Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Maitalea adiskidearekin geratzen denean

 

Mikel Antza

 

Susa 28 / 1992ko apirilean

 

 

Bazkalostean, ohi bezala, laino zuri eta lodiek abuztuko eguzki boteretsuari egin zioten leku ortzi zalantzatiaren erdian. Itzalak ezkerraldera jausten ziren hauts kapa fin batez estalitako hondartzan. Musuen hezea azal kiskalietan. Itsas marea beheran belaontzi eta yate ugariek eta arrantzontzi apurrek beren sabel gosetiak algaz tapizaturiko ohantzean etzaten zituzten. Eskuen karizia nagiak krema oliotsua hedatuz.

        Hiru gazteak ahuspez etzanik zeuden koloretako toalla zabaletan. Neskak, bi mutilen erdian, azal zuria zuen, ileak beltz, eta soinean gorputz osoko bainu-traje gorria. Inguruko emakume orok erakusten zion bularraldea eguzkiari, titien argizariko museo batean bezala. Hondartza sarreran, zakurren paseoa eta kotxeen sarrera debekatua zegoela adierazten zuen kartel bat zegoen.

        Neska, gorputza itzuliz, eseri egin zen. Itsaso bareak plastikozko hondakin batzuk garraiatzen zituen ganoragabe. Bere eskuinean zegoen mutilak eskua luzatu eta neskaren orkatilako hezur lodia oratu zuen.

        — Zer ordu da?

        Kaioen karkailak entzun ziren arroka inguruan, eta bi olatu indargeren aparrarekin batera, neskaren ahots gozoak erantzun zion:

        — Ordu-erdi barru hasten haiz.

        Bakantzak hasi zirenez geroztik aldaketa gutxirekin errepikatzen zen erritua zen. Mugimendu guztiak barneratutako aginduei men eginez bezala gertatzen ziren. Elkarrizketak berak ere ez zuen luzaro irauten hiru gazteen artean. Solasean iristen ziren hondartzara. Bi mutilek jean galtzak eranzten zituzten artean, neskak toalla baten laguntzaz janzten zuen bainu-traje gorria.

        Mutilak lasterketa azkarra egiten zuen ertzeraino neskak olio krema babeslez gorputza igurzten zuen bitartean. Igeri saioa egin ondoren itzultzen ziren mutilak, ileak busti, hortz zuriak nabarmen uztailak beltzarandutako azalean. Toallan eserita eta eguzkitarako betaurreko beltzen atzetik begiratzen zituen neskak. Segailak ziren biak, beso indartsuak, giharrak artifizialki hanpatutakoak izan gabe, hanka iletsuak eta ibilera axolagabea.

        Toalla gainera jausten ziren, neska hondarrarekin ez zipriztintzeari jaramonik egin gabe. Neska kexatu egiten zen, eta eskuineko mutilak ostera ere eguzkiari bizkar emanez etzanda zegoen neskaren gorputza tanta gaziz ereiten zuen.

        Gero, bainu-traje gorria tenis-sare gisa erabiltzen zuen bi mutilen elkarrizketa abaildu egiten zen apurka, esaldiren bat erantzunik edo errepika gabe geratu artio. Ezkerreko mutilak bazekien murmurioen ordua iritsi zela. Olatuen danbada indartzen zen, kaioen karkailak ozenagotzen, ingurutako nesken bularrak nabarmenagotzen. Eskuineko mutilak beso oraindik hezea neskaren bizkarraren inguruan biltzen zuen eta bere ezpainak belarriratuz harengan irribarre estrainioak pizten zituen esaldiak lotzen zituen. Ondoren, isildu egiten ziren beraiek ere. Isilik zeuden hirurak, alboko fm irrati bati entzungabe adi. Eta ordua iritsi zenean galdegin zuen eskuineko mutilak:

        — Zer ordu da?

        Makinalki janzten zuen galtza bainu-traje zabal eta hezearen gainetik, koloredun nikia gero, sandaliak eskutan hartzen zituen, musu ematen zion masailean neskari eta hogeiren bat metrora aldentzerakoan eskua altxatzen zuen burua itzuli gabe. Eskailerak igotzen zituenean, neskak «kuraia on!» botatzen zion.

        Bere adiskidea lanera joaten zenean ohizko komentarioak egiten zizkion ezkerreko mutilak neskari, ez zela mauka ederra egunero lauretan lanera sartu beharra, baina zortea ere bazuela lanik topatu zuelako. Eta gai horren inguruko hainbat aldaera. Gero beste zer edo zertaz mintzatzen ziren, eta azkenerako eguzkiari begira etzaten ziren biak.

        Orduan ezkerreko mutilak, bere adiskidearen maitaleak bainu-traje gorriaren goiko partea pixkanaka-pixkanaka beherantz biltzen zuela irudikatzen zuen, alu aldeko lehen biloak hazten ziren mugaraino, bere titi gozo zuriak eguzki gordinaren menpe geratuz. Neskaren gainera makurtzen zuela burua, titi-punten inguruan ezpainak hertsiz eta mihi-puntaz titi-burua milikatzen ziola.

        Arratsaldeko zortzietan, ohi bezala, berriro ere hirurak herriko enparantzako tabernako terrazan, garagardo fresko banaren inguruan, elkar topo egiten zutenean, adiskideak begiak desbideratzen zituen bikotearen musua gauzatu bi istant aitzin.

 

 

 

© Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus