Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Erre

 

Joxean Sagastizabal

 

Susa 14-15 / 1985eko uztailean

 

 

Esnatu egin zen, lo ederki asko egiteak ematen duen freskotasunagatik oso umore onez; salto batean ohetik atera eta leihoa zabaldu zuen, birikak udaberriko aire freskoaz betez. Mundua jan behar zuen egun horretan.

        Lanera hogeita hamabost minutuko bidea, normalki autobusez egiten zuena, baina orduan ez, inolaz ere ez; kartsuki ekin zion oinez, abesti bat ezpainetan.

        — Aiii!

        — O! Barkatu, ene, eta aurpegian gainera!

        Emakume hura lagunari auskalo zer ari zitzaion esplikatzen, hain modu adierazkorrean non zigarroa pasatzen zenaren matrailean iltzatu baitzuen.

        «Barkatu, arren» eta antzekoei irribarre triste batez erantzun eta bidean aurrera jarraitu zuen; autobusaren zain jarri zen, markaren bat geldituko ote zen beldurrez.

        — Egun on!

        Aurpegia jiratu eta kezko laino batean sartu zuen, eztulka.

        — Zer? Katarroa, ala?

        Zakartutako eztarria txistua irentsiz samurtu eta morrosko bat ikusi zuen, purua ezpainetan irribarretsu begira.

        — Katarroa? Hire puru nazkagarri hau, mozolo! —erauzi eta zapaldu egin zuen.

        — ...bere onera etortzen ari da.

        — ... non...zer gertatu zait?

        — Gizon batek egundoko muturrekoa eman dizu, hara!

        — Zer?

        — Ba hortz bat kili-kolo daukazula, hobe duzu ateratzea.

        Hatz erakusle eta lodiaren artean hartu zuen, bi malko zirristatu zitzaizkion. Altxatzen lagundu zioten, «eskerrik asko» esaterakoan hutsune hotz mingarria.

        Hotzikarak hartuta, herrenka, eserleku batera joan zen.

        Lasaitzeko ahaleginak egin eta lortu ere zuen, faja estu batek arima estutzen bazion ere.

        Hamabost urte inguruko neska panpoxa bat eseri zen aurrez aurreko bankuan; minigonak izter xamurrak ageri uzten zizkion eta mutilaren jelatutako gorputza epelduz joan zen poliki. Birjintasuna, xalotasuna zerizkion gaztetxoari.

        Neskak eztiki begiratzen zion, zutitu zen; halako poz zoro batek astindu zuen, bazetorkion irribarretsu; erdizka ikusten zizkion titi goxo horien babesa nahi zuen.

        — Surik baduzu?

        Lepoa bihurritu zion; espetxean funtzionario guztiek kea botatzen diote.

 

 

 

© Joxean Sagastizabal

 


www.susa-literatura.eus