Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

PAULO ULIBARRI

 

        Bilbora ezkondu zen baina Okondon jaio, Araban, egun baino euskaldun gutiago eta euskalgune gehiago zeuzkan garaian, 1775. Ferratzailea zela jakin genuen, gero albaitaria zela esan digute. Albaitari edo ferratzaile, satsa eta lokatza eskuak zikin ukuilu usain. Iduri hori urteetan.

        —Ba omen dituzu liburu batzuk...

        Ulibarrik saski handi bat liburu ekarri zion ganbaratik Aizkibeli: Axular Larramendi Kardaberaz Astarloa Añibarro Mogel Fr. Bartolome Iztueta...

        —Ezebez, nik badakit zure eskuetan ondo dagozala...

        Ez zion deus kobratu nahi izan liburu haiengatik.

        Ulibarrik behorrak hazten eta zaintzen zituen, harremana zeukan zaldunekin, aditua zen eztabaida politikoetan eta bazeukan klase jasoen jarrera linguistikoaren berri, horregatik errepikatzen zien behin eta berriz:

        —Euskera eta latin jakin, eta mundu guztiari eragin!

        Eta umeak legez alfabetatu behar zirela helduak utzi zuen idatzia bere gutunetan.

        Esaizu: zer da hau

        edo zertara ari gara?

        Euskera berba eginda

        eskolia erdera?

        Hori da asmo gaiztoa

        egitia gu galtzera.

        Euskarazko lehen egutegia idatzi eta inprimarazi zuen. Zinegotzia izan zen Abandon, eta bere harremanak baliatuz euskara zelanbait onartzera behartu zuen Gernikako Batzarra 1829an: eguneko deliberoen laburpentxo bat eginen zuten euskaraz, hurrengo eguneko batzarrean irakurtzekoa. Bilboko Institutuan euskarazko klaseak ematea ere okondotarrari zor zaio, bere egoskortasunari, handia izan behar zuen horratio, bakarrik zegoen, herritarra zen, ez hiritarra, euskara hitzetik hortzera, euskaldunari beti berba, kaletubako arlotea.

        Hogeta lau gizon

        behar dira izentau

        Gernikako batzarrean

        euskeraren ganean

        egiteko ahalegin hau.

        Bai, Euskararen Akademia sortu nahi izan zuen, Aizkibelekin bat eginda.

        Bere ideiak eta bertsoak biltzen dituen lana, Gutun-liburua, faksimile moduan argitaratu zuen Arabako Foru Aldundiak 1975ean, pitxigauza oparitakoa.

        Ferratzailea izan zen untzea zuzen jo zuena.

J.P. Ulibarri. Gutun-liburua. Arabako Foru Aldundia, 1975

«J.P. Ulibarriri omenaldia Okendon» [sic]. Euskera, 21. zenb. 1975

www.euskaltzaindia.net

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus