Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Piko o mordisko

 

Pepe Zulaika

 

Susa 14-15 / 1985eko uztailean

 

 

Hots monotono hura belarrira sartu zitzaidanean, dentistak enpasteren bat egiten zidala pentsatu nuen esnatu baino lehenago, edo akaso, esna nengoen, beno, erdi lotan bai behintzat, baina ez, oraindik dentistaren txanda ez zitzaidala tokatzen konturatu nintzen eta zarataren jatorriaz ere: bosgarren pisuko andrea zen aspiragailua pasatzen barruko patioa asaldatzen, ze aspiragailuak ere lotan egon beharko luke, igandeko goizeko hamarrak arte behinik behin, ez al dute eskubiderik ba? nioen nire baitarako ilunean nentzala begiak igurzten makarrak kentzen konturatzeke nire ohaideak lotan irauten zuela, baina nola? ni erne eta hau esnatzeke, ezin da ezin, amorru bizian jartzen naiz halakoetan eta horregatik esnagailuak jo zuenean ez nuen eten, izorra zedin, holan dok hala? baina besteak ohean pare bat buelta eman eta seko lo hartu zuenean, despertadorea almohadapean gordetzea hoberena zela onetsi nuen eta kaguendios pare batzuekin lortu nuen altxatzea komunera joateko eta logelako atea atzean laga bezain laster aurkitu nituen aulki, mahai eta altzairu guztiekin estropezuak egin nituen eta kirrinkei ixooo niotsen behatz bat ezpainetan nuelarik, hala nola anbulatorioko ume gelako koadroko enfermerak zioskunez gure haurtzaroan, hura zen garaia, bai horixe! ba halaxe sartu nintzen komunean egunerokoa betetzeko, edo hobeto esanda, lagatzeko, hain suerte txarrarekin ze funtzino erdian konturatu nintzen paper gabe nengoela eta modu hartantxe, arrapataka, abiatu nintzen sukaldera, armairua ireki, paper roiloa hartu eskuetan eta berriro itzuli nintzen bukatzeko bukatu beharra neukana, ez aurretik boligrafoa hartu gabe, ze inspiratuta nengoen, eta paper arrosa batean apuntatu nituen bertso zikin hauek:

 

                Gizontxo irakurle amorratua naizenez

                egunero komunera joaten naiz

                irakurtzera.

 

                Metro koadratu baten barruan

                bizi izan dut:

                Stevensonen pirata eta irla misteriotsuak

                Kafkaren gaztelu eta burokrata beldurgarriak

                Londonen miseria eta garraztasunak

                Omar Kheyyamen olerti eta maxima alkoholikoak

                eta sudaka bat edo baten berotasun tropikalak.

 

                Alferrik galduta

                zeren eta nik

                liburu baten

                orri guztiak

                behar ditut

                ipurdia garbitzeko.

 

eta hau eginda gero kristoren lasaitasuna sentitu nuen uzkian, ze paper arrosa paper satinatua baino leunagoa da, noski, ba halako mozolokerietan pentsatzen abiatu nintzen sukaldera, argia piztu, hozkailua ireki, bi arrautza hartu, labea ireki, zartagina atera, armairua ireki, olioa erori eta jaso, berriz hozkailua ireki, ahaztutako urdaia hartu eta gosaltzeko prestatu nintzen, zeren eta igandeetan lau ogi erre gantzaz bustirik eta arrautza pare bat urdaiarekin izaten da nire gogoko hamarretakoa, hori bai, gatzik gabe, potolotzen baitu eta ez da komenigarria gehiegi loditzea, diote sendagileek eta neskatilek, eta nik jaramon eginez «desayuno inglés» egiten dut, europar erara, ba janaria prestatuta daukadanean, ezin naizenez bizi irakurri gabe, mania bat baita, pijama gainean janzten dut bata eta banoa egunkari bila, zeren eta suerte handia dut lehenengo pisukoa Liberación-en harpideduna izatearekin, ba horrela ataritik irten gabe, buzoitik jasotzen dut prestamo bezala eta berriro igotzen dut, baina ez pentsa gaizki, ze gero berriz itzultzen diot, nahiz eta txarrena izaten den egunkarian pare bat koipe orbain agertzea, baina niri bost axola, joder, hala eta guztiz ze moskeoa edukiko duen tipoak, baina denok daukagu kulturaren eskubidea, ez al da? beno, ba ondo asetu naizenean buelta ohera, baina ez lotara, almohadapeko esnagailua berriz ipintzeko baizik, nire ohaidearentzat eta ohizko laztana emanda gero kalera kirol pixka bat egitera, beraz, paseatzera, ze paseatzen joaten naiz aldameneko parkeraino, han tximino begikoi batzuk daudelako eta ohituta nago kakahueteak eurentzat, artaleak antzarentzat eta arto malutak usoentzat erostera, baina gaur goizean parkera nindoala gauza kurioso bat pasatu zait, ez nuela espero aitortu behar dut aurren-aurrenetik, zeren halako gertaerak bakarrik paperetan gertatzen baitira eta justu gaur niri tokatu, beti egiten dudan bide berdinean izan da, hauxe da: segun parkera zoazen aldapa bukaeran zirrikitu bat dago bi etxe tartean, bidezidor gisan erabiltzen dena parkeraino heltzeko, zirrikitu estua, pareja bat doi-doi pasatzeko eta txipiroien tinta bezain beltza, beldurgarria gauetan, baina inork espero zezakeen eguerdian handik pasatzerakoan bi tipo haiekin topo egitea, hogei urtekoak, zer diot! hamazazpikoak edo hamabostekoak, beno, kakaume batzuk, esaten didatela:

        — Benga, dirua.

baina aldean diru gutxi neramala konturatzerakoan, arakatu ninduten eta bat ere ez aurkitzerakoan aurpegiak itxuraldatu zitzaizkien amorruz eta:

        — Piko o mordisko.

orduan ikusi nuen batek labana luze bat zeramala eskuinean, baina luze-luzea, harakinek erabiltzen duten horietakoa eta nola nire sabel borobila urratua, odoldua eta hesteduna antzeman nuen, ia zorabiatuz, esatearren:

        — Mordisko.

aukeratu nuen, hobea zelakoan, ostera, nire harridura galanta izan zen besteak patrikatik alikate iltze ateratzaile bat atera zuenean eta eskutik oratuz besoari hurbildu zitzaionean koska egiteko asmoz, gehiegi izan zen:

        — Ez txikito.

esan nion eskumuturretik oratuz, alikateduna niregana erakarri nuen eta hori espero ez zuela garbi ikusi nuen jarri zuen aurpegiagatik, ba lepazaina estutu nion goritan ipintzen zelarik eta ezkutu gisan neukala kendu nion alikatea labanadunari jaurtikiz, hain suerte txarrarekin, berarentzat, jakina, ze ezkerreko begian jo nuen eta kinka hura aprobetxatu nahian bultzatu nuen nire «ezkutua» bestearekin talka egiteko eta biak lurrean zeutzala labana hartu nuen hain trebeki ze kristoren ebakia egin zidan esku ahurrean, baina behintzat antxintxiketan alde egin zuten, alikate eta labana errekuerdoz lagatzen eta halaxe bueltatu nintzen etxera umore beltzez eta harrezkero ez naiz gogoratu ez tximinoez ez antzarez ezta usoez, ze hurrengoan Urlia joan dakien elikatzera.

 

 

 

© Pepe Zulaika

 


www.susa-literatura.eus