Idazleen gorputzak
Idazleen gorputzak
2019, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-25-9
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Miren Agur Meabe Plaza[6]

 

      Kobre koloreko ilea, ezpainak eta azkazalak gorri. Beltzez jantzita dago eta beltza da, baita ere, ezkerreko begiaren gainean daraman partxea. Kontu handiz mintzatzen da, delikatuki, hitzen hauskortasunaren jakitun agian. Arranbera doinua du bere ahotsak, eta barre egiten duenean zabaldu egiten da, suelto egiten du, bere buruaz batez ere. Lekeition jaio zen 1962an. Irakasle Ikasketak egin eta gero Euskal Filologia ikasi zuen. Bilboko Kirikiņo ikastolako irakaslea izan ondoren, Giltza-Edebe argitaletxearentzat lan egin zuen kasik 20 urtez, idazletzara dedikatzeko utzi zuen arte. Egun ez da damutzen hartutako erabakiaz.

      Bilbo eta Lekeitio artean bizi da, dibortziatuta dago eta seme bat dauka, zaintza partekatuan hazia izan dena. Umetatik idazten du, baina ez zen haur bakartia edo arraroa, gaztigatzen du. Familia “normal eta tradizional” batean sortua, amaren partetik kaletarrak, eta aitaren partetik itsastarrak. Amak arropa eta oihal denda zeukan, eta Meaberen sozializazioaren parte handi bat denda hartan gertatu zen. Bera baino lau urte nagusiagoa den anaia dauka, baina etxean, guraso eta neba-arrebez gain, jende gehiago ere bizi zen: aitona-amonak, amonaren bi ahizpa eta amaren neba, hiru belaunaldi batera. Etxeko zaharrengandik gaur egun ere berarentzat oso inportanteak diren balio batzuk jasotakoa dela dio: lan-zaletasuna, behar duenari eskua luzatzeko ohitura, errespetua, apaltasuna eta norberaren sinesmenekiko leialtasuna. “Apaltasunak badu bere alde ona eta baita txarra ere: zure buruarekiko konfiantza lapurtu ahal dizu”. Zaharrak fededunak ziren, “santu-jaleak izan gabe”. Aitona sakristaua zen, eta Meabek elizaren inguruan egin zuen bere sozializazioaren beste parte bat, han antolatzen zirelako umeentzako ekintzak: “Sei urte eta erdirekin mezako irakurgaiak aldareko mikrofonotik irakurtzen nituen...! Nork esango luke, orain oholtzan lotsatia naiz. Ume espabilatua nintzen”. Testu erlijioso horietatik datorkio halaber euskara idatziarekiko lehen harremana: “Gure etxean bazeuden euskarazko paperak, baina oroitzen dut sarekada batean, Franco artean bizi zela, denak erre zituztela”.

      Ama andre handia zela esatea gustuko du. Maitasun itzela jaso zuen harengandik, baina joera ez hain mesedegarriak ere bai: besteren iritziekiko ardura handiegia. Amak pozez hartzen zuen Meaberen idazteko grina:

 

      Ama nire managerra zen. Gaztetan, asteburuetan Lekeitiora itzultzen nintzenean, prest izaten zizkidan prentsatik hartutakoak, orduko Deia edo El Correo-tik: “Bernardo Atxaga ha publicado...”, edo “Concurso de cuentos de...”. Gazte hil zen eta ez zuen ikusi nire lehenengo Euskadi Saria, adibidez. Izugarri poztuko zen, aitormenarengatik.

 

* * *

 

      Hamazazpi urterekin argitaratu zituen bere lehenengo poemak herriko gazte talde batek sortutako aldizkarian. Irakasle Ikasketak egiten ari zenean, irakasle zituen Jon Kortazarrek eta Adolfo Arejitak klaserako egindako idazlan bat eskatu zioten, sortu berria zen Idatz & Mintz aldizkarian argitaratzeko. Plaza txiki hartara atera zeneko oroitzapen ona dauka: “Zirraragarria izan zen, gozatsua, irakasleek nire idazlana hautatu izana”. Hala, sariketetara aurkezten hasi zen, eta haietariko batzuk irabazten. Sari apalak ziren, “baina gogoa berotzen zutenak. Gainera, ikasle batek poltsikoa hutsik dauka 19-20 urterekin... eta orduko 20.000-25.000 pezeta, pentsa... partikularrak ematen nituen alokairuko etxea ordaintzeko... hala nahi nuelako, autonomoago sentiarazten zidan”. Sariketetan irabazle izandako ipuinekin Uneka... gaba liburua argitaratu zion Labayruk. Horrekin fase bat itxitzat jotzen du.

      Hurrengo fasea plaza handira atera zenekoa izan zen, tartean urte askotako hutsunea egonik. Isiltasunezko urte haietan idatzi egiten zuen. Ordurako ezkonduta zegoen, eta diziplina bezala zeukan egunero-egunero idaztea eta irakurtzea, 17:30etik 20:30era. “Idatzi egin nahi nuen, baina ez neukan baliabide propiorik, edo gutxi” dio, eta akordatzen da orduan irakurri eta azpimarratutako euskarazko liburuez: “liburu bakoitza hiztegi bat zen, behar nuena neurea osatzeko, alfabetatzen 16 urterekin hasi bainintzen”. Itxuraz antzu izandako garai hark asko aberastu zuen Meabe euskararen eta literaturaren aldetik.

      Gero, argitaletxean lanean hasita zegoela, poema liburuxka bat argitaratu zuen, Oi, hondarrezko emakaitz! Testu-liburugintzan murgildu zenean ameskeriatzat jo zuen aurretik idazle izan nahi izana.

      Sentsazioa dauka asko kostatu zitzaiola plaza handira irtetea:

 

      Plaza handirako saltoa Azalaren kodea izan zen. Bertan hamar urte lehenago argitaratutako liburuxkako poema batzuk ere bazeuden. Argi dago poesia argitaratzeko nire zikloak 10 urtekoak direla!

 

      Susan argitaratzeak arnasa eman ziola uste du, “oxigeno bonbona bat”. Liburu hori argitaletxez argitaletxe ibilia zen: batean, berregituraketan zebiltzala-eta itxaroteko esan zioten; bestean ez zuela ezer aportatzen, ez zela bereizten beste emakume batzuek idatzitako poesiatik; beste batetik ez zuen erantzunik jaso:

 

      Pentsatzen nuen erantzun faltaren arrazoia liburuaren kalitate eskasa zela. Gogoan daukat Gorka Arresek noiz deitu zidan, Giltzan lanean nenbilen eguerdi batean, eta nola esan zidan: “Liburua irakurri dugu eta baditu balioak, baina baditu baita akatsak ere. Prest egongo zinateke liburua aztertu eta zertan hobetu daitekeen ikusteko?”. Eta erantzun nion: “Prest egongo nintzateke, baita ordaintzeko ere”. Argitaratzeko irrikaz nengoen. Gorkak hitz bakoitzaren kontzientzia izaten irakatsi zidan.

 

      Bigarren plazaratze horren oroitzapen oso gozoa dauka: “Horrek bihurtu ninduen idazle. Izan banintzen, uste dut nik, txikitatik. Baina ez da nahikoa norberak esatea, besteek aitortu behar dute, ikusi egin behar dute idazlea zugan... Zirkuitu estandarrera sartzea Susari esker izan zen, eta hori beti eskertuko diot”.

      Azalaren kodea-ri Espainiako Kritikaren Saria eman izanak berretsi egin zion jendaurrean idazle gisa agertu ahal izatea.

      Feminismoarekiko lotura “ez da izan ez oso goiztiarra ezta oso sakona ere. Ez naiz feminista militante esplizitua inoiz izan, nahiz eta feminismoaren idearioarekin bat etorri”. Feminismoarekiko harremanaren estutzean hiru mugarri ipintzen ditu: batetik, argitaletxean lanean ari zenean, hezkuntza erreformaren garaian, zehar-lerroetako bat Parekidetasuna eta Hezkidetza zenez, sarritan prestatu behar izan zituen arraza, ideologia, sineskera edota sexuari loturiko ariketak, ikasleen liburuetan bazterkeriaren kontrako jarrerak lantzeko; bestetik, Azalaren kodea-ren argitalpenak ekarri zion feedbacka, “idatzi nuenean kontziente izan ez arren, emakume subjektuaren gorputzaren kontzientziaz ari nintzelako”; azkenik, Literatur Kritika Feminista. Azken hori Skolastika-ri zor dio, parte handi batean, Josune Muņozi eta beronek garatutako metodologiari zehazki.

 

      Skolastikako tailerretara joateak lagundu zidan mundu zaharra kuestionatzen eta emakumeek idatzitako literatura beste angelu batetik interpretatzen. Bertan deskubritu nituen Munro, Rich, Lorde, Atwood... Eta han jarraitzen dut mundu zabaleko emakumeen lanen berri izaten. Baina ez hori bakarrik: sistema patriarkalak kanona zelan eraiki izan duen eta panorama horretan emakume sortzaileek topatu dituzten estrategiez ere konturatu naiz.

 

      Feminismoak ekarri dizkion gauzen artean “ahizpatasuna” aipatzen du:

 

      Feminismoa bat da, baina feminismoa egiteko erak ugari. Horretaz jabetzea askatzailea izan da niretzat! Emakumeok badakigu gure harremanetan oinarrizkoak direla errespetua, konfiantza eta elkar baloratzea. Eta badugu borondatea patriarkatuak edo botereak edo sistemak gure artean zabaldu izan duen eszisioa edo troka gainditzeko, betiere mundu zuzenago baten alde lan egiteko... Ahizpatasunaren ideiaz aparte, begirada feministak lagundu dit ahalduntzearen premia ez ahazten eta maitasunaren eredu erromantikoari aurre egiten.

 

      Berrogeita hamasei urteko emakume arrunt gisa deskribatzen du bere burua, etekin literarioa eta sinbolikoa atera dion identitate marka berezi baten jabe, kristalezko begi bat. Meabe izango da agian gorputzaz gehien idatzi duen euskal idazlea:

 

      Nire literaturan hainbeste autoerretratu daude, denboraren joanari ere erantzuten diotenak. Lehenengo poemetan agertzen den emakume ideala kristalezko emakumea da, “kristalezko emakume izan nahi dut”. Hori idatzi nuenean, 30 urte ingururekin... zer esan nahi nuen? Uste dut bi gauza adierazi nahi nituela: izan nahi dut gardena, izan nahi dut naizen modukoa. Eta aldi berean, kristalezkoa izanda, badakit hauskorra naizela, baina hauskortasun hori defentsa modura erabiliko dut. Poemaren amaieran esaten da: “Kristalezko emakume izan nahi dut, odolezko ordaina eman diezadan nire emea zapaldu dezanak”. Poema feminista da, intuizioz idatzia. Eta liburuaren izenburuan, “emakaitza”, menperatu ezin den emakumea. Bitsa eskuetan-en askoz erretratu solidoagoak daude: “Kaierdun emakumea naiz...”. Aldea dago: esaten ari naiz idazlea naizela. Horrek izango du zerikusia gazte denboran literatur sisteman neukan ikusezintasunarekin... Kaieraren irudiarekin egiletasunaren aldarria egiten dut. Eta gainera, “kapeladun emakumea naiz”. Kapela sormenaren sinboloa da niretzat, eta buruan eramaten da, hau da, memoriari lotuta dago.

 

      Gorputza modu askotara agertzen da Meaberen testuetan:

 

      Identitatearen bilaketari lotuta, desira esplizitatzeko, heriotzari buruz hausnartzeko, eta kode alternatibo bat aldarrikatzeko erreminta modura. Emakumeak bere gorputzari buruz idaztea atal espezifikoak aipatuz —klitoria, bagina, titiak...— transgresioa egitea da.

 

      Gil de Biedmaren olerkia datorkio gogora: “Los misterios del amor son del alma, pero un cuerpo es el libro en que se leen”.

 

      Gorputza ezagutza tresna bat da. Ametsak ere gorputzaren bitartez dauzkagu eta zertan gauden jakiten laguntzen digute. Onirismoa potentzial inportantea dut idazteko orduan, prosan zein poesian. Askotan desprestigiatu izan da gorputzak eta intuizioak erakusten digutena... baina indize ona dira zer kezka edo zama dugun konturatzeko, baita pistak hartzeko ere. Beharrezkoa da horiei ere kasu egitea, eta ez bakarrik arrazoiari eta logikari. Gorputzak bere memoria dauka.

 

      Pertsona baretzat du bere burua, dinamikoa, lanerako grinatsua, lagunkoia, hunkibera, suszeptiblea, fidakorra eta fidagarria, zalantzatia, jeloskorra eta kikila batzuetan, dezepzionatzen dutenengandik urruntzekoa, gero eta sendoagoa.

      Gorputzari loturiko aldaketei buruz galdetuta hiru aipatu ditu: hamahiru urterekin begia galtzea, zeinak nerabezarotik aurrera eragin zion bere buruaren gaineko beste pertzepzio bat; hasi dituen bost haurdunaldietako bik, umetokiz kanpokoak izanda, sabelean utzi dizkioten orbainak eta aurrera ateratako bakarrak erantsitako kiloak; eta, azkenik, menopausiak ekarritako debaklea, hormonal, emozional eta fisikoa: “Energia gutxitu zait, lehen egiten nuen gauza piloa egitera ez naiz iristen... eta lehenagoko eder dohainak ere apaldu egin dira”.

      Idazten duenean gorputza erabat inplikatuta dagoela dio, helduentzat idazten duenean batez ere:

 

      Helduentzat idazten ari naizenean nire gorputza tentsio hutsean dago. Ez zenuke sinetsiko zenbat izerdi botatzen dudan! Bat igual tailerrean ibiliko da bere mono urdinarekin, lan eta lan, izerditan, lan fisikoa egiten ari delako... bada ni berdin, baina ordenagailu aurrean. Neure artean esaten dut: “Gero esango dute hau ez dela lana! Lan intelektuala eta lan fisikoa! Eta behar izaten dut zapi bat, edo leihora irten pixka batean... Asko kostatzen zait-eta lehenengotatik hitzen bidez adieraztea adierazi nahi dudana.

 

      Idazten duenean beteta sentitzen da:

 

      Nahiz eta une batzuetan ito-puntuak topatu, sentsazioa hauxe da: “Egiten ari naiz egin behar dudana”. Parte batean horregatik utzi nuen argitaletxeko lana... Bazen garaia neure buruari hori permititzeko.

 

      Eta kontrakoa ere gertatzen zaio: idazten ari ez denean denbora galtzen ari dela sentitzen du maiz, nahiz eta Meaberen aisialdia lana bilakatu zaion, eta horrekin disfrutatzen duen, “beti paper artean”. Haurra txikia zenean, goizago jaikita idazten zuen, baita asteburuak eta oporraldiak aprobetxatuta ere. Ez du egunero idazten, ardura asko batera kudeatu behar dituenean erritmoa galtzen duelako. Bere “kanpo-lanen sasoi gogorra” urtarriletik ekainera bitartekoa izaten da, ikastetxeetan gaztetxoekin egiten dituen saioek, enkarguek, itzulpenek eta Esperientzia Geletan ematen dituen eskolek ez diotelako idazteko behar duen patxada uzten:

 

      Idazten dudanean biziago sentitzen naiz, nik uste dut hori dela gakoa, nahiz eta batzuetan mina sentitu. Beti ez dugu idazten kontu atseginei buruz, batzuetan gure mamuei aurka egiteko idazten dugu, eta hori ez da gustosoa, baina hala ere beteago igartzen naiz.

 

      Idazten duenean alboan izatea maite duen gauzei buruz galdetuta, katua aipatzen du, Colette, “katu-nobio-sekretarioa, konplizea, baina pasa den urtean hil zen”. Batzuetan, idazlan zail baten aurrean dagoenean, kandela usaindunak pizten ditu, “labanda edo mendazkoak, adibidez”. Beste batzuetan ardo gozo bat, mistela-edo, edo infusio bat edukitzea gustatzen zaio mahai gainean, edo norbaitek oparitutako luma, edo... orain gutxi Machu Picchutik ekarritako harritxo bat. Musika klasikoa ere lagungarri.

      Ez luke esango itxura aldetik aldaketa nabarmenik egon denik liburutik liburura, bere estiloari leial izan zaio:

 

      Kilo batzuk gora edo behera, betaurreko batzuk edo beste... orain adibidez hurrengo libururako ez dakit begia konponduta izango dudan... Aldaketa? Hartzen badituzu liburuen hegalak, Azalaren kodea-n gazte-gazte nago, begian ez zait ia ezer igartzen, hamar urte geroagokoan gehiago, eta orain, beste hainbat urte igaro direnean, agian partxe eta guzti azaldu beharko dut!

 

      Jendaurrean gustura aritu ohi da, berdin irakurle taldeetan edo prentsaurrekoetan edo kazetarien aurrean, urteen joanarekin gero eta lasaiago sentitzen da. Atezuan ipintzen duen bakarra oholtzara igotzea da: “Ez naiz beti seguru sentitzen nire gorputzarekin. Zergatik? Patosoa naizelako eta kableren batekin estropezu egingo dudala pentsatu ohi dudalako, edo taburetetik jausiko naizela”. Ez zaio inprobisatzea gustatzen, esan beharrekoa egituratuta eraman ohi du, “nire ahotik ez baitira loreak berez ateratzen”. Hala, kazetariekin eroso sentitzen da, baldin eta galderak bere lanari buruzkoak baldin badira. Galderak beste gairen bati buruzkoak izanez gero, ordea, estutu egiten da, “efektu atzeratukoa naiz, ez zait etortzen nahiko nukeen bezain erantzun zehatza askoz beranduagora arte”. Argazkilarien aurrean jartzea da gutxien gustatzen zaion partea. Aldiz, bere testuak jendaurrean irakurtzea gustatzen zaio, elikatu egiten du.

      Kritika negatibo batek hamar kritika positibok baino eragin handiagoa izan ohi du, kritika txarra zein laudorioa neurritasunez hartzen ikasi beharra aipatzen du: “Lagungarria da liburuari azken puntua jartzean norberak argi izatea horixe dela bere topea une horretan”.

      Koleka Putumaren Amnesia kolektiboa liburuko poema zati bat parafraseatu du boteprontoan:

 

      “Zu goratzeko pedestala egin duten berberek egingo dute gurutzea zu bertan josteko”. Kritikak bizirik egon behar du, baina jarrera hori izan behar dugula, erlatibizatzekoa; orain goian zaude eta orain behean, eta hori kiroltasunez hartu behar da, oso zaila izan arren. Niretzat inportantea da, dena den, kritikak ez izatea burlatiak edo mespretxuzkoak. Eta neure buruari gogoraraztea ezinezkoa dela mundu guztiaren gustukoa izatea.

 

      Bere burua euskal literaturaren barruan kokatzeko eskatuta, dio “oraingoz idazle ikusgarrien multzoan” dagoela. Euskal literaturan preziatzen diren dohainak bere ustez dira: egiantzekotasuna, joera enfatikoak saihestea, apaingarri gabezia eta, hizkuntzaren trataerari dagokionez, zorroztasuna eta ņabardura. Horrez gain publikoaren sektore batek kezka sozialak eta politikoak jorratzen dituzten liburuak baloratzen dituela uste du, “baina hori ez da nire arloa”:

 

      Esparru guztietan emakumezkoek beren dohainak demostratu behar dituzte gizonezkoek baino neurri handiagoan. Premisa horretatik abiatuta... Literaturan ere gauza diferenteak eskatzen zaizkie... Pentsatzen dut emakumeoi eskatzen zaigula, eta hori onerako da, emakume pertsonaiak jartzea istorioen erdigunean. Eskatzen zaigu baita ere geure barne mundua zintzotasunez konpartitzea... Horrek ez du esan nahi kontatzen duguna egia autobiografikoa denik... Bestalde, ni pertsonaletik ni kolektibora zubia egitea, hori ere baloratzen dela uste dut. Eta estereotipoen kontra doazen ahotsak sortzea. Gizonezkoen kasuan, esango nuke ez zaiola hainbeste garrantzi ematen ni biografikoa eta ni narratiboa berdina izateari. Izan ere, emakumezkoek idatzitako literaturaren kasuan “bera da” pentsatzen du irakurleak; gizonezkoen kasuan ez da automatikoki egiten.

 

      Horrez gain, gaur egun gure testuinguruan maskulinitate berriak onetsiz doazela dio, kultura arloan behintzat. Horregatik idatz edo kanta dezakete gizonezkoek “sentimentalak” diren kontuak. Aldiz, emakumezko batek sentiberatasuna erakustea ez da femeninotasun berri baten parte, alderantziz baizik, eredu zaharrei jarraitzea da:

 

      Hor dago beti gure desabantaila, azken batean, molde gehiago apurtu behar ditugu: gure gain mende luzez egon diren kargak guk geuk astindu behar ditugu, eta asko eboluzionatzen ari gara oso denbora gutxian.

 

      Meabek bere buruari buruz idazten duela dio, “ni” hori baliatzen du beste “ni” batekin konektatzeko:

 

      Baina nire testuetan hain patentea eta astuna izan daitekeen ni hori, ni balioaniztuna izan daiteke. Lehenengo pertsonan erredaktatua dagoen ni bat izan arren eta askotan nire niarekin bat datorren arren, beste batzuetan beste ni batzuen isla ere bada. Helduentzat idazten dudanean. Haurrentzat idazten dudanean umeen arazo errealez idazten dut: eskola arazoak, edo guraso banatuak, harremanak, langabeziaren ondorioak familian...

 

      Helduentzako literatura idazten duenean ordea, ez du esparru sozial hori urratzen, nahiz eta horrek ez duen esan nahi axola ez zaionik:

 

      Behin Anariri entzun nion, literatur eskola batean, bera Abiadura Handiko Trenaren kontra egon daitekeela, bai, baina ez zaiola horren kontrako kantarik ateratzen... Ba antzeko zerbait. Ez daukat horretarako pultsurik, ez nuke jakingo nola egin. Eta demagogikoa gerta daiteke... Koherentea izan beharra dago predikatzen duzunaren eta zure bizi tankeraren artean.

 

      Edonola ere, niaz idazteaz akituta dagoela eta urruntzeko gogoz dagoela aitortzen du. Bere testuen bidez benetan dena baino interesgarriagoa eta ausartagoa den andre baten irudia transmititzen dela uste du. Maiz autozuzentzen dela dio:

 

      Nire joera dena idaztea da, niretzat idazketa ispilu bat bezalakoa denez. Horregatik, gehiago naiz kentzekoa gehitzekoa baino. Etengabe aritzen naiz zuzentzen... Metamorfosi erogarria da testuena. Eta autozentsuratu ere egiten naiz... Norbaiti kalte egin diezaiokedala sumatzen badut edo nire burua toki txarrean utziko dudala iruditzen bazait.

 

      Senide zaharren azken urteetan zaintza lanak egin behar izan zitueneko garai nekosoak ekarri zizkion idazteko zailtasunak, kontzentratzeko oztopoak: “Oso zoriontsua izan naizenean ere airean ibili eta gutxiago idatzi dut”. Edota semea artean txikia zela, argitaletxean lan egiten zuen garaian. Adrienne Rich aipatzen du amatasunaz jardutean: “Zoriontsuen eta aldi berean zorigaiztokoen sentiaraz gaitzakeen bizipena”:

 

      Bizipen hori oso erreala izan daiteke, amatasunaren inguruan mito edulkoratuak daudelako, baina nik zoriontasunez bizi izan dut nire amatasuna. 33 urterekin izan nuen Joanes, itxarondako umea zen, eta bete-beteta sentitu nintzen etorri zenean. Erditze gelan sentsazio berezia izan nuen: paisaia bat ikusi nuen, ibai luze-luze bat, eta ibai hori nire semearen bizitza zen, nire bista iristen ez zen toki batean galtzen zena... Transzendentziaren sentipena izan nuen. Gerora ere esperientzia asegarria izan da amatasuna. Ume erraza izan da hazten.

 

      Haur literatura idaztera semearen jaiotzak eraman zuen, berari besteren ipuinak kontatzeak eta ipuin propioak sortu nahi izateak, besteak beste. Senarrak bizpahiru arratsalde libre zituen eta bera egoten zen semearekin, Meabe bere lanetan ibiltzen zelako. “Zortea” izan zuela dio:

 

      Senar ohiak sostengu handia eman zidan nire proiektuetan, lanekoetan nahiz literarioetan, nahiz eta geroago harremanak okerrera egin, besteak beste, lanari emanegi bizi nintzelako.

 

      Semeak “inspirazioa” ekarri zion:

 

      Haurdunaldiak sugar moduko bat eman zidan idazteko. Baina semeari buruzko poemetatik Azalaren kodea-n bi baino ez daude, eta horrek ere badauka azalpena: orain ez da berdin, orain ama izatea eta ama eta idazle izatea eta hori erakustea ondo ikusten da, eta harrotzekoa da umeari arreta emateko norberak denbora hartzea. Gure sasoian ez, guztiz kontrakoa zen: amatasuna aldarrikatzea edo amatasunari sorkuntza prozesuan tokia egitea ildo zaharkitu bati jarraitzea zen, tradizionalistari... eta orduan, bi poematxo sartu eta ez dadila gehiegi nabaritu, hau antzinakoa izatea da-eta!

 

 

[6] Bibliografia laburra:

            Uneka... gaba (1996)

            Oi, hondarrezko emakaitz! (1999)

            Azalaren kodea (2000)

            Bitsa eskuetan (2010)

            Kristalezko begi bat (2013)