Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Portuan

 

Joseba Urizar

 

Susa 18 / 1986ko uztailean

 

 

                        a real story by

                        Joseph A. Oldtown

                        (Dedicated to Ed Jimenes)

 

 

Arratsalde osoa portuan eman nuen. Arratsalde puta osoa portu zikin hartan itxaroten, eta han ez zen inor agertzen. Eguraldi eguzkitsuak zertxobait lasaitu ninduen. Berrogei metrora begira plantatu zitzaidan tipotxo bibotedun eta beltzaranak ez zeraman txaketa edo antzekorik: Ez zeraman piparik. Horrexegatik diot eguraldi ederra egoteak lasaitu ninduela, inondik inora ez eguzkizalea naizelako edo beste halako arrazoi tentelen batengatik. Eske, joder, nolako itxura bibotedunarena, eta tipoa neuri begira, bista apartatu gabe. Beno, pentsatu nuen, piparik ez darama, bederen. Kontrabando zain legokeen sureño bat izan zitekeen, edo antzerako zerbait; gainera, nik bai, nik narru beltzezko txupa neraman... eta 38a txupapean. Dena den, ez didate pagatzen jendeaz fida nadin, are gutxiago jende horrek narru beltzarana baldin badauka. Nik bera kontrolatzen, eta tipoa fijo neuri begira arratsalde saindu osoan bista nigandik zentimetro bakar bat ere apartatu gabe; urduri samar jarri ninduen morenotxo madarikatuak, jakarik ez zeraman arren. Gaixoa larregi hurbiltzen bada, esan nion neure buruari, kresalezkoa izango du azken trago garratza.

        Beroa gorantz zihoan eta, lagun, ez zegoen portuaren luze-zabaleran itzal bat aurkitzerik. Garagardo hotz bat edatea bururatu zitzaidan, baina kioskoa kaiaren beste puntan zegoenez, haraino iristeko sureñoaren albotik pasa beharra neukan. Disimuluz buelta erdi egin, morenoari bizkarra eman eta, eskua besapean sartuz, 38a amartillatu nuen. Nire abeslaririk hobetsiena kantatzeari ekiteko prest. Norberaren soa bestearengan finkaturik, hiru bat metrora neukanean ikusi ahal izan nion aurpegia zeharkatzen zion ebatondo izugarri, nazkagarri hura, bekokian hasi eta ezkerreko begia, masaila eta ezpainak erdibitzen zizkion ebatondo higuingarria. Hori ez da, ba, lan-istripu baten arrastoa, iruditu zitzaidan, ez behintzat lan dezente batena. Eta nire bat-bateko larridura ahal bezala zurituz, kioskorantz jarraitu nuen. 38a besape blaituaren kontra garbiki sentituz, gertu neraman eskua behar bezain laster mugimendu arin batez martxan jartzeko bere mekanismo sofistikatuki zehatzok. Ez zen, baina, halakorik gertatu: Bost minutuko epean barra ferde eta koipetsu batean ukondoa euskarriturik, Big Prince garagardo lata eskatzen aritu nintzen; sureñoa, nigandik berrehun bat metrora, geldi eta neuri fijo begira, kabroia.

        «Eskerrak» erran nion kamarera ederrari bere ugatz parea muturraren aurrean plantatu zidanean, geure amak ere bazuen halakorik pentsatzen nuen bitartean. Bi tragotan irentsi nuen Big Princea, lagun, nire garagardo markarik begikoena, Englandik inportaturiko bitter jatorra, aldiz aldika ez kamarerari ez morenoari bista gainetik kendu gabe. Nire alboan gazte talde batek aktibitate berari ekiten zion, txiste eta barre algara handien artean, eta bazegoen bertan ere bista finkatzeko kostaldeko printzesa freskorik. Euren berna biluzi eta beltzarantxoak kontenplatzen barneratu nituen hurrengo hiru Big Princeak.

 

 

Arratsaldea aurrera, garagardoa edan eta edan egon nintzen eguzkia jaitsi eta freskatzen hasi zen arte. Bat-batean amarenganako oroimenak baztertu eta gaztetxoak joanak zirela konprobatu nuen. Bakar-bakarrik nengoen barra ferdearen kontra, eta morenoa bere talaian geldi. Motel, bururatu zitzaidan, garesti pagatzen dituk halako okerrak batzuetan, luzaroan egon haiz tipotxo horren eskuetan; zenbat denbora pasatu ete da? «Son tres con cincuenta pavos, preciosidad» izan zen nire galdera erretorikoei kamarerak emaniko erantzun erabatekoa. Bederatzi Big Prince lata koipe artean zeutzan. Ordaindu eta alde egitekotan nintzela, baporearen po-po-poa aditu nuen. Hor dator. Han zetorren, bai, azkenik, txalupa madarikatua. 38aren gainetik eskua leunki pasatu eta sureñoari azken begirada bota nion. Ez dago zertan arduratu, fulano horrek ez du ikararik egin baporearen hotsa entzutean, beste zerbaiten esperoan egongo da imajinatu eta ontziralekurantz abiatu nintzen, lasai baino lasaiago, zigarro bat piztu eta errez.

        Uretan, kordoka, txaluparen silueta sumatu nuen. «E!», oihu egin nuen, «E!» berriz ere; baina inongo erantzunik lortu gabe. Poltsikotik linterna atera eta «Mike, Mike!» ozenki esanez, txaluparen gainaldea barritu nuen fokuarekin. Han zegoen Mike gizagaixoa, aurpegia deformatzen zion zulo zabaletik odola zeriola... eta bere alboan beste morenotxo bat irribarrez, xut, 45 automatic harekin apuntatzen ninduela. «Zer egin diozue Mikeri?» esan nuen erdi negarrez, tipoaren espresio ikaragaitza begietan iltzaturik neukala, bere piparen ahoa bezalaxe. «Eres pájaro muerto, rubito», bota zuen ahots batek nire bizkarretik, giltzurrunetan labankada hotza sentitu nuen une zehatz hartan: kristolako korrokada egin, amatxo maitea aldarrikatu eta bertan behera erori nintzen, konortea galduta.

The fucking end

 

 

 

© Joseba Urizar

 


www.susa-literatura.eus