Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Mirariak jesuiten zientziapean

 

        Urtebete beranduago, 1932ko ekainak 21 zituela hain zuzen, Donostiako Victoria Eugenia zinema-antzokia arrautza bezala bete da. Patioa, plateak, oilategia, pasiloak eta atezuloak ere jendez gainezka daude. Ez dira etorri ez antzerkia ez zinema ikustera. Hitzaldi bat entzutera jina da Donostia osoa. Azaldu da hizlaria, esku-zarta beroz hartua. Fraile bat dugu, Aita Laburu ospetsua, Espainiatik fuera futxo igorritako Josulagundikoa, Dolores Nuñezen aitzinean oihal beltzarekin agertua zen fraile argal eta luze hura bera!

        — Ezkioko horretaz hitz egin behar dut. Eta «horretaz» hori indartu nahi nuke bereziki. Lezione bat eman behar dut. Ene metodoa dialektikoa izanen da. Materiala mailakatzea. Ideiaz ideia. Erraten ahal didate ez naizela Ezkion bortz egun baino egon. Eta zer. Konparantza bat eginen dut. Hemen dauden mediku jaunek berehala konprenituko dute. Ekartzen didate pertsona baten listua. Egiten dut azterketa. Koch baziloak ikusten ditut nik han. Bularreko gaitza. Eta erraten ahal didate, zuk ez duzu listua bertzerik ikusi. Ez dut gehiago behar. Badakit normalaren eta normala ez denaren psikofisiologiaz. Azter ditzagun zer diren fenomeno sintetikoak...


        (Aita Laburu jakintsua da, halakoaren ospea du behinik behin. Tente egiten du hitz, nagusitasunez. Ñabardura gutiko aktorea da, baina oso hunkitzailea. Hitzaldi hau ez du azkena izanen. Diozesiko bikario nagusiak bere esku utzi du «Ezkioko hori» behar bezala bideratzea. Entzuleria, egia erran, Anduagako zelai miragarrietan bezain liluratua dauka)


        — Ikustagun Ezkiokoa. Jainkoagandikoa baldin bada, honetarik egon behar du eta ez bertze honetarik. Jainkoagandikoa baldin bada, ikustunek eduki behar dute dena Jainkoagatik egiteko nahikunde ezin bortitzagoa. Apaltasun handiz, apaltasun sakonez. Onbidez? Bada apaltasunik hemen? Bada onbidekorik hemen? Bada Jainkoaganako nahikunde bortitzik hemen? Bada sakontasunik sentimenduan hemen? Erranen nuke, jaunok, obratu diren moldeak kontuan hartzen baldin baditugu, alor espiritistetan gabiltzala...


        (Honetan, entzuleriaren kontraplanoa hurbilean: marmarrak elkarri...)


        — Jaunok, Ezkion altxadura bat dago... ikustunak altxadurara igaten dira... altxadurak sokak ditu... Nik filmatu egin ditut ikustunak...


        (Menturaz Aita Laburu ez zen ez luzea ez argala, menturaz ez zen bera izan Dolores Nuñezen begietan oihal beltza paratu zuena... Baina ongi datorkio filmeari, eta eskuan erabili zuen oihal hura izan zitekeen, bertzerik gabe, pelikula-txasiak aldatzeko zaku beltza... )


        — Eta guztiek nahi dute berriz ere filmatzea dotore azal daitezen... Ikustunek gauez izaten dituzte ikustaldiak. Nik erran diet filmatzeko ordurik egokiena arratsaldeko hiruretarik laurak bitartean dela, eta... denak ados.


        (Laburu hau maltzurra da, mirari kontuetan jakituna dugu hagitz. Entzuleen artean Doña Carmen de Medina balego eskandalak hartuko luke, edo zorabiatu... Garatu beharreko puntua da hau, beti dator ongi eszena «gogor» bat txertatzea hitzaldiaren erdian, maite dituzte halakoak ekoizle jaunek...)


        — Ama Birjinak ordu jakin batean zitatu ditu. Baina ordu hori ez da ona filmatzeko. Eta nik ozenki erraten nion neure ondokoari, haiek ongi entzun zezaten, «Tresna amerikar honekin hartzen ahal bagenitu arratsaldeko hiruretan...». Erantzuna: «Ados». Haboro: «Pelikula guti gelditzen zait, orain filmatzerik bagenu gelditzen zaiguna...» Errefera: «Berehala».


        (Menturaz kamera ez zen Arriflex edo Bolex... Mitchell amerikar bat ote? Edo ikustun ergel haiek liluratzeko erranen ote zuen Aita Laburuk tresna amerikarrarena? Gai zatekeen... Nor ote zuen ondoan? Operatzaileren bat? Ez zaigu axola. Mirari bakarra zinema bera da hemen, sasimirariak agerian uzteko atxamarta berria!)


        — Ezkion goi-maitasuna egon da. Ezin liteke uka. Euskal Herriak Ezkion egin duenak erlijiotasun sakoneko gauza izan da. Bere fedea zintzo eta suhar erakutsi duen herri handia izan da...

        (Txaloak, idazten du El Díako kazetariak parentesi artean. Ongi mereziak: Laburu politikari ona da, badaki galeretarik irabaziak ateratzen).


        — Eta hemen fede oneko gizonari egin behar diot hitz. Beraiek bezalako iritzia ez dutenei susmo txarrez behatzen diete. Eta ez dakite nolako kaltea egiten dioten katolikotasunari. Nik erranen nieke, «min handia egiten diozu erlijioari». Nolako kaltea egiten ari den hau guztia sustatzen duenak...!

        (Txalo handiak. Sarrera ordaindua da, eta jasotako dirua langile eri txiroei laguntzeko erabiliko da...)


        — Ez gaude nahasmenduetarako. Ez gaude etsaia jazar dakigun estakuruak emateko garaian. Ez dira ohartzen, beren arinkeriarekin eta beren babesarekin, nolako kaltea egiten dioten Erlijioari.

        (Txalo izugarriak)


        — Finitu dut lezionea. Ondorioa emanen dut: Elizak santutasun-auzia ireki dezan, lurraz goitikako aztarnek egon behar dute. Ez da auzirik ireki.


        (Eta Aita Laburuk belarriondokoak iduri duten esku-zartak jasotzen ditu, hiru filmeren emanaldia gaztigatzen duelarik. Mutuak dira, berak egin beharko du esplikadorearena...)

        Ezkiokoak dira bi. Hirugarrena Aita Laburuk Txileko Santiagoko zoroetxean filmatua da. Bertako internoei hizlariak hartutako zoroaldi klasikoak erakusten ditu. Ironia handiz, Aita Laburuk Ezkiokoekin alderatzen du hau, batez ere ustezko ikustaldien aitzinekoak eta ondokoak, ikustunek jendearen aitzinean «aktuatzeko» moduaz ohar zorrotzak eginez.

        Une batzuetan ikustun bera ageri da eszenan. Ikustaldi baten ondoren honela dio jesuita jakintsuak. «Ikus ezazue nola behatzen duen kamerara saiheska». Eta hala da...

        Oharrarazten ditu, halaber, filmatuak izan baino lehen egiten dituztenak itxura apaina emateko.

        Eta han biltzen den jendetzari buruz, denak bata bertzearen gainean, Aita Laburuk apez adiskide batek errana aipatzen du: «Ez dakit ba, Ama Birjinak nahi izanen duen jendea horrela egotea gaueko hamarretan...».

        Eta atertu ezineko bertze ohar meta bat, hitzaldi hau —Aita Laburuk ematen dituen guztiak bezala— nahi baino laburragoa eginik, eta ez gara isilduko gure zorionik beroena eman gabe biologo handiari.


        Non ote dago material historiko hau? Apaldegi zaharren batean ahantzia nehork jaso zain, ala suntsitua ote da? Baina gidoia egin behar genuen. Eta gidoi batek ezin du gisa honetara finitu, misteriorik gabe... Anabasa! Nahasmena! Saltsa! Kaparkuxelüa! Sasia! Laharmendua! oihukatzen du euskaldunak, Intriga! erran nahi ezik...