Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Aitonaren kotxea

(eta ni hemen kartzelan)

 

Maripi Solbes

 

Susa 12 / 1984ko uztailean

 

 

 

                                I

                        1 Kotxe zuria.

                        2 Aitonarena.

                        3 Mugitzen zen.

                        4 Bide luze batetik.

                        5 Berdea.

 

                                II

                        1 Ez dut hemen egon nahi.

                        2 Atera egin behar nauzue.

                        3 Eta kantak nahi ditut entzun.

 

                                III

                        1 Horrelako bidaia politaren ondoren.

                        2 Nik ez dakit ezer.

                        3 Eta noiz arte judizioaren zain?

                        4 Gero loreak ikusi nituen.

                        5 Moreak, berdeak eta horiak.

 

                                IV

                        Eta arbolek kasik eszenario osoa betetzen zuten.

 

                                V

                        Ai, ai, ai.

 

 

I

 

        1- Bai kotxea luzea zen eta zuria ez motza ezta beltza, bai seguru aski motza eta zuria. Eta ondo gindoazen bertan bidea hartuta, astopista hartuta horrelako arratsalde gori batean.

        2- Aitonarengandik datorkigu kotxea, eta berak taller batean lan egiten zuen begioker bati erosia, hala zioen behintzat urtean behineko famili bazkari ondoreneko txolaz.

        3- Geldirik ez zen ba egoten, hara eta hona, goititu zein beheititu, argil ala hilargiz, hilargiz ala bilargiz, mutu ezin zuen bezala, geldirik ezin egon.

        4- Bide luze batetik ibiliz astearte hartan, ez zen aldapa bukatzen, leunki igotzen bagenuen ere.

        5- Arbolak berdeak eta are gehiago kasik berde ez zena ezin suma baitzitekeen. Bi marra desbideratu dibujatuetatik badoa aztarnarik galdu gabe izpi guztiak bustitzen dituen kolorea.

 

 

II

 

        1- Eta zergatik egon behar dut hemen nik ez badut nahi, nork erabaki zuen ni hona ekartzea. Zein zirrikitu aldrebesak dituzten gertaerek, eta non dago nondik atera seinalatzen duena?

        2- Nik ezin badut zuek atera beharko nauzue, hauek esanda maiz aspertzen dut neure burua.

        3- Txorien kantak aurreneko. Han arratsalde hartan entzuten nituen bezalakoak. Eta musikarenak, abeslarienak, umeenak eta maitagaienak.

        4- Nola jakingo dut ba zer gertatu zen erdi lo egonda, ametsen munduan gehien honetan baino, lepamotz eta janba bera ere gabe, hantxe paisaia hartan hain zerbaitez horditurik. Akaso istripu bat.

        5- Hala ere. Hala izanda kartzelara ekarriko nindutenik ez nuen espero.

 

 

III

 

        1- Benetan zoragarria zela arbolen adarretan joz, sasi hostoetan jotzen zuen argia. Eta itzulirik ez, segi, segi, segi, eta sorgintasuna nabarmen finki adar, hosto, arbolaren atzetik eskua azaldu ez bazuten ere.

        2- Nola esango dizuet ba, nik ezer ez dakidala. Gor gogorrak zaretela zuek? Eta mutuak? Ba ni mintza banadi ere ezin letania hasieratik hartu ez amaieratik bukatu. Nik ez dakit ezer.

        3- Agian hilabete honetan.

        4- Bai bazirela ere gogoratzen dut, leihatilen bi aldeetan.

        5- Batzuk petalodunak, ezberdinagoak besteak, zahar eta gazteak, txiki eta handi, moreak, berdeak eta horiak loreak.

 

 

IV

 

        Baina ba ziren arbolak ere eta haiek bista altxa nezakeen punturaino dena estaltzen zuten. Pinu kolorea eta itxura zuten. Adarrak kasik simetriko.

 

 

 

© Maripi Solbes

 


www.susa-literatura.eus