Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Alferrik ari haiz, Bonifazio

 

Juan Luis Zabala

 

Susa 19 / 1986ko azaroan

 

 

Edifizioak oro ari ziren burrunbaz erortzen eta Bonifaziok ez zekien zer egin, nora jo. Hogeita hamar pisu baino gehiagoko edifizioak ere behera zetozen eta harrizko bloke handi batzuek jo zuten Bonifazio, bere gorputz itzela odolezko errekasto ttipiz josita utziz. Mina, bai, gogor samarra zen, baina nahasketa hura eta irtenbiderik eza ziren latzena. Hiri hark ez zuela azkenik zirudien eta Bonifaziok edifizioak erortzen eta erortzen ikusten zituen etengabe. Hiritarren hilotzak apenas ikusi ahal ziren, harrizko bloke piloek estaltzen baitzituzten. Bonifazioren aurpegieran nekea, ezinegona, harridura eta izua nahasten ziren. Une batzuetan alderdi guztietara begiratuta ez zetorkiola edifiziorik gainera konturatzen zen eta bere esku lakarrekin belarriak estaltzen zituen zarata ikaragarri hura ez aditzearren, urduri... Berriro ere edifizioren bat gainera zetorkiola ikusten zuen arte.

        «Noiz bukatu behar ote du infernu honek?», galdetzen zuen bere artean Bonifaziok. Ez zuen ezer ulertzen, ez zekien zergatik erortzen ziren edifizioak, edifizioak ere ez zekien oso garbi zer ziren, baina pena eta beldurra nahasten zitzaizkion haiek ikusterakoan.

        Halako batean, hogei bat pisuko edifizio batek bete-betean harrapatu zion burua Bonifaziori, eta une batez ibilgeturik geratu zen, esku lakarrekin burua gogor estutzen zuela; aurpegieran mina nabari zitzaion, espresio latz batean islaturik. Hala ere laster jaiki ahal izan zen, eta gainera zetozkion edifizioei ahal bezala izkin eginez, noraezean ibiltari abiatu zen berriro, azkenik ikusten ez zitzaion infernu hartatik alde egiteko asmo itsuak bultzatuta.

        Harrapatuta hago, Bonifazio... Besterik ez huen behar: orain, pixagura... Akabua! Alferrik ari haiz, alferrik, Bonifazio, ez duk irtenbiderik... Mundu guztia burrunbaz etengabe erortzen eta erortzen ari diren edifizioz osatutako hiri amaigabea duk. Eta bakarrik erraldoi idiotak iraun ahal duzue bizirik.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus