo ideologikoak nituen, zeren ari nintzen egiten zaharroi tokatzen zaiguna, eta da atzera begiratzea. Eta Alardearena ez, zeren pixka bat desberdina da, baina era berean atzera begiratzea da; eta nik ez dut bizitza atzera begira pasa nahi, balizko galdutako paradisu hartan zer gertatu zen gogoratzen. Bat, nik ez nuelako paradisurik izan iraganean. Eta uste dudalako hoberena etortzeko dagoela oraindik.

 

      Aurreiritziekin apurtu nahi izatea bere egunerokoan dago:

 

      Orain dela urte batzuk, lehenengo bidaia egin nuenean lorategiak ikustera; Radio Euskadin egiten nuen lan, Xabier Lapitzekin, eta esan nion: “Oye, tal día no estaré porque me voy una semana a Londres a ver jardines”. “¿A ver jardines? Yo que tú no diría que me voy a ver jardines; yo diría que tengo una charla en una universidad o algo así”. Eta esan nion: “A ver, ¡es botánica! ¡De qué coño me tengo yo que avergonzar! La gente va a Londres a ver musicales, ¿me meto yo con los que van a ver musicales? ¿O con los que van a comprar ropa? No entiendo”. Baina jendeari alde hori iruditzen zaio kurtsiaren mugan dagoela, edo erromantiko kurtsiaren mugan, eta pentsatzen dut batek baino gehiagok pentsatuko duela kurtsi samarra naizela.

 

      Hastapenetan, Lur argitaletxearen inguruan, bide-lagun Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Gabriel Aresti izan zituen arren, ez du zirkulu literariorik inoiz izan. Arestik jarrera oso paternalista izan zuen berarekin, nahiz eta Arantxari ez zion enbarazurik egiten. Bestetik, urteetan pasatu izan dizkio liburuak Ibon Sarasolari. Baina duela zortzi bat urte konturatu zen, aspaldi lagunak eta bikotekideak izan ziren arren, dagoeneko ez zutela elkar ezagutzen, eta berari erakutsi beharrean, Mari Jose Olaziregiri erakutsi zion Bidean ikasia liburuaren lehen bertsioa. Egun ez du harreman askorik idazleekin, aparte dabil: “Nik aspaldi onartu nuen ez nintzela sekula nire belaunaldikoak bezalakoa izango, izango nintzela bitxikeria bat”. Eta irudi bat datorkio burura:

 

      Gorka Aulestiak, behin epaimahai batean geundela, esan zidan: “Ba nik aspaldi idatzi nuen zutaz!”. “A, bai ondo!” nik. Eta hurrengo bileran liburua ekarri eta esan dit: “Begira”. Ingelesez zegoen eta jartzen zuen: “68ko belaunaldia... eta izen mordoxka”. Eta gero, puntu eta aparte, eta nire izena. Esan nion: “Onartuko nizuke esango bazenu ‘maila eskasago batean, edo balore gutxiagorekin, belaunaldi honetakoa da Arantxa Urretabizkaia ere’. Baina zuk ez nauzu aparte jarri horregatik. Jarri nauzu emakumea naizelako, eta hori da niretzat onartezina”. Eta hor ulertu nuen ni izango nintzela puntu eta aparte. Onartzen dut, baina ez zait gustatzen.

 

      Kritikarekin duen harremana distantziazkoa da, kritika ona zein txarra izan. Baina bada kritika bat, min handia sortu diona eta oraindik ere bekozkoa ateratzen diona. Pako Aristik Saturno-ren harira egindakoa da, 1987. urtean:

 

      Gero ikusi dut fakultateetan-eta ikasten dela, ad hominem kritika eredu bezala. Ez naiz ondo gogoratzen, ze klaro..., esaten zuen, besteak beste, gure belaunaldiak hobe zuela erretiratzea, egin behar genuena egin genuela eta ez ginela beste ezer egiteko gauza. Ez zen bakarrik nirekin sartu, sartu zen belaunaldi osoarekin. Palo bat...! Gelditu nintzen jota. Eta ez zait ahaztu.

 

      Besteak beste, kritika horrek dio Saturno-k inolaz ere ez dirudiela “40 urteko emakume heldu eta esperientzia literariodun baten fruitua” den nobela, zeinari “etxekoandreen aholkurik” ez zaion falta[4]. Baina hori ez du gogoan Arantxak, edo ez du aipatu, behintzat.

      Bere idazle rolaz ez du iritzi biribilik: ordu gehiago ematen dituela etxekoandre lanetan idazle lanetan baino, bera tarteka liburu bat idazten duen pertsona dela, artisau bat, inolaz ere ez artista, begirada poetiko baten jabe dena:

 

      Ingalaterran ikusi genituen lorategi errenazentista horietako batean, badago pasabide bat... XVI. mendeko lorategia da. Eta bertan daude... erdaraz cabello de Venus esaten zaie, euskaraz garaizka arrunta, garo arrunta, hementxe ikusi dudana, Kale Nagusitik gora nentorrela elizaren atarian, arrunta, hor kalean ikusten duzuna. Hura begiratzen ari nintzela esan nion nire ahizpari: “Begira, hau baino landare arruntagorik ez dago, baina behar den moduan antolatzen baduzu, eta erritmoa eta tarteak errespetatzen badituzu, ikusi zer lortzen den”. Eta pentsatu nuen: agian hori da nik idazterakoan bilatzen dudana. Garo arrunt batekin, hizkuntza arrunt batekin, zerbait poetikoa lortzea.

 

 

[2] Bibliografia laburra:

            Zergatik panpox (1979)

            Maitasun magalean (1982)

            Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983)

            Saturno (1987)

            Aurten aldatuko da nire bizitza (1992)

            Koaderno gorria (1998)

            3 Mariak (2010)

            Zuri-beltzeko argazkiak (2014)

[3] Euskal Emakume Idazleen Lantaldeak bost bilera egin zituen 1999 eta 2001 urteen artean. Bileron helburua, besteak beste, emakumezko idazleen lana publikoari helarazteko aukerak lantzea izan zen. Bilera haietan egindako lanaren emaitzetako bat 29 idazleren ipuinak biltzen zituen Gutiziak (2000) liburuaren argitalpena izan zen.

[4] “‘Saturno’: dianatik kanpo eroritako dardoa”. Pako Aristi. El Diario Vasco, 1987-05-06.