Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


"ARRAKALAK"
IKUSKIZUNA
SAREAN


LIBURUARI BURUZKO
MATERIAL GEHIAGO
(bbk)


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

ITZALITAKO ARGI BAKOITZEKO

 

Berandu heldu zen senarra ohera.

Loak hartu zuen hordi eta guzti.

Eskuen gainean itzarturik,

ausartu egin zen anderea.

Esan zion gazteegi hil zitzaiola maitasuna,

laztan ezak arroztu ziola ezkonaurreko bihotza,

damorriak umeltzen zuela euri egunetan,

barauez asetzen ikasi zuela,

debeiatu zela luzeegi bizitzeaz

egunak goizetan zahartzen zitzaizkionetik.

Esan zion ezetz,

ahanztura azkar hedatzen ari zen gaitza zela

zapiek aurkako ahaleginak egiten bazituzten ere.

Esan zion ezetz,

ez zuela gehiago bere emakumea izan nahi

eraztunari sinesgaitz egingo bazitzaion ere.

 

Esan zion ezetz

eta balizak jantzi zituen oinetan,

soineko gorria beldurretan,

zulatu zuen ihes-txartela eta

birak eman zizkion munduari,

jipoitutako promesa bakoitzeko bat,

mesanotxean itzalitako argi bakoitzeko bat.

 

 

© Gotzon Barandiaran

 


www.susa-literatura.eus