Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Zonbait aitzindari isil

 

        Lehenengo zinema-etxea Bilboko Iralabarri auzoan sortu zen 1923an, Academia Cinematográfica Hispania Film izen ederrarekin. Moral dorpeko valentziar batek sortua izan omen zen, eta berehala hartuko zuen lizun usaina kentzeko gauza izan omen ziren Alejandro Olabarria erlojeroa eta Aureliano Gonzalez argazkilaria. Aitzindari ausart hauek Un drama en Bilbao filmatu zuten, osorik ez bada ere egundaino heldu den lehen fikziozko filmea. Bertako gertakari batean oinarrituriko melodrama, hagitz bizitza komertzial labur eta lehorra izan zuen. Halabeharrez, filmea artisau lana da, ilusioz egina, baina engoitik jendea ohitua zegoen Gloria Swanson ikusten Maitasunaren indarra eta Mousidora Don Carlosengatik bezalako filme erraldoietan... Bilbotarrek nahiago izan zuten bi pezetak bertze takila batzuetan utzi. Aitzindariek seta gogorra izan ohi dute eta, bikote honek bertze melodrama bat egin zuen, Lolita la huérfana. Ez dute harrera hobeagorik lortzen. Porrot egin dute. Olabarria erlojeruak produktora utzi eta Zinema Akademia sortuko zuen. Honen hutsunea betetze alde Telesforo Gil del Espinar ageri da, postako langilea eta zinema kritikaria aldizka, Un drama en Bilbao zuzendarien ahalegina txalotu izan zuena.

        Erreportaia batzuk egin eta diru poxi bat bildu ondoren, Gil del Espinar jaunak Edurne, modista bilbaína filmatzeari ekiten dio. Meategi eta fabrika giroan kokaturiko azken gozoko melodrama, Euskal Herrian egin zen lehen luzemetraia dugu. Gure herri guztietan eman zen 1924-25eko neguan, eta hartan ezarritako kapitala, 7.600 pezeta, bortzetan aniztu zen. Filme historiko honetarik gidoia, argazki batzuk eta bazter utzitako hartze batzuk baino (deskarteak) ez dira gelditzen. Itxuraz, filmearen kopia bakarra, ustekabean, gozodenda bati saldu zioten, eta hangoek zatitu eta gozoki barneetan paratu zituzten fotogramak, opari eta erakargarri gisa. Olabarriak ere egin zuen bere filmea. Oraindik ez da aurkitu ahal izan, baina badakigu Martinchu Perugorría en día de romería zuela izena, lau zatiko komedia. Bilboko Olinpian mustu zen, eta hiru egun eman zituen kartelean.

        El mayorazgo de Basterretxe (1928), prentsak Griffith barakaldoarra bataiatu zuen Azkonarenak bai, iraun ahal izan du egundaino, eta hauxe dugu gure lehen luzemetraia. Lanbidez argazkilaria, Mauro Azkona gaztea Gil del Espinarrekin jarduna zen laguntzaile gisa. Bere anaia Víctor sustatu zuen ekoizpen etxe propioa sortzeko, eta kamera bat, laborategia, estudio txipi bat eta auto bat erosteko familiaren etxea jarri zuten bahituran. Eskua lantzen jardun zuten hiru urtez, luzemetraiari heldu baino lehen zonbait erreportaia eginez. El mayorazgo de Basterretxe Pierre Lhanderen Mirentxu nobelaren egokitzapen librea da, eta emaitza baserri giroko melodrama dugu, antzinako bizimoduaren laudagarri. Azkonatarrak arduratsuak ziren, Bizkaiko Museo Etnografikoko zuzendariari kontsultatu zizkioten jantziak eta etxe barneak. Ohiko zailtasunei gobernadore zibilaren debekuak gaineratu zitzaizkien ikurrinaren erakusteko (ulergarria Primo de Riveraren diktaduran) eta baita aktoreak «etnografikoki» jantziak joan zitezen Bilboko karriketan... Filmeak badu halako kalitate orokorra, garai hartan egiten zena baino jasoagoa. Arrakasta izan zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, baina egileek ezin izan zuten hipotekaturiko etxea berreskuratu. Zinema soinudunaren jitea sobera berrikuntza zaila izan zuten, diru handiak behar ziren kamera blindatua eta magnetofono sinkronizatua yankiei erosteko. Gero, faxistak altxa zirelarik, gerlako kronistak bilakatu ziren beren kamerarekin. Victor Azkonak Sobiet Batasuneko Mosfilm laborategietan egin zuen lan hil arte.