Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-10-X
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
 

Etxeko kêa

 

Aidean eder usoa,

mendi-mendian pagoa...

Etxe gaingorriak emana

kêa dun ederragoa.

 

Basalurrez bidalari

kê urdiña badut nabari,

ai nire poza!, uraxe baita

gizalur-ezagungarri.

 

Aurki, aldean, olloa:

maldan etziñik, soroa:

etxe zabal tellagorria,

aurrean intxaurrondoa...

 

An dun bero, ta an dun bizi...

An, aur yolasen karraixi...

Gauez, sutondora bilduta,

eguneko lanen sari...

 

Nireganago, maiteño:

aurki, bata bestereño:

amets!, iñularreko izarra

zeruan piztu dediño...

          * * *

Eztai egunez, maiean

indi-olloak sallean...

Ortzia bezin urdin, kêa

tellatutik, biurrean...

 

Leiotik, ogei baserri

mendiaren apaingarri;

zenbait zabal ditun ageri;

zenbait, erdika nabari.

 

Batak besteak adiña

kêa guziek urdiña...

Susmo niñan zeru goxoa

kêok ote zen egiña!

 

          * * *

Maiteñoa zait il atzo,

aretoan gorputz dago.

Leio zabaletik, mendia;

aizeak, eguzki-giro...

 

Aidean eder usoa,

mendi-mendian pagoa...

Etxegañetan ederrago

biziaren kê mordoa.

 

Azti zitala belea,

erio-ondakin zalea...

Zerraldoa dagon etxetik,

ura bezin beltza... kêa!

 

w 1932