Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-10-X
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
 

Asaba zârren baratza

 

Barrena'tar Polikarpa,
adiskide min ta abertzale
yatorrari, biotzez.

 

I

Atarian

 

Asaba zârren baratza,

untzadun ormek esia,

eguzkiak lên maitea...

Otzaldi zoro baten itzuli,

yoka nagokik atea.

 

Yoka nagokik atea,

ate gorri zurezkoa,

euri zârrek usteldua;

marraskilloek bide biurri

dirdaitsuez apaindua.

 

Bai bainun amona xâr bat

zazpi begiko baratzai;

deadarkari yaioa

marrubi-lapur nenkusanetan...

Bizi ote dut gaxoa?

 

II

Sarrera

 

Sar eta... zuaitz yantziak.

Urrats bat egin, ta... adar uts.

Oroipen-txoriez zeuden

beterik: ni ikus ta, bat-batean,

egoei eragin ziten.

 

Nigana datoz, nâsian...

Adiskide min maiteak!

Barru-muñeko gauean,

su itzalitzako zârra gar gorri

dabil da biur-naiean.

 

Belar gaiztoak yan ditu

nire bidexka izkutuak...

Ale bakanak dakartzi

bide gañeko mâstiak, eta

ortziak peitu du iguzki.

 

Urte yoanen zitala!

Zuek zarpildu-itzalia

lênera nork lekardake?

Zabal-naroa nuen baratza,

gaur ain estu, gaur ain gabe!

 

III

Lêna

 

Baratz erdian dut arki

amona: alderoka dator,

begi galduak noranai...

Eriotzak dakar besalagun,

bere buruz ezpaita gai.

 

Amona, zatozkit, otoi:

billoba laztan ezazu,

esan zadazu «billoba!»

Itz ori, soilki, zârrak dit ondu,

ardoa oi dun bezela.

 

Biraka asi zan, dei ta dei:

aita dei, ta ama; aurtzaroko

lurrak irentsi lagunak...

Zârrez birrumetu danez gero,

menbeko darabil lênak.

 

Errukarri! Lausorik du

gizargia begietan...

Nonai aldiaren sitsa!

Zuka, zoroki, mintza zitzaidan,

zaldun arrotza bainintzan.

 

Laztan dut. Bera, arrituta,

begi-begira dagokit.

Gero, geldiro: «Nor zaitut?...»

Euskeraz ark niri galdegiña

gogoan besterik ez dut!

 

Nire begien suz sutu

naiez bereak, diotsat:

«Billoba nauzu, zârrena...

Zure marrubi gorriak iñoiz

ostutzen oi nituena...»

 

Oroi ote?... Begietan,

zalantza dut tximistarik

iragan zuelakoa.

Burua igurtzi zidan astiro,

esanaz: «Zu...? Zu...? Gaxoa!»

 

Ta asi zan biraka berriz,

il-zârrei oska, negarrez,

eriotzaren egarri...

Bizitzearen ondar aleak

larrañean eultzen ari!

 

IV

Oraña

 

Ta, ara, bidean, baldarño,

muttiko bat guregana:

ark birbilloba, nik seme.

Ikus amonak, bertan gelditu,

ta aren eztizko irriparre!

 

Laztan du, pozak zoratzen:

«I aut, orain akust ongi!»

(diotsa) «I aut, bai, ‘Olako’!...»

Ta... nere izenez igurtzi zuen

burutik oñetaraño.

 

Lêna zegoen orañaz

ele gozoka. Bitzuok

mintzo beraz ziarduten.

Ene asaben lokarri zârra,

Yaunari zor, etzan eten!

 

V

Etorkizuna

 

Ordun eguzkiz yantzi zan

asaba zârren baratza;

ordun, zuaitzak igaliz;

ordun baratza lêneratu zan

mugak berriro zabaliz.

 

Ta lên ikusi gabeko

zuaitz berri bat zegoan

erdian, guzien buru...

Aren gerizak erri-baratzak

ezin-ilkor egin ditu.

 

Nire Tabor-mendi: nire

baratz zârraren antzalda!,

egi, mami, biur adi:

lênaren muñak aldatu beza

baratz zârra baratz berri!

 

w 1931 

Musika: Antton Valverde