Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-10-X
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
 

Parisko txolarrea

 

Txolarretxo, txolarre,

Paris erdikoa:

Bourse-ko iskanbilla

(gizon zoro batzarre)

ez ote naikoa

i izutzeko, axolakabe biribilla?

 

Farol itzali baten

txapel-gallurrera

etorri aiz txuxen

apur ostu bat yaten:

batetik bestera,

txapelaren muturrak arin dituk gaintzen.

 

Salto banakin, begi

ernaiak lurrera.

Ez aiz i makala:

begiraldi luzeegi

gabe, baator bêra;

ez, alearen ordez, yasotzera azala.

 

Kafetxean bainago

astiaren yabe,

zer egin hoberik

(ezer ez gogarago),

muñak urtu gabe,

zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik?

 

Leioak lauso dira,

eguraldiaren

antzo. Barrenean,

giroaren arira,

loxustak egiten

morroi mantal-zuriak daude bazterrean.

 

Begira, bêtik gora,

berriz txolarrea.

Keñuka begiak,

irentsi du, gerora

luzatzeka, alea.

Esku —?— peko guri bat boteaz... an tziak!

 

Parisko txolarrea:

zertan aiz berezi

nere erriko batez?

Azalez, soin arrea;

barrenez, biurri;

kideago zaitezten... eztakik prantsesez!

 

Kanpantorre xârrean

bata bezin lasai,

bestea da maiztar

Tuileri goitarrean.

Egingo nuke, bai,

angoa lotsa ezetz onuntza banekar.

 

Nunaitar izan-minez,

ostera, gizona

bai txori baldarra!

Âleginak egiñez

bebil andik onâ:

etxez kanpora beti duk baserritarra.

 

Labur: nere burua

Parisen ikusiz

ain lotu ta arlote,

otoi nizun zerua,

zeatz adieraziz

gizon baño naiago nukela txolarre.

 

w 1930